Emakumeon Antolakunde Sozialista aurkeztu zuten pasa den urriaren 20an, «zapalkuntzarik gabeko gizartearen eraikuntzaren bidean, emakume langileon askapena gorpuztea» helburu. Helburu hori lortu ahal izateko, beharrezkotzat jo dute emakume langileak jasaten duen zapalkuntza zehatz bakoitza identifikatzea eta horrek egitura ekonomiko kapitalistaren baitan zein funtzio betetzen duen aztertzea, modu horretara, zapalkuntzari aurre egiteko bitarteko politikoak garatuz. Garai ilunak etorriko direla eta, ITAIAk «antolakuntza politiko sozialistarako hautua» egin du.
ITAIAren sorreratik bi urte pasatu ostean, antolakuntza forma berria hartzearekin batera, eskualdez eskualde emakume langileon babesa antolatzeko erabakia hartu dute ITAIAko kideek. «Emakume langileon emantzipazio erreala antolatzeko aukera bakarra harreman eredu sozialistaren eraikuntza delako». Horretaz eta gehiagoz hitz egin dugu jarraian duzuen elkarrizketan Ainhoa Vidal eta Nadia Perez ITAIAko kideekin.
Bi urte pasa dira jada 2018ko udazken hartatik. Genero problematika langile izaeratik eta perspektiba integral batetik aztertzeko tresna jarri zenuten mahai gainean. Blog izaera hartu zuen hasiera batean, arrazoia Euskal Herriko egoera politikoan lekurik aurkitu ez izana.
A.V. Euskal Herriko hainbat txokotako emakumeok auzia hausnartzearen ondorio izan zen ITAIAren bloga. Gure artean emandako eztabaidak maila publikoan sozializatzeko beharrak eraman gintuen bloga martxan jartzera, eta hasieratik gure helburua jada mahai gainean zeuden eztabaidetan ekarpena egitea eta eztabaida berriak plazaratzea izan zen, problematika konkretu honi erantzun eraginkorrena emateko asmoz.
Emakumearen auzia lantzen duen mugimendu nagusia, feminismoa, munduan garrantzi berezia hartu duen mugimendua izan da azken urteetan eta argi ikusi da, errealitate konkretuaren ondorioz, mobilizaziorako gaitasun handia izan duela. Aldiz, aldaketa errealak lortzeko proposamenen hutsunea sumatu dugu eta egoera politiko horretan, ideia berriak zabaltzea izan dugu helburu. Guk arazoa ez dugu feminismoan soilik kokatzen, azken hamarkadetan ezker mugimenduaren sektore zabalen norabide ezean baizik, eta ondorioz, horiek mahaigaineratutako planteamenduetan. Eta egoera horretan, argi daukagu feminismoak forma autonomoak hartu baditu ere, ezker mugimendu askoren oinarri zentral bilakatu dela. Feminismoa elikatzen duten eskola teorikoek ez gaituzte ase, eta beraz, horien planteamendu estrategikoak ere gure proposamenarekiko ezberdinak dira. Horrek ez du esan nahi maila taktikoan borroka batzuetan bat egingo ez dugunik, baina horiei egingo diegun ekarpen teorikoa eta emango diegun norabide estrategikoa ezberdinak izango dira.
«Feminismoa elikatzen duten eskola teorikoek ez gaituzte ase, eta beraz, horien planteamendu estrategikoak ere gure proposamenarekiko ezberdinak dira»
N.P. Feminismoa «emakume eta gizonen arteko berdintasunerako» mugimendu gisa ulertzen bada ere gizartean, mugimendu politiko moduan printzipio politiko garbiak ditu, nahiz eta bere barnean hainbat korronte biltzen dituen. Problematika femeninoa patriarkatuaren baitan kontzeptualizatzen da, hau da, bizitza sozialaren aspektu autonomo gisa ulertzen da, nahiz eta hori beste zapalkuntza eta errealitate batzuekin intersekzioan ulertzen den. Horrek ondorio politikoak ditu: gainditu beharreko botere estruktura patriarkal autonomoa identifikatzen da, eta beraz, «emakumea» orokorrean definitzen da borroka subjektu gisa. Guk aldiz, bizi dugun errealitatearen analisia eginda, zapalkuntzak dominazio burgesaren parte gisa ulertzen ditugu, hau da, esplotazioaren forma zehatzak dira, gizarte kapitalistaren helburua den kapital metaketara azpiratuak ageri diren dominazio formak. Ondorioz, alde batetik, kapitalismoa bera gainditzeak soilik jarriko ditu zapalkuntzak gainditzeko baldintzak. Bestetik, zapalkuntza pairatzen duen subjektua emakume langilea da, nahiz eta horren ondorio sozialek emakume guztiei eragin diezaieketen. Beraz, borroka subjektua langile klase osoan kokatzen dugu, hori baita sistemarekin bukatzeko potentzialitatea duen subjektu bakarra.
«Guk aldiz, bizi dugun errealitatearen analisia eginda, zapalkuntzak dominazio burgesaren parte gisa ulertzen ditugu, hau da, esplotazioaren forma zehatzak dira, gizarte kapitalistaren helburua den kapital metaketara azpiratuak ageri diren dominazio formak»
Testuinguru orokorra analizatzen badugu, argi dago krisian oinarritutako ziklo ekonomiko berri bat bizitzen ari garela, eta horrek ziklo politiko berria irekitzeko aukera mahaigaineratzen du. Egun ez dira gauzatzen aurreko hamarkadetan zentroko herrialdeetan garatutako aukera ekonomikoak; orain, baldintza ekonomikoen beherakada momentua bizi dugu, proletarizazioa. Argi ikusten ari gara gure bizi baldintzak ez direla gure gurasoenen pareko izango, eta horrek posizio politiko berrietarako aukera ireki du. Printzipio politikoen berdefinizioa gertatzen ari da, langile mugimenduaren historiari loturik daudenak, baina modernizazio propioa dakartenak. Horri erantzuten dio Mugimendu Sozialistak.
Ezin uler daiteke ITAIAren ibilbidea Mugimendu Sozialistaren beraren garapena kontuan hartu gabe. Zein da ITAIAk prozesu sozialistaren baitan duen tokia?
N.P. Esan bezala, Mugimendu Sozialistaren garapena eta ITAIArena guztiz lotuak doaz, eta ezin ditugu modu apartekoan ulertu. ITAIAk ez luke zentzurik izango esplotazio eta zapalkuntzarik gabeko gizarte eredu baten eraikuntzarako helburua duen batasun estrategikoa gabe, eta hain justu, horixe da Mugimendu Sozialista.
A.V. Zentzu horretan, gizartearen osotasunaren analisia egin eta bere dominazio forma aztertzen badugu, argi identifikatu daiteke esplotazioak eta zapalkuntzek betetzen duten tokia, zeri erantzuten dioten eta zein ondorio dituzten gizartean. Langile klasearen barneko subjektibitate andana sortzen dira dominazio kapitalistaren ondorio, banaketa sozial eta politikoa eraginez. Baina era berean, horrek aditzera ematen du zapalkuntza orok zergati bati erantzuten diola kapitalismoan, hau da, funtzio bat betetzen dutela eta beraz, zapalkuntzekin amaitzeko forma sistema bera gainditzetik hasten dela. Logika horretan, emakume langilearen zapalkuntza zentrala bilakatzen da kapitalarentzat, eta ITAIAk horri erantzun nahi dio. Emakume langilea kapitala gainditzeko hautua egiten duen antolakuntza formara lotzeko lana da gurea, hau da, emakume langilea aktibo militante bilakatu eta klase borrokara batzea dugu xede. Horretarako, beharrezkoa da emakume langileon bizi baldintzen hobekuntzarako jarduna garatzea, hala militantzia gaitasunak sortu eta bermatu ahal izateko.
«ITAIAk ez luke zentzurik izango esplotazio eta zapalkuntzarik gabeko gizarte eredu baten eraikuntzarako helburua duen batasun estrategikoa gabe, eta hain justu, horixe da Mugimendu Sozialista»
«Emakume langilea kapitala gainditzeko hautua egiten duen antolakuntza formara lotzeko lana da gurea, hau da, emakume langilea aktibo militante bilakatu eta klase borrokara batzea dugu xede»
Antolakunde izaera hartu berri duzue. Lehen urteurreneko adierazpenean esan zenuten jada, bazitekeela atari digital izaerak bere mugak laster topatzea. Hala dirudi beraz, esan bezala, antolakunde bihurtzeko pausua eman baituzue emakume langilearen zapalkuntza formei aurre egiteko.
N.P. Hasieratik izan genuen argi ITAIAren jardun ideologikoa emakumeon askapen prozesuaren momentu bat besterik ez zela, konstantea izango dena, baina ez bere osotasuna. Aldiz, auziari aterabide eman nahian eta proposamen eraginkorrena garatzea helburu izanik, beharrezkoa izan dugu momentu teoriko hori garatu eta gizartean sozializatzea.
Orain, ordea, denbora pasa da, gure ideiak ere gero eta garatuago ditugu eta era berean, momentu historikoak pausu kualitatibo bat emateko urgentzia mahaigaineratu digu. Kapitalaren berrantolatzen ari den testuingurua honetan, langileon bizi eta lan baldintzak etengabe doaz okerrera, eta emakume langileon egoera oraindik ere lazgarriagoa da: lan-harreman prekarioenak bizi ditugu, biolentzia dago gure egunerokoan, daukagun lan kargak isolamendu sozial eta politikora kondenatzen gaitu... eta orain, hori guztia areagotzen ari da. Horren adibide izan da konfinamenduko hilabeteetan bizi izan duguna.
A.V. Egoera horretan, ITAIA antolakunde bihurtzeko hautua egin dugu, emakume langileon askapen prozesuan ekarpena egiteko asmoz, ditugun gaitasun guztiak eskualdez eskualde antolatzen joan gaitezen. Modu horretan, gure lanketa testuingurura egokitu eta indarrak biderkatzea dugu helburu, zapalkuntzaren fenomeno bakoitzari ahalik eta modu positiboenean erantzuteko.
«ITAIA antolakunde bihurtzeko hautua egin dugu, emakume langileon askapen prozesuan ekarpena egiteko asmoz, ditugun gaitasun guztiak eskualdez eskualde antolatzen joan gaitezen»
Berriki hartu baduzue ere antolakunde izaera, hausnarketa teorikoaz harago, komunitatea eratzeko hainbat jardun ere eraman dituzue aurrera. Tartean, Emakume Sozialisten Topaketak egin zenituzten iaz, Azpeitian. Zein izan dira prozesu horretako irakaspen nagusiak?
A.V. Urte hauetan garaturiko jardun ideologiko horrek gure eztabaida eta hausnarketen espazioak ireki eta ahalik eta zabalenak izatea eskatu digu. Horretarako beste tresna batzuk sortu ditugu, hala nola formakuntza espazioak, material didaktikoak eta besteak beste, aipatu duzuen moduan, Emakume Sozialisten Topaketak. Garrantzia berezia izan zuten pasa den urtean antolatutako topaketa horiek, alde batetik, gure tesietan lanean dabilen jendea elkartu eta eztabaida bateratuak egiteko aukera izan baikenuen, eta horrek ekarpen esanguratsuak izan baitzituen. Bestetik, jende berriarengana hurbiltzeko aukera eskaini zigun, eta hala, guztion artean eztabaida teoriko-politikoak izateko aukera izan genuen. Beraz, balorazioa oso positiboa da; bide berriak ireki zizkigun lanerako eta horiek indartzen jardun dugu geroztik. Azken asteetan ikusi dugu horren emaitza.
Ildo horretatik, asko hitz egin da azken urteetan martxoaren 8aren ondorengoez eta laugarren olatu feministaz. Horren aurrean, iazko martxoaren 8an emakume langileak subjektu politiko bilakatzeko antolakuntza tresnak martxan jartzeko beharra azpimarratu zenuten horren gainetik. Eskualdez eskualde ikusi da harrera ona izan dutela aurkezpenek. Zer balorazio egiten duzue?
N.P. Aurreko urteetan ere izan dugu hainbat eskualdetan hitzaldiak egiteko aukera, eta erantzuna orokorrean oso ona izan da. Aldiz, aurkezpen hauek benetako garrantzia zeukaten, jendea gure posizioak entzuteko prest dagoela adieraztetik haratago, benetan horren aurrean proposatzen dugun antolakuntza eta planteamendua aditu eta hausnartzeko prest dagoela adierazten baitu. Testuinguru ekonomiko-politiko honetan, gero eta gehiago gara egoera honi aurre egiteko antolakuntza sozialista lehentasunezko eginbehar definitzen dugunok.
«Aurkezpen hauek benetako garrantzia zeukaten, jendea gure posizioak entzuteko prest dagoela adieraztetik haratago, benetan horren aurrean proposatzen dugun antolakuntza eta planteamendua aditu eta hausnartzeko prest dagoela adierazten baitu. Testuinguru ekonomiko-politiko honetan, gero eta gehiago gara egoera honi aurre egiteko antolakuntza sozialista lehentasunezko eginbehar definitzen dugunok»
Gainera, aipatzekoa da bizi dugun testuinguru nahasian, alarma egoeran, pandemiaren izuarekin, aurkezpenetara hurbildu den jende kopurua izugarria izan dela eta horrek hausnarketa positiboak egitera garamatza. Hemendik aurrerakoan baloratu beharko dugu, esan bezala, zein den horiek antolatzeko daukagun gaitasun erreala, hau da, jendea gure dinamiketara batzetik edo bertara mobilizatzetik haratago, zer aukera dugun haiek politikoki guregana binkulatzeko.
Mahai gainean dauden hipotesiak dira krisi kapitalistaren bizkortzea, ekoizpen prozesuen berrantolaketa eta gizarte eredu autoritarioa. Nola txertatzen da bertan emakume langileen problematika eta zer proposamen dituzue esku artean?
A.V. Aipatu bezala, krisi testuinguruan gaude, kapitalaren berrantolatze fase batean, historikoki lanaren gaineko esplotazioaren berrantolaketaren bidez ordaindu dena. Horrek langile klase osoaren bizi eta lan baldintzen beherakada dakar, eta gizarte eredu gero eta autoritarioagoak eskatzen ditu. Era berean, horrek langile klase gero eta proletarizatuagoa otzan edukitzeko kontrol soziala areagotzea dakar.
Emakume langileon egoeran oso argi ikusten ari gara, eta konfinamendu garaian begi bistakoa izan da: orokorrean lan harreman prekarioenetakoak bizi ditugun subjektu bagara, krisi testuinguruan oraindik ere forma lazgarriagoan biziko dugu langabezia orokortua, behin-behinekotasuna edota lanaldi partzialen gorakada. Pobrezia estrukturalera kondenatuta gaude, lan harreman forma horiek hori baitakarte, bizitzeko beharrezko ditugun baliabideen kontsumorako ezintasuna. Gainera, emakumeok asistentzia zerbitzu forma guztien lehen lerroan gaude, bai etxeko lanetan, bai lanbide sektore eta zerbitzu feminizatuenetan. Horien berme sozialaren mugak horien merkaturatze eta pribatizazioa dakar. Pribatizazioa bi formatan ulerturik, bai zerbitzu horien gestio pribatu edo kontzertatuan eta baita, etxe girora buelta, izaera pribatua emanez. Hori noski, emakume langileon lan kargara gehituko da. Eta egoera horretan, dependentzia ekonomiko eta isolamendu sozial eta politikoan, gizartean areagotuko den izaera biolentoaren lehen lerroan ere izango gara, gure azalean biziko baitugu hori guztia. Emakume langileon bizi eredua, langile klase orokorrarena bezala, miseriara kondenatua dago eta horri erantzun bat emateak sekulako premia dauka.
N.P. Emakume langileon zapalkuntzak betetzen dituen funtzioen neutralizaziorako borroka izan behar du gureak; ITAIAK garatuko duen jardunak egunero bizi ditugun zapalkuntza fenomeno orori erantzuna emateko ahalegina egingo du, eta ditugun gaitasunen arabera espazio guztietan garatzen saiatuko gara. Konkretuki orain, azaroaren 25aren bueltan, bizitza biolentoen aurreko lanketa egiten ari gara, eta horretarako indarkeria matxista osotasunean kokatzen dugu, haren erroa seinalatzen dugu eta erantzunak emateko mekanismoak garatzen ari gara. Eta hemendik aurrera ere horretan jardungo dugu, egunerokotasunean ageri diren fenomenoen aurreko erantzunetarako mekanismo onenak bilatzen eta garatzen, prozesu sozialista elikatzea helburu izanik.
«Azaroaren 25aren bueltan, bizitza biolentoen aurreko lanketa egiten ari gara, eta horretarako indarkeria matxista osotasunean kokatzen dugu, haren erroa seinalatzen dugu eta erantzunak emateko mekanismoak garatzen ari gara»
HEMEN ARGITARATUA