AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2025/05/14 12:12

Genero Indarkeriaren aurkako Bizkaiko Koordinazio Batzordeak hamabi erailketa matxista identifikatu ditu herrialdean, 2010etik 2022rako epean. Hamabi urte horietan zehar, beraz, urtean hilketa matxista bat izan zen batez beste. Kasuetako batean, gainera, eraildako emakumearen seme adingabea ere hil zuen erasotzaileak.

Kasu horietatik zazpitan, ez zegoen hiltzaile matxisten aurkako salaketarik jarrita. Hala ere, salaketa bat aurkeztuta zegoen kasuetako batean, arrisku-egoera larria identifikatuta zeukan sistema judizialak, baina horrek ez zuen inola ere ekidin arriskuan zegoen emakumea erailtzea.

Batzordeak jakinarazi duenez, erailketetatik zazpi (%58,3) biktimak bikote-harremana apurtzeko asmoa erakustean (%16,6) edo harremana dagoeneko hautsirik zegoenean (%41,7) jazo ziren.

Indarkeria izugarria

Batzordearen arabera, arma zuria izan zen hiltzaileek gehien erabilitakoa, sei kasutan (%50) hain zuzen ere. Bi emakume itota erail zituzten (%16,7) gizonek, eta bat kolpeka (%8,3). Hiru emakume "metodo mistoekin" hil zituzten: kolpeka eta itota (%8,3), kolpeka eta arma zuriz (%8,3), eta kolpeka eta auto bidezko harrapaketa bidez (%8,3). Erailketa matxista horiek bereziki biolentoak izan zirela nabarmentzen du azterketak.

Bestalde, hilketa gehienak izan ziren etxebizitza batean, nagusiki biktimak eta erasotzaileak partekatzen zuten etxean, kasuetatik bostetan izan baitzen hala (%41,7). Hiru kasutan biktimaren etxean gertatu zen hilketa (%25), bi kasutan hiltzailearen etxean (%16,7), kasu batean biktimaren bizitoki zen espazio publiko batean (%8,3), eta beste kasu batean negozio-eremu batean (%8,3).

Hiltzaileen bi herenak, zortzi alegia, "jatorri espainiarrekoak" dira (%66,7), eta 42 urte zituzten batez beste, emakumeak erailtzean. Hildako emakumeetatik zazpi "jatorri espainiarrekoak" ziren (%58,3) eta bost beste jatorri batekoak (%41,7). 40 urteko adina zuten batez beste, erail zituztenean.

EZ DAGO IRUZKINIK