Saioa Galarraga, Ikasle Abertzaleak-eko kidea ARGAZKIA / Beñat Etxebarria
2022/11/02

Saioa Galarraga Ikasle Abertzaleak antolakundeko kidearekin izan gara hezkuntza testuinguruaz solasean. Mahai gainean jarri ditugu, besteak beste, LOMLOE, EAEko hezkuntza legearen aurreproiektua, hezkuntza sistemaren norabidea eta horretan guztian sozialdemokraziak jokatzen duen papera.

Azken boladan pil-pilean dagoen gaia da hezkuntza. EAEko hezkuntza legearen aurreproiektuak, hezkuntza erreformek… politikarien agendetan leku nabarmena hartzen dute. Zertara datoz erreforma prozesu horiek guztiak?

Hezkuntza gizarte antolaketarekiko aparteko gauza balitz bezala atzematen da. Horregatik, kosta egiten da erreforma horien guztien zentzua atzematea. Aldiz, hezkuntza gizartearen antolaketaren adar gisa, eta ez adar gisa soilik, baizik oinarrizko adar gisa ulertzen badugu, erreforma horiek erreforma orokorrago batean kokatzen direla ikusten dugu.

Erreforma sozial, politiko eta ekonomikoak, hain zuzen ere, Kapitalak bizi duen egoerari dagozkie, bizitza sozialeko beste hainbat aspektutan ikus dezakegun bezala: lan eta bizi baldintzen kaskartze orokortua, kontrol soziala handitzea… Beraz, zentzu berean, hezkuntza erreformak ere Kapitalaren beharrizan berriei egokitutako proletariotza eredua hezteko funtzioa betetzen du, bai eta sektore horien errentagarritasuna mantentzeko funtzioa ere, krisi garaian sektore publikoan egiten diren murrizketa bortitzak medio. Hezkuntza ez da salbuespena. Geroz eta kostu gutxiagoren truke fruituak ematen jarraitzen duen tresna eraginkorra izateko moldatu beharra dauka.

Bigarren Hezkuntzan fokua jarriz, zein da hezkuntza sistemaren norabidea?

Hezkuntza sistemaren funtzio nagusienetako bat lan indarra prestatzea da. Prestakuntza hori heziketa prozesuaren ume-umetatik hasten da transmititzen, eta lan indarraren debaluazioaren aurrean, hezkuntzaren prestakuntza planean aldaketak izaten dira, eta horrek, kualifikazio maila jaisteaz gain, bestelako funtzio batzuk indartzen ditu.

Zer funtzio indartzen ditu zehazki?

Gaur-gaurkoz, hiru puntu nagusitan laburtu ahalko genuke gertatzen ari dena. Lehenik, jakintzaren transmisioaren garrantzia gutxitzen ari da. Heziketa prozesua edukiz hustuta dagoela diogunean horri egiten diogu erreferentzia. Horrek zuzen-zuzenean ikasleriaren idiotizazio prozesua eragiten du; ikasleak geroz eta baliabide gutxiago ditu pentsamendu kritikoa garatzeko eta inposatzen zaion moral lehiakor eta indibidualisten aurrean eta ideologizazio kapitalistaren aurrean kritikotasunez jarduteko. Egungo hezkuntza sistemak ezgaitua den subjektu hori sortzeko bitartekoak jartzen ditu, guztiz kontrakoa egiten duela saltzen duen arren.

Ikasleak geroz eta baliabide gutxiago ditu pentsamendu kritikoa garatzeko eta inposatzen zaion moral lehiakor eta indibidualisten aurrean eta ideologizazio kapitalistaren aurrean kritikotasunez jarduteko

Bigarrenik, ikastetxeak geroz eta gehiago betetzen du diziplinamendu zentroaren funtzioa. Hezkuntza edukiz husten ari den bitartean, «bestelako konpetentzia» batzuetan oinarritutako pedagogia saldu digute, eta, horrela, heziketa prozesua are eta modu agerikoagoan ari da bilakatzen inguratzen gaituen errealitatearen aurrean jarduteko era inposatzeko prozesu.

Hirugarrenik, eta, azkenik, prozesuaren izaera baztertzailea aipatu nahiko nuke. Izan ere, aldaketok eta horien ondorioak ez dute forma bera hartzen eta ez dira une berean gertatzen ikasleria guztiarengan. Aldaketen aurrean ikasle zaurgarriena bitarteko ekonomiko gutxien dituena da. Hezkuntza sistemak, ikasleria gaitasunez hornitzeko interesa galtzen duen unean, etorkizunean subjektu ez-produktibo izango den hori bera izango da gaitasun horietatik at uzten den lehena. Hori modu zuzen eta zeharkakoan egiten da. Alde batetik, hezkuntzaren kostua handitzen bada, geroz eta gutxiagoren eskutan gelditzen den tresna bilakatzen da hezkuntza, baina, bestalde, heziketa prozesuak geroz eta gutxiago asetzen ditu proletalgoaren beharrak. Geroz eta lotura eskasagoa dago heziketa prozesuaren eta etorkizun laboral ez-prekarizatu baten artean, eta familia txiroenek ez daukate ziurgabetasun hori asumitzerik. Horrek ikasketa prozesua ahal bezain lasterren bazter uztera eta are baldintza kaskarragoetan lanean hastera kondenatzen ditu. Horrela, gaitasunik gabeko subjektuen geruza zabal bat eratzen da, zeina isolamendu sozialera kondenatuta egongo den.

Gaitasunik gabeko subjektuen geruza zabal bat eratzen da, zeina isolamendu sozialera kondenatuta egongo den

Heziguneak diziplinamendu zentro huts bilakatzera bidean urratsak eman direla diozu. Zer forma zehatzetan hautematen da hori?

Azken urteotan nabarmen ugaritu dira arau arbitrarioak, neurri diziplinarioak eta ikasleria bortxaz kontrolatzeko funtzioa duten plataforma digitalak, besteak beste. Askatasunik oinarrizkoenak ere gogor urratzen dira; ikasleak egiten duen mugimendu oro justifikatu beharra dauka, komunera joatea ere kontrolatuta baitago. Neurri horien muturreko adierazpena da kontrol plataforma digitalena; tresna horrek ikasleria guztiz bigarren plano batean uzten eta bere deshumanizazioan sakontzen du. Ikasleari ere kendu egiten zaio haren jarreren gaineko zeresan guztia, gurasoengan delegatzen baita dena. Oinarrizko askatasunak urratzen dira, eta zer esango dugu askatasun politikoez: ia-ia ez direla existitu ere egiten. Horren adierazle da, esaterako, zenbat oztopo dituzten ikasleek greba eta lanuzte akademikoak eskatzeko, zenbat kaleratze dauden jardun politikoagatik, zenbat seinalamendu, mehatxu akademiko, etab.

Azken urteotan nabarmen ugaritu dira arau arbitrarioak, neurri diziplinarioak eta ikasleria bortxaz kontrolatzeko funtzioa duten plataforma digitalak

LOMLOE eta EAEko Hezkuntza Legearen aurreproiektuaz ari zarete, hezkuntza sistemaren norabidea kristalizatzen dutela diozue. Zer formatan jazotzen da hori?

LOMLOEri dagokionez, curriculumean eta ebaluazioan proposatzen diren aldaketak ekarri nahiko nituzke. Edukiari lotuta, irakasgai berriak sortu dira, esaterako, «Digitalizazioa», eta beste batzuk desplazatu, hala nola Filosofia. Irakasgaiak urruneko modalitatean jasotzeko aukera zabaldu da, eta hala, are gehiago indartu dira bitarteko gehien dituzten ikastetxeak, eta, aldiz, egoera zaurgarrian gelditu dira zentro txikienak. Hezkuntza sistemak proposatzen duen heziketa prozesuak dituen arrakalak ikasleriak eta irakasleek bete ditzaten exijitzen da; horren adibide dira errefortzu planak (plan horretan, irakasgaiak gainditzen ez dituzten ikasleak errefortzu klaseetara joatera behartuta daude. Irakasleek, aldiz, lanaldi zatitua egin behar dute halabeharrez; izan ere, klaseok gehien-gehienean arratsaldez izaten dira.). Ebaluazio irizpideak lausotzeak eta ezohiko azterketak desagertzeak, besteak beste, ebaluazioa guztiz subjektiboa izatea eragiten du, eta, ondorioz, ikaslerik txiroenak ahal bezain pronto kanporatzen dituzte hezkuntza prozesutik. «Batxilergo orokorraren» moduko proposamenak hauspotzen dira, ikasleria zuzenean lan mundura txertatzeko sortuak (batxilergo orokorra egin duen ikasle batek ez du selektibitatea egiteko aukerarik izango).

EAEko legea LOMLOEren kalko bat litzateke. Curriculumean azaleko aldaketak baino ez ditu proposatzen, eta, horrez gain, azpimarratzekoa da itunpeko ikastetxeen alde egiten duela apustu, hau da, segregazioan are gehiago sakontzen duela.

EAEko Hezkuntza Legearen aurreproiektuak ezinegon handia piztu hezkuntza komunitatean. Zein da horren aurrean egiten duzuen irakurketa?

Azken hamarkadetan hezkuntza sisteman egin diren egiturazko aldaketa guztiak lurreratzean –langile klasea zuzen-zuzenean kolpatzen duten erreforma prozesuak izan dira–, indar korrelazioa ez da aldaketak borrokatu izan dituztenen alde egon. Horrekin, agerian gelditu da besteak beste hezkuntza komunitatearen ezintasuna, eta irekita utzi dira hezkuntza transformatzeko ateak. Bestela esanda, indar politiko antagoniko baten faltan, edo haren gaitasunaren mugak medio, hezkuntza erreformek eta horiek asimilatu izanak gogor kolpatu dute hezkuntza komunitatea. Gaur artikulatu gabeko hezkuntza komunitate baten irudia dugu, despolitizatua eta indar antagoniko erreala izateko ez gaitasunik ezta diskurtsorik ere ez duena. Bada, ordea, lege erreforma berriek eta koiunturak bultzatuta, azken urteotan apalago egon den sektore bat piztea ekarri duen abagunerik.

Gaur artikulatu gabeko hezkuntza komunitate baten irudia dugu, despolitizatua eta indar antagoniko erreala izateko ez gaitasunik ezta diskurtsorik ere ez duena

Ezarritako aldaketen aurrean desadostasuna eta kaleak hartzeko borondatea erakutsi dezakeen hezkuntza komunitateaz ari naiz. Hala ere, aurrez aipatutako despolitizazioari eta estrategia faltari ondorengoa gehitu behar zaio: «inoizko gobernu aurrerakoienak» proposatutako lege ustez progresistez ari garela. Oposizioa artikulatzea zailtzen du horrek. Horren adibide argia daukagu EAEn: lau alderdi politikoen elkarlanaren ostean sortutako legea blindatuta gelditzen da. Bide horretan aipatu duzuen Hezkuntza Legearen aurreproiektuan eta horren aurretik egindako hezkuntza hitzarmenean prozesuak berak hartu du garrantzia, eta ez edukiak. Murrizketen mehatxu saihestezinaren aurrean, erreformek hezkuntza baldintza kaskarragoetan uztea besterik ezin zezaketen ekarri. Baldintzak kaskartze horrek, baina, zuzenean egiten dio kalte hezkuntza komunitateari. Horregatik hartu du zentraltasuna prozesu legegileak eta ez legearen edukiak edo erreformak ekar lezakeenak: hezkuntza komunitatea asaldatu ez dadin. Eta horrek zera dakar, hezkuntza sistema kaltetuko duen erreforma asimilatzea hitzarmen historikoaren Troiako zaldiaren barruan.

Sindikatuen eta alderdi politikoen arteko joko horrek prozesua zer garrantzitsua den azpimarratzen badu ere (historikotzat jotzen dute), ez du bake soziala mantentzea helburu bakar. Alderdi politiko ezberdinek proletariotza kaltetzen duten neurriak ezarri eta onartzen dituzten bitartean, itxurakeriaz aritzen dira, beren buruak zuritzeko. Horrek agerian uzten ditu sozialdemokraziaren programak langileen interesak defendatzeko duen ezintasuna.

Sozialdemokraziaren politiken mugak aipatu dituzu. Zeintzuk dira muga horiek?

Hezkuntza sistema hautemateko edo ulertzeko beste modu bat dute abiapuntu. Egungo hezkuntza sistema gizartea bikaintasunera eramango duen tresna izan daitekeela diote, instituzio neutro bat. Alabaina, arrakalarik baduela ere badiote alderdi ezkerkoiek, josi beharreko zuloak dituela, baina behin horiek konponduz gero, etorkizun hobea eraikitzeko tresna bihurtuko dela hezkuntza sistema. Eta helburu horiekin aurkezten dituzte beren politikak, hezkuntza sistemak dituen akatsak konpondu eta hura hobetzeko helburuarekin.

Egungo hezkuntza sistema gizartea bikaintasunera eramango duen tresna izan daitekeela diote, instituzio neutro bat

Ez da bikaintasuna, ordea, gaur egungo hezkuntza sistemak dakarrena; kontrara, gero eta pobreago den eta izango den bizi ereduranzko egokitzapen bat da, ikasleak etorkizuneko bizi baldintzak onartzeko eta horien eskakizunetara egokitzeko heztea beste helbururik ez duena. Ez da etorkizun hobe baten motore.

Horrez gain, krisi garaiotan, inbertsio publikoa egunetik egunera murrizten ari den honetan, hezkuntza ez dago hortik salbu. Ez da instituzio isolatu bat, eta murrizketen ondorioz, oro har gero eta bitarteko gutxiago bideratzen dira hezkuntza sistemara, eta sozialdemokraziak gero eta aspirazio txikiagoak ditu hezkuntza indartzeko: ez da oihalik gelditzen ezta adabakitarako ere. Hezkuntza sistema kaskartzen egotearen ondorioak agerikoak dira: hezkuntzarako eskubideak unibertsala izateari uzten dio, ikastetxeak ixten ari dira, edo segregazioa gertatzen da, adibidez.

Eztabaida ezin da, beraz, egungo hezkuntza ereduaren modalitate desberdinen artean kokatu. Hezkuntza ez du hezkuntza sistemaren aldaketa batek edo besteak askatuko betetzen dituen funtzioetatik, ezta etorkizun hobe baten eraikuntzarako tresna bihurtuko ere. Egungo eredua gaindituko duen proposamen bat eraikitzen hasi beharra dago, hezkuntza sistemak dituen kontraesanak gaindituko dituen proposamen bat, kalitatezkoa, doakoa eta unibertsala izango den proposamen bat. Horretarako, ezinbestekoa da sozialdemokraziaren iruzurra gainditu eta sindikatuen agenda oportunistari aurre egingo dion hezkuntza komunitate bat eraikitzea, gizartearen benetako motore izango den hezkuntza sistema eraikitzea aukera errealtzat izango duena.

Ezinbestekoa da sozialdemokraziaren iruzurra gainditu eta sindikatuen agenda oportunistari aurre egingo dion hezkuntza komunitate bat eraikitzea, gizartearen benetako motore izango den hezkuntza sistema eraikitzea aukera errealtzat izango duena

EZ DAGO IRUZKINIK