Ideien adierazpena ez da abstraktuki egikaritzen, testuinguru konkretuetan eta determinazio historiko jakin batzuen pean baizik. Horregatik, ezin dugu ideien transmisioa berau sortu duten baldintzetatik bereizita ulertu. Giza historiaren determinazio nagusia klase borroka izaki, lege horrek araututako gizarteetan, klase sozial gailenak euren mundu-ikuskera inposatzen saiatzen dira, besteak mendean hartzeko. Beraz, adierazpen askatasunaren egikaritzearen adibide praktiko gisara interpretatzen diren jarduera komunikatibo zein intelektual gehienak helburu historiko hori elikatzera daude bideratuta. Erreportaje honek, hain zuzen, helburu historiko menderatzaileekin kontraesanean egon daitezkeen zenbait adierazpenek XXI. mendeko mendebaldar demokrazietan izandako ondorio penalei erreparatuko die.
Adierazpen askatasuna printzipio ukiezina dela sinestarazi nahi du burgesiak. Hala ageri da 1948ko Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsaleko hotsandiko 19. artikuluan, erdigune inperialistako herrialdeetan txertatuta dagoen zentzu komunean, prentsan eta legedi formalean. Horren inguruan sortzen diren eztabaida estereotipatuak premisa zein dilema faltsuetatik abiatzen dira etengabe. «Non daude adierazpen askatasunaren mugak?», «Ez ote dugu eskubide horretaz abusatzen?», «Adierazpen askatasunak min egiteko aukera babestu behar luke?», diosku, erretorikoki, burgesiaren sabeliztunak. Aurrerakoi tentelek atzetik jarraitzen diote, saguek Hamelingo txistulariari bezala. Eztabaiden ohiko norabideaz nazkatuta, ondokoa erantzun zuen Juan Manuel Olarieta abokatu eta militante politiko bilbotarrak: «Zerk kezkatzen gaitu benetan? Adierazpen askatasunaren mugek ala adierazpen askatasunak berak?»(2).
Ideiak adierazteko askatasun erreala diruz erosten den sistema batean bizi gara, non Kapitalaren jabeen ideiak diren hedapen sozialerako baldintza material gehien dituztenak. Thomas Jefferson AEBetako hirugarren presidentea argiki mintzo zen horren harira: «[...] Estatu Batuetan edonork editatu dezake egunkari bat, gaur egun ere bai, baina gutxienez zazpi milioi dolar kostatzen zaio; hori argitalpenari ekitea besterik ez da, ondorengo gastuak kontuan hartu gabe. “Nork gozatzen du prentsa-askatasunaz?” –Galdetu zuen jendaurrean Daily News Washington-eko editore Louis Mollek; eta bere buruari erantzun zion– “Egunkarien jabeek eta enparauek”. [...] Prentsa-askatasuna jabetzarena da»(3). Burgesiaren neurrira egindako legeak aurkitzen ditugu formazio sozial burgesean, kapital metaketa errazteko eta dominazio sistema horren aurkako mehatxuak zigortzeko baliagarriak direnak, ustez kaltegabeak diren jarduera intelektualak salbuetsi gabe.
Ideiak adierazteko askatasun erreala diruz erosten den sistema batean bizi gara
Langile mugimenduaren propagandaren aurkako hertsapenaren adibide historikoetan sartu gabe, azken urteotan argitara atera diren kasu esanguratsuak eta horiek zigortzeko baliatu diren marko juridikoak aztertuko ditugu. Judizializatutako iritzi zein informazio delituak bereziki deigarriak dira, batez ere, proletalgo iraultzailearen desartikulazio ideologiko, politiko zein organizatiboa ia erabatekoa dela ikusita. Zentzu horretan, jurisprudentzia berriak etorkizuneko gizarte-ereduaren nondik norakoak trazatzen lagunduko digu, zuzenbide estatuaren desintegraziorantz eta masa desjabetuen erabateko dominaziorantz doana.
Jurisprudentzia berriak etorkizuneko gizarte-ereduaren nondik norakoak trazatzen lagunduko digu, zuzenbide estatuaren desintegraziorantz eta masa desjabetuen erabateko dominaziorantz doana
MOZAL LEGEA
Ezer baino lehen, Mozal Legea deiturikoaren inguruko kokapen politiko orokorra egitea komeni da, informazio delitu ugari zigortzeko baliatu izan baita Espainiako Estatuan. Ley Orgánica 4/2015, de 30 de marzo, de protección de la seguridad ciudadana(4) da gaztelerazko izendapen ofiziala, eta 2015eko uztailaren 1ean indarrean jarritako lege organiko berriari egiten dio erreferentzia, 1992ko Corcuera Legea ordezkatuta. Hasiera-hasieratik Espainiako Estatu mailako zein nazioarteko polemika piztu zuen, langileriaren bizitza zibileko oinarrizko askatasunei muga larriak ezartzen dizkielako; adierazpen eta informazio askatasunari, esate baterako. Espainiako Kongresuak 2012an onartu zuen legea, krisialdia eta horren ondoriozko proletarizazio prozesua puri-purian zirela, M15eko protesta olatuaren erdian. Gainera, sare sozialen eztandaren, ikus-entzunezko baliabideen digitalizazioaren eta horien masa ekoizpenaren eskutik, aipatu protestetan geroz eta ohikoagoa izango zen edonork esku-hartze polizialak filmatu eta zabaldu ahal izatea.
Gauzak horrela, Estatuak gatazka sozialaren areagotzeak ezaugarritutako koiuntura berrira moldatu du legedia, Zigor Kodearen berrikuspena gauzatuta. Mozal Legea indarrean jarri zutenetik 2020. urte amaierara arte, 1.009.729 isun jarri dira gutxienez, 563,3 milioi euroko balioarekin(5). Horri guztiari, gainera, Hego Euskal Herriko eta Kataluniako zifrak ere gehitu behar litzaizkioke, azken horiek ez baitira Espainiako Barne Ministerioaren estatistiketan jasotzen. Arau-hausteen gehiengoa drogen auziei lotuta badago ere, “hiritar segurtasuna” deritzon kategoriak betetzen du bigarren postua Mozal Legearen ezarpenean, 197.288 isunekin. Lege-erreformak kategoria horren baitan xedatzen ditu adierazpen zein informazio askatasunaren mugapen berriak, ondorengo kasuistikak aurreikusiz: etxegabetzeak geldiarazten saiatzea, eraikin edota monumentuetara baimenik gabe igotzea, esku-hartze polizialak filmatzea eta aurretiaz baimenik eskatu gabe manifestazioak egitea. Eraikinetara igotzea falta arin gisara tipifikatuta dago, 100 eta 601 euro arteko isun ekonomikoarekin. Gainontzekoek isun larriagoa ekar dezakete, 601 eta 30.000 euro artekoa, hain zuzen ere (6).
Estatuak gatazka sozialaren areagotzeak ezaugarritutako koiuntura berrira moldatu du legedia, Zigor Kodearen berrikuspena gauzatuta
Bistan denez, araudi horrek are gehiago estutzen du politika instituzioez kanpo gauzatzen duten antolakundeen zein norbanakoen jarduerarako marjina, hainbat praktika kriminalizatzen, zigortzen eta judizializatzen baititu. Poliziaren irudiak hartzeko eskubidea mugatzearen kasuan, badu bestelako ondoriorik ere: Estatuaren indar armatuen inpunitatea alor mediatikoan indartzea, «agenteen segurtasun pertsonala edo familiarra, babestutako instalazioen segurtasuna edo eragiketa baten arrakasta arriskuan jartzea»(7) aitzakiatzat hartuta. Artikuluaren anbiguotasunak gertakarien interpretaziorako abagune zabala uzten die poliziei, eta haiek, marko legal horri esker, oso erraz argudia dezakete irudiak «sare sozialetan difamaziozko hedapenerako» hartu direla, euren «ohorerako eskubidea urratuta».
GORROTO DELITUA
Aurrekoak ez ezik, «terrorismoari gorazarre egitea» eta «gorroto delitua» ere zigortzen dituzte Zigor Kodearen azken erreformek. Alejandra Matamorosek, Pablo Hasel rap abeslari errepresaliatuaren abokatuak, “gorroto delitu” delakoaren jatorria azaldu zuen elkarrizketa batean: «Europar Batasunean, Alemanian batez ere, zigortzen hasi zen delitua da; bazterkeria eta kolektibo zaurgarrien aurkako gorrotoa sustatzen duten talde neonaziak geldiarazteko asmoarekin sortua»(8). Halaber, «bereziki zaurgarriak diren kolektiboen aurkako gorroto eta bazterkeriazko mezuak zabaltzen dituztenen aurka» erabiltzeko pentsatu zela dio Matamorosek. Espainiako Estatuaren kasuan, ordea, «kontrakoa» gertatu dela ohartarazi du Haselen defentsak: «Guztiei leporatzen zaie gorroto delitua, naziei eta faxistei izan ezik». Gainera, gorroto delituaren kontrako legeak Estatuaren segurtasun-indarrak edota pertsona aberatsak babestea «erabat zentzugabea» dela dio, «ez baitira kolektibo zaurgarriak, inondik inora».
Epaietan joera jakin bat nabarmentzen da orokorrean; izatez, legea zorrotza da ideologia iraultzaile edota aurrerakoiak dituzten pertsonekin, eta barkabera eskuin muturrekoekin. Esate baterako, Bartzelonako (Herrialde Katalanak) Zigor Auzitegiak duela gutxi absolbitu ditu Alianza Nacional eta Falange alderdi faxistetako buruzagi bana(9). 2013ko urriaren 12ko mitin batean «Espainiaren batasun nazionalaren aldeko ekintza bortitzak sustatzea» egozten zieten. Akusatuek uko egin zioten epailearen aurrean deklaratzeari, eta horren ordez, «Espainiaren alde hiltzeko prest daudela» berretsi zuten, Kataluniako prozesu subiranistari erreferentzia eginda: «bidegabekeria hau ontzat eman duen klase politiko espainiarrak eta buruzagitza militarrak bala bat merezi dute». Termino konstituzionaletan, bortizkeria erabiltzeko eta ordena konstituzionala aztoratzeko borondate esplizitua azaldu bazuten ere, faxistek ez zuten inolako zigorrik jaso. Ondorioz, agerian geratzen da «gorroto delitua» eta «terrorismoari gorazarre egitea» bezalako kategoria penalak ez direla neutroak, sektore jakin batzuen gaineko jazarpen ideologikorako tresna juridiko-politikoak baizik. Aurrekoa bezalako kasuak ugariak diren arren, gehiago dira justizia burgesaren partzialtasuna aitortu nahi ez duten sektore sozialak. Legezalekeria dogmatikoari eusten diote, adierazpen askatasunaren urraketak justifikatzeko. Olarietak erantzun egokia du haientzat: «Frankismopean kartzelara joaten zena ez zen bere iritzi politikoengatik joaten, Zigor Kodea urratzeagatik baizik. Halaxe gertatu zen frankismoan eta gauza bera gertatzen da orain: adierazpen askatasuna zenbaitentzat da; mugak gainontzeko guztientzat dira»(10). Funtsean, zapalduek zapaltzaileekiko gorrotoa sentitzea eta adieraztea de iure debekatuta dago, zapaltzaileek zapalduekiko gorrotoa adieraztea de facto baimentzen den bitartean.
Agerian geratzen da «gorroto delitua» eta «terrorismoari gorazarre egitea» bezalako kategoria penalak ez direla neutroak, sektore jakin batzuen gaineko jazarpen ideologikorako tresna juridiko-politikoak baizik
ARMIARMA OPERAZIOA
Guardia Zibilak 2014 eta 2016 artean polizia-operazio bat abiatu zuen sare sozialetan, Twitter eta Facebooken «terrorismoari gorazarre» egiten omen zioten pertsonak zigortzeko asmoz. Besteak beste, «ETA», «GRAPO», «Argala» eta «Carrero Blanco» hitzak zeramatzaten argitalpenen bila aritu ziren, «trufa» edo «gorazarre» egiten zutenen aurkako salaketak aurkezteko. Dozenaka lagun atxilotu zituzten Espainiako Estatu osoan barrena, horietako asko Hego Euskal Herrian. Alfredo Remirez amurrioarraren kasua izan zen ezagunena, euskal preso politikoei elkartasuna adierazteagatik urtebeteko espetxealdia jasan baitzuen(11). Bere abokatuak urte eta erdiko kartzela-zigorra eta hamalau urte eta sei hilabeteko gaitasungabetzea onartu zituen hasiera batean, espetxealdia saihestearen truke. Hala ere, «berrerortzea» argudiatuta kartzalaratu zuten Remirez, Espainiako Auzitegi Gorenak aurretiaz zigortu baitzuen, presoen aldeko kartoizko panpina bat eramateagatik.
VALTONYC
2012an Jose Miguel Arenas rap abeslari antifaxista (Valtonyc izen artistikoaz ezagunagoa) atxilotu zuten bere abestien edukiengatik. «Terrorismoari eta terroristei gorazarre egitea», «terrorismoaren biktimak iraintzea», «erregearen aurkako kalumniak eta irainak» nahiz «norbanakoaren aurkako baldintzarik gabeko mehatxuak» egotzi zizkioten. 2017an Espainiako Auzitegi Nazionalak hiru urte eta erdiko espetxe zigorra ezarri zion, haren aurkako kargu guztiak onartu ostean(12). Valtonycek helegitea aurkeztu zuen Auzitegi Gorenean, baina aurreko epaia berretsi zuen Gorenak. 2018ko maiatz amaieran, abeslaria espetxeratzeko ezarritako data baino egun bat lehenago, atzerrira ihes egin zuela aditzera eman zuten hainbat komunikabidek. Espainiako Auzitegi Nazionalak nazioarteko atxilotze-agindua igorri zuen berehala, eta handik gutxira baieztatu zen Belgikan zegoela. Estrasburgoko (Frantziako Estatua) Giza Eskubideen Europako Auzitegiak ere uko egin zion espetxeratze-agindua atzeratzeko eskaerari. Gauzak horrela, Belgikako epaitegien esku geratu zen auzia. Fidantzarik gabe aske uztea ebatzi zuten epaile belgikarrek, El País egunkariaren zoritxarrerako(13). Hori bai, Belgikako epaitegiek bere kasua ebazten duten bitartean, herrialdetik irteteko debekua eta etxealdaketak jakinarazteko betebeharra ditu gainean.
PABLO HASEL
Espainiako Estatuan azkenaldian adierazpen askatasunaren aurkako zigor gogorra inork jaso badu, Pablo Hasel izan da hori. Abeslari katalanak bere aurkako hainbat sententzia ditu metatuta, abestietako letren, Twitterreko argitalpenen eta militantzia komunistaren ondorioz. Espetxeratzeak eztanda mediatikoa, mobilizazio soziala eta haserrea piztu zituen. Polemikaren erdian, leporatzen dizkioten delituak komunikabide burgesek hamaika aldiz zerrendatu dituzte honezkero, modu manikeoan baldin bada ere. «Koroaren aurkako irainek» protagonismo handia hartu duten arren, Haselek bi kondena ditu «terrorismoari gorazarre egiteagatik», hots, Estatuari aurre egin dioten antolakunde zehatzen jarduerari babesa adierazteagatik. Bestalde, «Estatuaren segurtasun-indarren aurkako irainak» ere egozten dizkiote, Espainiako Poliziak eta Guardia Zibilak proletalgoaren aurka egindako bidegabekeriak salatzeagatik.
«Koroaren aurkako irainek» protagonismo handia hartu duten arren, Haselek bi kondena ditu «terrorismoari gorazarre egiteagatik»
Hasieran, bazirudien bederatzi hilabeteko espetxe-zigorra ezarri ziotela Haseli, 20.000 eurotik gorako isunarekin batera. Kopuru hori ordaintzeko asmorik ez duenez, espetxealdia bi urtetik gora luzatu diezaiokete. Duela gutxi, gainera, Lleidako (Herrialde Katalanak) Probintzia Auzitegiak beste sei hilabeteko espetxe-zigorra eta hemezortzi hilabeteko isuna berretsi zituen beretzat. Finean, azken sententziak eta zigor-aurrekariak batuta, lau urtetik gorako espetxealdiaren mehatxua du aurrean. Bestalde, sentenzia gehiagoren zain dago, bere momentuan helegiteak aurkeztu baitzituen ebazpen judizialen kontra. Epaitegiek fiskaltzak eskatutako kargu guztiengatik kondenatuko balute, abeslari komunistak hogei urte pasatu ditzake kartzelan.
Dena den, interesgarriena ez da auto judizialek diotena, kartzelaratzearen atzean dagoen funtsezko arrrazoia baizik. Gedar Langile Kazeta-k urtarrilaren 31ko editorialean(14) aipatu bezala, Haselek borroka antolaturako eta konprometiturako deia egiten du bere abestietan, esandakoa betetzeko prest dago, eta ez du barkamenik eskatzen. Horren ondorioz, epaiketetako batean «pertsona arriskutsua» dela aitortu zuen fiskaltzak, «bere abestiak jende askok entzuten dituelako», eta horietatik «mobilizazio soziala» sustatzen duelako. Bistan denez, botereak ez dio beldur handirik kexu edo iritzi arduragabeari; bai, ordea, modu iraunkorrean antolatutako militantzia iraultzaileari.
Botereak ez dio beldur handirik kexu edo iritzi arduragabeari; bai, ordea, modu iraunkorrean antolatutako militantzia iraultzaileari
EZKERRAREN JARRERA
Ezkerra Mozal Legearen aurkako banderadun parlamentarioa izan da joan diren urteetan. PSOEk eta Unidas Podemosek Alderdi Popularraren aurkako arma jaurtigarri gisa eta hauteskunde propagandarako baliatu dute Mozal Legea. Oposizioan zeuden bitartean, behin baino gehiagotan promestu zuten horrenbeste askatasun zibil eta politiko murrizten zituen legea baliogabetzea. 2016an gobernura heldu eta berehala, PSOEk uko egin zion hauteskunde kanpainan zin egindakoari. Horren ordez, Mozal Legean «zenbait erreforma egiteko asmoa»(15) baino ez zuen azaldu. 2021ean gaude, eta oraindik ez dute legearen artikulu bat bera ere aldatu.
Haselen kasuaren harira, eztabaida publikoan nahiz kaleetan piztu zen iskanbilaren ondorioz, PSOEk eta Unidas Podemosek amua jaurti zuten, «Zigor Kodearen erreforma sakona»(16) gauzatuko zutela esanez. Haselen izena hedabideetako titularretatik desagertzen eta kaleetako sua itzaltzen joan den heinean, ordea, ez dugu ustezko erreforma horren inguruko berririk izan oraindik. Gainera, zin egin zuten Hasel espetxetik ateratzeko «indultua» bideratuko zutela. Hala ere, bere abokatuak hainbat kontu gogorarazi zituen prozedura horren inguruan: lehenik eta behin, premiaz eskatutako indultuen kudeaketak «bederatzi hilabete eta urte eta erdi artean»(17) luzatu ohi direla; eta bigarrenik, «legeak ez duela baimentzen delitu berarengatik behin baino gehiagotan kondenatuak izan direnei indultuak ematea». Horretarako, Haseli zigorra ezarri dion epaitegiak, Espainiako Auzitegi Nazionalak, indultua onartzen duen txosten bat igorri beharko luke, eta gobernuak horren ostean baino ez luke izango indultua emateko eskumena. PSOE eta Unidas Podemos, tentsio soziala baretzeko helburuarekin eta jakitun izanda, gezurretan aritu direla ondoriozta dezakegu. Gezurra are nabarmenagoa da Valtonycen indultua eskatuko zutela esan zutela ikusita, justiziak iheslarientzako indultu-eskaerak ez baititu tramitatu ere egiten.
ONDORIOAK
Hauteskunde-programek eta alderdien bozeramaile hitzontziek euren hitza eman dezakete, baina esandako hitz bakoitza irenstera behartuta egongo dira estatu-aparatua kudeatzera heldu bezain laster. Ezkerraren politika parlamentarioa ez da proletalgoaren adierazpen askatasunaren berme, eta alarma egoeran ikusi ahal izan dugun bezala, ezta askatasun politiko orokorrena ere. Defendatutako eta konkistatutako askatasun-izpi bakoitzak proletalgoaren indar propioei erantzungo die; autoantolakuntza independentearen emaitza izango da. Bestela, ziur egon gaitezke: zapalduen eskubide politikoak defendatuko dituen antolakuntza indartsurik gabe, salduta gaude.
«Non amaitzen da seriotasuna, non hasten da txantxa? Non amaitzen da apaltasuna, non hasten da harrokeria? Zentsorearen tenperamentuaren menpe gaude»(18). Karl Marx
OHARRAK
[1] Karl Marx, (1983). En defensa de la libertad, Los artículos de la Gaceta Renana, Fernando Torres-Editor, S.A, Valencia, 28. orr.
[2] Juan Manuel Olarieta, (2021). La libertad de expresión es para algunos, los límites son para todos los demás, Insurgente.org.
[3] Camilo Taufic-ek aipatua, (2018). Periodismo y lucha de clases, edizio digitala, 74. orr.
[4] BOE-A-2015-3442
[5] Santiago F. Reviejo, (2020). Un millón de multas desde la implantación de la Ley Mordaza que superan los 563 millones de euros, Público.
[6] Víctor H. Ospina - Raquel Enríquez, (2015). ¿Qué es y en qué consiste la ‘ley mordaza’ también conocida como Ley de Seguridad Ciudadana?, Expansión.
[7] BOE-A-2015-3442, 36.23. artikulua.
[8] Alejandra Matamoros. Semando Escontra la Represión (2021). Entrevista Alejandra Matamoros, abogada de Pablo Hásel y David Martín, Llibertat Pablo Hasél. Youtube.
[9] Europa Press, (2021). Absueltos los líderes de Falange y Alianza Nacional juzgados por delito de odio en sus discursos.
[10] Juan Manuel Olarieta, (2021). La libertad de expresión es para algunos, los límites son para todos los demás, Insurgente.org.
[11] Europa Press, (2018). Queda en libertad Alfredo Remírez, condenado por enaltecer a ETA en Twitter. Público.
[12] Tribunal Supremo. Sala de lo Penal. Sentencia núm. 79/2018.
[13] Álvaro Sánchez, (2018). La justicia belga deja en libertad a Valtònyc mientras decide sobre su extradición a España. El País.
[14] Editoriala, (2021). Pablo Hasel eta adierazpen askatasuna. Gedar.eus.
[15] Raquel Ejerique, (2016). Pedro Sánchez renuncia a su promesa electoral de derogar la ‘Ley Mordaza’ en el documento para ser investido. ElDiario.es.
[16] Carlos, É. Cué, (2021). El Gobierno cambiará la ley para que casos como el del rapero Hasél no tengan penas de cárcel. El País.
[17] Alejandra Matamoros. Semando Escontra la Represión (2021). Entrevista Alejandra Matamoros, abogada de Pablo Hásel y David Martín, Llibertat Pablo Hasél. Youtube.
[18] Karl Marx, (1983). En defensa de la libertad, Los artículos de la Gaceta Renana, Fernando Torres-Editor, S.A, Valencia, 29. orr.
HEMEN ARGITARATUA