AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2025/05/19 15:10

Joan den ostegunean eman zuten abisua Amurrion (Araba): Granadako AMA desokupazio-taldea ikusi zuten herrian, kamerak eta bestelako grabaketa-materiala zeramala. Gerora jakin zen familia bat etxegabetzeko asmoa zuela talde faxistak, ostiral goizean bertaratu baitziren matoiak herriko etxebizitza baten azpira. Familia bateko lau kide bota nahi zituzten etxetik, jabeak kontratatuta.

Etxebizitza ondoko taberna batean zeuden bizilagunek, gertatzen ari zena susmatuta (espainiar banderadun kamisetez eta matoietako batek tatuatuta zeraman ikur naziaz jabetuta), adi jarri ziren. Badaezpada ere, tabernan jarraitu zuten bizilagunek, eta haiengana ere hurbildu ziren desokupak, mehatxu egiteko. Hala ere bertan segitu zuen jendeak, faxistek alde egin zutenera arte.

Ostiralean gertatutakoa ikusita, larunbat goizetik bertaratu ziren etxe ingurura hainbat eta hainbat pertsona, Aiaraldeko Gazte Koordinadora Sozialistak (GKS) jakinarazi duenez. Goizean, desokupak birritan igaro ziren ondotik, alokatutako auto batean. Inguruan zegoen jendea grabatu zuten. Desokupazio-taldekoak inguruan zebiltzala-eta, abisua eman zuten berriz eskualdean, eta jende gehiago hurbildu zen, faxisten esku-hartzeren bat ekiditeko asmoz. Dena den, matoiak ez ziren itzuli.

Atzo, igandez, AMAko buruak sare sozialen bidez adierazi zuen Amurriotik alde egin zuela. Zehazki, argitaratu zuen "Arabatik eta Bilbotik" joan zirela jada. "Laster arte" bat ere gaineratu zuen.

Aiaraldeko GKSk nabarmendu duenez, AMAko faxistak eskualdean ikusi zituztenetik, etengabe egon da jendea adi eta desokupei aurre egiteko. Horren erakusle da kalean desokupen kontra agertu den propaganda guztia, baita jendea etengabe kalean egon izana ere, etxegabetu nahi zituzten bi pertsonen etxe inguruan.

Jazarria izan den familiaren esanetan, ez da desokupazio-talde baten jazarpena pairatzen duen lehen aldia.

Faxismoaren eta gerraren aurkako egitaraua ekainaren 13an, Amurrion

Faxismoaren eta gerraren aurka antolatzera deitzeko, egun osoko egitarau bat antolatzen ari da Aiaraldeko GKS: ekainaren 13an izango da hitzordua, Amurrion bertan. Laster emango du xehetasunen berri.

EZ DAGO IRUZKINIK