Erorien Monumentua eraitsi ordez, hura mantentzeko bide instituzionala egiten jarraitzen dute Nafarroan PSN, EH Bildu eta Geroa Bai alderdiek, haien artean adostutako planarekin jarraituz. Nafarroako Parlamentuan atzoko osoko bilkuran onartu zuten 33/2013 Foru Legearen erreforma, Iruñeko (Nafarroa) oroigarri faxista erraldoia zutik iraunarazteko eta, bota beharrean, "esanahi berri bat emateko". Arkuak eraitsiko dituztela zehaztu dute, baina, bestela, dagoen bezala jarraituko du frankismoa goratzen duen eraikinak.
Aurreikustekoa zen modura, PSNk, EH Bilduk eta Geroa Baik bozkatu zuten lege-erreformaren alde, berriz ere entzungor eginez elkarte memorialisten eta beste hainbat kolektibo politikoren artean piztu den haserreari; baita Ezker Abertzaleko zenbait sektoretan ere. Zurekin Nafarroak ezezko botoa eman zuen, eraikin frankista eraistearen alde egin zuelako. Eta kontra bozkatu zuten UPNk, Voxek eta PPk ere, baina beste arrazoi batengatik: eskuin muturretik defendatzen ari dira dagoen bezala mantendu behar dela eraikin faxista, inolako aldaketarik egin gabe.
PSNk, EH Bilduk eta Geroa Baik iazko urtearen amaieran adostu zuten, Erorien Monumentua bota ordez, hura mantentzeko bidea egitea elkarrekin. Orain Nafarroako Parlamentuan beste pauso bat eman dutela, jarraitzen dute esaten "faxismoa salatzeko eta memoria demokratikoa aldarrikatzeko zentro" bilakatu nahi dutela eraikina, Maravillas Lamberto izena emanda. Elkarte memorialisten artean sekulako haserrea sortzen du horrek, eta horren erakusle dira azken hilabeteetako mobilizazio jendetsuak.
Zer dio bakoitzak?
Akordioaren parte diren hiru alderdiek euren hautua erreibindikatu zuten atzo. "Demokraziek gehiengoak eskatzen dituzte, akordioak eskatzen dituzte eta erabaki politikoak eskatzen dituzte monumentu horietan jardutera behartzeko, eta hori, Nafarroan, lortu dugu", esan zuen PSNko Inma Juriok.
EH Bilduk, beste zenbait auzitan egiten duen modura, izaera politiko oro kendu nahi izan dio auziari, arlo juridikoa aitzakiatzat erabiliz: Arantza Izurdiagak errepikatu zuen legeak eraikina eraistea galarazten duela, elkarte memorialistek jarrera hori gezurtatu badute ere.
Geroa Baiko Mikel Asiainek aitortu zuen Erorien Monumentua "gorazarre frankistarako eraikinik lotsagarriena" dela Nafarroan, baina euren akordio instituzionala defendatzeko egin zuen hori. Kritikatu zuen azken urteetako "immobilismoak" monumentua bere horretan mantendu duela, inolako aldaketarik gabe, baina ondokoa ondorioztatzeko: aldaketak egin behar zaizkiola.
Bestalde, plataforma faxista batek (Navarros todos y la historia completa) legezko ekinaldiak abiatu ditu monumentua are gehiago babesteko: eskuin muturreko alderdi parlamentarioen gisara, oroigarri frankista dagoen bezala mantendu dezatela eskatzen du.