2023/09/03

Lehenik eta behin, zeuen lurraldean zer agentek esku hartzen duten politikoki etxebizitzaren auzian? Zer proposamen politiko dituzte eta zer taktikak bereizten dituzte elkarrengandik?

Lucía: Galdera horri erantzuteko garrantzitsua da argitzea zaila dela Madrilgo etxebizitza-mugimenduan esku hartzen duten eragile desberdinen ezaugarriak argi eta garbi ematea. Ez sentsibilitate politiko eta antolakuntza-eredu guztiz desberdinak dituztelako bakarrik –izan kolektiboen artean, izan kolektiboen barrenean–, baizik eta eztabaida politiko batzuk oso gutxitan azaldu direlako modu esplizituan. Hori esanda, aktore mota desberdinen bereizketa egin genezake, baina, berriro diot, sailkapen horrek ez die erantzuten kolektibo bakoitzaren posizionamendu esplizituei, joera anbiguo samar batzuei baizik.

Garrantzitsua da argitzea zaila dela Madrilgo etxebizitza-mugimenduan esku hartzen duten eragile desberdinen ezaugarriak argi eta garbi ematea. Ez sentsibilitate politiko eta antolakuntza-eredu guztiz desberdinak dituztelako bakarrik, baizik eta eztabaida politiko batzuk oso gutxitan azaldu direlako modu esplizituan

Lehenik eta behin, PAH (Plataforma de Afectadas por la Hipoteca, “Hipotekak Kalteturikoen Plataforma”) eta Stop Desahucios markek oraindik badute presentzia hegoaldeko hiri eta auzo batzuetan, hala nola Useran, Vallecasen, Leganésen, Alcorcónen, Parlan edo Móstolesen. Talde lokalak dira, eta, gatazkaren fokua hipoteken iruzurretik alokairu-prezioen gorakadara eraman ahala, jarduera eta militantzia galdu dute pixkanaka, ez baitute gaitasunik izan beren esku-hartzeko eredua berritzeko, ezta belaunaldien arteko jarraipena izateko eta ezkerreko alderdi politikoekiko autonomiaz aritzeko. Kolektibo horiek, nahiz eta desberdintasunak izan beren artean, hauek dituzte oinarrian: aholkularitza kolektiboak, jabetzari presio egiteko ekintzak eta desobedientzia-jarduerak, negoziazio estrajudiziala eta lege-erreformen aldeko borroka. Unerik gorenetan, 2010 eta 2013 urteen artean, abokatu-­sare handi baten babesa zuten, “lan sozialak” martxan jartzeko gaitasuna (etxebizitza-blokeak okupatzekoa), gizartearen babesa eta estatu-mailan koordinatzeko mekanismoak zituzten, baita lege-proposamen propioak egiteko gaitasuna ere (hor dago “las 5 de la PAH” legegintzako herri-ekimen ezaguna). Hala eta guztiz ere, beren antolakuntzarako eta esku-hartzerako formak, diskurtsoak edo proposamen politikoak beti izan dira informalak, asanblearismoaren eta horizontaltasunaren printzipioak aurresuposatu dituzte beren eguneroko lanean eta “etxebizitza duina izateko eskubidearen” eskaeraren bueltan saiatu dira jendea biltzen. Osaerari dagokionez, haiek txertatu zuten berritasun nagusia eta potentzialtasuna zera da: harremanetan jarri zituztela normalean elkarrekin antolatzen ez diren proletariotza-sektoreak, eta hor presentzia handia zutela emakume migratzaile eta arrazializatuek, bereziki Madrilgo hegoaldeko eskualdeetan.

2014-2015etik aurrera, Podemos sortu eta udal-hauteskundeetarako hautagaitzak aurkeztu zituenean, PAHren bueltako ekintzaile asko instituzioetara pasatu ziren, eta haien diskurtso eta eskaerak nabarmen asimilatu zituzten. Gainera, hipoteken bueltako gatazka baretu zen (neurri batean neurri sozialen ondorioz, adibidez, “moratoria”) eta kolektiboen barne-gatazkak ugaritu ziren; ondorioz, geroztik talde lokal horiek desagertu edo nabarmen ahuldu dira leku askotan. Madrilen, adibidez, Etxebizitzaren Koordinakundea desegin da –koordinakunde horrek batzen zituen kolektibo horietako asko–, eta oraindik bizirik daudenek jarduera anekdotikoa dute gaur egun. Hemen, akaso, aipamen berezia behar luke Vallekaseko PAHk, berak jarduera handia izan baitu. Kasu horretan, indar handia izaten jarraitu du auzoan sare sozial eta asoziatibo indartsua zuelako, eta La Villana Zentro Sozialean parte hartzen zuelako; horri esker, lotura solidoagoak eraiki dituzte beste herri-kolektibo eta -egitura batzuekin (talde antiarrazistak eta feministak, jaki-toki solidarioak, bizilagunen elkarteak, etab.). Gainera, beti izan dute beste taldeek baino harreman gatazkatsuagoa alderdi politikoekin eta instituzioekin.

Bestalde, Madrilgo etxebizitza-borrokan esku hartzen duen beste eragileetako bat Sindicato de Inquilinas da (“Maizterren Sindikatua”). 2017an jaio zen, eta, nagusiki, bi diagnostiko zituen oinarrian: lehenbizi, hipotekek etxebizitzaren bueltako auzi nagusia izateari utzi ziotela eta orain alokairu-burbuila zela arazoa, eta, beraz, antolatu beharreko kolektiboa maizterrek osatzen zutela; eta, bigarrena, beharrezkoa zela jauzi bat ematea antolakuntzan, eta atzean utzi behar zirela ordura arte etxebizitzaren mugimenduak ezaugarri izan zituen informaltasuna eta asistentzialismoa. Bigarren horri lotuta, afiliazio-kuota, liberazio eta gatazka kolektiboetan ardaztutako ekintza-sindikaleko eredu bat ezarri zen, eta kasurik onenean jabetza handiak zituen norbaiten blokeak antolatzen zituzten. Kolektibo honek asmatu egin zuen koiuntura ekonomiko-finantzarioa aldatua zela interpretatzean, eta horrek arrakasta ekarri zion hasieran (batez ere gazteen artean, nagusiki alokairuan bizi direlako). Gainera, gatazkak estrategikoki hautatu izanak, gaitasun ekonomiko handiena berak izateak eta berrikuntzak txertatu izanak maila taktikoan eta antolakuntzakoan aukera eman dio gatazka kolektibo handiak izateko, presentzia mediatiko handia lortzeko eta jende askori aholkularitza-zerbitzu azkarra emateko; horrek guztiak antolakuntza-egitura sendotu du. Osaerari dagokionez, nahiko desberdina da PAHren aldean: nagusiki unibertsitateko prestakuntza duten ekintzaile eta militante gaztez osatua dago, eta haietako batzuk ezagunak dira analisi- eta ikerketa-­lanak dituztelako eginak etxebizitzari buruz. Esan behar da sindikatu horrek Bartzelonakoari jarraitu ziola, aurreratuago baitzegoen egituran eta helburuetan, La Hidra kooperatibari eta Observatori DESC plataformari lotua zegoenez. Espazio horretan sentsibilitate politiko desberdineko militanteak daude, hasi anarkosindikalistetatik eta erreformistetaraino. Nahiz eta barne-mailan ez duten estrategia politiko argirik, beren esku-hartzearen apustua maizterrak modu kolektiboan antolatzea eta gatazka horiek bozgorailu gisa erabilita lege-aldaketak proposatzea da. Horrela, agenda mediatikoan alokairuari lotutako arazoak jartzen eta horrekin iritzi publikoan eragiten saiatzen da, une bakoitzean gobernuan den alderdi politikoari presioa eginez maizterrentzat legedia mesedegarriagoa lortzeko; hain justu, maizterrak dira haien ustez antolatu beharreko subjektua (baina ez dute definitzen nor diren, soilik diote “alokairua ordaintzen dutenak” direla).

Azkenik, Etxebizitza Sindikatu eta Asanbladak (Carabanchel, Tetúan, Villalba) eta Auzo Sindikatuak (Moratalaz, Hortaleza…) leudeke. Batzuk Katalunian 2015-2016 urteetan bultzatu ziren izaera sindikaleko auzoetako antolakuntza-forma berriekin batera sortu ziren, eta beste batzuk gehiago 15M edo PAHri lotuak (lehen aipatu dugun PAH Vallekas ere talde honetan sar dezakegu). Antolakuntza-forma horien pean, lurraldeari lotutako subjektu politiko bat sortu nahi zuten, eta, hala, lurralde hori gurutzatzen zuten problematika ugariei heldu, gatazka erabiliz erreminta taktiko nagusi moduan. Errepresioak gero eta kostu handiagoa zekarkien, sozialdemokraziak egitura horietako batzuk ideologikoki asimilatu zituen (nahiz eta haietako askok diskurtso esplizituki antikapitalistari eutsi) eta jendeak etxegabetzeen moduko gatazken aurrean zuen sentsibilitateak behera egin zuen; zehazki, kolektibo hauen beherakadaren arrazoi nagusia orientazio estrategiko falta izan da. Gainera, ekintza sindikalaren planoan, ez dute lortu PAHren oinordetzatik ikasitako mekanismoez harago joatea. Hala ere, egia da azken aldian –gutxienez azken sektore horretan– batzuk muga horietaz jabetu direla, bakoitzak bere analisiarekin, eta behintzat hasiak direla beharrezko eztabaida batzuk irekitzen.

Azken aldian batzuk muga horietaz jabetu dira, bakoitzak bere analisiarekin, eta behintzat hasiak dira beharrezko eztabaida batzuk irekitzen

Álex: Termino politikotan, Katalunian beti egon dira bi espiritu etxebizitzaren aldeko borrokan: batetik, lege-aldaketak eta herritarren mobilizazioak babesten dituen espiritua, eta espiritu “iraultzailea” bestetik, zeinak etxebizitzaren borroka klase-borrokaren adierazpide moduan ulertu izan baitu. Proposamen politikoak eta taktikoak bi joera orokor horien araberakoak izan dira beti. Kontrastean zeuden alde batean legeak proposatzea eta haiek blokeatzean edo baliogabetzean protesta egitea eta hedabideetan presentzia handia izatea, eta beste aldean pisuak, espazioak edo blokeak okupatzea jendeari ostatu emateko edo antolakuntzarako, jabeen aurkako presio ekintzak eta abar. Hori horrela, ezin dugu erori bi espiritu horiek agente politiko bati edo beste bati mugatzearen akats edo sinplifikazioan; izan ere, espirituok, oro har, eragina izan dute mugimenduan, forma desberdinetan. Hori ikus daiteke etxebizitzaren borrokako Kataluniako hiru agente nagusietan: PAH, Sindicat de Llogateres i Llogaters (maizterren sindikatua) edo Sindicat d’Habitatge (etxebizitza-sindikatuak) direlakoak. Bi joera horiek beti egon dira soka-­tiran, izan agente horien barrenean, izan haien artean, bakoitzak posizio politiko bereizi bat ordezkatuz, baina une batzuetan egon da bien arteko kontsentsua eta ekintza-batasuna ere, nolabait esatearren. 

Gure asmoa etxebizitzaren mugimenduan dauden horiek espiritu iraultzaile horrekin interpelatzea da, eta horretarako inpotentziatik ateratzen gaituzten proposamenak egitea

Zentzu horretan, etxebizitzaren arloko militante sozialista moduan, geure irakurketa da bi espirituak txanpon beraren bi aldeak direla, eta horren atzean dagoen errealitatea dela mugimenduak ez duela independentzia politikorik ezkerreko alderdiekiko, eta sozialdemokraziaren mugimendu sozial subalternoen sorgin-gurpilaren forman dagoela mugatua. Alde “erreformistek” eredu hori baliozkotzat jo dute, modu irekian edo inplizituki. Joera iraultzaileak ez dira gauza izan beren praktika eta proposamenak lokaletik edo diskurtsoaren erradikaltasunetik harago eramateko, une zehatz batzuetan izan ezik, eta ez dira gai izan estatuaren eta alderdien eragin handi hori zartatzeko. Hori esatean ez dugu geure burua hortik aldentzen: dinamika horren parte izan gara, eta bertan jaso dugu prestakuntza eta politizazioa etxebizitzaren arloan, onerako eta txarrerako. Hausnarketa horietako askoren ondorioa da ezinbestekoak direla antolakuntza komunistaren eta independentzia politiko proletarioa, eta hori ulertu izana esperientzia horietatik datorrela. Hala ere, adi, horrek ez baitu esan nahi orain arteko guztia galtzen uztera goazenik: gure asmoa etxebizitzaren mugimenduan dauden horiek espiritu iraultzaile horrekin interpelatzea da, eta horretarako inpotentziatik ateratzen gaituzten proposamenak egitea.

2008ko krisian, zenbait ekimen sortu ziren hipoteka betearazteko prozesuen bueltan, adibidez, PAH plataformak. Laster jo zuten goia, eta, urte batzuen buruan, gaur egun auzo askotan ikus ditzakegun etxebizitza-sindikatuak edo maizterren sindikatuak sortu ziren. Aurreko zikloko mugimenduen aldean, zer berrikuntza dakartzate maila politikoan eta taktikoan?

Lucía: Hasiera batean, Podemos eta udal-hauteskundeetarako hautagaitzak protagonista izan zituen “instituzioen aurkako eraso” delako horren bueltan, militantziako sektore batzuek alderdi mugimenduaren hipotesia baloratu zuten, hau da, ulertzen zuten loturaren bat behar zutela alderdiak eta mugimendu sozialek, eta formalizatzera ere irits zitekeela, eta mugimendu horien tartean zeuden etxebizitzarena eta PAH, horiek baitziren jarraipena eman nahi zitzaien ziklo politiko horretako esanguratsuenak eta hura hobekien ordezkatzen zutenak. Hala, denbora batez, “hanka bat kalean eta beste bat instituzioan” izatearen ideiarekin jardun zuten; bigarren hanka horrek, mugimendu sozialak geldialdian edo beheraldian zeuden une batean, lehenbizikoaren posibilitate-baldintzak zabaltzen lagundu behar zuen, eta, aldiz, mugimenduen zeregina instituzioen barnetik egindako ekintzei “kaletik bultza” egitea zen. Ulertzen zenez, elkarrekin artikulatu beharreko bi parte ziren, eta haien arteko tentsioak “demokratizazio” handiagoa bultza zezakeen.

Ordea, 2017. urtearen bueltan (nahiz eta lehenago ere beti egonak ziren ahots kritikoak), baieztatu egin zen eredu horrek porrot egin zuela, besteak beste Podemosek “traizio” egin zuelako; izan ere, une bakoitzean oposizioan egoteak edo kanpainan egoteak mugimenduari era bateko edo besteko arreta ematea eragiten zuen. Hala, beste hipotesi bat planteatzera igaro ziren: mugimenduek ez zuten lan osagarria egin behar, paraleloa baizik, eta, beren autonomia bermatzen zuten bidea hartu behar zuten, eta inola ere ezin zuten makurtu instituzioen erritmoetara, baizik eta erritmo horiek gainditzera iritsi behar zuten (“ordezkaezinak” izatea lortu behar zuten). Gainera, etxebizitzaren mugimenduari dagokionez, testuinguru ekonomiko-finantzarioa erabat aldatu zen, eta alokairuari lotutako higiezinen burbuila bihurtu zen fokua. Egun, nahiz eta Espainiako biztanleen gehiengoa etxebizitza baten jabe izan (haien parte bat hipoteka ordaintzen ari da), alokairuaren merkatua gero eta handiagoa bilakatu da, eta Estatuko hirigune handienetan, alokairu horien prezioek ikaragarri egin dute gora prozesu espekulatibo nabarmen baten eraginez; horretan lagundu dute nazioarteko inbertsio-funtsak alokairuaren negozioan masan sartu izanak eta hirietako gentrifikazioko eta turistifikazioko prozesu luzeek. Gainera, problematika horretan aipatu beharrekoa da “errentismo popularraren” fenomenoa ere, hau da, ez da ahaztu behar erdi-mailako klaseetako ehuneko jakin batek diru-sarrerak lortzen dituela alokairuaren bidez eta etekinak ateratzen dituela prezioen gorakada konstante horretatik; etxebizitzaren mugimenduak ez du sekula jakin horri nola erantzun, edo ez dio inoiz erantzun nahi izan.

Testuinguru horretan, sindikalismo sozialak garrantzia berezia hartu zuen; izan ere, gizarte mugimenduek galdutako indarra iraultzeko tresna egokitzat jo zen. Krisi kapitalistatik eratortzen diren problematika eta bizi-esperientzia konkretuenei elkar babesaren bidez aurre egiteko modua da. Horren bidez, beste bizipen batzuk aitortzea eta barne hartzea lortu zen, zeinak sindikalismo tradizionalak, hertsiki soldata zuzenaren egituran kokatzen zenez gero, ez baitzituen ordura arte bere gain hartu. Horrela, jada existitzen ziren asoziazionismo-esperientzien gisakoen sorrera bultzatu zen, horien artean PAH plataformen gisakoena. Horiek abiapunturako egiturak bilakatu ziren, eta jarraitzeko eredu. Nahiz eta ez zuen erabateko hausturarik aurreko zikloarekin, sintomatikoa da logika eta hizkuntza sindikala erabiltzen hasi izana, urte batzuk lehenago pentsaezina izango baitzen. Izan ere, urte horietan 15M mugimenduaren ondorengotzak horizontaltasunaren eta asanblearismoaren fetitxe moduko bat sortu zuen, eta errezeloa hedatu zen eredu klasikoagoko antolakuntza-eredu ororen aurrean. Ikus daiteke, beraz, hasia zela “hobeto eta gehiago” antolatu beharra eztabaidatzen, hori esateak abstraktua eta lausoa badirudi ere.

Sakoneko eredu asistentzialistak gainditzea zen helburua, pertsonalistak eta antzuak zirelako, baita ustelkeriazkoak ere zenbaitetan

Marko hori gaur egun ere indarrean dago, hainbat modutara. Alde batetik, “borrokan dauden komunitateak” sortzeko apustua legoke, esaterako Madrilen Vallekaseko PAHk gorpuzten duena: bere eragin eremua etxebizitzaren problematikatik harago zabaltzeko asmoa dauka eta lehen horretatik eratorritako beste egitura batzuk sortzen ditu, esaterako, biltegi solidarioak eta herri-ikastetxeak. Bestetik, Sindicato de Inquilinas-ek negoziaketa kolektiboen alde egiten du (KPIaren igoera, etxe-agentzien gastuak…). Agenda mediatikoaren fokupean jartzea bilatzen da horrela, eta auzi horrekin lotutako lege aldaketak bultzatzea. Azkenik, esan dezakegu 2020 eta 2022 urteen artean “barrionalismoa” gainditzea helburu zuen sindikalismo sozialaren aldeko apustu esplizituagoak egin direla. Gauzak horrela, auzo sindikatuek, esaterako Carabanchelekoak, jabetzaren auzia gainditzeko izaera sindikalagoko eta kolektiboagoko proposamenak jarri zituzten martxan. Sakoneko eredu asistentzialistak gainditzea zen helburua, pertsonalistak eta antzuak zirelako, baita ustelkeriazkoak ere zenbaitetan. Apustu horrek Katalunian etxebizitzaren auziak zuen joerari erantzuten zion  erabat, bereziki Congrès d’Habitatge-aren lehenengo kongresuaren ondorengoari (auzo eta herri arteko sindikatuak, herri-egiturak, mugimenduaren bateratutako kanpaina, gatazka kolektiboak…). Mugimenduan haize freskoa eragin bazuen ere, adierazgarria da urteetan Madrilgo etxebizitzaren mugimenduak zer ahultasun eta desegituraketa izan duen, estrategia eta eduki politikoaren falta nabarmenaren eraginez..

2015az geroztik, Katalunian indarra hartu zuen etxebizitza sindikatuen ereduak. Zer elementuk eragin zuten zabalpen hori eta zenbateraino ulertu zen hori iraungitze-data zuen “aukera-leiho” moduan? Hala ulertu bazen, egon zen hausnarketa zintzorik problematika hori lantzen zuten kolektiboen artean? 

Álex: Hala da. Baina zuk diozunari ñabardura bat egingo nioke. Aukera-­leiho deitu duzun hori 2008an zabaldu zen bera zen. Arazoa izan zen inguru militante eta iraultzaileenak ez ginela hori ikusteko gai izan, salbuespenak egon baziren ere. 2015 eta 2019 urteen artean gertatu zena izan zen zuzendu egin zela ikuspuntu gabezia hori: tradizio ekintzaile “iraultzaileenek” etekina atera zioten Bartzelonako PAH izaten ari zen beheraldiari eta Sindicat de Llogateresek antolakuntza-gaitasun nahikorik ez izateari;  hala,  etxebizitzaren aldeko borroka klase-borrokaren adierazpen modura zabaldu zen. Nolabait esatearren, izate iraultzailearen eta erreformistaren arteko talkaren beste adierazpen bat baino ez zen izan. Baina, orduko hartan, logika hau gailendu zen: politikan ez dago espazio hutsik, ez dago espazio hutsik mugimenduaren barnean guk ikusi eta betetzen dugunik.

Baina, orduko hartan, logika hau gailendu zen: politikan ez dago espazio hutsik, ez dago espazio hutsik mugimenduaren barnean guk ikusi eta betetzen dugunik

Hortik aurrera, parean sortu zen abagunea 2008ko krisitik zabalik geratu den bera da, borroka-bolada aberatsa ekarri zuena. Soziologikoki, sindikatu horiek ordezkatzen zutena oinarri proletario sakoneko pertsonen eta gazte militanteen arteko nahasketa zen, ez lehenengo Hipotekak Kaltetutakoen Plataforma hura bezain zabala. Gizarteko gainerakoen mobilizazio gaitasuna txikiagoa bazen ere, zirrikituei etekina atera zitzaien gatazkak bultzatzeko: eguneroko mobilizazio eta garaipenak izan ziren. 2015 eta 2019 urteen artean agenda politikoa baldintzatzeko gaitasuna egon zen, baita borondate politiko iraultzailea edukitzekoa ere. Lehenengo Congrés d'Habitatge hartan, ekintza sindikalerako taktikak eta herri egiturak egonkortu ziren, eta sindikatuak Bartzelonatik harago zabaltzeko gaitasuna egon zen; lorpen horiek horren guztiaren ondorioa izan ziren. 

Dena den, autokritikarako elementu argia da garaian ez genuela aurreikusi testuinguru hori zenbateraino zen koiunturala eta unekoa; baliteke gehiegizko euforia eduki izana. Gu gero eta antolatuago geunden, baina gizarteko gainerakoak eta klasea bera gero eta gutxiago zeuden antolatuta. Gerora, etxebizitza problematikaren inguruan antolatzen ginen Arran eta Endavanteko militanteen artean hori guztia antolakuntza-mailan gorpuztu genuen, eta hausnarketa bultzatzen saiatu ginen, baina horietako gehienek antolakunde horiek utzi genituen edo bota egin gintuzten iragan den ikasturtean, zatiketa gertatu zenean, eta proposamen eta hausnarketa horiekin jarraitzeko borondatea bertan behera geratu zen.

Uste duzue eredu hori agortzen ari dela? Hala uste baduzue, azaldu zein diren aurkitu dituzuen mugak. 

Lucía: Bai horixe, nabarmena da etxebizitzaren aldeko borroka forma hori bere amaierara iristen ari dela. Hori bereziki nabaria da pandemiaz geroztik, eta hori ez diot nik, eta ez da soilik Mugimendu Sozialistak mahai gainean jarri duen zerbait; mugimenduaren baitako gehienek uste dute hori, salbu eta interes korporatibistak dituzten zenbaitek. Agerikoa da nola galdu den etxegabetzeak gelditzeko gaitasuna, izan etxeko atean bertan, izan ohiko tresna burokratikoak erabilita. Okupazioaren aurkako kriminalizazioak gora egin du, baita errepresioak ere. Mobilizatzeko gaitasuna galdu da, eta berehalakotasunak eta urgentziak agindutako jarduteko erak hutsune estrategikoa eragin du. 

Urrian, Prozesu Sozialistaren Aldeko Topaketak (EPS gaztelaniaz) aurkeztu genituenean, ponentzietako batek hain justu gai horren inguruan hitz egiten zuen: militanteetako batzuok etxebizitzaren aldeko borrokan aurkitu genituen mugen inguruan. Gehienbat, antolakuntzarekin lotutako mugak ziren, maila teoriko-estrategikotik eta zatikatzetik zetozenak. Antolakuntzari dagokionez, batetik, barne-egituren ahuleziaz ari gara, sindikatuenaz eta asanbladenaz. Horrek eragiten du gaitasun militanteak berehalakotasunak eta jardun asistentzialistak jatea. Beraz, horrek zaildu egiten ditu berritasun taktikoa eta hausnarketarako espazioak. Bestetik, etxebizitzaren atomizazioak ezaugarritzen duen antolakuntza-­ereduak asanbladen eta sindikatuen arteko lotura falta indartzen du, auzo bakoitzean eta herri bakoitzean banaturik antolatzen baitira. Asanbladen “autonomia” zerbait positiboa balitz bezala ulertu da, eta, horrela, ezkutatu egin dira horien baitan dauden botere harremanak: hau da, militantziaren “abangoardia” moduko horrek erabakiak hartzeko duen gaitasuna ezkutatu da. Era berean, atomizazio hori gainditu nahi duen edozein proposamenen irudikapen maltzurra egin da, eta ulertzera eman da horrek autonomia galaraziko lukeela. Horrek guztiak koordinazioaren paradigma ekarri du, hau da, osotasuna beharrean nork bere ekarpenetik eta posizioekin osatutako antolakuntza bultzatu da azken instantzian kontraesankorrak diren posizioen artean, egiazko posizioak inoiz azalera atera ez daitezen. Horrek, etxebizitza-mugimenduan bertan bezala, etxebizitza-­mugimenduak gainerako borrokekin izan dezakeen loturan ere eragina du. Eta, hori ez da soilik unean uneko koordinazioei egin dakieken kritika (une jakinetan erabilgarriak izan baitira); koordinakundeei ezarpen organikoari ere egin diezaiokegu kritika hori, haien funtzio, azpitalde, minimoen adostasun eta marka propio eta guzti. Horietan ere, eragile bakoitzak ez dio gainerakoekiko autonomoa den zati bat izateari utzi.

Era berean, antolakuntza gabeziek eta zatikatze horrek ezkutatu egiten dute, finean, mugen oinarrian dagoena: estrategia falta. Formakuntza espazioen faltak eta eragile desberdinen arteko eztabaida politiko sakonik ezak posizionamendu desberdinak argitu, garatu eta aurrez aurre jartzeko ezintasuna eragiten du. Baita estrategia bateratua egiteko eta koiunturaren analisia partekatzeko gaitasun falta ere. Horrek eguneroko jardunean eragina du. Izan ere, helbururik eta helmugarik izan ez eta espazio berean euren aurkakoak diren eta norabide desberdinean doazen proposamenak garatzen dira, eta ez dago bitarteko eraginkorrik pilatutako esperientziatik irakaspenak ateratzeko.

Álex: Uste dut, oro har, agortzen baino gehiago, ixten ari dela. Ixten ari da garai bat, zeinak gizartearen mobilizazio-egoera baino askoz aurreratuagoak ziren eguneroko borroka eta defentsa-praktiketarako borondatea eta zuhurtzia izatea ahalbidetu zuen, are aurreratuagoak proletalgoak subjektu historiko gisara izan zuen antolakuntza politikoaren mailari begiratzen badiogu. Agortze hori are nabarmenagoa da pandemiak eragin zuen bat-bateko etenaldiaz geroztik. 2020 eta 2021 urteen artean pixkanakoa izan zen, eta azken urte honetan larriagotu egin da. Ia nahi bezala okupatzeko genuen gaitasuna, kaleratzeak urteetan ekiditeko izan den gaitasuna… uste dut hori guztia ameskeria izan zela. Espazioen kontrolerako eta defentsarako esperientzia interesgarriak eduki baditugu ere, hori ez da gertatu mobilizazio orokorrerako gaitasuna eduki dugulako edo kaosean esku hartzeko gaitasuna izan dugulako, ezta antolakuntza-mailan proletalgoaren boterean aurrera egin dugulako ere. Kontestu bati etekina ateratzen jakitea zerbait positiboa izan zen, baina, oro har, begirada estrategikoa falta izan zitzaigun, baita zer proiekturen alde lanean ari ginen jakitea ere, uneko egoera eta borondateaz harago.

Horrekin ez dut adierazi nahi etxebizitza sindikatuak dagoeneko erabilgarriak ez direnik. Hor jarraitzen dugu, lanean. Etxebizitzaren problematikak, oraindik ere proletalgoaren soldata eta bizi maila kaskartzen dituenez, politikaren eta ekonomiaren erdigunean dago Espainiako kapitalismoan, eta langile klaseko auzoetan degradazioa eta tentsioa eragiten ditu; horiek da gure lehentasunezko lan-eremua. Hori horrela den bitartean, beharrezkoak izango dira horrelako sindikatuak. Dena den, onartu behar dugu une honetan ez gaudela mobilizazio sozialaren une gorakor batean; kontrako egoeran gaude. Neurri berean, hedabideek ofentsiba bat abiatu dute; ofentsiba hori judiziala eta politikoa ere bada, eta eragina ari da izaten mugimenduan. Bereziki, gure antolakuntza ereduari ari zaio eragiten. Hori da parez pare dugun muga behinena, eta ebatzi beharreko auzia da. Mugak, nolabait, beti egon dira hor, baita garai onenetan ere. Esaterako, putre funtsen moduko etsaiak mendean hartzeko zailtasunak okerrera egin du auzia azaleratu zenetik. “Militanteen” eta “kaltetuen” arteko zatiketak konpromisoari eta politizazioari dagokionez ere hor jarraitzen du; asanbladen antolakuntza-eskalak mugak ditu, eta erabilgarriak diren beste eskala batzuk sortzeko ezintasuna ere hor da, besteak beste.

Ohikoa izaten da estrategiari lotutako mugak antolakuntzari edo sindikatuaren jardun taktikoari dagozkien ezintasunei egoztea. Etxebizitza sindikatuek izan duten muga politikoen adibide argia da alderdi sozialdemokratek haien lana instrumentalizatzea. Zein da zuen esperientzia horri lotuta, eta zer hausnarketa egiten duzue horren inguruan?

Álex: Bi adibide emango dizkizut. Bata aspaldikoa da, etxebizitza arloan militante izaten hasi nintzenekoa. Ada Colauk eta DESC sektoreak PAH erabili zuten asmo elektoral garbiekin. Bere burua inongo alderdirekin bat egiten ez zuen eta independentea den plataforma bat bezala aurkezten bazuen ere, lidergoa eta herritartasunaren aldeko erretorikak gain hartu zien hasierako izate proletarioari. Horrela, bankuen kapitalismo “txarraren” kritika moralaren aurpegi ekonomikoa ordezten zuten, hauteskundeak irabazteko. Hori dela eta, aktibista erradikalak ginenok, iraultzaileok, bakarrik utzi genituen proletalgoaren zati bat eta berehala proletarizatu zen erdi-mailako klasearen zati bat, egoerari etekina atera zieten handinahi horien mesedetan. Irakaspen handia izan zen. 

Bigarrena, oraingoagoa, Katalunian alokairua arautzeko legea onartu zedin Sindicat de Llogateresek aurrera eraman zuen dinamika da. Gure irakurketa garbia da: bertan lehengoz instrumentalizatu zuten sindikatua, ERCk legearen ideia aurkeztu eta sindikatua alderdiarekin negoziatzen asi zenean; bat egin zuten interesek. Lehenengoek etxebizitzaren inguruan zegoen giro soziala aprobetxatu nahi izan zuten euren ezkerreko aurpegia erakutsi eta euren eskubiragoko bazkideak tenkatzeko. Bigarrenek etxebizitzaren lehentasun estrategikoa inposatu nahi zien gainontzeko mugimenduei, eta beren burua administrazioak aitortutako eragile bezala aurkeztu. Bi kasuetan, oinarrian PAHk eta tokian tokiko sindikatuek eguneroko gatazkak mantentzeko ahalegina zegoen. Bigarren instrumentalizazioak legeari berari eragiten dio. Auzitegi Konstituzionalak bertan behera utzi zuen lege hori; 6 hilabete baino ez zuen iraun indarrean. Maizterrengan eragin oso txikia izan zuen, eta zalantzagarria da nolako indarra eman zion mugimenduari. Baina ERC alderdiarentzat kanpainarako materiala izan zen, beste behin ere Kataluniako instituzioen aurkako erasoa salatzeko, eta, bide batez, hurrengo hauteskundeak irabazi zituen. Geroago, elementu horiek PSOEren Etxebizitza Legeak hartu ditu bere gain, baina askoz ere modu deskafeinatuagoan.

Hala, mugimenduaren ahaleginak lege-ekimen bihurtu dira, eta hartan, zati batek ez du haren gaineko kontrolik ere, lege horren onura mugatua da kuantitatiboki eta kualitatiboki, eta ez dago horrek mugimenduaren indar-metaketari nola mesede egiten dion argi azaltzen duen irakurketarik. Azkenik, desproportzioan, alderdi sozioliberal eta sozialdemokraten kanpaina politikoari, haren hauteskunde-­trikimailuei, egiten die mesede. 

Lucía: Jakina, lehen aipatu ditugun muga horiek guztiak ezin dira estrategiatik bereizi: nola antolatzen zaren eta borrokak elkarren artean nola lotzen diren ez daude planteamendu estrategikotik bereiziak; kontrara, nahiz eta testuinguru konkretuan lurreratu beharrekoa den, planteamendu horretatik eratorriak dira. Absurdoa da “nola” jardun planteatzea argi izan gabe “zertarako”.

Nola antolatzen zaren eta borrokak elkarren artean nola lotzen diren ez daude planteamendu estrategikotik bereiziak

Adibidez, antolakunde batzuek, hala nola Sindicato de Inquilinasek, behin eta berriz diote “egiaz garrantzitsua” den eztabaida antolakuntzarena dela, eta, aldi berean, baieztatzen dute aipatu ditugun muga horiek gainditzen ari direla, erreferentzia eginez antolakuntzari edo taktikari dagozkion zenbait kontu zeinek, maiz oso erabilgarriak izan arren, ez duten inola ere estrategiaren auzia ebazten.

Edonola ere, aurreko ziklo politikoaren ezaugarri nagusietako bat eztabaida politikoari beldurra izatea da, uste baitzen horrek automatikoki eztabaida akademikoen espiral batera eramango gintuela, gure artean zatiketa ugari sortuko zituela eta marginalitatera eramango gintuzkeen erradikaltasun autoerreferentzial batean amaituko genuela. Hori hain da horrela, ezen beren burua iraultzailetzat duten militante askoren ustez positiboa baita mugimendu berean ikuspegi iraultzaileak eta erreformistak egotea, eta ez zaie iruditzen gatazkatsua dela eztabaida sakonak eta programa propioa mahai gainean jartzeko ezintasuna. Guztiak minimoetako programak dira, guztiz lausoak, eta, beraz, haien bidez, sozialdemokraziari esku-eskuan uzten zaio aldarrikapen horiek bere programa orokorrean integratzeko aukera. Halaber, garrantzitsua da azpimarratzea gabezia estrategiko hori ez dela antolakuntza-mailan bakarrik konpontzeko modukoa, hau da, mugimenduan eztabaida horiei leku egiteak ez du gabezia desagerraraziko. Etxebizitza-mugimenduarentzako estrategia batez hitz egitea kontraesankorra da, estrategiak definizioz izan behar baitu zerbait integrala. Sektore erradikalenei irudituko zaie esan gabe doala etxebizitzaren auzia ezin dela gainditu kapitalismoa bera gainditu gabe, baina hori esateak zenbait inplikazio ditu. Lehenbizi, estrategiak gaindipen horretara bideratua egon behar du, eta, bigarren, horrek ezin du etxebizitzaren arloko borrokek beren gain hartu beharreko zeregin esklusibo izan behar, ezta “estrategia partzial” batzuen batura ere; modu integralean pentsatu behar da, osotasunetik.

Instrumentalizazio horren adibide bat jartzearren, duela gutxiko ekintza batean hau egin zuten: Desokuparen horma-irudia estali eta “Ni alquileres, ni hipotecas, ni deudas. Vivienda gratuita, universal, de calidad y bajo control obrero” leloa jarri zuten (“Ez alokairurik, ez hipotekarik, ez zorrik. Etxebizitza doakoa, unibertsala, kalitatezkoa eta langileon kontrolpekoa”). Horrek dagoeneko erakusten du ari direla irekitzen duela urte batzuk pentsaezinak izango ziren eztabaida garrantzitsu batzuk. Mezua argia bada ere, ekintza hori ere instrumentalizatu egin zuten alderdi sozialdemokrata batzuek, zehazki Podemosek, esateko “gizarte zibilak” etxebizitzaren arloko neurriak eskatzen zizkiola gobernuari, eta hark ausarta izan behar zuela neurriok ezartzen. Zer dela-eta gertatu zen hori? Independentzia politikoa soilik antolakuntzari ez dagokion bezala, ez da kontu soilik diskurtsiboa ere. Baliteke batzuek pentsatzea mezu erradikalagoak jartzeagatik ez gintuztela instrumentalizatuko. Baina kontua ez da hori bakarrik, analisi eta diskurtso propioak behar dituzu, bai, baina baita haien galbahetik pasatu gabe hori transmititzeko indar materiala ere, eta proiektu integral bat, indarrak haren bueltan metatzeko. Hazi bai, baina zertarako? Ez badugu proiektu propiorik, beste batzuena elikatzen dugu; hutsune hori sozialdemokraziak betetzen du, beharrezkoa bada kontsignak iragaziz eta deformatuz. Beste adibide batzuk ere badaude, agian agerikoagoak, adibidez aipatu dugun Etxebizitzaren Legea bera, edo nola eman duten etxebizitzaren mugimenduko aurpegi ezagun batzuek alderdi politiko batzuetarako jauzia, adibidez Podemosera. Hori, noski, kritikatu egin dute sektore batzuek, maiz moralismotik eta autokonplazentziatik, traizioa seinalatuz. Hala ere, mugimenduaren ahultasunak eta praktikak berak hori bultzatzen zuen: haren jardunaren zati handi bat Estatuari eskaerak egitea bada, logikoa eta guzti da batzuek Estatuaren barnetik ahalegintzea neurri horiek ezartzen. Berriz ere, erroko arazoa estrategikoa da.

Uste al duzue “etxebizitzaren aldeko mugimendua” esatea baliozkoa dela kontzeptu politiko moduan?

Álex: Orain arte esan dugun guztia oinarri hartuta, etxebizitzaren borrokan parte hartzen dugun militante sozialistok hausnarketa argia dugu: gure ustez, etxebizitzaren mugimendua oraindik existitzen da politikoki, baina premiazkoa da hari zuzenketa handi bat egitea logika sozialdemokrata eta mugimentistaren eragin ideologikoarekin amaitzeko. Premiazkoa da erdi mailako klasearen politikaren eta proletariotzaren interesen arteko elkarbizitzarekin amaitzea; izan ere, elkarbizitza horiek Etxebizitzaren Legearen modukoak ditu ondorio zehatz gisa, non artikulu batzuek erdi mailako klase errentatzailearen interesei egiten dieten mesede, eta, era berean, lege horrek ez du ondoriorik proletariotza bere etxetik kanporatzen duten kasuetarako; ez ditu etxegabetzeak eteten.

Premiazkoa da erdi mailako klasearen politikaren eta proletariotzaren interesen arteko elkarbizitzarekin amaitzea

Guk prozesu sozialistaren ortzi muga estrategikoa proposatzen dugu, eta hura aplikatzea borroka ekonomikoetarako, proletariotzaren gero eta ahulagoak diren erdi mailako klaseen geruzen autodefentsa antolatzeko, nahiz eta subjektu moduan oraindik oso sakabanatuta dagoen eta artikulazio politiko txikia duen. Eztabaida horiek garatu nahi ditugu mugimenduarekin, etxebizitzaren arloko militante sozialista moduan, etxebizitzaren auzian parte hartzen duten gainerakoak interpelatu eta ikusi zer ondorio dakartzan horrek.

Halaber, ulertzen dugu burgesia erasoaldian ari dela eta mugimendua atzerakada izaten ari dela; horregatik, eztabaida horiek egiteaz gain, gaitasunak eskuratu behar direla dinamikak sortzeko, akordio taktikoak egiteko eta gerta daitezkeen mobilizazio edo koiunturei ekintza-batasunez aurre egiteko; ordea, gure ustez, independentzia politiko kontzientea izan behar da abiapuntua, eta ez unitate abstraktu bat, oinarri estrategikorik ez duena, edo, izanez gero, atzean erdi mailako klasearen estrategia –sozialdemokraziaren estrategia– ezkutatzen duena. Nahiz eta oraindik modu ez oso argian izan, oraintxe horixe ari dira eztabaidatzen Etxebizitzaren 2. Kongresuaren espazioan (2n Congrés d'Habitatge), zeina sortze-prozesuan ari baita iazko ikasturtetik.

Hori dela eta, gure ustez taktika eta haren baliozkotasuna praktikan probatu behar dira. Horrek guretzat ere balio du, gogorarazteko gure proposamenen zilegitasunaren erakusgarririk handiena haiek sindikatu funtzionaletan lurraraztea dela, eta ez airean edo paper gainean. Baina, aldi berean, inork ez luke erori behar taktikak eztabaidatu behar direla tematu baina estrategia argirik ez duten horien amarruan. Izan ere, estrategiaz eztabaidatu nahi ez duten horiek ez dute egin nahi edo ez dutelako estrategiarik, edo duten estrategia dominatzailea delako eta inplizituki besteen gainetik inposatzen delako. 

Lucía: Momentuz, errealitate bat deskribatzen du: etxebizitzaren borrokak hemen mugimendu sozialaren forma hartu du, antolakuntzako lotura solidorik ez duten aktore ugari izan dituena, ez duena kohesio politiko eta estrategikorik, borroka sektoriala izatea onartzen dena, etab. Era berean, agerikoa da, esan dudan guztiagatik, ezaugarri horietako asko gainditu beharreko mugak direla. Egiaz, zaila da irudikatzea, ezinezkoa dela ez esateagatik, muga horiek gainditu daitezkeela mugimendu sozialaren forma hori aldatu gabe; ezaugarri horiek inplizituki doaz forma horretan.

Hemen bada oraindik aipatu ez dugun gai bat, horri oso lotua: zein da etxebizitzaren borrokaren subjektua? Kasu askotan esan gabe joan zen: “etxebizitzarekin arazoren bat duena”. Hori ere inplizituki doa “etxebizitzaren mugimenduaren” ideian, ez baitzen planteamendu politiko konkretuetatik sortu, partekatutako auzi batetik baizik, non klase-sektore zeharo desberdinak arlo konkretu horretan berehalako zenbait hobekuntza lortzeko borrokatzen baitira. Baina, zer da etxebizitzarekin arazo bat izatea, eta nork ditu era horretako arazoak? Galdera horri gutxitan heldu zaio sakon, eta diskurtsiboki batzuek hitz egiten zuten okupez, besteek familia zaurgarriez, langileez, maizterrez, auzoez, auzokideez… Baina, praktikan, etxebizitzaren mugimenduak oso modu mugatuan ulertu izan du: etxegabetze bati aurre egin behar diona, edo alokairuaren “neurrigabeko” igoera bati, etorkizunean etxegabetua izateko arriskuan dena. Alokairu-burbuilak, eta krisiaren kronifikazioak, oro har, are nabarmenago utzi zuten etxebizitzaren arazoa konplexuagoa eta zabalagoa dela: independizatu ezin duten gazteak, beren diru-sarreren ehuneko ikaragarri bat alokairura edo hipotekara zuzendu behar duten horiek, etxejabeek egiten dituzten biolentzia-forma desberdinak, okupazioaren kriminalizazioa, jende andana pisu txikietan pilatuta… Laburbilduz, oinarrizko behar bat, etxebizitza, merkantzia izatea. Eta horrek, noski, ez dio gutxiengo bereziki prekarizatu bati eragiten, baizik eta geruza zabalagoei, neurri handiagoan edo txikiagoan.

Arazoa zera da: nola iritsi jende horrengana guztiarengana. Hor hasten dira nahasteak. Batetik, joera da gehiengoen proiektu bat izateak derrigor eskatzen duela diskurtso moderatuagoa izatea, eta, alderantziz, diskurtso erradikal batek marjinalitatea dakarrela, jendea beldurtzen duelako edo ez delako ulergarria izango. Hori horrela, “etxebizitza publikoaz” hitz egiten da (aztertu gabe zein utopikoa den hori Estatuari eskatzea kapitalismoa krisian dagoen garaiotan, eta baloratu gabe zer lortu nahi dugun hori bada gure azken eskaera); edo, hala nola “alokairu justua” aipatzen da, eta horrek etxebizitza merkantzia moduan naturalizatzen du. Zer ikuspegitatik esan daiteke alokairuaren moduko zerbait “justua” izan daitekeela? Badirudi “doako etxebizitzaz” hitz egitea ulertezina dela jendearentzat. Halakoak erabiliz, mugimenduok gehiengoen zentzu komunera egokitzen ari dira, hura beren proiektuarekin lotzeko (bide batez, estrategia hori du sozialdemokrazia populista berriak ere, hegemonia ulertzeko ikuspegi erredukzionistarekin), zure programaren bueltan zentzu komun berri bat sortu beharrean. Horrek, gainera, zeure lerro politikoaren kontrola galarazten dizu: zentzu komun hori aldatzen bada, zeure lerroa ere bai, eta, beraz, noraezean zabiltza.

Guretzat, hipotekatuak, maizterrak, okupak edo haiek guztiak antolatu nahiak ez du esan nahi ez dagoenik borroka horiek guztiak osotasunetik lantzeko subjekturik, hau da, proletariotza iraultzailerik. Eta ez dugu obrerismotik esaten, baizik eta proletariotza iraultzailearen interesen bueltan formulatzen ditugun soluzioek soluzio unibertsal moduan balio digutelako, desjabetze handiena nozitzen duen subjektua den neurrian; ez ditugu soluzioak klase-sektore jakin batzuen berehalako interes batzuen bueltan antolatu behar, hau da, beste klase-sektore batzuen kontura, edo klase-harremanaren terminoak mantentzearren.

Kontua ez da maizterrek indarra handitzea jabeekin duten gatazka horretan, baizik eta, gatazka horren bidez, gatazka hori gertatzen den terminoak aldatzea, harremana bera aldatzea, jabetza pribatua ukatuz

Harrigarria da, ze, hori esaten dugunean, batzuek erantzuten digute: “ez, baina maizterrak proletarioak dira”. Are, batzuetan justifikatzeko alokairu bat ordaintzea esplotazio-harreman bat dela esaten da, eta hori okerra da. “Okupa” edo “maizter” hori “okupa” edo “maizter” gisara antolatu daiteke ala proletario moduan. Hautu politikoa da: zeuk aukeratzen duzu zer subjektu eraiki. Batez ere, ez da proletariotza soziologikoa antolatzea bakarrik; kontua hura kapitalismoa gainditzeko programa baten bueltan, hots, komunismoaren bueltan antolatzea da. Antolakunde bat proletariotza soziologikoaz eratua egoteak ez du esan nahi horrek ekarpena egingo dionik proletariotzaren independentzia politikoari. Proletarioz osatutako futbol talde batek ekarpena egiten al dio, bada? Kontua ez da maizterrek indarra handitzea jabeekin duten gatazka horretan, baizik eta, gatazka horren bidez, gatazka hori gertatzen den terminoak aldatzea, harremana bera aldatzea, jabetza pribatua ukatuz. Horregatik da subjektua proletariotza iraultzailea. Subjektu hori ezin da inon “bilatu”; politikoki eraikitzen da. Hori dugu gaurko erronka.

Hain justu, bizi dugun erasoaldi kapitalistaren testuinguruan, aurreikustekoa da datozen urteotan gatazka sozialean foku izatea eta zentraltasun handia izatea. Zer erronkari heldu behar zaio etxebizitzaren aldeko borrokak emantzipazio unibertsaleko horizonte bat elika dezan?

Álex: Berehalako lehentasunetan, sindikatuak proletariotzarentzat tresna erabilgarriak izatea nahi badugu, haren egituraren eta lan-metodoen zati batzuk aldatu behar ditugu, mugimendu sozial mobilizatua zenean berezko zituenak. Gure egiturak sendotu behar ditugu, gu garaitzerik nahi ez badugu. Gaitasuna izan behar dugu, irekitzen ari den testuinguruan, defentsiboki maniobra taktiko zuzenak egiten. 

Horren atzean eta paraleloan, akats bat zuzendu behar da: sindikatuen neutraltasun politikoa positibotzat jotzea. Hori eztabaida historikoa da sindikalismoaren eta sindikatuen esku-hartzearen ulerkera komunista iraultzailearen arloan. Sindikatuen neutraltasunak dakarren gauza bakarra burokratak ugaritzea, beren burua neutral agertzen duen sozialdemokraziaren hegemonia mantentzea, eta, kasurik okerrenean, Estatuan zuzenean integratzea da. Gure garaiotan, sindikatuen neutraltasuna 15M-ko ziklotik aurrerako bi paradigma nagusik determinatu dute: mugimendu sozialaren formak eta antikapitalismo abstraktuak. Horrekin apurtu behar dugu. Inori ez dio minik ematen belarrira LAB sindikatu laboral abertzalea izateak edo CGT zentral sindikal anarkosindikalista izateak baina, aldiz, etxebizitzaren aldeko mugimenduan zentzu komun indartsu batek markaje ideologiko eta politikoa ukatu ditu, eta guk geuk ere garai askotan hori elikatu dugu. Etxebizitzaren aldeko borrokan orientazio ideologiko edo estrategiko argia izatea aurrerapausoa da, eta militante sozialistok geure gain hartzen dugu hori sustatzeko zeregina. Baina, jakina: gure paradigma ideologikoa eta estrategikoa zuzenena dela erakutsi behar dugu, ulertuta gerra kulturalak eta komunismoa berriz hegemoniko bihurtzeak ez duela esan nahi etxegabetzeetan propaganda egitea eta listo. Kontrara, ulertu behar da sindikatu funtzional batek efizientea izan behar duela geure klasearen beharrak asetzeko, baina, aldi berean, indar-­metaketa sozialistarantz egin behar duela bultza, koiuntura historiko honek ematen digun aukera aprobetxatuta. Ez du sustatu behar alderdiek hauteskundeetan hari etekina ateratzea edo langile-klasearen zati jakin batek haren baldintzak korporatiboki hobetzea estratu baxuagoen kaltetan. Umiltasunez planteatu behar da. Horiek lirateke etxebizitzaren aldeko espiritu iraultzaileak eman beharreko lehenengo urratsak, hori bera ahalbidetzeko boluntarismoaz harago. 

Halaber, aipatu dugun guztiarekin, etxebizitzaren auziaren eta mobilizazioen une gorenak itzultzen direnerako prestatu behar dugu, haren dimentsiorik espontaneo eta bitartekorik gabekoenean. Zehazki, helburua da sindikatuak eta etxebizitzaren borroka tresna eta azalpen erabilgarri moduan aurkeztea, hau da, bide posible moduan artikulatzea hipotekak ez-ordaintzearen epidemia berri batek edo alokairuaren igoerak nola edo hala konpondu dituzten maizterrak bortxaz etxegabetzearen edo gune merkeagoetara lekualdatzeak sortutako ondorioak. Geuk ez badugu egiten, ezkerreko alderdien hanka mugimentistaren asmakizun berri horrek egingo du, eta bulkada erreakzionarioak elikatuko dira.

EZ DAGO IRUZKINIK