2021/02/06

Azken urteetan asko izan dira ateak ireki dituzten gaztetxe berriak eta, baita ere, noraezean zebiltzan espazioetan helburuak finkatu dituztenak eta proiektua horiek lortzera bidean norabidetu dutenak. Euskal Herriko hiru gaztetxetako lau kiderekin batu gara herri bakoitzean izandako bilakaera aztertzeko helburuarekin: Azpeitiko Gaztetxea (Oier Salegi), Abadiñoko Gaztetxea (Bittor Altube) eta Lizarrako Sugarra Gaztetxea (Markos Napal eta Uxue Zamorano).

Zein izan da herriko gaztetxe edo gaztetxeen bilakaera?

Oier Salegi (Azpeitiko Gaztetxea). Azpeitiko Gaztetxeak aurten hamasei urte betetzen ditu. Bilakaeraz hitz egiteko beharbada aipatu behar da gaztetxea lortzea asko kostatutako lorpen bat izan zenez jende asko inplikatu zela hasieran; hala entzun izan diegu hasieratik zeudenei. Gero, poliki-poliki normalizatzen joan zen kontua, eta gu hasi ginen garairako, sorreratik bost urtera edo, asanbladak ez ziren hain jendetsuak.

Ia hasieratik nahiko eskema antzekoa izan du urte gehienetan gaztetxeak antolaketari dagokionez. Aisialdiaz, komunikazioaz, azpiegituraz eta gazte problematikaz aritzen ziren lan-talde txikiak zeuden, eta gero talde guztietako kontuak jasotzen zituen asanblada orokorra edo talde eragilea deitzen dioguna.

Lehen urte haietan etxebizitzaren problematikari heldu zitzaion indarrez, esaterako. Kanpaina handia jarri zen herrian martxan. Dena den, agian, gerora izango genituen eztabaidetan ondorioztatzen genuenez, modu horretako kanpainak maila lokalean egiten zirenez eta ez zutenez sistemaren zapalkuntza modu hori osotasunaren baitan kokatzen, oso zaila zen horietatik benetako lorpenak edo emaitzak izatea.

«Kanpainak maila lokalean egiten zirenez eta ez zutenez sistemaren zapalkuntza modu hori osotasunaren baitan kokatzen, oso zaila zen horietatik benetako lorpenak edo emaitzak izatea»

Duela sei urtera arte edo modu horretan funtzionatu izan dugu, baina 2016an, oker ez banago, lan-taldeen egitura haustea erabaki zen. Horren ordez jendeak proiektuak proposatuko zituen eta proiektu bakoitzerako behin-behineko lan-taldeak sortuko ziren. Modu horretan, lan-talde finkoen egitura zurruna hautsi nahi zen eta jendea interesen arabera lasaiago gauza batzuetan edo besteetan inplikatu. Aldi berean, esaten zen lan-talde batekoak bestekoekin harremanak egiteko zailtasunak izaten zirela batzuetan, eta proposamen berriak hori aldatzea era lortu nahi zuen.

Kontua da antolaketa modu berriak ez zuela fruiturik eman, eta seguruenik gaztetxeak ezagutu duen urterik kaxkarrena izan zela. Telebista bat sortzeko proiektua sortu zen, baina ez zen aurrera irten eta frustrazio pixka bat sortu zuen horrek, eta gainontzean ez zen proiektu berririk. Horrek hein batean eragin zuena izan zen jende askok gaztetxea uztea (ez dakit ordena egokia hori den, edo jendeak gaztetxea utzi zuelako ez zuten egin proiektuek aurrera). Kontuak kontu, esango nuke gure belaunaldiari gaztetxearen «gidaritza» hartzeko unea iritsi zitzaigula orduan. Urte hartan hamar lagunetik behera bilduko ginen astero, eta nahiko profil berdinekoak ginen gehienok: Ezker Abertzale Ofizialetik bereizitakoak edo militatu gabekoak, eta sortzen ari zen Mugimendu Sozialistaren lehen urratsekiko interes handia genuenak. Ondorioz, marxismoaren inguruko mintegi eta abarrak egiten hasi ginen, eta zetozen urteetara begira apur bat perspektiba eta antolaketa moduak berregokitzen. Batez ere, lehen aipatu dudan gaiari lotuta agian, hau da, borrokak herri mailan eta modu partzialean planteatzen baziren, antzuak zirela edo ez zutela behintzat gauzak benetan errotik aldatzeko funtzioa betetzen. Egiten genituen mintegi eta eztabaidetan sistemaren osotasunari erreparatzen eta horrek zapalkuntza forma zehatzak nola gauzatzen zituen jabetzen saiatzen ginen. Hori gauzak planteatzerako orduan jauzi kualitatiboa izan zela iruditzen zait.

634ecf9def8f1.Azpeiti_03.jpg

Kontuan izan behar da Euskal Herri mailan ere politikoki mugimendu handiko urteak zirela, Ezker Abertzale Ofiziala bide instituzionalak lehenesten hasia zen, eta gazteon artean ezinegon nahiko orokortua ari zen sortzen. Horrek txoko ugaritan eraman gintuen sistema kapitalistaren funtzionamenduaz eta gure posizioaz hausnartzera eta ikastera. Intuizioz bada ere, han genbiltzan guztiok jabetzen ginen politika egiteko modu berriak behar genituela, subjektua eta helburu estrategikoak zehaztu, eta horietara ondoen egokitutako politika egiteko. Bestelako heldulekuen faltan, asko eta asko gaztetxeetan hasi ginen kontu horiei guztiei bueltaka.

Hurrengo urteak nahiko emankorrak izan direla esan daiteke. Ikasketengatik kanpoan zebilen jende dezenteren etorrera izan zen orduan, eta perspektiba finduta edukitzeak jendea zertarako eta nola erakarri nahi genuen pentsatzen ere jarri gintuen. Komunitate nahiko indartsua sortu zen gaztetxearen bueltan, bai jende kopuru aldetik, bai politikoki kohesio handia zegoelako ere.

Ondorengo urteetan lan-talde finkoen egitura berrartu genuen, eta batez ere gazte problematikako lan-taldeak indar handia hartu zuen. Perspektiba politiko nabarmena eman zion talde horrek gaztetxeari, sortzen ari zen ildo sozialistari oso lotuta. Alabaina, talde haren perspektiba politikoak gaztetxearen eragiteko esparrua edo berezko esparrua (gazte problematikarena litzatekeena) gainditzen zuen, eta hortik sortu zen Krisiaren Seme-alabak taldea sortzeko (orain Urola Erdiko Kontseilu Sozialistan integratua) eta Esklabetako eraikina okupatzeko ideia. Azken finean, politika gaztetxe bati zegokiona baino modu integralagoan egiten genuen, eta ez zitzaigun ez zintzoena eta ez egokiena iruditzen gaztetxearen markarekin horretan aritzea.

Ondorengo urteetan gure belaunaldiko gehienak apurka-apurka gaztetxea utzi eta bestelako militantzia esparru batzuk bilatzen joan dira, eta gazte berri asko sartu da. Egun, esan daiteke 2000. urteaz geroztik jaiotakoak gehiago direla aurretik jaiotakoak baino. Gaztetxea beti izan da militantzian hasteko leku egokia eta hala segi dezan saiatzen gara. Mintegien eta eztabaiden bitartez eta asko saiatzen gara hasiberriei interesa piztu eta gaztetxera erakarri dituen egonezin politikoa arrazionalizatzen. Ahalegin horiek gero fruituak eman dituzte.

Egiturari dagokionez aurtengo ikasturterako berriro aldatu da zertxobait. Asanblada orokorraz gain, interesen arabera behin-behineko taldeak sortzea zen asmoa, eta ekintza kulturalez hausnartu eta antolatzeaz arduratzen den taldea sortu da. Horrez gain, azpiegiturako taldetxoak hiru hilean behingo auzolan masiboak prestatzen ditu lana eraginkorrago egiteko, eta gainerako lan-taldetxoek GKSrekin batera herrian abiatu dugun dinamikarekin lanean dihardute.

Bittor Altube (Abadiñoko Gaztetxea) Abadiñoko Gaztetxea orain dela hogeita bi urte okupatu zen eta, gaur egun, herrian egonkortuta dagoen espazioa da. Nahiz eta espazioak hogeita bi urteko ibilbidea duen, duela zortzi urtetik gaur arteko ibilbideaz arituko naiz.

634ecf9deced7.Abadino_03.jpg

Gaztetxean duela zortzi urte ez zen jardunik ematen, geldi zegoen. Garai hartan, belaunaldi berri bateko kuadrilla bat sartu zen bertan eta, gaztetxea, egoteko toki gisa zabaltzen hasi zen. Gerora, belaunaldi inguru horretako beste gazte-talde batzuk hasi ziren bertaratzen eta herriko gazteei begira eskaintza kultural eta politikoa eskaintzen hasi ziren gaztetxearen bitartez.

Gaur egun jada herriko lagun-talde ezberdinetako gazteek osatutako asanblada egonkor bat izatea lortu dugu, espazioa eta eskaintza landu eta kudeatzen duena. Jardun zabala egiten da herriari begira, bereziki herriko gazteei begira: aisialdirako eskaintza, eskaintza politikoa eta eskaintza kulturala.

«Jardun zabala egiten da herriari begira, bereziki herriko gazteei begira: aisialdirako eskaintza, eskaintza politikoa eta eskaintza kulturala»

Markos Napal (Lizarrako Sugarra Gaztetxea) Lizarran, guztira, lauzpabost gaztetxe izan dira. Lehena Nabarrerian okupatu zen pisu bat izan zen. Horrek ez zuen izenik izan. Pisua desalojatzean kuartel zaharra okupatu zuten, duela hogeita bost urte. Kuartela 2002 urtean desalojatu zuten gutxi gora behera eta geltoki alboan zegoen barrakoia okupatu zen orduan. Barrakoiak soilik berrogeita zortzi ordu iraun zuen okupaturik. Azkena (gaur egungoaren aurretik), Pinupe Gaztetxea izan zen, ilegalki eraikitako txaleta. Txaleta bukatu gabe zegoen eta okupatu zutenek txaleta eraikitzen bukatu eta txukun utzi zuten. Pinupe Gaztetxea mendian kokatuta zegoen.

Gure belaunaldia bertan sartu zenean topatu genuen egoera ez zen oso ona izan. Jendea ez zen asko gerturatzen gaztetxera. Alde batetik, urrun zegoelako, eta bestetik, bertan zegoen azpiegitura oso mugatua zelako. Esate baterako, elektrizitatea behar baldin bazen antolatutako ekimen baterako (hitzaldi bat, kontzertu bat...) sorgailu elektrikoa eta beste hainbat azpiegitura lotu behar ziren. Oso gaztetxe polita zen baina zaharkituta zegoen eta ez zituen behar genituen baldintzak betetzen.

Horregatik, garaiko gaztetxe horrek gazte mugimendu sendo bat izateko bermeak betetzen ez zituela ondorioztatu genuen, eta beste espazio bat lortzeko ideiarekin bueltaka hasi ginen.

Espazio berri horrek jende berria erakarri behar zuen. Azken finean, jende gehiagorekin proiektu gehiago atera ditzakezu aurrera. Eta, gainera, gaztetxe berri horrek buruan genuen azpiegitura izan behar zuen. Herriko gazteria motibatu behar genuen, esate baterako, militatzen hasteko.

Uxue Zamorano (Lizarrako Sugarra Gaztetxea) Erabaki hartatik jaio zen Sugarra Gaztetxea. Okupazioaren bitartez lortu zen eta aurten bi urte egingo ditu. Lizarrako Alde Zaharrean dago, erdigunean. Horrek eragina izan du proiektura hurbildu den jende kantitatean eta belaunaldi berri gehiago batu dira proiektura. Gainera, aurreko gaztetxean zeuden azpiegitura gabezietako asko gaur egun ez ditugu. Adibidez, argi-indarra.

634ecf9df0b60.Lizarra_03.jpg

Nolakoa zen lehen eta nolakoa da gaur egun gaztetxearen inguruan dabilen komunitatea?

O.A. (Azpeitiko Gaztetxea) Gaztetxeak beti izan du komunitate izaera nire ustez. Ez agian beti komunitate politiko moduan, baina ordu asko pasatzen dira eta esperientzia asko bizitzen dira elkarrekin, eta hor dabiltzanak lagun izaten amaitzen dute. Dena den, esan dudan moduan komunitate hori ez da beti politikoki kohesionatua izan. Lehen, esango nuke bai politikoki, eta bai gaztetxeak bete behar zituen funtzioei buruzko iritzian ere, aniztasun handiagoa zegoela, eta beraz, komunitate bat osatu arren eta ideia batzuk konpartitu arren (antikapitalismoa edo) bakoitzak gaztetxeari ematen ziona eta hortik espero zuena desberdina zela. Horrek ez du kentzen, ordea, hor oso lagun onak egitea edo komunitate izaera izatea.

Gerora, berriz, uste dut komunitatea politikoki kohesionatuago egon dela, eta horrek perspektiba jakin batean lana eraginkorrago egitea ekarri du; perspektiba konpartitua bada eta konpromisoa ere maila berekoa, lanaren banaketa errealagoa eta efizienteagoa baita. Aldi berean, mugimendu politiko berri batean kokatzen hasi ginenean, gaztetxetik kanpo babes gutxi zegoen, eta horrek gure artean asko batzea eragin zuen.
Orain ere ez dugu, beharbada, gaztetxeko kide guztiok perspektiba politiko bera izango, baino nahiko orokorra da Mugimendu Sozialistarekiko atxikipena.

«Uste dut komunitatea politikoki kohesionatuago egon dela, eta horrek perspektiba jakin batean lana eraginkorrago egitea ekarri du; perspektiba konpartitua bada eta konpromisoa ere maila berekoa, lanaren banaketa errealagoa eta efizienteagoa baita»

B.A. (Abadiñoko Gaztetxea) Esan dudan bezala kuadrilla bat hasi zen duela zortzi urte gaztetxean batzen. Herriari begira espazioak ez zuen irudi oso onik eta gerora antolatzen genituen gauzetan ez zen jende askorik agertzen. Herriko gazteei ere beldurra edo bertigoa ematen zien gaztetxera hurbiltzeak.

Gaur egun, pandemia garai honetan, egoera ez da onena izan, eta herriko gazte langileok nahiko txarto egon gara askatasunei dagokienez. Horregatik, lanketa politiko bat hasi genuen, pandemia aurretik lantzen hasiak ginena, herriko gazte-kuadrilla ezberdinekin haien beharren inguruan hitz eginez. Uda honetan eskaintza kultural eta politikoa egin dugu, eta baita aisialdirako eskaintza ere. Oso emankorra izan da. Jada uda honetan sei-zazpi kuadrilletako gazteak batzen hasi gara Gazte Asanbladan eta badago jendea ere antolatzen ditugun ekimen guztietara agertzen hasi dena. Horrez gain, badago ere noizean behin gaztetxean parte-hartu eta antolatzen diren kontuetara hurbiltzen den jendea.

Esango nuke jadanik erreferentzia lortu dugula herrian. Koronabirusaren eta horren gestioaren ondorioz izandako egoera zailean antolatzen eta lan egiten jarraitzen jakin izan dugu, herrian erreferentzia handituz.

M.N. (Lizarrako Sugarra Gaztetxea) Nire belaunaldiari asko kostatu zitzaion Pinupe Gaztetxean sartzea. Normalean nahiko gazte sartzen da jendea gaztetxean parte hartzera baina, gure kasuan, unibertsitatera joan ginen arte ez ginen sartzera ausartu. Nolabait sentitzen genuen gaztetxea ez zela gure profileko jendearentzako zeozer, baizik eta oso profil konkretu batentzako proiektu bat. Sentitzen genuen gaztetxea ez zegoela guretzako egina.

Unibertsitatearekin batera lotsa galdu genuen eta gaztetxean sartzera animatu ginen. Komunitate sendo bat ezagutu genuen bertan, mugimendu politiko bati oso loturik zegoena. Baina, nolabait, hura ez zen masa espazio bat eta ez zuen harreman handirik Lizarrako gazteriarekin.

U.Z. (Lizarrako Sugarra Gaztetxea) Gaztetxe berriaren bitartez Lizarrako gazteriaren zati handiago batek parte-hartzen du proiektuan eta harremana jende askorekin egitea lortu da.

Orain, adibidez, Gaztetxeko Asanbladan, adin askotako gazteek hartzen dute parte. Hamasei urteko gazteak daude, baina baita hogeita bost urtekoak ere. Gainera, inguruko bizilagunekin erlazioa izatea lortu dugu, nahiko positiboa dena. Erronketako bat gaztetxea adin guztietako jendearentzako espazioa izatea da.

Gaztetxean parte hartzeko modu asko daude. Asanblada izatez oso handia da eta jende asko pasatzen da hortik. Bada gaztetxean egunero dagoena, horretarako prest dagoelako, eta bada ere hilabetean behin gaztetxera datorrena, eta modu horretan bere ekarpena egiten duena.

Asanbladaz gain beste eragile askok erabiltzen du espazio hau ekimenak antolatzeko, lanerako esparru gisa edota materiala gordetzeko.

«Asanbladaz gain beste eragile askok erabiltzen dute espazio hau ekimenak antolatzeko, lanerako esparru gisa edota materiala gordetzeko»

Azkenik, jarri dezagun arreta gaztetxeen funtzio eta jardunean. Zein dira zuen herrietako gaztetxeen helburuak? Zertan datza proiektua?

O.A. (Azpeitiko Gaztetxea) Gaztetxeak, batez ere, bi esparrutan diharduela esango nuke. Batetik, gazte problematika klase ikuspegitik lantzen dihardugu. Lehengo urtean hainbat saio egin genituen gazte langileok sistema kapitalistan betetzen dugun funtzioaz jabetzeko, eta horri eragiten dioten auzietan esku hartzen saiatzen gara. Gaztetxearen helburu politikoa, berez, gazte problematikak herrian dituen alderdi desberdinak ikertu eta, ahal den neurrian, horien aurkako borrokak martxan jartzea da. Aurtengo ikasturtean, esaterako, COVID-19aren aurrean agintari politikoak pandemiari ematen ari diren aterabidea salatzeko dinamika bat abiatu dugu GKSrekin batera; gazteon aurkako kriminalizazioa medio, kontrol soziala areagotzen eta pandemiari aterabide polizial bat ematen ari direla uste baitugu, osasun arazoari errotik heldu eta hura konpontzen saiatu beharrean.

Bestetik, gaztetxeak beti izan dira ekitaldi kultural askoren aterpe. Zentzu horretan, ardura dugu musika talde txikiei eta hainbat kultur proposamen berriri bidea irekitzen. Dena den, kultura ekitaldiak eta, oro har, ekoizpen artistikoa zer eta nola nahi dugun hausnartzea dagokigu. Garrantzitsua da gauzak antolatzen ditugunean zertarako, zer beharri erantzuteko eta zer ekarpen egiteko antolatzen ditugun pentsatzea. Bide horretan, aurtengo ikasturtearen lehen erdian hitzaldi ziklo bat antolatu genuen ekoizpen artistikoaz, kultur industriaz eta egungo testuinguruaz aritzeko. Eta bigarren erdian, hainbat kontzerturekin lotuta, azken urteotako Azpeitiko musika taldeen errepasoa eta musikaren eta politikaren arteko harremanaz aritzeko hitzaldi eta mahai-inguruak prestatzen dihardugu.

Dena den, gaztetxearen proiektua ez da bi alor horietara mugatzen. Bi funtzio nagusiak horiek izanik ere, inplizituki, gazteak militantziara gerturatu eta militantzia eskola bat izateko funtzioa ere betetzen du. Gutako gehienok, gaztetxean ikasi dugu lehenbizikoz ardurak hartzen, taldean lan egiten nahiz lanaren banaketak egoki egiten, behar den lekuan aurpegia ematen, eztabaidatzen, gai koiunturalei kritikoki begiratzen, azpiegitura lanak egiten... Garai bateko gaztetxeek zuten irudi marjinal eta narras hartatik urruti, gaztetxea gazte konprometitu eta ondo formatuak hezteko leku egokiena dela deritzot.

B.A. (Abadiñoko Gaztetxea) Asanbladak agente politiko bat izan nahi du mundu berri baten eraikuntzan. Badakigu mundu berri hori ezin dugula maila lokaletik soilik eraiki, horretarako antolakuntza sare handi bat behar delako. Hala ere, problematikei maila lokaletik erantzunez eraikuntza horretarako kontzientzia sortzea dugu helburu, lan ideologikoaren eta eguneroko lan praktikoaren bitartez. Bestalde, sozializaziorako agentea izan nahi dugu, guk nahi dugun aisialdi eta sozializazio eredua helburu.

Orain kanpaina berri bat hasi dugu Abadiñoko Gazte Koordinadora Sozialistarekin batera, jabetza publikoaren problematizazioa mahaigaineratuz. Azken aldian, COVID-19 pandemiarekin, argi ikusi da Udaletxearen partetik izandako jarrera hainbat udal-azpiegiturekin. Berez publikoa den jabetza horren erabilera ukatu zaigu asanbladari, GKSri, beste hainbat eragileri... edota, adibidez, frontoira jokatzera joan nahi duen orori. Horren ondorioz, herrira zabaldutako kanpaina abiarazi dugu, jabetza publikoaren auzia problematizatuz agerian utziz sistema kapitalistan jabetza publikoa ez dela guztion jabetza, eta horien sozializazioaren alde eginez.

Horrez gain, asmoa dugu ostiraletan aisialdirako egitaraua eskaintzeko, astero jarduera edo ekintzaren bat antolatuz.

M.N. (Lizarrako Sugarra Gaztetxea) Saiatzen ari gara gaztetxea masa espazio bat bilakatzen, batez ere militatzen hasteko aukera erraz bat izateko gazteek; lehen aukera hori irekitzeko. Gaztetxea gertu sentitu behar du gazteriak; lotsarik sentitu gabe etortzeko leku bat izatea nahi dugu. Espazio zabal bat eraikitzen ari gara, jendeak parte-hartu ahal izateko eta propio eta hurbil sentitzeko.

U.Z. (Lizarrako Sugarra Gaztetxea) Gaur egun martxan dugun proiekturik garrantzitsuena Lizarrako Gazte Asanbladaren hogeita bosgarren urteurrena da. Iraila arte hainbat ekintza planteatu ditugu hilabetez hilabete.

Dinamikaren leloa Gazte ginen gazte gara da eta azpi-proiektu asko horren baitan barnebilduko ditugu. Esate baterako, dokumental bat ekoizten ari gara, hogeita bost urte hauek jasoko dituena, belaunaldi ezberdinetako testigantzen bidez. Urteurrenaren dinamika indarrarekin bukatzeko, irailerako, Gazte Egun bat dugu esku artean.

EZ DAGO IRUZKINIK