AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA

Versión en castellano

Parisko Komunaren aldeko aldarriak ikusi dira azken asteetan estatu frantsesean ematen ari diren pentsioen aurkako grebetan zehar.  Egokia iruditu zait, Marxen hitzak errepikatuz, “lanaren emantzipazio ekonomikoa” gauzatzeko aukera edo soldatapeko lanaren sistema abolitzeko ahalmena ei zuen “palanka”-ri buruz hitz egitea. Komunaz arituko naiz, ordezkagarritasun demokrataren kategoriari oposizioa eginez eta horren gainditze gisara, Ildo Sozialistaren barnean ehotzen ari den erantzukizunaren kategoriarekin korrelazioan jarri asmoz.

Beste hainbat irakaspenekin batera, Komunatik, erantzukizunak aurrebaldintza gisara lanaren banaketa eta hori betetzeko konpromisoa dituela ondorioztatzen da. Mota guztietako lanei eragiten die horrek: legegileak, exekutiboak, judizialak. Lanaren banaketa antolatzen da, atazen banaketa egiten da eta, sufragio unibertsalaren bidez, lan bakoitzak eskatzen dituen baldintzen araberako pertsona egokienen (hoberen egokitzen direnen) hautaketa egiten da. Hala ere, konpromisoa hautetsiak edo delegatuak duen zorroztasun exekutiboaren arabera neurtzen da.

Aurreikuspena ez da beti errealitatearen exijentziaren baliokide izaten. Hau da, lana politikoki egiteko konpromisoa ez da borondate kontua eta ezin du kategoria (magnitude) horrek izan lanerako konpromisoa neurtzeko erreferentzia. Borondatea baldintza da, baina kasu honetan lana exekutatzeko borondate kualifikatuaz ari gara hitz egiten. Borondate soila, bada, ez da baldintza nahikoa. Delegaturiko konpetentziek galdatzen dituzten bertuteak izaera komunistako kalkulu politikoaren produktu dira eta, horregatik, delegatuen organo hautatzailearen bitartez etengabeko ikuskapen pean egon behar dute (Marxen arabera, organo hori ezin da botere legegilearen eta exekutiboaren arteko bereizketan oinarritu, Komunan esperimentatu zen bezala). Beraz, delegatuek, lan horiek egiteko aukeratu dituztenen aurrean erantzun behar dute: delegatuak lanaren beraren, lana exekutatzeko baldintza subjektiboen eta exekuzio prozesuaren ebaluazioa burutzen dituen organismoaren aurrean erantzule dira. Horregatik, erantzukizuna iraunkorra da eta, exekuzio gaitasun gabezien kasuak bermatzeko, aldagarritasuna ere iraunkorra izanen da.

Delegatuaren ardura hertsiki loturik doa ikuskatze antolatuarekin. Horrela antolatzen da lanaren distribuzioa eta orekatzen da konpetentzien banaketarekin: boterearen oreka da. Lanaren banaketa sozialistak, banatu diren eginbeharren ikuskatze etengabea inplikatzen du. Ikuspegi komunista batetik, horrek, epaitzeko eta arautzeko gaitasunaren eraketa, lana zatitzea eta ikuskatzea dagokion militantzia konprometitu guztiaren gain dagoela esan nahi du. Azken finean, Komunak erabakiak hartzeko, lana banatzeko eta banatutako lana berrikusteko masen antolakuntza proletarioak duen forma irudikatzen du. “Azkenean aurkituriko forma politikoa”, legegilea eta exekutiboa den instantzia bakarra. Beraz, ezin dugu ulertu erantzukizun politiko sozialista Komunatik abiatu gabe.

Baina berehalako ardura politikotik harago, Ildo Sozialistan ardurak geure egiteaz hitz egiten da. Horri buruz jarduterakoan, gure posizioek eta ekintzek sor ditzaketen ondorioak onartzeaz ari gara. Zentzu horretan, militantzia sozialistak ez du soilik sortuta dauden antolakunde politikoen aurrean erantzuten. Programa komunistaren aurrean orokorrean erantzuten du: Luxemburg gogoratuz, maximoen edo minimoen programa baino zuzenean sozialismoaren eraikuntza den programaren aurrean, alegia. Hain zuzen ere, helburu estrategikora hurbilpen esponentziala izango da eginbehar sozialistaren lan gaitzena eta jada banatua eta inposatua dagoen lan horren ikuskapenaren neurgailua: botere politikoaren konkistarako eta botere burgesa edo soldatapeko lanaren sistema abolitzera daraman borroka iraunkorrarena, hain zuzen.

Militantzia komunista iraultzailea da klaserik gabeko gizartea eraikitzeko prozesuak ezartzen digun zeregina bere gain hartzen duena, eta soilik azken helburu estrategikoak neur dezake militantzia horren eraginkortasuna. Prius hau da, banatu beharreko lana eta bera gauzatzeko galdatzen diren bertuteak a posteriori antolakuntza determinatzeaz gain, lan eta bertute horien izaera ere determinatzen duen irizpide komunista. Finean, ardura politikoa ezingo dugu ulertu, ardura zehatza determinatzen duen ardura historiko-estrategikotik banatuta.

Baina sozialismoa nagusitzeko ardura historikoa antolakuntzan bezainbeste jausten da teorian: proletalgoa bere klase etsaiaren ezagutzan zein hura garaitzeko ad hoc garatu beharreko lanabes politikoen eraikuntzan hezten duena. Erantzukizun teorikoa botere proletarioaren funtsezko printzipio bezala, beraz, beste irizpide komunista bat da etsaia garaitzeko lanaren banaketa antolatzera begira. Kasu honetan, historia da teoriaren ardura epaitzen duena, hots, teoria horrek interes proletarioei edo burgesei erantzuten dien ebazten duena.

Erantzukizunaren kontzepzio komunistak, funtsean, auto-zentralismo sozialistaren mekanismoaren erakundetzea dakar. Hitz batean, etengabe auzitan dagoena iraultza sozialak exijitzen dituen taktika zein antolakuntza zereginak, estrategikoak eta teorikoak aurrera eramateko norbanakoak duen gaitasuna da. Iraultza antolatzen duenak, antolakuntza, estrategia eta teoriazko tresna politikoak sortzen ditu, hegemonia komunistaren alde prozesua erlatiboki blindatu dadin eta, modu horretan, osotasun sozialean nagusi den klase borrokaren dinamikak bai ala bai ekarriko dituen desbideraketa errebisionisten kontra borrokatuz. Lan delegatuaren ikuskatze etengabea, baliatzen ditugun tresna teorikoena, erabilitako mekanismo taktikoena… zein erantzukizun iraunkorra dira, guztiaren gainetik proletalgoaren interesak erdigunean ziklikoki jartzeko metodoa; hau da, prozesu komunista iraultzailean baldintzarik gabeko aurrerapausoaren bermea.

Antolakuntzarako eredu auto-zentralista horrekin, prozesu sozialistaren zuzendaritza politikoa organikoki koherentea da proletalgoaren antolakuntza sozialistarekin; izan ere, behin eta berriz bere buruaren kritikan eta gaindipenean, bere orientazio eta zuzendaritzan oinarritzen da azken helburua lortzera begira.

Horiek dira, ematen ari garen hausnarketa batzuekin korrelazioan, Parisko Komunatik atera ditzakegun ondorioetako batzuk.