AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
2020/02/06

Versión en castellano

Astebete igaro da pasa den osteguneko greba orokorretik, eta artikulu honetan grebaren analisiari ekarpen xume bat egiteko asmoz arituko naiz. Izan ere, grebaren inguruan polemika ugari egon dira, eremu politiko ezberdinetatik abiatu direnak eta askotariko zergatiei erantzun diotenak. Nire aldetik, Gazte Koordinadora Sozialistak grebaren inguruan garatutako balorazioan sakontzen ahaleginduko naiz, uste baitut garrantzia handiko zenbait puntu jorratzen dituela. Ikuspuntu pertsonal batetik elementu horietan sakontzeko saiakera izango da nire iruzkina.

Bide batez, Eneko Compains Sortuko kideari erantzun modura ere irakurri daiteke honako testua. Izan ere, Compainsen ardura bilakatu da Euskal Herrian abian den mugimendu komunista eta proletarioa “komunismo arduratsuz” mozorrotuta borrokatzea, eta greba orokorreko GKSren irakurketari erantzun dio oraingoan. Erantzuna twitter bidez eman du, jakitun izanda horrelako espazioak ezin hobeak direla iritzi bizkorrak eta hausnarketarik eskatzen ez dutenak zabaltzeko. Esan beharrik ez dago ere komunismoak eta populismoak ez daukatela zerikusirik, eta Sortu eta Compains bigarrenaren parte direla. Eneko Compainsen argudioak herritarren zentzu komuna erreproduzitzean oinarritzen dira, etekin politikoa biltzeko helburuarekin. Bestela esanda, GKSren irakurketek harridura eta samina sortzen duten bitartean – posizio aldaketak eragiten baitituzte, eta norberaren ikuspuntua aldatzeak inplikazio praktikoak, pertsonalak eta emozionalak ditu –, Compainsen argumentuek auto-konplazentzia eta gogobetetasuna eragiten diote interpelatutako irakurleari. Komuniston ardura da agerian ez dauden elementuak argitara ateratzea, zentzu komuna behin eta berriz ezbaian jartzea eta kritikarako elementuak betiereko bilakatzea. Beraz, heziketa politikoaren –beste modu batera esanda, norbanako ereduaren edo modelo militantearen – nolakotasunaren inguruko talka nabarmena existitzen da Sorturen eta komunismoaren artean.

GREBAREN TESTUINGURU EKONOMIKO ETA POLITIKOA

Grebaren deitzaile ofizialek mahai-gaineratutako aldarrikapenek “Ongizate Estatuaren” programa klasikoan dute bere oinarria. Euskal Herriko ezkerreko mugimenduetatik Europan garatzen ari diren dinamika politiko aurrerakoiei begiratzen zaie, gurean garatu daitezkeen eredu sozioekonomikoak topatu asmotan. Europako ezkerreko mugimendu entzutetsuenen artean oinarrizko adostasun bat existitzen da ordea: II. Mundu Gerra osteko paktu sozialaren oinarriak berregin behar dira, eta beraz, imitatu beharreko ereduak mendebaldeko demokraziak dira, sozialismo errealaren esperientziatik irakaspenak atera beharrean. Hala ere, mendebaldeko demokrazietan Ongizate Estatua “berpizteko” abagune gero eta txikiagoa existitzen dela frogatu da azken hamarkadetan, eta testuinguru honetan ideologia zein estrategia nazionalistak lehen lerrora mugitzen dira. Ekoizpen eredu kapitalistaren bitartez ez dagoenez mundu osoko biztanleriaren oinarrizko beharrizanak asebetetzeko adina errekurtso eta baliabide ekonomikorik, lurralde jakin bateko herritarren ongizatea lehenesten dute ertain klaseko mugimenduek, herrialde ezberdinetako langileen arteko lehia eraginez eta zentro-periferia ardatz inperialista ontzat emanda. Hauxe izan da XX. mendetik jaso dugun oinordekotza sozialdemokrata, zeinak azken hamarkadako krisialdi ekonomikoaren eraginez eta iruditegi politiko komunistaren faltan, ezkerreko mugimenduak nazio-estatuen barneko joko-zelaian giltzapetu eta inpotentziara kondenatu dituen. Aipatu berri dudan antolakuntza mugak onartzen dituzte gure herriko sindikatu eta mugimendu politiko ezkertiar eta aurrerakoiek, izan euskal nazionalistak, espainolistak zein afrantsesatuak. Nazio-estatuetara mugatutako ekinbide politikoak ideologia nazionalista eta identitarioen bitartez sostengatzen dira, eta hauei, egun, kontzeptu liberal-demokratak elkar-lotzen zaizkie;  “lan duina”, giza eskubideen aldarrikapenak eta antzerakoak. Honenbestez, gizarte burgesaren oinarriak kolokan jarri gabe eta hauekiko osagarriak diren kontzeptuak erabiliz hezurmamitzen da erdi mailako klasearen diskurtsoa eta praktika politikoa.

DEIALDI OFIZIALAREN HELBURUAK

Dudan ikuspuntu orokorra honako hau da: grebaren deialdi ofizialak erdi mailako klasearen programa politiko eta ekonomikoaren adierazpen politiko-sindikal zehatz baten ikasturteko plangintzari erantzun diola, Euskal Herriko ertain klasearen adar euskal-nazionalistaren premia taktikoei, hain zuzen ere. Urtarrilaren 30eko greba indar erakustaldi bat izatea bilatu dute deitzaileek, deialdi ofizialeko eragileen aurkari politikoen kontra erabiltzeko asmoarekin eta Euskal Herriko agenda politiko orokorraren gidaritza eskuratzeko helburuarekin. Beste alde batetik, ELA eta LABen arteko harremana sendotzea ere grebaren helburuen artean zegoen, azken boladan sindikatuen artean jazo diren tentsioak baretzera begira. Aipaturiko helburuak erdiesteko, grebako deitzaile ofizialek eskura dituzten indar-guneak erabili dituzte: afiliatu kopurua eta mobilizazio gaitasuna. Greba deialdi hau, beraz, askotariko mugimendu politiko eta sindikalekin lehian gauzatu da: EAJ eta Elkarrekin Podemos eremu elektoralean, batez ere EH Bildu indartzera begira, CCOO/UGT esparru sindikal orokorrean eta Ezker Abertzale Ofizialistaren ezkerrera aurkitzen diren mugimenduak mobilizazio sozialari eta hegemonia militanteari dagokionean.

Grebaren jarraipenaren datuei erreparatzen badiegu, ikus dezakegu nola euskal-nazionalismo demokrata eta aurrerakoia indartsu dagoen eremu geografikoan grebaren jarraipena handia izan dela. Kontrara, ELA eta LABen afiliazioa txikia den lekuetan grebaren jarraipena baxua izan da orokorrean. Bestalde, sindikatuetan izena emanda duten lanpostu finkodun langileak, profil aurrerakoia duten funtzionarioak – irakasleak, hainbat administrazioetako langileak etab. –, komertzio txikia – eremu nazionalistan behintzat – eta bestelako lan-eremu sasi-aurrerakoiak – kooperatibistak, adibidez – izan dira gehienbat grebari atxikimendua eman dioten langile-prototipoak. Proletalgoa greba egiteko zailtasunen aurrean aurkitu da, eta ziurgabetasun laborala pairatzen duten langileen artean grebaren jarraipena txikia izan da. Honenbestez, greba egiteko zailtasun gutxienak dituzten sektoreak mobilizatu dira oro har, eta beste behin ere, proletalgoaren zatirik handiena jokoz kanpo utzi dute.

Apunte modura, proletalgoaren inguruan dugun erabilera bikoitza da: estrukturala eta politikoa. Definizio estrukturalak ekoizpen eremuko posizioari erantzuten dio, langileriaren estratu xumeenei erreferentzia eginez. Langileria xumeaz ere hitz egin dugu sarritan, proletalgoaren definizio estrukturalaren sinonimo bezala. Adiera politikoan, proletalgoaren interes historikoez mintzo gara, komunismoaren parekide modura. Marxek argi utzi zuen bezala, ez dago komunismorako aukerarik proletalgorik gabe.

BUROKRAZIA ETA GREBAREN DEIALDIA

Deialdiaren antolaketari dagokionez, greba komiteak osatu ziren herri eta auzoetan, greba baino hilabete lehenago jarri zirenak martxan, gutxi gorabehera. Euskal Herrian osatu ziren komite bakoitzean aurrera eraman zen jardunaren ezagutza osoa izan gabe, oro har esan dezaket sindikatuen kontrolpean garatutako dinamikak izan zirela. Pentsamendu estrategikoa elikatzeko, ikuspuntu kontrajarriak aurrez aurre eztabaidatzeko eta klase kontzientzia hezurmamitzeko espazioak izan beharrean grebako deialdiaren propaganda egitera mugatu ziren komiteak. Horretaz gain, lantokietan greba deialdiaren zabalpena sindikatuen kontrolpean burutu zen – komiteetan puntu hau eztabaidatzeko aukerarik eskaini gabe –, eta kasu askotan grebaren berri azken momentuan eman zitzaien langileei, mobilizazio deialdiak barne. Gainera, langileriaren zati handi batek ez zituen greba egiteko arrazoiak ezagutzen. Honen arrazoia, greba aldarrikapen abstraktuen arabera eta interes alderdikoei erantzunez deitu izana dela uste dut.

Dena dela, GREBA OROKORRA deitu zuten urtarrilaren 30ean, eta honekin langileria osoa eta bere baitan antolatzen garen mugimendu oro interpelatzen gintuzten zuzenean. Bloke propioak ezeztatzeko argudio eta aitzakien faltan, grebaren deitzaileek hiriburuetako manifestazio nagusietan deialdi berezituak onartu behar izan zituzten, diskurtso eta jarduera partikularrekin. Deitzaile ofizialek “batzea den guztiak ekarpena egiten du” zioen mezua helarazi zieten bloke proletarioetako arduradunei grebaren aurretik, eta mobilizazio egunean manifestazio “ofiziala” eta bloke proletarioa banatzen zituen kordoiak osatu zituzten, Donostian eta Iruñean. Grebaren deitzaileek mobilizazioetatik komeni zitzaien argazkia ateratzeko asmo irmoa zuten eta horretarako ñabardura txikienak ere koordinatuta, kontrolatuta eta aurreikusita egon behar zuen.

Parte hartzearen, aniztasunaren eta antzerako estalduren atzean dinamika autoritarioak eta burokratak ezkutatu zituzten grebaren antolakuntzan. Parentesi modura, okerra deritzot burokratak eta liberatuak sinonimo bezala tratatzeko dugun ohiturari. Izan ere, liberatu izate hutsak ez zaitu bat-batean burokrata egiten, eta aldiz, burokrata asko ez dira inongo antolakundeen partetik liberatuak. Lehengora itzuliz, deialdi ofizialak parte-hartze kuota zabalak antzeztu nahi izan zituen, errealitatean sindikatuen arteko azpikeriak eta kontrolatzen ez dituzten mugimenduekiko bazterketa eta seinalamendua sustatu zirenean. Uste dut parte hartze erreala ahal bezainbeste langile grebaren antolaketaren parte izatea dela, eta horretarako, grebaren egitaraua eta dinamika orokorra langileriaren sektore zabalekin batera zehaztu behar litzatekeela. Kontrara, edukia aurretik ekoitzi ostean langileria argazki jendetsuak ateratzera deitzea eta norbere buruari zilegitasuna emateko mobilizatzeak ez dauka parte hartzearekin zerikusirik. Kontu hauetan ez dago aitzakiarik, eta ez du balio langileriaren inkontzientziari, pasibotasunari eta despolitizazioari errua botatzea.

MOBILIZAZIO EREDUA ETA ZERGATIAK

Urtarrilaren 30eko greban gainbalioaren ekoizpena ez zegoen jo puntuan, eta horren froga da enpresa handi gehienek normaltasunez burutu zutela euren jarduna. Merkantzien ekoizpena eta zirkulazioa arazorik gabe errealizatu izana problematikoa da grebaren efizientziaren ikuspuntutik; izan ere, burgesiak ez du kalte ekonomikorik jasaten eta proletalgoak greba egiteko dituen aukerak zailtzen ditu. Haatik, zenbait lekutan piketeak kale-bira bihurtu ziren, saltokiak zabalik zituzten merkatari txikiekin zein enpresa lokalekin konfrontazioa ekidinda. “1 vs. 99” eta “herria vs. oligarkia” eskemei jarraituta, multinazionalak, banketxeak eta korporazio internazionalen jarduna salatu zen, maila lokaleko enpresari zein merkatari esplotatzaileekiko guztiz bestelako trataera erakutsi ostean. Ondorioz, ekoizpena geldiarazteko ekintzak – piketeak eta sabotajeak – burutu beharrean manifestazioek hartu zuten garrantzia, bake-zaletasuna nagusi izanda. 

Ernaik eta LAB sindikatuak, oro har, irudi erradikala erakutsi nahi izan zuten, baina oraingoan ere asmoak eta itxurak kontraesanean sartu ziren ikuspuntu iraultzailea ardazteko dituzten egiturazko kontraesanekin. Gaur-gaurkoz, Ernaik erradikaltasuna erakutsi behar izatearen arrazoi nagusia mugimendu sozialista gaztearen existentzian aurkitzen dugu. Erradikaltasun errealaren mugak EH Bilduren estrategiara azpiratuta egoteak ezartzen dizkio Ernairi, baina GKSrekin eta IArekin lehiatzeko ardura dutenez beharrezkoa zaie erradikaltasuna antzeztea, beste zenbait konturen artean bizi baldintza proletarizatuak dituzten euren militanteak iraultza sozialistaren alde lerratu ez daitezen. 

ILDO SOZIALISTAREN PAPERA GREBAN

Ildo Sozialistaren aldetik, gure aurreikuspenetatik kanpo zegoen jazoera bati erantzun genion, greba orokorrera batzeko hautua eginaz eta eskura genituen indarrak proletalgoarentzat greba posible egitera bideratuz. Jakitun gara gure jarduerak gaur-gaurkoz muga nabariak dituela masa lan lerroei erantzuterako orduan, eta horregatik ebatzi genuen grebaren alde egin genezakeen lan eraginkorrena ditugun indarrak batzea zela. Ikastetxe eta herri zein lantokietan piketeei laguntza eman genien edo gureak propioak burutu genituen – kasuaren arabera – eta maila lokaleko zenbait mobilizazioetara eta hiriburuetarako mobilizazio nagusietara langile batasunaren aldeko aldarria eraman genuen, ekimen gehiagoren artean. 

Uste dut tranpatia dela – Eneko Compainsek egin duen modura – Euskal Herriko sindikatu nagusien eta jaio berria den mugimendu baten arteko konparaketa egitea, indar berdinen arteko talkaren existentzia simulatuz eta mobilizazio ahalmen parekidea dugula iradokiz. Nire iritziz, konparatu beharreko elementuak guztiz bestelakoak dira: greba egunean garaturiko ekintzen asmoak, zentzu estrategikoa eta efektibotasuna neurtu beharko genituzkeela uste dut. Gainera, greba deitzeko iniziatiba hartu zuten eragileek deialdira beranduago batu zirenekin alderatuta ardura bikoitza dute greba orokorraren emaitzekiko. Ezin dugu ahaztu langile klasearen bizi baldintzen aldeko borrokaren inguruan ari garela, ez alderdi zein mugimendu partikularren arrakastaz. 

ONDORIOAK

Testuan zehar esandakoak ondorengo puntuetan laburbiltzen saiatuko naiz:

  • Deialdi ofiziala puntu eta komekin ez jarraitzea ez da langile klasearen barnean zatiketa bultzatzearen baliokidea. Ikuspuntu honek ondorengoa aurre-suposatzen du: grebaren deitzaileen – Eskubide Sozialen Karta – programa eta planteamendua estrategia proletario bat hezurmamitzeko bide zuzena direla. Aitzitik, langile batasunaren aldarria langile guztientzako aukera eta baldintza estrategiko berdinen kontsignari lotuta dago. Kontzeptu horretan, beraz, ez dago langileen artean zatiketa eragiteko ez asmo ez betarik. Zatiketa, kontrara, langileen arteko zatiketa ekonomiko eta politikoekin amaitzen ez duen estrategiak eragiten du, hots, interklasismoak, zeinak langileriaren goi-kapen eta burgesia txikiaren arteko aliantza lehenesten duen proletalgoaren kalterako.
  • Kritika teorikoa, politikoa eta organizatiboa burutzeak ez dauka greba orokorra saboteatzearekin zerikusirik. Kontrara, beti izango du gaurkotasuna ekinbide ezberdinen arteko kritika eta eztabaida sustatzeak, langileriaren interes estrategikoen alde irakaspenak atera nahi ditugunontzat gutxienez. Eztabaida hauetan pertsonalismoek, autokonplazentziak eta jarrera biktimistek ez daukate tokirik. Aldiz, teoriari, kritikari eta arrazionaltasunari daukaten garrantzia aitortu behar diegu.
  • Greba orokorra langile klasearen heziketa estrategikorako eta borrokarako erreminta eraginkorrena da, eta uste dut zentzu hori bera eman behar geniokeela gisa honetako deialdiei. Horretarako, langile guztien greba egiteko aukerak bermatzea derrigorrezkoa da, langileria grebaren antolaketaren parte izateko mekanismo eraginkorrak eratzearekin batera. Greba egunean ekoizpena gelditzeak dauka lehentasuna, eta eskura ditugun indarrak norabide horretan kokatu behar ditugu aurrenekoz. 
  • Greba orokorra langile klase osoaren erreminta estrategikoa da, eta bertan alderdi politikoen, sindikatuen eta bestelako eragileen markak, siglak eta propaganda bigarren plano batean geratu behar dira. Greba orokorrak, honenbestez, ezin dira mugimendu bat edo besteren jabetza bezala aldarrikatu. 
  • Greba deitzen zuten sindikatuen eta eragile politikoen bolumena eta mobilizazio gaitasuna kontuan hartuta, oro har esan dezakegu urtarrilaren 30eko deialdian ez zutela euren erreferentzia handitzea lortu. Izan ere, ELA eta LAB sindikatuek antolakuntza ahalmen egonkorra duten lekuetatik harago gutxi zabaldu zen greba deialdia.
  • Azkenik, testuaren irakurleoi erne mantentzera deitzen zaituztet. Izan ere, ondorengoaren aurrean ohartarazi nahi zaituztet: hauteskunde atarian gaude, eta aurreikusgarria da datozen asteetan EAJk EAEn edota PSNk Nafarroako Foru Komunitatean langile klaseri zenbait kontzesio txiki ematea. Sindikatuek greba egunaren ustezko arrakastari eta mobilizazio sindikalari egotziko diote kontzesioaren zergatia. Mobilizazio sozial zein sindikala gobernu autonomikoengan presio elementuak badira ere, argi eduki behar dugu EAJren edota PSNren kontzesioek bozka bilketari erantzuten diotela eta langileria desmobilizatzeko helburu argia dutela.