AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Bilbo.
2022/08/31 08:48

Udako jaiak hastearekin batera, Euskal Herrian ere modu bortitzean hasi ziren hamaika emakumeri ziztada bidez eraso egiten, han eta hemen. Horren aurrean, hitza hartu zuen Itaia Emakumeon Antolakunde Sozialistak. "Emakumeok, gure egunerokotasunean, mota askotako erasoak jasan behar izaten ditugu. Gainera, festa giroan, erasoak areagotu eta are gehiago normalizatzen dira. Ukituak, bortxaketak, babosoak jasan behar izatea... Azken asteetan, berriz, ziztada bidezko erasoak ari gara jasaten, eta horrela, emakumeok, hurrengoak gu izan gaitezkeenaren beldurrez, sozializazio espazio horietatik kanporatuak izaten ari gara, gure segurtasuna bermatzeko gaitasunik gabe", adierazi zuten abuztu hasieran Itaiako hainbat kidek, agerraldi baten bidez.

Funtsezkotzat jo zuten "egoera larri hau salatu eta erasoen aurrean erantzun eta antolatzeko beharra azpimarratzea". Modu horretan jakinarazi zuen Itaiak ziztada bidezko erasoen kontrako mobilizazioak egingo zituela Euskal Herriko zenbait hiriburutan, ordura arte, tokian toki izandako erasoak salatzen jardun ostean. Hala, abuztuan Gasteizen (Araba), Donostian (Gipuzkoa) nahiz Bilbon (Bizkaia) izan dira manifestazioak, Ziztadarik ez! Erasoen aurrean babesa antolatu lelopean.

Sakanan ere ekin diete ziztaden aurkako mobilizazioei; abuztuaren 27an egin zuten elkarretaratze bat Lakuntzan (Nafarroa), eta irailaren 9an izango da beste protesta bat Altsasuko (Nafarroa) plazan, 20:00etan. "Ziztada bidezko erasoek hartu eta hartzen jarraitzen duten dimentsio kezkagarriagatik, egoera larri hau salatzeko, erasoen aurrean erantzuna emateko eta antolatzeko deia luzatzen dugu datorren egunetan egingo diren elkarretaratzeetan", azaldu zuen Sakanako Itaiak mobilizazioetara deitzean.

Babesa antolatu

"Emakume langileok gure segurtasuna bermatzeko eta erasoen aurrean erantzun eraginkorrak gauzatzeko tresna propioak garatzea behar-beharrezkoa da. Horri erantzuten diote eskualde desberdinetan Itaiatik martxan jarri ditugun borrokek eta bitartekoek: protokoloak, Etxeratze Kolektiboak, prebentzio mekanismoak...".

EZ DAGO IRUZKINIK