Adolfo Suarez eta Juan Carlos I.a erregea
Martin Goitiandia
2021/04/03

Alarma egoera aplikatu zenetik autoritarismoaren gorakadaz edo askatasun politikoen murrizketaz hitz egin izan da: esku-hartze polizial edota militarra gure etxe azpiko kaleetan, ukiezinak zirela uste genuen askatasunen desagerpena (zirkulazio askatasuna adibidez), administrazio publikoen zein botere judizialaren arbitrariotasuna… Izan ere, egoera «normala» galdu bezain pronto, gure gizartearen arabera beti errespetatu beharko liratekeen lege eta baloreak bete gabe uzten dira. Nola da posible hori? Bada, gure sistema politikoak bere oinarri propioak ez betetzeko mekanismoak aurreikusten dituelako. Demokrazia, parlamentarismoa, pluralismoa, funtsezko eskubideak, Zuzenbide Estatua… Konstituzioaren arabera, bere hamar tituluetan jasotako elementu horien defentsa da botere publikoen azken helburua. Baina, esan bezala, ikusi dugu behar denean ezabatu egiten direla demokraziaren zutabe horiek. Are gehiago; Konstituzioan bertan oinarrizko eduki hura desegiteko bideak aurreikusten ditu. Nola uler daiteke testu berean eduki bat funtsezkoa dela eta aldi berean berau desagerrarazteko bidea adieraztea? Izan ere, testuinguruaren arabera desagertzeko aukera badago, gure demokrazia hau ezin da gizarte honen funtsa izan, forma posibleetako bat baizik. Horrela uler daiteke forma demokratiko hau (askatasunak, eskubideak…) egoera normalean mantentzea, baina gauzak aldrebestean, aldiz, kolokan jartzea.

Kontraesan misteriotsu hori argitzeko bere jatorri eta oinarrira jo beharko dugu, eta apirileko ARTEKA honetan aukera paregabea dugu, hain zuzen ere, 1975eko trantsiziora itzultzeko. Trantsizioa sakoneko erreforma multzo bat izan zen, 1975-1978 urteen artean Espainiako Estatuko instituzio burgesen hainbat ezaugarri aldatu zituena. 1978ko Konstituzioa eraldaketa horien oinarria jaso zuen testua izan zen: botereen banaketa, elkartzerako eta biltzeko askatasuna, pluralismo politikoa… Horrek guztiak Espainian demokrazia konstituzionala ezarri zuen, mendebaldeko gainerako herrialdeen modura. Denok ikasi dugun kontaketaren arabera, aldaketa horiek Espainia demokratiko eta ez-demokratikoaren arteko muga finkatuko lukete. Demokraziara bidean aurrera egitearen kontakizuna Espainiako Estatuaren joko politikoan integratuta egon diren alderdien kontsentsuaren parte izan da beraz. Modu horretan, Espainiaren demokratizazio hori aitortzen zuten (adibidez, Suresnesen PSOE eta Xibertan EAJ) eta onartzen ez zuten (adibidez, KAS) fakzio politikoen arteko banaketa izan zen. Horregatik, berrogei urtez kontsentsu horren baitan aritu ondoren, gaur egun aipatu dugun bezala demokraziaren zutabeak eraisten direnean, posizioak apur bat nahaspilatzen dira. Zer esan nahi du horrek? Espainiak duela hamar urte baino «maila demokratiko» gehiago ala gutxiago du? Jada ez al da demokrazia bat? Faxista ote da Espainiako Estatua?

Hain zuzen ere, funtsezko balio demokratiko horien galerak posizio berriak definitu ditu egin beharreko erreformaren inguruan demokrata ezberdinen artean: ohiko alderdi-bitasunak (PSOE-PP) auzi koiunturala dela esaten du eta berriro lehengo egoerara itzuli behar garela, erreforma moderatuaren aldekoek balio demokratikoak berreskuratzeko aldaketa batzuk egitea proposatzen dute baina oinarria mantenduz (Podemos eta Ciudadanos, adibidez) eta muturrekoenek erreforma handiak eskatzen dituzte 78ko erregimena (hau da, trantsizioko adostasuna) aldatzeko (EH Bildu eta CUP, adibidez). Hiru posizio horietara mugatzea oso sinplista da, baina nahi duenak informazio asko du alderdi bakoitzak dioenaren inguruan. Interesgarriena ez da beraz batak edo besteak eskatzen duen erreformaren dimentsioa aztertzea, beren programa erreforma bat izatearen muga ikusaraztea baizik. Hona hemen adierazi nahi dudanaren funtsa: 78ko Konstituzioak kontsentsu bat eratu zuen UCDtik PCEraino Espainiako Estatuko instituzio burgesak era batera aldatzeko. Orain 78ko Espainiako demokraziaren forma hura desegiten ari da, eta fakzio politiko bakoitzak bere proposamena du kontsentsu berri baterako. Kontua da beraz ez dagoela ukiezina den balio, askatasun, eskubide edo lege demokratikorik, ikusten dugun bezala egoerak eskatzen duenaren arabera desagertu egiten baitira eta kontsentsu berri bat eraikitzen baita.

78ko Konstituzioak kontsentsu bat eratu zuen UCDtik PCEraino Espainiako Estatuko instituzio burgesak era batera aldatzeko. Orain 78ko Espainiako demokraziaren forma hura desegiten ari da, eta fakzio politiko bakoitzak bere proposamena du kontsentsu berri baterako

Aurrekoan, zuzenbidearen teoriaren terminoetan, iusnaturalismorik ez dagoela esango genuke. Hau da, legea ez dagoela hor naturalak edo berezkoak (metajuridikoak, alegia) diren balio batzuk defendatzeko. Eskubideak, askatasunak eta orokorrean Zuzenbide Estatu Soziala osatzen duten elementuak desagertu egingo direla egoerak hala eskatzen badu. Horrek, Konstituzioaren kasuan adibidez, kontzeptu arrazional-normatibo batetik harago (Kelsen) Konstituzio erreala ezberdintzen duen kontzeptu soziologikora (Lasalle edo baita Marx ere) eramango gintuzke; unean uneko indar-korrelazioaren fruitua dela alegia. Dena den ez dago termino konplexu horietara jo beharrik esan nahi dudana azaltzeko, froga argiena legean bertan dugu. Alarma egoerak esan bezala zerbait erakutsi badigu ezegonkortasun garaietarako legean aldaketa gogorrak aurreikusita daudela da. Ba al dakizue, adibidez, alarma egoera greba batean ere aplikatu daitekeela? Hala da. Izan ere, grebak muga legalak errespetatzen ez baditu edota hornikuntza nolabait arriskuan jartzen badu aplikatu liteke. Muga horiek oso lausoak dira etxeratze-aginduak eta eremu zibiletan esku-hartze militarrak baimentzen dituen egoera bat aplikatzeko. Era berean, salbuespen egoera eta setio egoera ere ez dira apaingarri moduan idatzi Konstituzioan. Lehena ordena publikoaren nahasmendu hutsagatik aplikatzen da. Argi eta garbi, gatazka politikoetarako da beraz. Egoera horrek Konstituzioaren lehen titulua, oinarrizko eskubide eta askatasunena, zuzenean bete gabe uzteko balio du: bertan behera geratzen dira adierazpen askatasuna, biltzeko askatasuna, greba eskubidea, polizia etxera ez sartzeko edo froga gabe ez atxilotzeko bermea… Eta bigarrena aldiz aurrekoaren bertsio gogorra da, matxinada egoeretarako. Bertan aurreko bien efektuak biltzen dira beste batzuekin batera (atxilotuaren bermeak desagertzea, habeas corpus bezalakoak), baina gainera botere publikoen eskumenaren zati handi bat gobernuak hartzen du bere gain, eta beste asko horrek izendatutako autoritate militar batek.

Adibide eta aurrekari horiek muturrekoegiak iruditzen bazaizkizue oinarrizko balioen galarazpen partzialak ziurrenik gertukoagoak egingo zaizkizue, bereziki Euskal Herriaren historia gertutik ezagutzen baduzue. Terrorismoaren aurkako legea adibidez kolektibo jakin batentzat (Euskal Nazio Askapenerako Mugimenduko, ENAMeko, militante eta inguruko pertsonentzako) oinarrizko askatasun eta eskubideen ezabatzea da. Askatasun horiek, Konstituzioaren arabera, pertsona garen heinean besterenezinak izan beharko lirateke. Baina ordenamenduak ez du arazorik kolektibo edo lurralde zehatz batean (Zona Especial Norte doktrina) horiek desegiteko. Lege hauen ratio legis delakoa (arrazoiketa juridikoa, logika) beste pertsonen eskubide eta askatasunak defendatzea litzateke; segurtasun eta bizikidetza kontu bat beraz. Irailaren 11ko atentatuen ondoren AEBetako Senatuak aho batez onartutako Patriot act ere askatasunaren eta segurtasunaren arteko paradoxa liberal horren adibide argia da.

Neurri horiek guztiak orain arte aplikatu ez badira, legeek errealitatean defendatu behar dutena benetan arriskuan egon ez delako da. Ordenamenduak ez du Konstituzioan jasotako balio eta askatasunak defendatzea helburu, bestela ez luke zentzurik horiek abolitzeko aukera jasotzeak. Neurri horiek defendatzen dutena segurtasuna da, baina jendea defendatzeko ez dituzu diktadura militar baten ezaugarriak behar; horiek Kapitala babesteko behar dituzu. Langileek kaleak hartzen dituztenean, balio handiko jabetzak bermatu ezin dituzunean, jendea lanera joatera behartu behar duzunean... Halako egoeratarako behar duzu neurri horietan jasotakoa. Gainbalioaren erauzketa da ziurtatu beharrekoa azken instantzian, hori baita gizarte honen balio gorena. Lan soziala klase batek pilatzen badu, logikoa da pilaketa horren funtsa (gainbalioaren erauzketa, alegia) babestera bideratzea klase horrek bere ahalegin eta baliabideak, eta beraz baita gizarteko legea, indarra... ere.

Neurri horiek guztiak orain arte aplikatu ez badira, legeek errealitatean defendatu behar dutena benetan arriskuan egon ez delako da

Espainiako zein beste edonongo Estatuak forma demokratikoa hartzea edo galtzea kapital ezberdinen arteko kontsentsua da beraz; gainbalioaren erauzketarako onena dela uste dutelako hain zuzen ere. Espainiako Estatuaren kasuan une ezberdinetan faktore ezberdinen poderioz instituzio burgesei izaera bat edo beste eman zaie kapitalisten interesak babesteko: 1931, 1936, 1959, 1978... Forma demokratikoa edo bestelakoa izatea Kapitalaren interesen menpe egoteak ez du esan nahi berdin zaigula forma zein den. Hurrengo kontsentsua zein izango den eta dominazio burgesari zer nolako forma emango zaion ez dakit nik, baina Mugimendu Sozialistak hartu du bere posizioa desagertzen ari diren askatasunen defentsan. Hala ere, indar politikoen arteko funtsezko ezberdintasuna dominazio burgesaren formaren inguruan eztabaidatzen dutenen eta dominazio burgesaren abolizioaz eztabaidatzen dutenen artekoa da. Bigarrenak dira arazoaren errora irits daitezkeen bakarrak; izan ere, lehenengoak oso erradikalak izan arren, Kapitalaren beharren araberako adostasun berri baten parte izango dira beti, hori 78ko erregimena edo 2026koa izan.

Espainiako zein beste edonongo Estatuak forma demokratikoa hartzea edo galtzea kapital ezberdinen arteko kontsentsua da beraz; gainbalioaren erauzketarako onena dela uste dutelako hain zuzen ere

[...] indar politikoen arteko funtsezko ezberdintasuna dominazio burgesaren formaren inguruan eztabaidatzen dutenen eta dominazio burgesaren abolizioaz eztabaidatzen dutenen artekoa da

EZ DAGO IRUZKINIK