Arteka aldizkariaren 26. zenbakiko azaleko ebakina ARGAZKIA / Gabriel Morala
2022/03/01

[2022ko martxoko artikulua]

2022ko martxoaren 24rako grebara deitu ditu ikasleak Ikasle Abertzaleakek, Hezkuntza erreformak gelditu lelopean. LOSU, LOMLOE eta Lanbide Heziketarako Legearen aurrean mobilizatuko dira ikasleak. IAren arabera, erreforma horiek ikasketa-baldintzak okertuko dituzte eta kontrol soziala nahiz lan-praktikak areagotuko dituzte, besteak beste.

Testuinguru politiko berdintsuan, beste auzi hau dago mahai gainean: hezkuntzaren elitizazioa, edo hezkuntzarako sarbidearen zailtasun areagotua pribatizazio-prozesuaren bitartez. Auzi biak, IAren mobilizazioetan landuko dena eta aipatu berri duguna, estuki lotuta daude. Izan ere, biak ala biak, lan-esparruko berrantolaketa produktiboaren arabera hedatzen ari diren prozesuak dira: alde batetik, erreforma berriek lan-baldintza berrietara egokitu behar dute hezkuntza; bestetik, pribatizazioa, orokorrean, Kapitalaren metaketa-behar berrien arabera antolatzen den prozesua da, edo behar horiek berauek hartzen duten forma zehatzetako bat baino ez da.

Alde batetik, erreforma berriek lan-baldintza berrietara egokitu behar dute hezkuntza; bestetik, pribatizazioa, orokorrean, Kapitalaren metaketa-behar berrien arabera antolatzen den prozesua da

Lan-esparruko berrantolaketa aipatzen denean, zera esan nahi da: Kapitalaren metaketa-ziklo berri baten baldintza tekniko-produktiboak ezartzen ari diren honetan, ezinbestekoa da horren arabera jardungo duen subjektibitate produktiboa antolatzea; hots, langile klasea behar horietara moldatzea. Izan ere, ekoizpen-baldintza berriek langile klasearen esplotazioa areagotzea dute xede, hau da, burgesiaren irabaziak handitzea lanaren esplotazio handituaren bitartez.

Horretan oinarrizko funtzioa betetzen du hezkuntzak, langile klasearen subjektibitate produktiboaren ekoizpen-esparru gisa. Eta ez soilik subjektibitate zehatz bat ekoizten duelako –lan-indar merkantzia–, zeina prest aurkezten baita lan-merkatuan, saldua izateko. Subjektibitate horren ekoizpen-modua ere baden heinean, bere balioan ere eragin zuzena du hezkuntzak.

Lehenaren eragina bistakoa da: lan sinplifikatu zehatzetara gero eta hobeto egokitu, orduan eta produktiboagoa izango da langilea. Hori jakin badakite enpresa pribatuek. Horregatik, horietako askok ikasgai zehatzak eskaintzen dituzte hezkuntza-zentro desberdinetan, edo beren hezkuntza-­zentro propioak sortzen dituzte, edota indarrean daudenekin itunak sinatzen dituzte beren enpresentzako langileak hezi ditzaten. Bada, hezkuntzaren esparrura zabaltzen da kapitalisten arteko konpetentzia, lan zehatzetara egokiago moldatzeko gaitasunak egiten baititu konpetenteago eta, ondorioz, errentagarriago, zentzu honetan: batez bestekoa baino produktiboagoa den langile kolektibo batek balio handiagoa sortzen du lan unitate bakoitzeko. Horrek ateak irekitzen dizkio elitizazioari edota hezkuntzaren pribatizazioari, hau da, enpresa zehatzen interes pribatuen arabera antolatzen den hezkuntzari.

Bigarrenarekin lotuta, hezkuntza lan-indarraren ekoizpen-esparrua den heinean, Kapitalaren ekoizpen-moduaren arabera antolatzen da. Bere funtzioa Kapitalarentzat egokiena den langilea ekoiztea da, ahalik eta modu egokienean. Lan-prozesu teknologizatuek lana sinplifikatzen duten bezala, lan hori gauzatuko duen langilearen hezkuntza sinplifikatzen dute, hau da, langile baten ekoizpen-kostua txikitzen dute, lan-indarraren balioa txikituz.

Kasu bietan ondorioa hau da: langileak kontratatzea merkeagoa bada, edota merkeago ez izanda ere bere lanordua produktiboagoa bada, lanaren produktuaren zati handiago bat bereganatuko du kapitalistak.

Kapital pribatuek hezkuntza publikoan egindako inbertsioak, gainera, prozesu horren gainean duten kontrola areagotzea dakar, zertarako eta hezkuntza publikoak beren intereserako egokiena den lan-subjektibitatea ekoiztu dezan, ondorengo formazioa ahalik eta gehien murriztu dadin –edukian bederen, nahiz eta formalki luzatu egiten den, besteak beste, soldata txikiagoa justifikatzeko–, eta, ondorioz, kapital pribatuaren kostuak txikitu daitezen.

Kapital pribatuek hezkuntza publikoan egindako inbertsioak, gainera, prozesu horren gainean duten kontrola areagotzea dakar

Horrek denak, hau da, lanaren sinplifikazioaren bidez hezkuntza sinplifikatzeak, eta kapital pribatuen hezkuntza publikoaren gaineko kontrol areagotuak, bada, hezkuntza-kostuak txikitzea dakar. Horregatik, kapitalistek hezkuntzan esku hartzea, Kapitalak berak inposatzen duen ezinbestekotasuna da. Pribatizazioarekin aldatzen dena, esku hartzeko modua da.

Lehenago aipatu da, zentzu horretan, pribatizazioa Kapitalaren metaketak hartzen duen forma zehatzetako bat dela. Beste forma bat da publifikatzea. Bata edo bestea gailentzea, kapital pribatuen metaketa-beharren araberakoa da, hau da, hezkuntzaren errentagarritasun-mailaren araberakoa. Kontua ez da, beraz, lehenago Kapitalari lur-eremua irabazi izan zaionik, estatu-esparruko zerbitzu publikoak indartuta. Kontrara, kontua da, lehenago zerbitzu publikoak indartu izan badira, hori Kapitalarentzat onuragarria zelako izan dela –goranzko ziklo produktibo batean, lan-indarraren prezioak handitzera jotzen duelako eta, horregatik, kostuak elkarbanatzen dituztelako kapitalistek, erreprodukzioaren esparruan arlo produktiboa eratzeko ezintasuna dela-eta–, eta modu berean desartikulatzen ari direla orain; horrela ari da esparru pribatua lur-­eremua irabazten. Izan ere, esparru publikoa kapitalistek beraien zeregin komunetarako antolatzen duten esparrua da, interes partekatuen esparrua, non lehentasuna lan-indarraren ekoizpenaren kostuak txikitzea den, eta guztien artean arduratzea horretaz, kapital pribatuen esplotaziorako eremu errentagarri bat ez den artean.

Egoera aldatzen denean, ordea –lan-indarraren balioa neurri bateraino txikitzen denean, eta lehen errentagarria ez zen adar bat errentagarri bilakatzen denean esplotazio pribaturako, hau da, Kapitalaren balorizaziorako–, zerbitzu publikoak desegiten dira, esparru horiek Kapitalaren metaketarako esparru bilakatuz. Egoera hori krisi kapitalistarekin batera azaleratzen da eta are gehiago larriagotzen da, berarekin batera gastu publikoa txikitzen delako eta Kapitalaren irabazi-beharrak premiazkoagoak bihurtzen direlako.

Egoera aldatzen denean, zerbitzu publikoak desegiten dira, esparru horiek Kapitalaren metaketarako esparru bilakatuz. Egoera hori krisi kapitalistarekin batera azaleratzen da eta are gehiago larriagotzen da

Krisi kapitalistak, alde batetik, Kapitalaren suntsitze orokortua dakar. Bestetik, kapital pribatuen zeregin komunean, hots, Estatuan, gatazkak sortzen dira, errentagarritasun txikitu baten testuinguruan Estatuak berak kostu handiak dakarzkiolako krisian den Kapitalari. Azkenik, lan-indarraren prezioaren txikitze orokortua dakar krisi kapitalistak. Horrek denak abagune berri bat irekitzen du, kapital pribatuek hezkuntzaren gaineko kontrola antola dezaten. Izan ere, gastu publikoaren murrizketak eta lan-indarraren prezioaren txikitzeak –zeinaren prezio altu erlatiboa arrazoi baitzen hezkuntza publikoa antolatzeko–, zerbitzu sozialen esparruan Kapitalaren adar produktibo berri bat antolatzeko aukera irekitzen du, klase ertainaren aurrezkietan aurkitzen duena bere diru-iturrien jatorria, hala nola, kapital pribatuen inbertsioetan.

Bada, modu horretan, hezkuntza publikoa proletarizaziorako estatu-tresna bilakatzen da: hezkuntzaren kostuak txikitzen ditu Kapitalaren berrantolaketa produktiboarekin bat eginez, hezkuntza esparru errentagarri bat bilakatuz, ondoren kapital pribatuek, krisi garaian, gainbalioa erauz dezaten, ondare eta aurrezkien desjabetze bidezko klase ertainaren pobretzea gauzatuz. Hau da, hezkuntza publikoak, edo estatu-hezkuntzak, kapitalisten onurarako erreformen bitartez, lur-eremua prestatzen du esplotazio kapitalistaren hedapenerako. Eta hori da hezkuntza publikoaren zeregin nagusia, kapital pribatuen esplotaziorako bitarteko izatea, bai esparru publikoa bera antolatzen denean, bai, halabeharrez, Kapitalaren mugimenduaren forma zehatza izanagatik, esparru pribatuaren mesedetan desegiten denean ere. Prozesu hori, ordea, norabide batean edo bestean joan, ez da Estatuaren erabaki bat, hori ere ez baita Kapitalaren metaketa-beharretara moldatzen den tresna politiko-administratibo bat besterik. Ekoizpen-modu kapitalistaren antolaketa tekniko-produktiboak zehazten du prozesu horren nolakotasuna, eta bere adierazpen bat baino ez da.

Hezkuntza publikoak, edo estatu-hezkuntzak, kapitalisten onurarako erreformen bitartez, lur-eremua prestatzen du esplotazio kapitalistaren hedapenerako

EZ DAGO IRUZKINIK