Adierazpen askatasunari buruzko eztabaida, errepresio politikoaren azken kasuen berotasunean berpiztua, demokrazia burgesaren aukera immanente abstraktu gisa garatu ohi da. Zeintzuk dira bere mugak? Galdetzen diote beren buruari batzuek eta besteek, eskuinekoek edo ezkerrekoek, betiere ikuspegi moralista eta ideologikotik, non muga hiritar burges askearen askatasun abstraktua den.
Adierazpen askatasunaren mugak, ordea, ez dira ezartzen giza askatasunaren printzipio orokorren arabera, baizik eta zuzenean eratortzen dira klase boterearen mugetatik, ez direnak subjektiboak, objektiboak baizik, eta hertsiki ezarritakoak. Adierazpen askatasunaren mugak bat datoz botere burgesaren mugekin: gure lana ez da horiek birdefinitzea, hedagarriago bihurtzea, baizik eta sistemaren muga eraginkor gisa onartzea; proletalgoaren aukerak, sistema bera iraultzaz gainditzeko aukerak, determinatzen dituzten mugak.
Adierazpen askatasunaren mugak bat datoz botere burgesaren mugekin: gure lana ez da horiek birdefinitzea, hedagarriago bihurtzea, baizik eta sistemaren muga eraginkor gisa onartzea
Jakina da tertulianoak gizarte burgesak burgesiaren boterearen oinarri den ustezko hiritartasun anitzaren plantak egiteko sortzen dituen iritzi askeko figurak besterik ez direla. Ezin da bestela izan. Berdintasun-erlazio ekonomikoen ustezko arrazionaltasunaren gainean eraikitako botere baten menpe, guztiontzat berdinak diren lege objektiboekiko subordinazioaz harago inolako menderatze pertsonalera lotuta ez dagoen gizabanakoaren ustezko askatasunaren gainean eraikitako boterearen menpe, adierazpen askatasuna errealitate horrekin bat datorren ideologia ordezkatzen duen bandera da. Kasu berdina, eta funtzio berdina, dagokio parlamentu burgesari, non bere kide guztiek adierazteko erabateko immunitatea duten, eta non iritzi-aniztasuna eta konfrontazio dialektikoa hiritartasun askearen eta demokraziaren elementu eratzaile gisa indartzen diren: iraultzarekiko konpromiso orotatik aske, eta sistema kapitalistak sortutako miseria hobea eta eramangarriagoa egiteko betebehar moralarekin.
Pablo Haselen atxiloketaren kasua argigarria da, zentzu horretan: bere militantzia eta konpromiso politikoa ezkutatzea, bere ideiak kantuetan eta sare sozialetako mezuetan adieraz ditzakeen ala ez eztabaidatzeko. Azken finean, eztabaidatzen dena da ea burgesiak, bere diktaduraren gauzatzean, pobre eta baztertuekin errukia izan beharko lukeen ala ez; baztertuak, printzipioz, iritzi-aparatu instituzionalizatuetatik eta bitarteko guztietatik, tarteka eta gure erantzukizunpean erabil ditzakegunetatik salbu. Eztabaida bera, etsaiak antolatua, autoritate eta doktrinatze ariketa bat da, non politika burgesaren ordezkari politiko guztiek parte hartzen duten, inolako salbuespenik gabe, eta bere egitekoa betetzen du gauzatze hutsagatik. Aipatutako egiteko bikoitza: dibertsitatearen plantak egitea burgesiaren boterearen neurrira, bere menderatze formari baliagarria zaion dibertsitatea, eta botere hori bera bere ordezkari eta doktrinatze-adituen bidez gauzatzea; mota guztietako soldatapeko iritzi emaileak, izan hedabideetan, edo izan parlamentuan.
Pablo Haselen atxiloketaren kasua argigarria da, zentzu horretan: bere militantzia eta konpromiso politikoa ezkutatzea, bere ideiak kantuetan eta sare sozialetako mezuetan adieraz ditzakeen ala ez eztabaidatzeko
Beraz, adierazpen askatasunari lotutako eduki politikoa berreskuratu behar dugu, baina adierazpen askatasuna ulertuta ez gaindi daitekeen muga gisa, edo ez sistemaren kudeatzaileen akats soil gisa, zeina kudeatzaile horiek herri bozketa bidez aldatuta konpon daitekeen; baizik eta, politikaren esparruan, sistema iraultzaz gainditzeko baldintzak determinatzen dituen muga objektibo gisa. Zentzu horretan bakarrik uler dezakegu politika iraultzailea, hau da, klase interesak adiskidetzeko ezintasunaren zentzu antagonikoan. Adiskidetze hori gauzatzeko aukera minimo bat egongo balitz, horrek beti ekarriko luke berekin existitzen den boterearekiko mendekotasuna, ideologikoki adierazten dena bere kategorietan. Horixe bera gertatzen da adierazpen askatasunarekin, botere modu jakin batek mugatuta dagoena, subjektu juridiko burgesarentzat, hau da, hiritar edo gizabanako abstraktuarentzat, ahal dena eta ezinezkoa dena zehaztu nahi baitu.
Proletalgo iraultzailearentzat adierazpen askatasunik ez dagoela, agerikoa da. Kontua da ezin dela egon. Proletalgoaren adierazpen iraultzailea burgesiaren adierazpen askatasunaren aurka baino ezin da baliatu. Indar eta botere kontua da.
Horrek ez du esan nahi adierazpen askatasunaren inguruan borroka politikorik antolatu ezin denik. Are gehiago, ezin dugu, printzipioz, gure politika hedatzeko espazio edo borroka bakar bat ere alde batera utzi. Adierazitako posizioak borroka horren nolakotasuna eta bere eduki estrategikoa determinatzen ditu. Positiboa ez den eduki estrategikoa, adierazpen askatasun burgesa gauzatzearen eta hedatzearen zentzuan, baizik eta negatiboa, indibiduo juridiko askea gainditzearekin batera adierazpen askatasun burgesa errealki gainditzearen zentzuan.
Auzia da askatasun politikoen alde borrokatzea, komunismoaren aldeko proletalgoaren borroka artikulatzeko eremu mesedegarri bat eraikitzeko helburuarekin, eta soilik garai zehatz batean, non proletalgoa burgesiaren botere egituren aurkako erasoa ahalbidetuko duen Alderdi Komunistan antolaturik ez dagoen. Hau da, eskubide eta askatasun juridikoen aldeko borrokek ezin dute helburutzat izan printzipio horiek gizarte burges osora zabaltzea, baizik eta gizarte hori gainditzeko bitartekoak izan behar dira.
Planteamendu hori Kapitalaren ezkerrak, bere alderdi sozial-erreformisten multzoarekin, egiten duenaren aurkakoa da, zeinak etorkizuna soilik ulertzen baitu, eta modu idealean bakarrik adieraz baitezake, botere burgesaren kategorien bidez. Jakina denez, Kapitalaren ezkerraren funtzioa, edo, hobeto esanda, ezker horrek bere buruari ematen dion funtzioa, argi eta garbi aitortuta, gizarte burgesaren printzipioak gauzatzea da, nahiz eta izen horrekin aitortu ez, edo ekoizpen modu kapitalistak historikoki zehaztutako printzipioak direla jakin ez, oinarri duten harreman sozialak modu idealean islatzen dituzten printzipioak.
Sozial-erreformismoak bere funtzio historikoa azaleratzeko erabiltzen duen baliabide politikoa ez da, horregatik, estatu kapitalistari, sistema juridikoari edo poliziari kritika egitea. Auzia ez da egitura bat ekoizpen kapitalistak objektiboki determinatuta egotea; jada ez dirudi gizabanakoak prozesu horren beraren beharrezko produktu direnik ere. Auzia gizabanakoaren kritika da, gizarte burgesak proiektatzen duen gizabanako idealetik etengabe urruntzen den, eta gizarte horren eraketa-aktan tipifikatuta dagoen, gizabanako gisa. Gehiegikeriak egiten dituen norbanako hori zuzendaritzako kide bat, enpresaburu bat, polizia bat edo gobernu jakin bat izan daiteke, beren existentzia justifikatzen duen funtzioarekiko kontrajarria den funtzio bat betetzen ariko balira bezala identifikatzen direnak, beren konstituzio printzipioen aurka egiten ariko balira bezala, zeinak, izatez, gizateriaren printzipio natural bihurtutako gizarte burgesaren printzipioak baino ez diren.
Adierazpen askatasunaren aurkako atentatua gizabanako idealarekiko aldentze horren gainean eratzen den praktika bat da sozial-erreformismoarentzat, zeinak, aiene gehiagorako, urruntze hori bera baitu ondorio, gizabanako horren existentziaren printzipio idealak lausotzen dituen heinean. Kapitalaren erreformatzaile guztiek defendatzen duten adierazpen askatasuna burgesiari ideologiaren eremuan bere nagusitasuna gauzatzea ahalbidetzen dion adierazpen askatasun bera da. Aniztasuna aitortzen duen adierazpen askatasuna da, bai eta aniztasun hori, gizarte kapitalistak ekoitzi duen bezala, adierazteko eskubidea ere. Politika iraultzailea artikulatzea ahalbidetzen duen kontraesana gainditu nahi duen adierazpen askatasuna da, konpromisorik gabeko iritzi-emaileentzako adierazpen askatasuna, eta, horren bidez, erabateko zentsura proletalgo iraultzailearentzat, zeinaren praktika, hain zuzen, adierazpen askatasunaren kontzeptu burgesaren zutabe den indibidualtasun burgesaren abolizioan datzan.
Kapitalaren erreformatzaile guztiek defendatzen duten adierazpen askatasuna burgesiari ideologiaren eremuan bere nagusitasuna gauzatzea ahalbidetzen dion adierazpen askatasun bera da
HEMEN ARGITARATUA