AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / Mahmoud Essa/AP Photo
2025/05/19 17:33

Maiatzaren 12an argitaratu zuten Elikadura-Segurtasunaren Faseen Sailkapen-Sistema Integratua (IPC), eta bertan jasotzen den argazki berriak Israelgo Estatua Gazan egiten ari den genozidioaren beste aurpegi bat erakusten du: Gazako Zerrendako 2,1 milioi biztanleak "krisian edo okerrago" daude (guztira bost maila bereizten dituen sailkapenean, 3. fasetik azken muturreraino, alegia). Horrek esan nahi du 470.000 pertsona (bostetik bat baino gehiago) daudela "hondamendiaren" fasean eta berehalako inanizio-arriskuan (5. fasea); 1,1 milioi, berriz, larrialdian daude (4. fasea), eta gainerakoek, 500.000 inguruk, ozta-ozta eusten diote krisiari (3. fasea).

Martxoaren 2an Israelgo Estatuaren okupazioak ezarritako blokeo integralak eta hilabete bereko 18an sionistek euren plan militarrei berrekiteak erabat zapuztu dute elikagaien, erregaien eta botiken sarrera palestinarrentzat, 60 egunez baino gehiagoz. Palestinako Moneta-Agintaritzak mantentzen zituen 25 okindegiak apirilaren hasieran itxi zituzten, eta 177 sukalde komunitarioak produkturik gabe geratu dira. Emaitza prezioetan islatzen da: otsailaren hasieran 8 dolar inguru balio zuen 25 kilogramoko gari zaku batek, eta orain 235 eta 520 dolar artean dago prezioa, %3.000 inguruko gorakada izan baita. Merkatuak hutsik egonik eta erreserbak agortuta, haurren %75ek egunean bi elikagai-talde kontsumitzen dituzte, gehienez ere.

Krisi nutrizionalak, izan ere, krudelkeria bereziz kolpatzen ditu ahulenak. 2025eko apiriletik 2026ko martxora bitartean, desnutrizio akutuko 71.000 kasu espero dira bost urtetik beherako haurren artean, eta horietatik 14.100 larriak izango dira. Ipar Gazako, Gazako eta Rafahko gobernazioetan, desnutrizioa "larria" izatetik "kritikoa" izatera igaro da, eta edateko uraren, saneamenduaren eta osasun-arretaren gabeziak kolapsoa bizkortu du. Familien heren batek dio zaborra biltzen duela aldatu eta, trukean, janaria lortzeko; eta beste laurden batek dio dagoeneko ez dela zabor "baliotsurik" geratzen erreskatatzeko.

Genozidioaren giza-dimentsioa biktimen zenbaketak ixten du: hemeratzi hilabetean, sionistek 53.000 palestinar erail eta 118.000 zauritu dituzte zuzeneko indarkeriaren bidez, eta martxoaren 18tik hona, zehazki, 2.300 hildako eta ia 6.000 zauritu eragin dituzte.

EZ DAGO IRUZKINIK