Azken hilabeteetan osasun-krisiak zentralitate mediatikoa galdu duen arren, lehen mailako arazo izaten jarraitzen du. Komunikabideen bitartez, aldian-aldian, osasun-krisiaren inguruko berriak jasotzen ditugu, eta argi erakusten digute egoerak okerrera besterik ez duela egiten. Zerbitzuen itxiera edo gripeagatik larrialdi-zerbitzuetan urtero izaten den saturazioa ohiko berriak dira jada, eta horri osasun-sektoreko lan-gatazkak gehitu behar zaizkio, Esparru Estatutuaren aldaketari lotuta. Lege horrek arautzen ditu estatutu-langileen lan-harremanak 2003tik. Dena den, lan-gatazka hori agertzen den modua ezingo genuke ondo ulertu, osasun-krisi egoera kontuan hartu gabe.
Abenduaren 9tik 12ra Estatutu Mediko propio baten alde Espainiako Estatuan deitutako medikuen grebari deialdi berri bat gehitu zitzaion abenduaren 8an, Esparru Estatutuaren negoziazio-mahaian dauden FSS-CCOO, SATSE-FSES, UGT, CSIF eta CIG-Saúde sindikatuen partetik.
Aldarrikapen horiek (haien artean ezberdinak, tarteka kontrajarriak ere bai) agerian uzten dute, alde batetik, osasun-langileek erreforma horren edukiaren eta berau aplikatzeko formaren aurka duten jarrera. Osasun-krisia gainditu gabe, gehiago erantzuten dio Espainiako Gobernuaren trikimailu bati; krisi kapitalistaren aurrean, desegitea eta osasungintzaren kolapsoa makilatzeko eta zerbitzuak berregituratzeko, osasun-alorreko lan-baldintzak okertuz. Bestalde, osasun-alorreko langileen arteko haserrearen eta gogaimenaren seinale ere badira, urteak baitira osasun-arretaren etengabeko okertzea jasaten dutela, egoera hobetzeko inolako zantzurik gabe. Greba horiekiko iritziaz gaindi (Maria Fuentesek aldarrikapenen eta horien potentzialaren harira idatzitako artikuluak gomendatzen dizkizuet, Osasun estamentuen arteko gerrari ez eta Norantz doa medikuen greba? adibidez), ezin da ukatu badirela hainbat erantzun langileek zein pazienteek jasaten dituzten osasun publikoaren etengabeko desegitearen eta horren ondorioen aurrean.
Bost urteren buruan, balkoietako txalo zaparradetatik erabateko isiltasunera pasatu gara, administrazioak osasun-krisia kudeatu, edo are, makilatzeko aurrera eraman dituen mugimendu legegileen aurrean. Pandemia eta bere kudeaketa penagarriak agerian utzi zuten osasun-langileek eta erabiltzailerik ohikoenek jada ezaguna zuten errealitatea: osasun-sistema aurrekaririk gabeko krisi-egoeran dago. Zalaparta horren ondorioz, azken urteetan, osasun-krisia agenda eta eztabaida politikoen erdigunean kokatu da. Esaterako, EAEko azken hauteskundeak (2024) Osakidetzako krisiaren eta osasun-ereduaren kudeaketaren bueltan egin zituzten. Kezka sozial hori, baina, krisi kapitalistaren ondorio latzen aurkako mobilizazio sozialen bektore garrantzitsu bat izan ordez, instituzioek xurgatu dute. Horren adibide dira EAEko Osasun Ituna eta Nafarroako Osasunari buruzko Foru Lege aurreproiektua. Ingeniaritza politikoko mugimendu horien bidez, krisi sanitarioari bake sozial nabarmen batekin aurre egitea lortu dute. Neurri horiek osasun-eredu kapitalistaren arazoak benetan konpontzeko duten ezintasuna agerian jartzen saiatuko naiz artikulu honetan.
Sistema kapitalistaren pean osasuna metaketaren logikaren baitakoa da. Osasun-sistema kapitalistak, irabazien gorabeherek guztiz baldintzatuta, egiturazko kolapsorantz egiten du, eta batez ere osasun-sistema publikoak. Izan ere, egituraz defizitarioak diren eta zorrak gobernatzen dituen estatuen lehentasuna ez da langile-klaseari osasun-zerbitzu azkar eta kalitatezkoa ematea. Osasun-zerbitzuetarako sarbidea norbanako bakoitzaren klase-posizioak determinatzen du. Hala, osasun-sistema kapitalistak bi forma nagusi hartzen ditu: medikuntza pribatua, burgesiarentzat eta erdi-mailako klaseko goi-geruzetarako, eta osasun publikoa, langile-klasearen gehiengoarentzako, kostu txiki posibleenean lan-indarraren erreprodukzioa helburu duena. Bi eredu horien kudeaketari dagokionez, osasun-sistema pribatua enpresa pribatuek zuzentzen dute; eta osasun publikoa, aldiz, estatu kapitalistak eta enpresa pribatuek kudeatzen dute, egungo kolaborazio publiko-pribatu ereduaren bitartez. Gainera, osasuna kapital-metaketarentzako merkatu izugarria da; industria farmazeutikoa, aseguru-etxeak edo teknologia medikoko enpresak Espainiako Eestatuko BPGaren %11,28 osatzen dute, adibidez.
Egun, gainera, metaketa kapitalistaren krisi baten aurrean gaude, eta, horren ondorioz, egitura politiko zein sozialaren berregituratze bat izaten ari da, tartean, osasun-sistemarena. Europan, osasun publikoaren oinarriak ezarri zituzten Ongizate Estatuak arrakalatzen ari dira, europar estatuak zor publikoan hondoratuta dauden testuinguru batean. Horrez gain, Europak bloke inperialista gisa garrantzia galdu izanak eta ezegonkortasun geopolitikoak bizkortu egiten dute estatuek berregituratzeko duten premia.
Horren guztiaren ondorioa estatuen autonomia politiko errealaren galera da, eta oligarkiak bere agenda zuzendu ahal izateko darabiltzan mekanismo instituzionalekiko menpekotasunaren areagotzea. Aurreikusgarria da, beraz, gure sektorean, jada izaten ari diren desartikulatze sanitarioaren ondorioak are gehiago okertzea, estatu-gastu ez-produktiboak beheranzko joera izango baitu erlatiboki. Horren aurrean, instituzioek klase proletario geroz eta ugariagoari zuzendua egongo den osasun-sistema are prekarioago baterako trantsizioa burutzen saiatuko dira. Trantsizio hori lehen fase batean dago, eta bertan, hainbat administraziok oinarri juridiko aproposa landu behar dute aipatutako aldaketa eta neurriak aurrera eraman ahal izateko.
Osasun-krisiaren elementu zentrala: langile falta
Testuinguru horretan, osasun-krisia ezaugarritzen duen elementu nagusia baliabide falta da, zehazki, langile falta. Egoera hori bereziki esanguratsua da medikuen kasuan; nahiz eta gainerako estamentuetan (erizainen eta erizaintzako laguntzaileen artean) ere ikusten den. Arazo horrek bi alderdi ditu. Batetik, osasun-langile falta egiturazkoa da, gizartearen osasun-beharrak artatzeko ezgai dena, eta era orokortuan Europako estatuei eragiten diena. Bestetik, instituzio publikoen maniobra administratiboak ditugu, horien helburua baita langile gabeziari aurre egitea osasungintza kapitalistaren oinarriak arrakalatu gabe. Horretarako lehen pausoa osasunaren desegitea makilatzea helburu duen oinarri juridiko bat jartzea da. Zentzu horretan ulertu behar ditugu EAEko Osasun Ituna eta Nafarroako Osasunari buruzko Foru Lege aurreproiektua.
Lehen begirada batean kontraesankorrak diruditen baina elkar elikatzen duten bi prozesu garatzeko oinarri legalak dira erreforma horiek. Batetik, baliabideen zentralizazioa dago. Horrek baliabide ez-nahikoak era zentralizatuan kudeatzea ahalbidetuko dio administrazioari. Bestetik, lan-baldintzen malgutasuna dago, baliabide gabeko eremuetako eta sektoreetako arreta bermatzeko langileon mugikortasuna oinarrian daukana. Izan ere, kontratazio-politikek jada kontratupeko langileen lana malgutzea eta, kontratuak egitean, erabateko mugikortasunean oinarritutako kontratuak eskaintzea lehenesten dute. Horren adibide argia da hainbat ospitaletako erizaintza-unitateetan erizain gehiengoak pool-ekoak izatea (ez dute lantoki finkorik, eta unean-uneko langile faltak eragindako beharrak asetzeko etengabeko lekualdaketa batean daude). Bi neurri horiek ahalbidetzeko, litekeena da harresi burokratikoak ezabatzea eta osasun-departamentuari baliabide kudeaketarako autonomia ematea. Nafarroan, esaterako, eredu "publiko enpresarial" bat inposatu nahi izan dute langile berriei funtzionario estatusa kentzeko asmoz, osasun-sistema publikoan zenbait berme eta eskubide ezabatuz. Nahiz eta presioagatik titulartasun horri uko egin behar izan dioten, neurri horiek modu eraginkorrean aplikatu ahal izateko formula bila jarraitzen du Nafarroako Gobernuak.
Horrek guztiak osasun-arretaren kalitatearen galera eta langilegoaren lan-baldintzen okertze nabarmena dakartza. Ikusten ari garen moduan, langile faltak eragindako baliabideen zentralizazioak zerbitzuen itxiera dakar, administrazioaren arreta faltagatik gehien kolpatutako zenbait eremu baliabiderik gabe utziz, adibidez landa-eremua edo eremu periferiko-proletarioak. Osasun-langileak beste eremu batzuetara lekualdatzen dituzte, eta postu horiek bete gabe utziz, zerbitzu horien funtzionamendua galarazten da. Urriaren 25ean jakin genuen, Lehen Arretako mediku faltagatik, Nafarroako hainbat Landa-eremutako Larrialdi Zerbitzu ixtea planteatzen ari zirela, milaka pertsona gertuko larrialdi-zerbitzurik gabe utziz. Ezin aipatu gabe utzi zenbait Etengabeko Arreta Guneren (EAG) itxiera edo birmoldaketa, edo eskualdeko ospitaleen desegitea. Espezialista ospitalarioen falta dago horietan, eta horren adibide dira Bidasoako Ospitaleko larrialdi pediatrikoen itxiera eta urologo falta, edo Lizarrako Ospitaleko ginekologo falta. Hala ere, zerbitzuen itxiera hori erakundeek osasungintzaren desegitea apaintzeko martxan jarritako trikimailuen biktima ere bada. Gasteizko San Martingo EAGetan gertatutakoa horren adibide garbia da. Litekeena da EAGak berregituratzea, itxuraz funtzionatzen jarraitu dezaten, baina baliabide mugatuekin, erizainek medikuak ordezkatuz esaterako.
Horrez gain, posible da, batez ere Lehen Arretan, Europako zeinbait herrialdetan jada aplikatzen den baliabideen auto-erregulazio baterantz jotzea. Horrela, zentroek beraiek kudeatuko lituzkete beren aurrekontuak. Ingeniaritza politikoko mekanismo horrek, era berean, ardura estatutik entitate txikiagoetara (osasun-zentroak) tokialdatzea ahalbidetzen du, auzi laboralen edo zerbitzuetako gatazken aurrean, borrokak eskala handiagoan antolatzeko aukerak ezgaituz.
Pentsa genezake lan-kargaren igoerak, osasun-sistemaren gainbeherarekin batera, sektore barruan lan-gatazka handiagotzea ekar lezakeela. Horren aurrean, administrazioak martxan jarritako zenbait kontra-joerak osasun-langileen arteko estratifikazioa handiagotzea dute helburu, banaketa sustatuta, klase-batasunaren baitan egituratutako erantzun bat oztopatzen baitute. Osasunbideko 11 medikuren soldata bateratuek 2,5 milioi euro osatzen dutela zioen berria oso esanguratsua izan zen zentzu horretan. Arazoa, baina, askoz ere sakonagoa da. Osasun-langile ugarik (ia gehiengoa, medikuak) aparteko eran ordaintzen diren "peoi-orduak" deritzenak egiten dituzte, horien helburua itxaron-zerrendak murriztea baita. Antolaketa horrekin, sektorean hoberen ordaindutako geruzek osatutako koltxoi politiko bat sortzen ari dira, eta, horri esker, planeatzen ari diren biraketa kulturala, hots, osasungintzaren narriadura progresibo baten normalizazioa, aparteko zalapartarik sortu gabe gauzatzea ahalbidetzen da.
Erreformak eta alderdi politikoak osasun-krisiaren aurrean
Ikusi izan dugun moduan, parlamentuko urkila desberdinetako alderdi politikoak lege itxurako iruzur anitzetan parte hartzen ari dira, osasun-krisia konpontzeko ustezko gogoa antzezten. Keinu horiekin, ordea, benetan egiten ari direna zera da: zenbait egokitzapen egiteko baldintzak errazten dituzte, egungo arazoa konpontzetik urrun, osasun publikoaren okertzea normalizatzeko oinarriak ezarriz.
Osasungintzaren egoera lehen mailako arazoa zen EAJrentzat eta PSE-EErentzat EAEn, eta ezegonkortasun politikoko egoeran izandako baldarkeria diskursiboaz gaindi, bi alderdiek erakutsi zuten ordena-alderdiak direla, langile-klasearen kalterako eraldaketa politiko esanguratsuak aurrera eramateko gaitasunarekin. Zentzu horretan, EAEko Osasun Ituna EAJren maniobra politiko inteligentea izan da: Osakidetzako hondamendiaren arduradun nagusia dela lausotzea ahalbidetu dio, eta sor zitekeen mobilizazio-olatua apaldu du. Bere erretorikaren bitartez, EAJk "herri-akordio" baten eszenatokia sortzea lortu du.
Hauteskundeak aurrekoetan baino alde txikiagoarekin irabaztea lortu ostean, eta osasungintza-krisi betean, irudi aldaketa baten alde egin zuen: Gotzone Sagardui kendu eta Alberto Martinez izendatu zuen Osasun Kontseilari, oihartzun mediatiko nabarmena emanez. Horrekin batera, Osasun Itunerako deia egin zuen, fokua arazoetatik kenduz eta, horren ordez, "konponbideetan" jarriz. EAJren apustu horrek, EH Bilduren laguntza ordainezinarekin batera, aukera eman dio EAJri ekimen politikoa (itunari buruzko mahai-inguruan parte nork har zezakeen erabakiz eta OPAk, osasungintza publikoaren aldeko eragile nagusiak, kanpoan utziz) zein diskurtsiboa (epeak eta hedabideetako lerroburuak zehaztuz) berreskuratzeko. Horrela, Osakidetzaren ustezko egiturazko aldaketak hitzemanez, osasungintzaren desegituratzearen aurkako mugimenduetan parte har zezakeen populazioaren geruza handi baten haserrea instituzionalizatzea lortu dute. Baina, batez ere, Osakidetzako berregituraketa martxan jartzeko balio izan du denak, lehen definitzen genituen ezaugarriak bete ditzan: baliabideen eskasia ohiko egoera modura normalizatzea, eta osasungintza pobretu eta ez-nahikoa bideragarri egiteko erreformak abiatzea.
Beste alde batetik sozialdemokrazia daukagu. Bere aldarrikapen nagusia osasungintza publikoa da, baina ez du osasungintza kapitalista eredu sozialista batera eraldatzea planteatu ere egiten. Sozialdemokrazia ez da gai langile-klasearen osasun-beharrei erantzuteko, ez eta osasun-krisiari aurre egiteko ere, kausak ez baitira kudeaketa-arazo batera mugatzen. Sozialdemokraziak osasun publikoaren (errealitatean, osasungintza kapitalistaren kudeaketa publiko-pribatuaren) elementutzat dituen unibertsaltasuna eta kalitatea lortzea ezinezkoa da langilegoaren kontura burgesek irabaziak ateratzean oinarritutako klase-gizarte batean. Iruditeria kolektiboan oraindik ere osasungintza publikoa unibertsala eta kalitatezkoa izateak (egiari zor, inoiz ez da halakoa izan) Europan kapitalismoaren irabazien goranzko aro zehatz bati erantzuten dio, jada existitzen ez diren lehiakortasun industrial eta estatuen garrantzia inperialistan oinarrituta. Gaur-gaurkoz, zor publikoan hondoratutako estatu batekin, sozialdemokrazia, formetan erradikaltasun-itxura hartu arren, guztiz ezgai da ongizate-estatuaren endekapenari aurre egiteko, osasun publikoaren gainbehera barne.
Gainera, ezgaitasun hori ez da soilik egiturazkoa: eraldaketa sakon baterako borondate faltagatik ere bada. Izan ere, "gobernuko alderdia" izatea lehenesten du sozialdemokraziak, kapitalisten irabaziei eragingo dien erabaki politikoak hartzeko inolako asmorik gabe. Alderdi sozialdemokratek klase-geruza zehatz baten, hots, erdi mailako-klasearen interesei erantzuten diete, eta, beraz, irabazi kapitalistak kaltetu ditzaketen borrokak (marjina instituzional estuan bada ere) saihestuko dituzte, euren klase-posizioa arriskuan jartzea baitakar horrek. Hala erakutsi dute, oposiziotik pribatizazioaren aurka egin baina, gobernatzean, aurreko aldarrikapenei erantzuteko inolako politikarik ez egiteaz gain, murrizketa eta berregituratze politiketan sakondu dutenean, eta pribatu-publiko lankidetza ereduan are gehiago sakondu dutenean. Halaxe ikusi dugu Nafarroan, non "aldaketaren gobernuan" hamar urte eman arren, datuek honako tesia baieztatzen duten: zentro pribatuekin (CUN, San Juan De Dios klinika, Medics) egindako kontzertuak 61 milioi eurotik 100 milioi eurora igaro ziren 2014tik 2024ra bitartean. Ikerketa-alorrean ere baliabide-jario bat izaten ari da izaera publiko-pribatuko zenbait erakundetara, IdiSNA eta CIMA kasu. Sozialdemokraziari alor publikoaren defentsan ahoa betetzen zaion arren, daukagun egoeraren aurrean, langile-klasearen osasun-sistemarako sarbidea bermatzeko benetako soluzioa irabazi kapitalisten aurka joatea da, existitzen den osasun-baliabide oro sozializatuz. Politika kapitalistan, ordea, jaten ematen dizun esku horri kosk egitea beti izan da lerro gorri bat, eta orain ere bada. Bien bitartean, OPUS nahi bezala dabil gure herrian.
Ondorioak
Osasungintzaren krisia baliabide gabeziak ezaugarritzen duen testuinguru honetan, lehentasunezko eginbeharra izan beharko litzateke eskuragarri dagon baliabide oro herritarrentzako osasungintza unibertsal eta irisgarri batera bideratzea. Aldiz, langile-klasearentzako geroz eta osasun-arreta eskasagoa normalizatzeko erreforma juridiko zein kulturalen aldeko hautua egin dute alderdi politikoek.
Hortaz, premiazkoa da osasungintzaren krisiaren aurrean era egokian esku hartzea. Osasuna langileriaren kezka nagusienetako bat da, eta horren aldeko eskaria izan behar da berriz ere berau borrokan jarriko duena, osasungintza langile-klasearen kontura negozioa egiteko baliatzen duten horien aurka. Langile-klasea da osasun-sistema era sakonean erreformatzeko interes erreala duen bakarra, unibertsala eta kalitatezkoa izango den osasun-sistema izateko interesa duena, zeina ezinezkoa baita kapitalisten irabaziak desjabetu gabe. Borondate hori sozialdemokraziaren promesa faltsuetan ez erortzeko berme bakarra da langile-klasearen independentzia politikoa. Sozialdemokrazia, izan ere, ez da gai osasun-sistemaren eraldaketa erreal bat aurrera eramateko, baina oraindik ere bada gai aldarrikapen zilegiak eta beharrezkoak langile-klasean frustrazioa zein inpotentzia eragiten dituzten politika alderdikoien eta ez-eraginkorren baitan biltzeko, errealitatean kapitalaren modernizazioari guztiz funtzionalak zaizkion bitartean.