Inflazioaz jardun genuen aurreko alean, ‘bizitzaren garestitzea’ gaia lantzen duen lehenengoan. Bigarren honetan, azkena, soldataren auzian sakondu nahi dugu, aurrekoan landutakotik tiraka. Lehenengo eginbeharra hau izan zen: erakustea prezioen igoera orokorrak ez duela kontsumitzailea kaltetzen, langile klasea baizik. Izan ere, bizitzaren garestitzeak, Kapitalaren ekoizpen prozesuari dagokionez, esparru produktibo zehatz batzuk kaltetzen dituenean, ez du giza eskubide unibertsal bat kaltetzen –modu idealean guztioi legokigukeen kontsumo bidezko gaitasunen jabetza–, lanaren esplotazio prozesua baizik. Zehazki, kaltetzen duena langile klasearen lan-indarra merkantzia da, hau da, horrek balioa edo beharrezko lan soziala sortzeko duen gaitasuna.
Kaltetze hori aurreko zenbakian landu genuen debaluazio gisa: inflazioak soldataren jaitsiera erlatiboa dakar, hots, lan-indarraren balio galera. Oraingoan, baina, debaluazioa degradazio gisa agertzen zaigu: ez da balio galera erlatibo soila, lan-indarrak erabilera balioa ere galtzen du. Hori modu honetan gertatzen da: burgesiaren ikuspegitik eta ekoizpen kapitalistaren beharren arabera, lan-indarraren erabilera produktiboak errentagarri izateari uzten dio ekoizpenak berak errentagarri izateari uzten dion heinean, eta adar jakinetan Kapitalarentzat erabilgarri izateari uzten dio, bere ekoizpen-potentziak suntsituz.
Soldataren debaluazioa prozesu iraunkorra bada ekoizpen kapitalistak aurrera egin dezan, soldataren degradazio hori, zeina lotuta agertzen baita lan-indarraren erabilera balioarekin, ekoizpen kapitalistaren etenaldi edo krisi gisa agertzen da. Langileria bera degradatu egiten da prozesu horretan, burgesiak bere boterea indartzen duen bitartean, bidean kapitalista indibidualak galtzaile irteten badira ere.
Lan-indarraren degradazio horrek degradazio soziala dakar berekin: erabilgarri ez den langilea sozialki zokoratuta geratzen da. Horrek babesgabe ere uzten du, eta kanpotik datorren babes batekiko babesgabe. Langile masa zabalak artifizialki mantentzen dira bizirik, estatu kapitalistaren esku-hartze bitartez. Modu horretan, Kapitalaren indar politiko bilakatzen dira. Alde batetik, soldataren legea egikaritzeko bitartekaria da degradatutako langilea –erreserbako industria-armada–. Baina, bestetik, hori ez da gertatzen hain modu zeharkakoan eta espontaneoan bakarrik.
Lanaren esparru produktibotik kanporatua izan den langilearen bizitzaren esparru guztiak instituzio kapitalisten –Estatua, alderdiak, familia, eta abar– kontrolaren menpeko bilakatzen dira. Horren bitartez politikaren aukerak itxi egiten dira, bere lekuan administrazio burokratiko eta totalitarioa ezartzen baita, bizitzaren gaineko kontrola ezarriz. Bizirik mantentzen gaituen aitaren figurak indar handia hartzen du horrela, eta horrelako baldintzetan hazi den gizasemeak dena zor dio aitari.
Lanaren esparru produktibotik kanporatua izan den langilearen bizitzaren esparru guztiak instituzio kapitalisten –Estatua, alderdiak, familia, eta abar– kontrolaren menpeko bilakatzen dira. Horren bitartez politikaren aukerak itxi egiten dira, bere lekuan administrazio burokratiko eta totalitarioa ezartzen baita, bizitzaren gaineko kontrola ezarriz
Estatu kapitalistak bere oinarri soziala soldatapeko lanean aurkitzen du, hots, lana eta lana gauzatu ahal izateko bitartekoen arteko banaketan. Bere justifikazio politiko eta ideologikoa, baina, babesaren figuraren pean gauzatzen da. Sistema kapitalistak babesgabe egiten dituen gizabanako horiek salbatzera dator estatu kapitalista, edo babesgabetasunaren ekoizpenaren bitartez ekoizten da estatu kapitalista behar sozial gisa. Estatu kapitalista, bada, babesgabetasuna ofizial egiten duen arrazionaltasun totalitarioa da, eta politika, kapitalismoaren mugetan izaten den politika hori, burokrazia totalitario baten borondate instituzionalizatua.
Politikaren agerpen historikoa estuki lotuta dago ekoizleen eta ekoizpen bitartekoen arteko banaketarekin, eta bere formarik egokienak Estatua eta alderdi burokratikoak dira. Izan ere, masa zabalen mugimendutik kanpo eta horien gainetik antolatzen den sistema politikoak beharrezkoa du, baldintza gisa, masa zabal horiek antolatzeko baldintzak deuseztaturik egotea. Horrek esan nahi du norbanakoa ezdeusa izan behar dela, hau da, besteekin biltzeko eta antolatzeko baldintzarik gabea; eta esan nahi du, bestalde, batasun hori, jarri behar bada, Kapitalak jarri behar duela, proletalgoak jar ez dezan. Horregatik, mugimendu zabalak antolatzen direnean, beti agertzen da egitura administratibo instituzionalizatu bat –sindikatuak kasu–, Kapitalaren borondatea betearazten dutenak, hau da, mugimendua beti Kapitalaren mugen arabera formulatzen dutenak, langile klaseak, langile klase izatetik eta izan nahitik, ezin baititu bere determinazio esentziala den Kapitala eta bere ekoizpen sistema gainditu, eta ezin baita subjektu burgesa ez den beste modu batean antolatu eta adierazi.
Aipatutako baldintzetan sortzen da politika, proletalgoaren gaineko menderakuntza sistema gisa. Politikaren iraunkortasunak, proletalgoaren esplotazio eta zapalkuntza esan nahi du; politikaren abolizioa, kontrara, bere oinarrien abolizioan datza: lanaren eta lan-baldintzen arteko banaketaren abolizioa, proletalgoaren antolakuntza demokratikoaren bitartez.
Bada, soldataren edo langile klasearen degradazioak politikaren hedapenerako baldintzak sortzen ditu, orain artean politika ulertu dugun forman: estatu-administrazio totalitarioaren politika hedatzeko, eta beraz, proletalgoaren gaineko menderakuntza zabaltzeko baldintzak sortzen ditu soldataren degradazioak. Baldintza horien egikaritze errealak, ordea, agente bereziak behar ditu eta horietan guztietan aurreratuena sozialdemokrazia da.
Sozialdemokraziak estatu kapitalistaren esku-hartzea sustatzen du bizitzaren esparru guztietan: aberastasunaren birbanaketa, politika sozialak, sektore publikoa, babes politikak, etxeko lanen soldata-ordainketa zuzena… Horien guztien lorpen berehalakoena ez da inoren bizitza hobetzea. Aurreko zenbakian aipatu genuen bezala, politika horiek, termino absolutuetan izaten direnak, formulatzen diren unetik dira anakronikoak. Baina bada horietan iraungitzen ez den printzipiorik eta funtzio sozialik; izan ere, politika horien emaitza ukigarriena hau da: erlazio kapitalistaren erreprodukzioa, norbanakoak administrazio kapitalistaren tentakulu desberdinetan txertatuz eta horiekiko menpeko eginez gauzatzen dena. Hau da, estatu-politiken helburu nagusiena politika komunistari aukerak ixtea da, eta ez inoren bizitza hobetzea.
Soldataren degradazioa prozesu historikoa da, eta kapitalismoaren hastapenetatik bete du funtzio berezi hau: lan-indarrari bere erresistentzia gaitasun politikoak eraustea, bere funtzio konkretuen sinplifikazioaren bitartez –funtzioak galtzeraino–. Sinplifikazio horrek potentzia sozial zentralizatuen menpeko bilakatzen du langile klasea, hau da, gaitasun sozialak kondentsatzen dituen Kapitalaren menpeko, bai ekoizpen prozesuan bertan, bai Kapitalaren zirkulazioaren esferan, non Estatuak eta bere alderdi aparatuek kontzientzia kolektiboaren irudia ordezkatzen duten.
Sinplifikazio horrek potentzia sozial zentralizatuen menpeko bilakatzen du langile klasea, hau da, gaitasun sozialak kondentsatzen dituen Kapitalaren menpeko, bai ekoizpen prozesuan bertan, bai Kapitalaren zirkulazioaren esferan
HEMEN ARGITARATUA