Testu honetan XXI. mendeko faxismo bezala jendarteratzen ari den fenomenoaz arituko naiz. Horretarako, XX. mendeko esperientzia faxistak eta gaur egungoak erkatuko ditut, zenbait aspektu orokorretan; zehazki, mugimendu hauen jatorrietan, ideologia politikoei dagokienean, botere modalitateari eta oinarri sozialari erreferentzia eginez. Amaieran faxismoaren aurkako estrategien inguruan daukadan ikuspegia emango dut. Aurreratzen dizuet antolakuntza komunista indartzean ikusten dudala faxismoaren zabalpenari kontra egiteko proposamen bideragarri bakarra. Esan bezala, artikulu honen asmoa faxismoaren gaira hurbilpen orokor eta ahal bezain politizatuena egitea da. Sarrera testu bat da honakoa, ez ezazue espero ez sakontasun gehiegirik ez zehaztapen maila handiegirik, beraz.
Momentu latzak ari gara bizitzen. Antonio Gramscik zioen bezala, mundu zaharra hiltzen ari da baina berriari asko ari zaio kostatzen agertzea. Modu honetan laburbildu dezakegu gure orainaldia: presente absolutu bat, objektiboki eta subjektiboki. Objektiboki, ez baitago ezer kapitalismoaren menderakuntza totaletik haraindi. Subjektiboki, esperantzarik gabeko jendartea delako gurea, berehalakotasunetik harago begirada zabaltzeko gai ez dena. Hori gutxi balitz, indibidualismoa eta porrotaren kultura errotuta daude euren burua kapitalismoaren kritikotzat duten askoren artean. Gauzak horrela, dominazio burgesari komunismoaren printzipioak kontrajartze hutsak aurreiritzia, mesfidantza eta panikoa eragiten ditu ezkertiar askorengan. Betikotutako orainaldi bezala definitu dut egungo egoera, baina dena ez dago geldi, aunitz gauza abiadura bizian ari baitira aldatzen. Kapitalismoa krisialdi betean dago, eta oligarka internazionalak egoera honetatik onik ateratzeko moldaketa asko ari dira egiten denbora gutxian. Eskasia garaiotan ez dago denontzako baliabiderik, eta horrek klase borroka areagotu eta denon begien bistan uzten du. Gure ikuspuntutik, egungo krisialdia gainditzeko konponbide askatzaile bakarra ekoizpen eredu kapitalista suntsitzea eta jendarte komunista eraikitzea litzateke, baina bistan da burgesia ez dagoela bere pribilegioak alboratzeko prest. Horren ordez, eta bere boterea baliatuta, iraganaren partetzat geneukan totalitarismoa berraktibatu asmoz dabil burgesia. Gaur egungo ultraeskuina hobeto ulertzeko, hau pasa den mendekoarekin konparatzea ariketa teoriko garrantzitsu bezain beharrezkoa dela uste dut. Izan ere, askotan errazkeria gehiegirekin jartzen diogu faxismoaren etiketa ezaugarri autoritarioak dituen edozein fenomenori. Ulertzen dudanaren arabera, autoritarismo eta totalitarismo orok ez daukate zertan faxistak izan beharrik, azken honek bi ezaugarri horiek bere baitan baldin badauzka ere. Korapilo hau askatzeko, ondorengo lerroetan XX. mendeko esperientzia faxistak eta XXI. mendeko ultraeskuina alderatzen ahaleginduko naiz, puntu orokor batzuetan behintzat. Testuan zehar faxista terminoa erabiliko dut XX. mendeko talde faxista eta naziak orokorrean izendatzeko. Horrek bien arteko berezitasunak lausotzea ekar lezake, nahiz eta ez den hori testu honen asmoa. Kontrara, bi esperientziek partekatzen dituzten ezaugarriak aipatuko ditut faxista izenaren pean, eta bietako baten ezaugarri partikularra izatekotan, hori zehazten saiatuko naiz. Bestalde, Europa mendebaldeko talde eta gertakizunetan zentratuko naiz.
Egungo krisialdia gainditzeko konponbide askatzaile bakarra ekoizpen eredu kapitalista suntsitzea eta jendarte komunista eraikitzea litzateke
XX. MENDEKO FAXISMOA
Jatorriak
Hiru jatorri nagusitan laburbilduko dut esperientzia faxista zein nazi ezberdinen iturburua.
Lehenik, antisemitismoaren historia luzea aipatu genezake[1], judutarren paria izaerak definitu izan duena. Judutarrekiko mesfidantzaren sorburua askoz ere lehenagokoa izanda ere, antisemitismoa estatu-nazio modernoen sorrerarekin batera berpizten den ideologia da, bi arrazoi nagusik motibatuta: judutarrak herri modura estatu finko bat sortzeko gai ez izatea eta kondaira herrikoietan zeukaten mailegatzaile/espekulatzaile ospea. Espekulatzaile eta konspiratzaile famaren eraginez krisialdi ekonomikoen testuinguruetan errudun bezala seinalatu ohi ziren juduak. Horregatik, bi faktoreak konbinatu ziren garai eta tokietan, Weimarko Errepublikaren kasuan bezala, judutarrekiko gorrotoan oinarritutako ideologia (antisemitismoa) nabarmen hazi zen.
Bigarrenik, inperialismoaren fenomenoa[2] aipatu behar dugu, mendebaldeko potentzia nagusien arteko lehia ekonomikoak ezaugarritu eta Lehen Mundu Gerrarekin leherrarazi zena. Inperialismoa kapitalismoaren fase aldaketari eman zitzaion deitura zen, estatu barneko kapitalisten arteko lehiatik estatu-monopolioen nazioarteko konpetentzia fase batera igarotzeak hartu zuen izena. Mendebaldeko potentzientzat premiazkoa bihurtu zen kapitalismoaren periferiaren gaineko kontrola eskuratzea, eta konkista inperialista hirugarren munduko lurraldeetan kokatu zen. Testuinguru horretan, nazionalismoek gorakada nabarmena izan zuten. Horrekin batera, faxismo koloniala[3] bezala ezagutu izan den aginte eredua egonkortu zen herrialde inperialisten kontrolpeko lurralde periferikoetan.
Hirugarrenik, Lehen Mundu Gerra herrialde inperialisten arteko tentsioen muturreko adierazpena izan zen, eta gerratearen emaitzak Europako herrialdeen (AEBekin batera) arteko indar harreman berri bat ekarri zuen. Lehen Mundu Gerrako galtzaileen artean (edo ordainsari murritzegia jaso zutela uste zutenen artean; adb. Italia) irabazleekiko gorrotoa areagotu zen, Versaillesko Itunak inposaturiko neurrien ondotik. Herrialde galtzaileak irabazleekiko dependentzian, zorpetuta eta krisialdi ekonomikoei lotuta geratu ziren. Aipaturiko egoerak eta iraultza komunistak burgesiarentzat suposatzen zuen mehatxuak faxismoaren gorakada eragin zuen.
Ideologia
Puntu honetan XX. mendeko faxismoen hainbat ezaugarri ideologiko komun aipatuko ditut, esperientzia partikularren arteko desberdintasunak aparte lagata.
Boltxebikeen –komunisten– aurkako diskurtsoa eta praktika. Faxisten etsai politiko nagusia komunistak ziren[4], azken horiek bere baitan zituzten zenbait ezaugarriren ondorioz: internazionalistak zirelako, nazionalismoen aurkariak zirelako, Lehen Mundu Gerrako gudaldi abertzalea mespretxatzen zutelako, nazio batasunaren ideia interklasistaren aurkakoak zirelako, orientalistatzat (barbarotzat) zituztelako[5], komunismoa judutarren konspirazio bezala identifikatzen zutelako (batez ere Alemanian) eta klase konposizio ezberdina zeukatelako batzuek eta besteek. Horregatik guztiagatik, diskurtso faxistaren lehen planoan zegoen boltxebikeekiko aurkakotasuna.
Ideologia irrazionalista. Faxismoa eta kontzentrazio-esparruak mendebaldeko arrazoi instrumentalaren goren une bezala interpretatu izan badira ere, bestelako ikuspegi bat eman nahiko nuke. Izan ere, faxismoa arrazoiaren kontrako mugimendua zen, gurutzada irrazionalistaren parte, hain zuzen ere. Horren ezaugarri batzuek honakoak ziren: ideologia gerrazalea, indarrak arrazoia eta egia ordeztea, erlatibismo teorikoa edota populismoa, beste hainbat karakteristiken artean[6].
Obrerismoa. Italiako faxismoaren sortzaileen zati handi bat langile mugimendutik zetorren; tartean sozialista ohiak, anarkistak, sindikalistak eta abar. Alemaniaren kasuan nazien eta langile mugimenduaren arteko harremana ez zen hain estua, baina faxismoek, orokorrean hartuta, langileei zuzendutako diskurtsoa partekatzen zuten: langileria nazionalaren defentsa, elite ekonomikoen inguruko kritika abstraktua eta nazionalismo amorratua. Industria langileen identifikazio positibo batek bere kontrako alde negatiboa ekarri zuen berekin: emakumeen azpiraketa, gutxiengo arrazei gizatasuna kentzea, etab.
Industria langileen identifikazio positibo batek bere kontrako alde negatiboa ekarri zuen berekin: emakumeen azpiraketa, gutxiengo arrazei gizatasuna kentzea, etab.
Antisemitismoa. Aurrez aipatu bezala pisu handia eduki zuen ideologia horrek Alemanian, besteak beste, eta masak mobilizatzeko funtzioa bete zuen nagusiki. Judutarrek mehatxu konspiratzaile eta erasokor baten estereotipoa osatzen zuten nazien diskurtsoan. Masen pultsio erreakzionarioak fikziozko etsai baten, judutarren, aurka batzeko funtzioa eduki zuen ideologia antisemitak[7].
Oro har, esan daiteke faxismoak garaiko erronkei aurre egiteko soluzio burges, atzerakoi eta ez garaikide bat ekarri zuela[8], mendebaldeko herrietan iraultza sozialistak ekar zezakeen aurrerakuntza sozialaren kontrara.
Esan daiteke faxismoak garaiko erronkei aurre egiteko soluzio burges, atzerakoi eta ez garaikide bat ekarri zuela
Klase konposizioa eta botere eredua
Klase konposizioari dagokionean, esan daiteke faxismoa erdi mailako klaseko masa mugimendu bat izan zela, oro har[9]. Erdi mailako klasearena, langile aristokraziarena eta lumpen izaera zeukaten bestelako estratuena –soldadu ohi asko, adibidez–. Masa subjektu faxistaren eraketa garaiko mugimendu sozialista eta komunistekin aurkakotasunean garatu zuten, bai kontzeptualki (masak vs klasea) eta bai klase konposizioari zegokionean[10]. Dena dela, burgesiarekin adostasunetara iristearen ondotik lortu zuten boterea faxismoek, eta momentu horretatik aurrera gizartea errotik aldatuko zutenaren erretorika amaitutzat jo daiteke[11].
Botere ereduari dagokionean, erregimen naziek denboran mailakatutako estrategiak erabili zituzten estatuaren kontrol osoarekin egiteko. Bandera faltsuko atentatuak, salbuespen egoeren ezarpena zein plebiszituak izan ziren diktadura ezarri eta egonkortzeko bitartekoetako batzuk. Alderdi bakarreko sistema ezarri zuten, Hobbesen formula (obedientzia babesaren truke) eguneratuta[12]. Langile mugimenduaren aurkako pertsekuzioak –batez ere komunisten kontrakoak– ezaugarritu zituen aipaturiko mugimenduak.
Ekonomiari dagokionean, kapitalisten interesen araberako politika ekonomikoak aurrera eraman zituzten; erregimen faxisten ezaugarri ekonomikoak garaiko herrialde kapitalista demokratikoen antzekoak izan ziren. Besteak beste, Italia faxista zein Alemania naziko ekonomialari ofizialek aurreko erregimen kapitalisten koordenatu berdinetan jarraitu zuten; hori bai, langile mugimendua desagerrarazi zuten eta lehiakortasuna handitu zuten kanpo politikaren alorrean[13].
XXI. MENDEKO «FAXISMOA»
Azken boladan eskuin muturrak izan duen berragerpenari izen ezberdinak jarri zaizkio. Gure buruetara etortzen den lehenengo izendapena faxismoarena da, hau ideia orokor modura ulertuta. Alabaina, gai honetan adituak direnen artean eztabaida dago agerpen «berri» honen ezaugarrien inguruan, baita fenomeno bakarra edo bat baino gehiago existitzen direnaren ustearen bueltan ere. Enzo Traversok egungo eskuin muturraren inguruan darabilen definizioa ontzat emanda[14], bereizketa bat egingo dut neofaxismoaren eta faxismo ostearen artean. Bigarrenak XX. mendeko faxismoekin antzekotasunak baldin badauzka ere, bi proiektuen arteko haustura ideologikoan jartzen du arreta. Faxista osteko bezala izendatuko ditut gertatu berri diren gobernu autoritarioak (Trump, Bolsonaro, etab.), zeinak ideologia faxistatik aparte kokatzen diren (ez daukate euren historia aldarrikatzeko asmorik), baina aginte ereduan antzekotasunak dituzten. Neofaxismo bezala XX. mendeko faxismoekin jarraipen ideologikoan kokatzen diren kaleko adierazpenak izendatzen ditut, batez ere etorkin, proletario eta militante iraultzaileei aurka egiteko antolatzen diren horiek. Azken horien kasuan, XX. mendeko faxismoekiko haustura denborazkoa eta testuinguruarena da batez ere.
Jatorriak
Politikoki interesgarriak iruditzen zaizkidan zenbait ezaugarri aipatuko ditut, komentatu gabe beste hainbat utziko ditudanaren jakitun.
Neoliberalismoaren agerpena eta krisia, bi ardatzetatik begiratuta: ongizate estatuaren desagerpena, horrek berarekin dakarren kapitalismoaren tendentzia autoritarioen gaizkiagotzearekin, batetik, eta norbanako neoliberal berekoiaren irudia errealizatzeko ezintasuna, bestetik. Bi ezaugarriak aldez aurretik ontzat emandako baina guztiz obratu gabeko ideia orokor batzuen menpekoak dira: ideologia estatalista lehenik, eta hedonismo kapitalista, bigarrenik[15]. Bi elementu horien konbinaketatik jendarte autoritario eta konpetitiboaren ideia indartzen da, faxismo ostearen ideologiaren parte dena.
Gerra Hotzaren amaiera, langile mugimenduaren eta sozialdemokraziaren porrota. Askotan esan izan da faxismoa sozialdemokraziaren bete gabeko promesen ondotik indartzen dela. Gaur egun, antzeko zerbait ikusten ari gara. Izan ere, ongizate estatuen kudeatzaile izan diren alderdi sozialdemokratak eta baita ideologia anizkoitzeko hainbat mugimendu ere botere finantzario internazionalekiko guztiz azpiratuta ageri zaizkigu, krisiaren gestore papera euren gain hartuta. Agintza elektoralek sortutako desilusioa eskuin autoritarioaren indargune bilakatzen da askotan. Bestalde, ezkerreko izendapena duten alderdiak dira egun neurri autoritarioak aplikatzen lehenengoak, COVID-19aren murrizketekin ikusten ari garen bezala. Aurreikusgarria da eskuin muturra salbuespen politiken normalkuntzaz aprobetxatuko dela.
Orain arte esandakoan, eta testuaren estruktura konparatiboa dela aintzat hartuta, XX. eta XXI. mendeetako faxismoen arteko desberdintasun garrantzitsu bat azpimarratuko dut. Lehenengo koiunturan iraultza komunista aukera erreal bat zen eta, aldiz, bigarrengoan «utopia konkretuak» begi-bistatik kanpo daudela dirudi. XX. mendeko faxismoek komunismoarekiko zuzeneko kontrajarreran ekiten zuten, euren marko diskurtsiboa horren adierazle paregabea zelarik. Hori ez da horrela ematen XXI. mendeko faxismoen baitan; alabaina, ezin dugu ahaztu faxismo osteen eta neofaxismoen zeregin garrantzitsuenetako bat kapitalismoaren «soberakinak» edo aurkari potentzialak otzan mantentzea dela.
Ezin dugu ahaztu faxismo osteen eta neofaxismoen zeregin garrantzitsuenetako bat kapitalismoaren «soberakinak» edo aurkari potentzialak otzan mantentzea dela
Ideologia
Gure garaia «presentista» bezala izendatu du bat baino gehiagok[16]. Zer esan nahi du horrek? Esperantzarik, utopiarik gabeko presente betiereko bat, non zerbait mugitzekotan, okerrerako den. Testuinguru horretan lurrartzen dute faxismo berriek, atzera eta ez aurrera begiratzen duten sinbologia itxi bat bere eginda. Iruditegi «atzerakoi» horren barnean, bi figura nabarmenduko ditut: «fordismo nazionalarena»[17] eta globalizazioaren aurkako erretorikarena. Bi ezaugarriak obrerismo bezala izendatu daitezke, eta diskurtso nazionalista, «abertzale», baten barnean txertatzen dira. Lehenengo puntuak norbere nazioa berrindustrializatzeaz dihardu, bertako langileak pribilegiatzen ditu atzerrikoen aurrean eta burujabetza nazional- estatala dauka utopiatzat. Espazio horretan globalizazioaren kontrako diskurtsoak nazionalismoa justifikatzeko funtzioa betetzen du, eta ez dira gutxi izan euren burua marxistatzat izan eta diskurtso horrekin lerratu diren politikari eta pentsalariak[18].
Aipatu nahiko nukeen beste elementu bat komunitate nazionalaren jergarena da. Obreristentzat nazio-estatuetan gauzatzen omen den komunitatearen ideia mundu globalizatuari aurka egiteko aukera errealista bakarra da, baita ustez horren produktua den ezker posmodernoarekin lehiatzeko ere. Horrela, jendarte eredu fordistaren babesle inkontzienteak bihurtzen dira, industria langileak lehenetsiz, familia eredu tradizionala sustatuz, gutxiengo zapalduak baztertuz, etorkinen deportazioa bultzatuz edota nazioaren defentsa interklasista eginez. Langileria nazionalaren ideia jakin bati lehentasuna emanda, euren burua ezker erradikaltzat duten hainbat taldek eskuin muturrarekin bat egiten dute programan eta praktikan.
Proletalgoarekiko gorrotoa da egungo talde neofaxista eta faxista ostekoen ezaugarrietako bat. Aurrerago azalduko dudan bezala, aipatzen gabiltzan ideologiak erdi mailako klasearen sektore batean sostengatzen dira. Faxismoaren inkontziente ideologiko garrantzitsuenetako bat indibidualismo kapitalistak sortu baina, aldi berean, bete gabe utzi dituen aspirazioetan identifikatzen dugu. Aipaturiko egoera herritarren arteko konpetentzian eta gutxiago daukanaren aurkako gorrotoaren bidez kanalizatu ohi da. Berekoikeria kapitalista bereziki arriskutsua bilakatzen da proletarizazio egoeretan. Hain zuzen, atzean gelditzeko beldurrak klase elkartasuna suntsitzeko joerak errotzen dituenean.
Langileria nazionalaren ideia jakin bati lehentasuna emanda, euren burua ezker erradikaltzat duten hainbat taldek eskuin muturrarekin bat egiten dute programan eta praktikan
Klase konposizioa eta botere eredua
XX. mendeko esperientzia faxistetan bezalaxe, proletarizatzeko arriskuan dagoen erdi mailako klasea da faxismoaren subjektu eta hartzaile nagusia. Santiago Abascalek dioskun bezala, bera «ez da faxista bat, (erdi mailako) zentzu komunaren eroalea baino». Espainiaren kasuan argiki ikusten da erdi mailako klasearen baitan diskurtso eta praktika faxistek sustraitzea lortu dutela. Adibide bat jartze aldera, hor daukagu Desokuparen kasua, zeina gobernuak baimentzen duen eta erdi mailako klasearen zati baten eskakizunetik abiarazten den[19]. Jakina, burgesiaren zati handi baten babesarekin kontatzen dute aipaturiko taldeek –edo zuzenik burgesiaren parte dira–, hauei ez baitatorkie gaizki langile mugimendua borrokatuko duten taldeen existentzia.
Botere ereduari dagokionean, bi gauza iruditzen zaizkit premiaz seinalatzekoak. Batetik, merkatu kapitalistak edukiz husten baina aldi berean bere bezala aldarrikatzen duen[20] aniztasuna are gehiago zanpatzeko joera erakutsi dute faxismo berriek. Posmodernitatearen kontrakotasunaren izenean langileria zein nazioa identitate positibo bezala betikotzen dituzte, intersekzionalitatearen jerga itzulikatuz, behin horren marko teorikoa ontzat eman eta gero. Esan bezala, kapitalismoa aniztasun errealaren aurkako sistema modura hartzen dugu, eta faxismoa joera homogeneizagailuak bizkortzeko posizio ideologiko modura. Aipaturiko uniformetasuna handitzeko, eta horrekin bigarren puntuari helduko diot, arrazoi ideologikoen eragineko errepresioa areagotzeko funtzioa betetzen du faxismoak. Boterera ailegatu aurretik mugimendu iraultzaileak talde ultren eta poliziaren bidez kolpatuz eta, behin gobernua eskuratu ondoren, euren antagonista guztiak jazarriz. Pluralismo liberala suntsitzeko bi mugimendu sinkroniko egin zituzten faxistek XX. mendean: alderdi burges gehienak euren mugimendu-alderdi-estatu egituran integratzea lortu zuten eta, aldiz, langileriaren antolakundeak ilegaltzat jo eta gogor erreprimitu zituzten.
Errepresio politikoaz gain, faxismoak beste hainbat neurri totalitario dakartza berarekin, hura beste larriak direnak proletalgoarentzat: proletalgoa ekonomikoki are gehiago esplotatzea edota hezkuntzaren, pentsamenduaren eta kulturaren aldebakarreko inposizioak, besteak beste.
ZENBAIT ONDORIO (POLITIKO)
Bi esperientzien arteko konparaketatik ezaugarri bateragarriak ateratze aldera, esan genezake faxismoa kapitalismoaren krisialdi testuinguruan indarra hartzen duen «alternatiba» kapitalista eta interklasista dela. Burgesiarekiko autonomia erlatiboa gorde lezake faxismoak, baina horrek ez du esan nahi funtzionala ez denik lehenengoentzat. Faxismoak proletalgoa erreprimitzeko funtzioa betetzen du, mehatxu iraultzaileari aurka eginez eta proletalgoa otzan, antolatu gabe, mantenduz. Esan dezakegunez, faxismoak krisialdiari erresoluzio erreakzionario bat ematen dio, komunismoaren alderantziz. Egoerak hala eskatuz gero burgesiak zenbait funtzio delega ditzake faxisten gain, tartean gobernuaren ardura.
Faxismoa ideologia politiko gisa XX. mendeko esperientziara mugatzen da gehienbat. Gaur egungo faxismo osteak ez du ideologia faxista bere bezala aldarrikatzen. Kontrara, kalifikazio hori errefusatzen du, eta lexiko (neo)liberala darabil bere burua zilegitzeko. Horrela, euren buruak zentzu komunaren ordezkaritzat dituzte eskuin muturraren ordezkari nagusiek. Kontrara, kale mailan antolatutako talde ultraeskuindar eta biolentoek ez daukate problema handirik euren burua faxismoaren esperientzia historikoen oinordeko bezala tratatzeko.
Sozialdemokraziaren porrota autoritarismo berriei aurre egiterako orduan. Batetik, oligarkia internazionalaren agenda autoritarioa babestu eta inposatzen lagundu dute, ultraeskuinari bidea erraztuz eta horien balizko gobernu totalitario bat aldez aurretik zilegituz. Bestalde, kale mailan ondo finkatutako erantzun ausart eta efektibo baten faltan nekez geldituko da faxismoaren erasoaldia.
Bukatzeko, jendarte kapitalistaren tendentzia autoritarioei orokorrean eta konkretuki faxismoaren ofentsibari aurre egiteko aukera bakarra komunismoa dela uste dut. Beharrezkoa da proletalgoaren antolakuntza independente eta iraultzailea, erdi mailako klasearen praktika autoritarioei kontrajarritako subjektu askatzaile modura ulertuta. Hori guztia egikaritzeko, beharrezkoa zaigu ondo finkatutako militantzia estrategikoa sortzea, faxismoa borrokatu eta garaitzeko inteligentzia, bitarteko eta adore nahikoa izango duena.
Beharrezkoa zaigu ondo finkatutako militantzia estrategikoa sortzea, faxismoa borrokatu eta garaitzeko inteligentzia, bitarteko eta adore nahikoa izango duena
ERREFERENTZIAK ETA OHARRAK
1 Hanna Arendt, Los orígenes del totalitarismo, Madrid, Alianza, 2020, lehenengo bolumena.
2 Inperialismoaren garaia orokorrean ezagutzeko: Hobsbawm, Eric, La era del imperio, 1875-1914, Barcelona, Crítica, 2017. Inperialismoaren irakurketa ekonomiko-politiko baterako: Lenin, Imperialismo: La fase superior del capitalismo, Taurus, 2012.
3 Kolonietako aginte kapitalistaren irakurketa azkarra egin eta egungo arrazismoarekin konparatzeko, ikusi Alberto Toscano, The Long Shadow of Racial Fascism, Boston Review, 2020. Britainia Handiaren inperialismo sasi demokratikoaren izaera faxista ikustarazteko: George Padmore, Fascism in the colonies (1938), Marxists Internet Archive, 2007.
4 Zentzu gehienetan liburu problematikoa izan arren, eta autorearen ikuspuntu ideologikoa testu honen oso bestelakoa dela jakinda ere, Ersnt Nolteren «gerra zibil europarraren» inguruko liburua gomendatzen dut nazien ideologia anti-boltxebikea (eta baita Nolterena ere, bide batez) ulertzeko: La guerra civil Europea, 1917-1945, Mexiko, Fondo de Cultura Económica, 2001.
5 Boltxebikeekiko etsaitasuna oso presente dago, besteak beste, Carl Schmitt jurista naziaren obra osoan. Adibide modura: Schmitt, Carl, El concepto de lo político, Madrid, Alianza, 2014.
6 Ezaugarri ideologiko hauek faxisten eguneroko jardunean nola funtzionatzen zuten ikusteko, Antonio Scuratiren eleberria gomendatzen dut, Scurati, Antonio, M. El hijo del siglo, Madrid, Alfaguara, 2020.
7 Faxismoak pasioak nola erabiltzen dituen ezagutzeko, Samir Gandesha, A composite of King Kong and a Suburban Barber, Spectres of Fascism, Pluto Press, 2020.
8 Elia Zaru, Separar al pueblo de sí mismo. Ersnt Bloch y las contradicciones del populismo, Comitedisperso, 2016.
9 Alemaniaren kasurako, ikusi Sergio Bologna, Nazismo y clase obrera, Madrid, Akal, 1999. Italiarako, 1938ko Angelo Tascaren klasikoa gomendatzen dut: El nacimiento del fascismo, Barcelona, Ariel, 2000.
10 Masen eta klasearen arteko bereizketa kontzeptual baterako eta honen garrantzia politikoa ikustarazteko, Andrea Cavaletti, Clase. El despertar de la multitud, Argentina, Adriana Hidalgo editora, 2014.
11 Giacomo Marramao, Racionalización capitalista y solución totalitaria. Lo político y las transformaciones, Mexiko, Cuadernos de Pasado y Presente 95, 1982 eta Antoni Domenech, El eclipse de la fraternidad, Madrid, Akal, 2019.
12 Antonio Gramsci eta Carl Schmitt teorialariek faxismoaren inguruan egin zituzten irakurketen kontrapuntu baterako, Ricardo Laleff Ilieff, Lo político y la derrota, Madrid, Guillermo Escolar editores, 2021.
13 Aurretik aipaturiko Marramao eta Domenechen testuetara bueltatzen naiz. Irakurle sutsuentzako, erregimen naziaren ekonomia modu zehatz batean aztertzen dituzten liburu «erraldoi» hauek gomendatzen ditut: Franz Leopold Neumann, Behemoth, Madrid, Anthropos, 2014 eta Adam Tooze, The wages of destruction, London, Penguin Books, 2008.
14 Enzo Traverso, Las nuevas caras de la derecha, Argentina, Siglo XXI, 2019.
15 Neoliberalismoaren historiara gerturapen bat egiteko, David Harvey, Breve historia del neoliberalismo, Madrid, Akal, 2007.
16 Adibidez, Enzo Traverso, Melancolía de izquierda, Barcelona, Galaxia Gutenberg, 2019.
17 Alberto Toscano, Notes on late fascism, Historical Materialism website, 2017.
18 Euren artean ezaugarri ezberdinak eduki arren, honakoak datozkit burura: Manolo Monereo eta Frente Obrero antolakundea Espainian, Diego Fusaro eta Costanzo Preve Italian, beste askoren artean.
19 Desokuparen ezaugarri (neo)faxisten eta erdi mailako klase konposizioaren justifikazio baterako, Alain Arruti, Parlamentuz kanpoko kale-erakunde faxistak: Desokuparen kasua, Gedar Langile Kazeta, 2021eko ekainaren 6an.
20 Pier Paolo Pasolini, El artículo de las luciérnagas (1975)
HEMEN ARGITARATUA