Sortasunezko komunismoa eta ziklo politiko edo metaketa ziklo berria

2019ko ekainaren 26a

Egilea: Markel Samaniego


Gaztelaniazko bertsioa

Azken urteetan, 2008ko krisi ekonomikoaren ondorioak nabaritzen hasi garenetik bereziki, euskal gazteria proletarioaren muinean ernaldu diren iniziatiba politiko erradikalak, ez dira kasualitate hutsa.

Kapa sozial honen pobretzea eragin duen joerak, historikoki potentzialki iraultzaile bezala ulertuak izan diren dimentsio subjektiboak ekoitzi ditu. Ez dira de facto iraultzaileak baizik eta potentzian, bizitzaren ekoizpen bitartekoak (indarrez edo biolentziaz ala politikoki) eskuratzearen bitartez bizitza antolatzeko modu berri baten gainean proiektatzen direlako eta, modu honetan, burgesiaren menderakuntzaren oinarrizko kategorien abolizioaren norabidean kokatzen direlako: Estatua, dirua, merkantzia, kapitala, balioa. Beste era batera esanda, antagonista den eta beraz sintesi komunistan soilik amaitu daitekeen programa komunista bere egiten dutelako.

Potentzia, lan banaketa eta testuinguru historikoaren diagnostiko jarraituan oinarritutako norabidearen ikuspuntu egoki batekin, botere burgesa eraginkortasunez eraitsi dezakeen botere proletarioan egikaritu daiteke.

Bere esplotazio baldintza dela medio proletalgoaren baitan potentzian aurkitzen denak, bere potentzial osoa aska dezake bitartekotasunen bidez boterearen momentura iritsi arte. Bitartekotasuna antolakuntza eraginkorra da, edo nahi bada proletalgoaren interesak asebetetzeko lan banaketa sozial egokia: lan banaketa proletarioa edo sozialista, bestela ezin zatekeen moduan.

Bakea eta elkarbizitza, burgesiaren frakzio guztiek belaunaldi guztietako proletalgoari eragin dizkion biktimen ordaintza, klase gabeko gizartean besterik ez da gauzatuko. Betebehar historikoarekiko koherentziagatik ari gara antolatzen eta horregatik hausi dugu Ezker Abertzale Ofizialarekin.

Gaur egun eta berehalakoan, ez da posible, Sortu konglomeratuak bere burua engainatu nahi izan arren, gerraosteko oparotasun eskenatoki baterantz aurrera egitea. Egunerokoan, astez aste mundu osoan zehar eta euskal lurraldeetan azaleratzen diren baldintza objektiboek ohartarazten gaituzte. Aurreko asteari begiratu bat eman besterik ez dugu: presoekin elkartasuna erakusteagatik 5 pertsona jazarriak izan ziren, Josu Urrutikoetxearen kaleratzea eta berehalako atxiloketa, gutxienez 3 atxilotze, zaurituak, karga polizialak, liskarrak eta bestelakoak eragin zituzten mobilizazio masiboak saretu ziren metalgintzan, Aitor Esnaola preso politikoa 5 orduz atxikirik izan zuen Ertzaintzak hil berri zen bere aitaren hiletara joatea eragotziz…

Dena dela, baldintza objektiboek berauek gaindituko dituen subjektua mekanikoki ekoizten ez duten arren, objektuak berak, teilakaturik dakar bere zeregin historikoarekiko koherentzian boladaka espresatzen den subjektua. Potentzia komunista harreman sozial kapitalisten bihotzean aurkitzen da eta bere izatearen arabera modu apalean adierazten hasten da eta sortasunezko potentziala menderakuntza iraultzeko baldintzak antolatzearen bitartez askatzen du.

Zentzu horretan, ez da kasualitatea Euskal Herrian ziklo politiko berri baten irekieraren inguruan hitz egiten hasi izana.

Krisi testuinguruan, baldintza objektiboek proletalgoa zein burgesia beren berehalako beharrei erantzunak bilatzera daramatzate.

Ikuspuntu ekonomiko edo burgesetik, edo optika objektibo batetik, burgesiak bere inbertsioak balioztatzea bilatzen du; hori da bere klase interesa. Gainbalio masaren erauzteak zatiketa hirukoitza suposatzen du, kapital konstante gehigarria, kapital aldagarri gehigarria eta kapitalisten kontsumo funtsaren artean banatua. Kapitalaren konposizio organikoa haziz doan heinean, kapital konstanteari are eta gainbalio gehiago gehitu behar zaio, gainbalio masak jaisteko joera izan arren. Honela, balorizazioa edo metaketak jarrai dezan, kapital aldagarriari (soldata funtsari) bideratutako gainbalio zatia murrizten da. Une honetatik aurrera, Paul Mattickek dion bezala “kapitalaren patua proletalgoaren pobretzearen gain dago”. Burgesiaren klase interesak langileen pobretze absolutuaren lepotik soilik asebete daitezke.

Baina ultra-esplotatutako proletarioari interesatzen zaiona argia, berogailua, hipoteka ordaindu ahal izatea, ur beroa, janaria mahai gainean, musika ekoitzi eta kontsumitzea, kirola egitea, naturan murgiltzea…finean, bizitzaz gozatzea da. Berehalako behar hauek dira klase borroka zorrozten dutenak, nahiz eta mekanikoki borondate komunistak sortzen ez dituzten, pobrezia baldintzek horretara eraman arren.

Metaketa ziklo berri bat piztu den heinean, ziklo politiko berri baten aurkitzen garela baiezta dezakegu beraz. Burgesia horretan ari da eta argi ibili beharko dugu horrekin.

Egiaz, ezin gara termino garbietan baldintza objektibo eta subjektiboez, ekonomiaz eta politikaz mintzatu, osotasun konkretuan biraka bait gabiltza. Baina analisi metodo dialektikoak determinazioen abstrakzioa eta kategorien eraikuntza galdegiten ditu lehen begirada aurpegi anitzeko eta kaotiko ageri zaigun errealitate konkretuan koka gaitezen, berau ulertu eta eraldatu dezagun.

Beraz, Euskal Herrian ireki den ziklo politiko berriaz mintzo garenean, mundu osoan ireki den eta gure lurraldean determinazio partikularrekin azaleratzen den metaketa ziklo berriaz ari gara.

Ikuspuntu ekonomikoaren arabera esanda: baldintza objektiboak modu progresiboan heltzen ari dira.

Ikuspuntu proletariora itzulita: baldintza subjektiboak gure ardura dira eta une honetan mahai gaineratzen da marxismoak teoria gisa duen garrantzia politikoa.

Teoriarik edo azken mendeetako milioika proletariok metatutako esperientziarik gabe, ezinezkoa da menderakuntza burgesa iraultzea eta, beraz, proletario gisa ditugun berehalako beharrak asebetetzea.

Bizkaiko metalgintzako grebak, erresidentzietako zaintzaileen borrokak, pentsionisten mobilizazioak, genero zapalkuntzari erantzun masiboak…metaketa ziklo berriaren adierazpideak dira. Langile klasearen bizi baldintzen aurka ireki den ofentsiba pentsamendu eta antolakuntza tresna burgesen bitartez ari da borrokatzen eta hau, azken instantzian, antzua da.

Ez dugu determinismo historikoetan jausi behar, masa mobilizazio hertsiki proletarioak (kapitalaren abolizioaren bandera pean), horretarako baldintza objektiboak behar beste helduta daudenean antolatuko direla pentsatzean alegia.

Ezin diegu ideologiei (feminismoei, ekonomizismoei, obrerismoei, leninismoei, akademizismoei…) eta burgesiaren antolakundeei (koadro alderdi burgesei, sindikatuei, mugimendu sozialei, herri mugimenduei…) kapitalaren ofentsibaren aurrean langile klaseko sektore ezberdinetan azaleratzen ari den borondate defentsiboa barne-biltzen utzi.

Alderdi Komunista, proletalgoak burgesiaren gaineko ofentsiba gauzatzeko baldintzen unea, ez da bakarrik etorriko. Berehalakoan defentsiboa izango den baina ofentsibarako proiekzioa izango duen proletalgoaren antolakuntza sozialista, epe laburrean aztertu eta exekutatu beharreko auzia da.

Ziklo politiko berri bat ireki da eta teoria marxistaren ardura politikoa da ziklo horrek bere baitan daraman potentzial iraultzaile osoa langile klasearen sektore ezberdinen arteko artikulazio pausatuaren bidez askatzea.

Historia gizartearen ekoizpena besterik ez da horrek une historiko zehatz bakoitzeko subjektu ekintzaileak inplikatzen ditu. Historia berau eraikitzen duten subjektuen menpekoa da eta hala, gaurdanik honek hartuko duen norabidearen gaineko ardura historiko bat daramagu gurekin.