Kontseilu Konstituzionalak erretreten erreformaren lege proiektua onartu bezain laster promulgatu zuen legea Macronek, gauaren erdian, hark ere bere erreformaren bideragarritasuna zalantzan jarriko balu bezala. Bazekien, errealitatean, ekintza horrek masa aurkaritzaren bukaera ekarriko zuela, eta inork ez ziola kaleari eutsiko horren ondoren, burgesiaren marko politiko-legaletik at joateko gai direnek salbu; hots, gutxiengo batek. Porrotaren irudia Kontseilu Konstituzionalaren aitzinean metaturiko ehunka poliziarena da, ilarak estu, hortzetaraino armaturik, euren kaskoen kristalek parean baturiko jendetzaren inpotentzia islatzen dutela. Ikusteko zegoen maiatzaren 1eko deialdiak zer emanen zuen. Argiki, azken urteetakoa baino masiboagoa eta borrokalariagoa izanagatik ere, azken erresistentzia baten irudia zekarren gogora. Ekainaren 6rako intersindikalak egin duen deialdiak, bi mobilizazioen artean, sei asteko tartea uzten du, eta porrotaren usaina iragarri du horrek.
Hala eta guztiz ere, mobilizazio sozialak aspaldian ikusi gabeko izaera bat hartu duela ikusita, eta gehiengoaren gaitzespena duen eta falaziazko justifikazio ezagun bat duen erreforma baten aurrean, zaila da ondoko galdera hau ez egitea: zer gehiago behar zen erreforma onartu ez zedin? Edo galdera itzulikatuz: zer falta izan zaio proletalgoari mobilizazio-ziklo honetan?
Artikulu honek auzi arantzatsu horri ekarpena egiteko erantzun-elementuak proposatzea du xede. Horretarako, beroan bero, bukatzear dagoen mobilizazio-zikloaren ezaugarri batzuei erreparatuko zaie. Mobilizazio-zikloa, lehenik eta behin, Estatuaren autoritarismoaren azkartzeak markatu du (I), ondotik, sozialdemokraziaren rol kontra-iraultzaileak (II), eta hirugarrenik, alternatiba erreal baten faltak, parlamentuz kanpoko ezkerraren partetik (III).
I) Estatu kapitalistaren erreforma autoritarioaz
Bukatzera doan mobilizazio-zikloak erakutsi digu oraindik zentzu komunak barneratuta duen zerbait dela Estatua indar ekonomikoekiko neutroa –eta gaindiezina– balitz bezala ikustea, eta kapitalismoaren kontraesanak konpontzeko geureganatu edo gure onerako erabil dezakegula pentsatzea. Alta, mobilizazio-ziklo honek berak erakutsi digu, beste behin, Estatu kapitalistaren izateko arrazoia: kosta ahala kosta, kapital metaketarako baldintzak bermatzea. Egungo munduko koiuntura ekonomikoan, irabazi tasen joera beherakorraren koiunturan, Kapitala eta lanaren arteko klase harremanaren berregituratzea bultzatzen du kapital metaketak. Horrek, langile klasearen bizi baldintzen aurkako gerraren forma hartzen du, oligarkia finantzario internazionalaren agindupean (ekonomia errealaren krisitik erauzten duena bere boterea) eta Estatuaren babespean. Zor infinitua ordaintzera kondenatua dagoen Estatua ez da gai zerga bidez bere burua finantzatzeko, eta ez du, beraz, beste alternatibarik oligarkia finantzarioak eta horren esaneko instituzioek inposatutako programa ekonomikoak ezartzea baino. Horrek guztiak Ongizate Estatuaren desegitea eta horren oinarria sostengatzen duten eskubideen suntsipena dakar. Pobrezia hazi ahala, integrazio-prozesuetatik kanporatutako supernumerarioen kopurua gorantz doa, neurri koertzitiboen gogortzearekin batera. Hori da Estatu Kapitalistaren erreforma autoritario bezala ulertzen duguna.
a) Lege dekretu bidezko gobernua
Guztiz ez-popularra den erreforma bat ezartzeko, gobernuak ez du beste aukerarik izan Parlamentuari izkin egin, eta aurten hamaikagarren aldiz, 58ko Konstituzioko 49.3 artikulua erabiltzea baino. Ez da oposizioko alderdiek, eskuinetik ezkerrera, langile klasearen eskubide sozialei dieten atxikimendu bereziagatik izan, baina euren interes elektoralistei dieten atxikimenduak erreformaren aurka posizionatzera behartu ditu –bereziki NUPES, Kapitalaren ezker hegala–. Horrekin, de facto, posible egin zezaketen erreformak Biltzar Nazionalean gehiengoa eskuratzeko aukera arriskuan egotea.
Testua indarrez ezarri izana, berregituratze postfordistatik indartu besterik egin ez den joera baten erakusle da: Parlamentua gobernuak azpiratutako ganbera bat izatera mugatuta dago. Demokrazia plantak eginez, Kapitalaren diktadurari mesede egiten dion itxurakeria bat da.
Autoritate-ekintza horrekin eskandalizatu dira parlamentariak, Carl Smith jurista naziak hainbesteko estimuan zuen lege-dekretuaren antzekoa dena. Dena den, demokrata itxurak egiten dituzten horiek François Hollande gogorarazten digute: boterera heldu aurretik, “demokraziaren ukaziotzat” jo zuen artikulua, Zuzenbide Estatuan oinarria den botere bereizketaren bortxa bailitzan. Beranduago, baina, boterera iritsi zenean, artikulua erabili zuen. Parlamentari sozialdemokratak euren burua subiranotasunaren zaindari gisara aurkezteraino iritsi dira eta Konstituzioa aldatuz instituzioak aldatzearen beharraz jardun dute. Kantua ezaguna dugu: dena aldatu deus ez aldatzeko.
Baina nahiz eta egia den gobernua kritika batzuen jopuntua izan dela, ez dirudi gai direnik haren menderatze erreala zalantzan jartzeko. Bestalde, bere eskuen artean gero eta botere gehiago kontzentratzea ez da hainbeste Konstituzioak horretarako trikimailu juridiko bat eskaintzen diolako, eta beraz kontua ez da Konstituzioa aldatzea aski litzatekeela. Kontrara, dirua dutenek, botere errealaren oinarria alegia, modu jakin batean jokatzeko (?) agintzen diote, eta gobernuak baliabide juridiko autoritarioetara jo dezake oligarkia horren babesa duen heinean, eta bere mesederako aritzen den heinean. Erreforma honek, bereziki, banaketa bidezko erretreten (pentsioen) suntsiketaren galdeari erantzuten dio –Ongizate Estatuaren konpromiso fordistaren azken hondarretako bat–, baita horren kapitalizazioari ere, klase kapitalistaren eta, nagusiki, oligarkia finantzarioaren mesederako. Gisa berean, gastu publikoa murriztea eta, beraz, erdietsi beharreko Europako exijentziei hobeki erantzutea ahalbidetzen die; Batzordeak iragarri baitu 2024tik aurrera berrezarri nahi dituela exijentzia horiek. Macron teknokrata, dagoen lekuan ezarria izateko arrazoia baizik ez da betetzen ari, horretarako bitartekari trabagarriak bizkar jarri behar baditu ere –hala nola, parlamentarismoa–, historikoki demokrazia liberalen zutabe izan direla jakin arren. Instituzioak erreformatu behar direla eta “Parlamentuari subiranotasuna” itzuli behar zaiola aldarrikatzen du NUPESek. Aldarrikapen horiek egitea, metaketak gaur egun dituen egiturazko mugak edo ezintasunak (Estatuaren forma aldatzea eragin dutenak) aintzat hartu gabe, onenean, inozokeriaren zantzua da, baina okerrenean, demagogia da.
Errazago uler liteke, beste batzuek egin duten bezala, baieztatzea agian erreforma adostasun handiagoa bilatuta ezar zitekeela. 49.3 artikuluaren erabilerak eta Macronen diligentzia zorrotzegiak kezka sortu dute patronalaren sindikatua den Medefen edo Moody’s edo Fitchen bezalako kalifikazio agentzietan. Izan ere, datozen erreformei begira, zalantzak dituzte Frantziako Estatuaren egonkortasunari dagokionez, eta, beraz, dituen zorrak ordaintzeko duen gaitasunari dagokionez.
Azkenik, eta instituzioen barruan, gobernua ez dago erakutsi nahi diguten bezain isolatua. Batetik Parlamentua eta bestetik Kontseilu Konstituzionala kontzeptuari leial mantendu dira. Hurrenez hurren, batek ez zuen zentsura mozioa bururaino eraman, eta, besteak, legearen gehiengoa babestu eta iniziatiba parkekatuko erreferendum proposamena baztertu zuen.
b) Errepresioaz
49.3 artikuluaren iragartzeak, intersindikalaren monopoliopean zen protesta-marko hertsiak gainezka egitea ekarri zuen, borroka eta protesta moduen erradikalizazioa eraginez. Manifestaldi basatiak biderkatu ziren, eta blokeoak, grebak eta sabotajeak ugaritu. Frantziako proletalgoaren itolarriak su hartu zuen eta gai izan zen Parisen zein Frantziako herri ttipietan eztanda egiteko.
Ordea, aparatu errepresiboa horrelako aukera baterako prest zegoen eta lortu du, Jaka Horien mobilizazioetatik ateratako irakaspenak barneratuta, protestak baldintza onargarrien barruan mantentzea.
Erran beharrekoa da azken segurtasun legeek, Segurtasun Orokorreko Legea kasu, segurtasun-indarrentzako errepresio-marko eroso bat inposatu dutela. Marko legal zabal modura ulertu behar da hori, bere mugekin jolasteko edo muga horiek hausteko orduan inpunitate ia osoa bermatzen diena. Horrek guztiak eragina eduki du borrokarako baldintzen desagerpenean eta boterea zalantzan jartzera ausar litekeen edonoren aurkako kriminalizazio orokortuan. Kriminalizazio horren sostengu da burgesiaren kontrolpeko aparatu mediatikoa, zeina beti prest agertu den zentzu komunean esku hartzeko, norantza erreakzionarioan. Hala ere, manifestariak basatien moduan eta segurtasun-indarrak bortizkeria defentsa legitimozko edo azken muturreko kasuetan baizik erabiliko ez balute bezala aurkezten dituen errelatoa gero eta zailagoa da sinesten. Batez ere, sare sozialak poliziaren bortizkeria erakusten duten irudiez gainezka dauden une batean.
Errepresioak forma ugari izan ditu mobilizazio-ziklo honetan, formarik absurdoenekin hasi (lapikokaden kontrako dekretuak) eta formarik bortitzenekin amaitzeraino. Adibidez, legez kontrako polizia-lerroak («nasse» teknika); gerra-armen eta dronen erabilera; BRAV-M, CRS edo BAC bezalako polizia-indar berezien erabilera; mutilazioak; ikuspegi juridikotik erabat arbitrarioak diren atxiloketak, eta epaitegiek berehalako epaiketen bidez ezarritako kondenak, atxilotutako manifestari batzuekin egin bezala. Askatasun Murriztuko Guneen Behatzaile Nagusiaren (La Contrôleuse Générale des Lieux de Privation de Liberté) arabera, atxilotuak izan diren pertsonen %80 auzipetu gabe geratu dira aske. Horrek argi utzi du atxiloketen atzean gordetzen zen asmoa: manifestariak masiboki fitxatzea.
Garai berean gertatu ziren Sainte-Solineko istiluek Gérald Darmanin Barne ministroari testuinguru autoritarioa indartzea ahalbidetu zioten. Izan ere, Lurraren Altxamenduak (Soulevements de la Terre) kolektiboa desegiteko nahia erakutsi zuen. Legez kanpo uzteko aukera hori separatismo “islamistaren” kontrako legeak ematen dio, gaur egun xedea desbideratu baita eta ezker muturreko taldeak desegiteko ere baliagarria baita, “bide-lerro errepublikanoak errespetatzen ez dituztenean”. Ikusita bide-lerro horiek zertan bihurtu diren –lelo macronistak ezin hobeki laburbiltzen ditu: “lana, ordena, garapena”–, gobernuarekiko kritiko agertzen den edozein talde dago arriskuan.
Frantziako Estatuaren eguneratze autoritarioa hainbesteraino iritsi da non Gobernuz Kanpoko hainbat Erakundek, Giza Eskubideen Europako Hitzarmenak nahiz Nazio Batuen Erakundeak behartuta ikusi duten euren burua gisa horretako bortizkeria maila baten aurrean asaldatu plantak egitera. Zehaztekoa da, gainera, 2024an Parisen eginen diren Joko Olinpikoen testuinguruan, gauzak ez direla hobetuko. Joko Olinpikoen aitzakiapean, jada, dronek edo kamerek hartutako irudiak baliatzeko algoritmoen erabilera baimentzen duen lege bat onartu dute.
Biraketa autoritarioaz hitz egiten dugunean, ezin dugu aipatu gabe utzi faxismoak errepresioa gauzatzeko eta legitimizatzeko bete duen zeregin osagarria. Alde batetik, manifestarien aurka taldexka neofaxistek egindako ekintza zuzenekin (hala nola, GUDen berrosaketa, Parisen poliziaren inolako presentziarik gabe izan zen manifestaldi neonazia), eta beste alde batetik, zentzu instituzionalizatuago batekin, ordena eta errepresioa ideologikoki justifikatuz. Okerrena da posible dela porrotak eragindako desilusio orokortuak Marine Le Penen alderdiari botererako ateak irekitzea (oroitaraz dezagun erretiroa 67 urterekin hartzearen alde direla).
II) Sozialdemokrazioaren rol kontrairaultzaileaz
Zati honetan azaldu beharko genuke nola sozialdemokraziak –Erreformaren Alderdia–, bere bi adierazpenetan, parlamentarioa eta sindikala, krisiaren aterabide estatistaren eta birbanaketaren bidezko proposamenei eusten dien. Bestalde, “mugimendu soziala” deitu ohi dena hegemonizatzeko duen gaitasuna –gaindituta dagoela eman dezakeen uneetan barne– ere azaldu beharko litzateke. Gainera, edozein estrategia ”mugimentistaren” egokitasuna kolokan jartzea ere bada helburuetako bat zati honetan, antolaketa proletario independente eta nahikoa indartsuen faltan, ongien antolatuta daudenei eta populistenak direnei mesede egiten bukatzen baitute; hots, sozialdemokraziari.
a) Sozialdemokraziaren hegal parlamentarioa
Hasteko, labur bada ere, sozialdemokrazia parlamentarioaren rola eta haren interbentzio gaitasuna zein errekuperazio korporatibista, erreformista eta alderdikoia aipatu behar genituzke. Mobilizazioetan bigarren mailako rola izan du, baina sindikatuekiko osagarria izan da.
Hitz gutxitan esanda, eta berria ez denez, sozialdemokraziaren taktika protestak babestea izan da, trukean bere jarduera parlamentariorako sostengu bat izateko, eta, azken buruan, hautesle-oinarri zabalago bat lortzeko. Protestak biziagotzen ziren aldiro, NUPESeko ordezkari bat saiatzen zen haserre hori berreskuratzen, krisiari aterabide instituzional bat proposatuz. Izan zentsura mozioa hasieran, iniziatiba partekatuko erreferenduma gero, edota Kontseilu Konstituzionalaren zentsurarako ustezko aukera azkenik. Proposamen horiek guztiak sintomatikoak dira politikari profesionalengan, Estatuaren erreprodukzioak baldintzatzen baitu euren buruaren erreprodukzioa.
Horrez gain, aipatu behar da, protestak etengabe Estatuaren instituzioen itzalpera eramateaz gain, ondokoa elikatu dutela: aldarriak birbanaketa-logika sinpleetara mugatzea; finantza kausa bezala seinalatzea, kapitalismoaren ondorio bezala beharrean, eta, horrenbestez subirautza berreskuratzea aldarrikatzea; bortizkeriari zilegitasuna kentzea haserrearen adierazpen modura, euren mesederako erabili ezin zutenean, eta, azkenik, ezinegona Macronen figuraren inguruan mantentzea, gutxiengo txiki bat baizik ordezkatzen ez duen ordezkaritza sistema osoa seinalatu beharrean. Urrezko saria zalantzarik gabe PCFri eman beharko zaio, idazkari orokorraren ahotik, susmoa baizik piztu ezin duten hitzak entzunik. Izan ere, mugetan kontrolak indartzeko beharraz hitz egin zuen lehenengo (miseriatik ihesi doazen immigranteak ere barne hartuz), eta proletalgoaren zatiketa lagundu eta eztabaida publikoa desbideratu zuen horrek. Horrez gain, mobilizazioetako Black Block direlakoak gaitzetsi ditu, horretarako 68ko Maiatzeko afixa bat erabilita.
b) Sozialdemokraziaren hegal sindikala
Sindikatuen zuzendaritzek modu intersindikalean batzeko egindako hautuaren ondorioez jardungo dugu hemen, baita bateratze horrek mobilizazioetan izan duen zeregin konkretuaz ere. Ez da, noski, esan nahi sindikatu guztiak maila berean erreformistak eta korporatibistak direnik; ez da ukatu nahi konfederazio sindikalen barruan federazio batzuk beste batzuk baino borrokalariagoak izan daitezkeenik (CGT edo SUD/Solidaires ditugu buruan), ez eta federazio horietan egiazko borondate iraultzailea duten militante sindikalistak daudenik ere.
Ez gara sindikalismoaz edo sindikalismoak, iraultzailea izateko, izan beharko lukeenaz ariko. Horretarako kritika integral bat egin beharko litzateke, kontuan hartuta gaur egungo ziklo ekonomikoaren determinazioak, sindikatuen ezintasuna kapitalismoaren berregituratzearen aurrean berritzeko, baita erreforma eta iraultzaren artean erreproduzitzen duten zatiketa ere. Hori guztia, kritika tradizional marxistan oinarrituta, sindikatuak lan-indarraren presioaren bitartekari bezala kokatzen dituena. Frantziako kasuan, Amienseko Gutunaren (Charte d’Amiens) indar ideologikoa gaineratu beharko litzateke, baita sindikalismo iraultzailearen esperientzia ere. Baina zeregin horrek testu honen asmoak gainditzen ditu.
Intersindikalaren barruan antolatutako sindikatu handiak aldi berean indarturik eta ahuldurik atera ziren protesten ziklotik. Indarturik, alde batetik, mugimendu sozialaren barruan nolabaiteko legitimitate bat berreskuratu dutelako –Jaka Horiekin galdu zutela zirudiena–. Hutsune bat bete zuten, euren deialdietan milioika pertsona elkartu ziren eta ongi antolaturiko blokeatzeak, grebak eta ekintza zuzenak egin zituzten. Ahulduak, beste aldetik, beste behin argi ikusi delako gerra osteko itun soziala, sindikatuak patronalaren eta Estatuaren aurrean bitartekari legitimo bezala onartzen zituena, agortu dela. Baina eredu hori bera da birproduzitzen saiatu direna, manifestaldiak politikoki berreskuratzeko eta negoziaketetan pisu handiagoa izateko saiakera alderdikoi batean. Zortearen ironia: negoziaketa-mahaira gonbidatu zituztenerako, erreforma jadanik onartuta zegoen.
Zentzu horretan ulertu behar da taktika, hain zuzen, mugimendua ahal bezainbeste baketzekoa izan dela. Greba eta mobilizazio egunak zatitu zituzten, kontrolpean mantendu ahal izateko, eta greba mugagabera deitzeko aukera ukatu zuten hasieratik. Sindikatuek nahiz Estatuko ordezkariek euren burua zoriontzen dute mobilizazioak istilurik gabe igarotzen direnean, edo, intersindikalaren hitzak ekarriz “baketsuak, festa-girokoak eta popularrak” direnean. Hala ere, eta alderantziz, kontua ez da, batzuek egin duten bezala, greba mugagabea mirarizko irtenbide bezala fetitxizatzea, edo pentsatzea greba mugagabera deitzea bakarrik nahikoa izango litzatekeela hura gertatzeko, gaur egungo afiliazio tasa eta proletalgoaren antolakuntza ahula ikusita batez ere. Martxoaren 7ko “Frantzia gelditu” operazioak ongi erakutsi digu hitzetatik ekintzetara dagoen tartea. Alabaina, argi da beharrezkoa dela protesta eredua birpentsatzea eta lapikoak azkar erortzen direla inpotentzian, botereak bere instituzio propioetako oposizioa ere jasaten ez duen garaian.
Euren mobilizazio guztiak agenda elektoralari lotuta egotea ere Estatuko instituzioetan guztiz integratuta dagoen eredu sindikal baten erakusle da. Hurrengo deialdia, ekainaren 6koa, esanguratsua da zentzu horretan, indargabetze posible baterako “aukera” ireki dezakeen testua Biltzar Nazionalean onartu baino lehen kokatua baitute justu.
Aldarriei dagokienez, intersindikalaren barruan antolatzeak berekin dakar batasuna gutxieneko izendatzaile komunaren bidez aurkitzea; kontsentsu zabalenaren bidez: erretiroa hartzeko adinaren atzeratzea. Kotizatu beharreko urteen ala karrera profesionalen luzeeraren gisako gai zentralak, adibidez, bazter gelditu dira ekuazioan. Problematikoa da aldarriak egiturazkoagoak diren auzietara zabaltzeko orduan ados jartzeko ezintasuna; hala nola lansari zuzen eta zeharkakoen auzira (adibidez zerbitzu publikoen desegitearen bidez), bizitzaren garestitzearekin alderatuta, alderantzizko bilakaera proportzionala izaten ari baitira. Baina are zailagoa dirudi, lansarien defentsan egindako borrokatik, saripeko lanaren aurkako borrokara pasatzea.
Kritika marxistak jakin du sindikatuen burokratizazioa eta oinarriarekiko banaketa seinalatzen, eta parlamentariek jarraitzen duten eredu berdina jarraitzen dutela erakusten; alegia, euren erreprodukzioa Kapitalarenarekin lotzea. Sindikatuen osaera organikoa problematizatzen ere jakin du marxismoak, ordezkaritza handiagoa den sektoreetan, langile aristokrazia nazionalaren presentzia nagusi dela azaleratuz. Kritika hori baliatu behar dugu erakusteko nola langile aristokraziaren nagusitasunak interes korporatibista eta nazionalak lehenesten dituen, langile klasearen interes unibertsalen gainetik; esaterako, ibilbide profesional gorabeheratsuak dituzten langile klaseko sektore apalenen, langile etorkinen edota langile klaseko emakumeen interesen gainetik. Erreformak bereziki eragiten zien horiei, baina aldarrietatik kanpo gelditu dira, sindikatuetan ez direlako ia ordezkatuak.
III) Alternatiba errealaren falta
Estatuaren deriba autoritarioak eskubide politikoak ezerezera murrizten dituen arren, Frantziako proletalgoa ez da etsipenean erori. Beste behin erakutsi ditu nolabaiteko erresistentzia gaitasuna, sormena borroka egiteko moduei dagokienez, eta, batez ere, berregituratze kapitalistaren objektu pasibo ez izateko borondatea. Mugimenduak aurrera egin ahala, borroka formen erradikalizazio soiletik harago, mugimendu sozialean ezkerren kokatzen diren sektoreen aldarriak ere eraldatu dira, erretreten erreformaren gaitzespenetik, miseria soilik dakarten politika neoliberal orokorren gaitzespenera igarota. Hori bereziki nabarmena izan zen 49.3 artikuluaren ezarpenak gazteria batu zuenean mugimendura, erretretek baino gehiago, autoritarismoaren gorakadak eta orokorrean etorkizunak kezkaturik. Hori baino lehenago ere izan zen agian. Litekeena da mugimendu sozialaren zati bat Erreformaren Alderdiaren norabide korporatibistak eramanda batu izana, kontzienteki eta borondatez baino, alternatiba hobe baten faltan. Protesta-olatu espontaneo horrek, sindikatuen deialdiekiko autonomia nahi horrek eta borroken ugaritze horrek, ordea, ez dute lortu klase estrategia baten baitan egituratzea, ez eta bitartekaritza politiko nahikoa indartsu bat eratzea, benetako mehatxu bat izateko eta, horrela, aldaketa erreal bati ekiteko. Eta kasu horretan beti gertatzen den bezala, bazterretako borrokek, nahi gabe ere, sozialdemokrazioaren interesen mesedera ez bada, etsipen moralean bukatu dute.
Mobilizazio ziklo horretatik atera beharreko irakaspen iraultzailea ez da berria: proletalgoak subjektu iraultzaile gisara eratu behar du eta horretarako bere instituzio propioak eratu behar ditu, Estatuarekiko eta alderdiekiko modu independentean; bereziki, sozialdemokraziarekiko. Antolakuntza independenteak independentzia ideologikoaren eskutik joan behar du. Independentzia ideologiko hori lotuta dago programa iraultzaile komunistaren berreskuratzearekin eta eraberritzearekin, eta oinarri horretatik egituratu behar da proletalgoaren taktika egoki bat eta indarren metaketarako estrategia bat, kapitalismoaren gaindipenari begira. Beste behin ere, independentzia ideologikoa sozialdemokraziaren eta bere intelektualen aurrean. Jakintsuak eman dezaketen arren, ez dira gai eraldaketa Estatu kapitalistaren kategoriatik at ez eta, sarri, ekonomia politikoaren kategorietatik at pentsatzeko; esaterako, diruaren edo lansariaren kategorietatik kanpo.
Egiaztapen horretatik abiatuta jarri behar dugu berriro mahai gainean estrategia iraultzaileari buruzko eztabaida, batez ere, proletalgoaren gaur egungo behar taktikoetara eta antolakuntza-beharretara egokituriko antolakuntza-eredu iraultzailea erdira eramanda; horretarako, aurreko ziklo iraultzaileko esperientzia historikoetako esperientzia onenak txertatuta eta programa komunista iraultzailea gaurkotzeko gaitasun erreala garatuta. Borroka ekonomiko eta politikoak artikulatzeko gai izango litzatekeen antolakuntza-eredu batez ariko ginateke, eta proletalgoaren internazionalismoak gidatuta, nazioartean sozialismoaren eraikuntza ortzi-mugatzat izango lukeena. Bestalde, eta lehen puntuarekin lotura dialektikoan, gerra ideologiko eta kulturalari bultzada eman behar zaio, komunismoa berriz ere hegemonikoa izan dadin proletalgoaren barnean; auto-heziketara bultzatuta eta teoria eta praktikaren arteko kanpokotasun-harremanik gabe. Nabarmendu behar dugu proletalgo horrek egunero ikusten duela nola ari den masifikatzen, eta ez soilik periferian. Gaur egungo koiunturan, hala da zentro inperialistan ere.
Garrantzitsua da honakoa zehaztea: langileriaz hitz egitea desjabetuen klaseari buruz hitz egitea da; alegia, jabetza bakar modura euren lan-indarra duten guztiei buruz, lan-indar hori eguneratzen den edo ez aparte utzita. Krisi kapitalistan gero eta gehiago sakondu ahala, gero eta zabalagoa den eta Estatuaren instituzioetan gero eta gutxiago integratzen den klase bati buruz hitz egitea da. Zapaldutako identitateetan zatitutako subjektu bat da eta aniztasun handi batek osatzen duena; eta programa komunistak batu behar duena. Ez berezitasunak ukatzen dituen programa baten baitan, berezitasun horiek osotasun kapitalistari eraso eginez integratzen jakingo duen proposamen baten baitan baizik. Zehaztu dezagun kontua ez dela proletalgo-kondizioa aldarrikatzea, horren gaindipena eta klase desjabetzea aldarrikatzea baizik. Horrek, aldi berean, aurkako klasearen desjabetzea eskatzen du; baina, bereziki, gizartea klasetan banatzen duen Kapitalaren logikaren gaindipena eskatzen du. Edo bestela esanda, gure bizien erreprodukzioa Kapitalaren erreprodukzioren eta, beraz, esplotazioren eskutik joatea eragiten duten forma sozialen gaindipena.
Metaketa-krisiak eta horrek eragindako berregituraketa kapitalistak ziklo iraultzaile berri bat irekitzen dute. Independentzia politikoari heldu eta estrategia iraultzailearen zein antolakuntza iraultzailearen eztabaidei ekiteko ordua dugu.
Erreferentziak
Julian, Ibai. Estatuaren bilakaera autoritarioa eta eskubide politikoen aldeko borroka