AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA

Versión en castellano

Espainian ezkerraren gobernua osatu dute eta mugimendu sozialetan militante izan ziren batzuk ministro dira orain. Horrek, askotariko erreakzioak sortu ditu panorama politiko ezkertiarrean, eta asko dira ilusioz bizitzen ari direnak Gobernu berriaren osaketa. Ilusioa zilegi da noski, kasu gehienetan zoritxarrez inpotentziaren adierazle ere bada: zerbait hobea lortzeko itxaropena galdu duenaren eta eskuin muturra gelditu duela uste duenaren ilusioa eta inpotentzia.

Testu honen xedea ez da Gobernu berriaren osaketaz aritzea, testuinguru honek agerrarazi duen eztabaida zahar-berri bati ekarpena egitea baizik. Langile mugimenduak eta estatu aparatuek izan beharreko harremanari buruzko eztabaidaz ari natzaizue, eta honekin, mugimendu sozialistak estatu aparatuetan eduki beharreko presentzia eta paperaren auziaz. Euskal Herrian ere izan du oihartzuna eztabaidak, nahiz eta, agian forma partikularra hartu duen: Ezker Abertzalean “kalea/herri-mugimendua vs instituzioak” eztabaida klasikoa berragertu da, batez ere EH Bilduk gobernu akordioaren aurrean hartu beharreko jarrerari buruzko eztabaidari lotuta adierazi dena.

Pablo Iglesiasek inbestidura saioko bere hitzartzean modu argian adierazi zigun erdi mailako klaseak langile mugimendua nola ulertzen duen, eta ondorioz, kalea-instituzioak eztabaidan estratu honen posizioa zein den: mugimendu sozialak, gobernuaren ikuskaritza lana eta presioa egiteko funtzioa bete behar duten agenteak izan behar dute.

Erdi mailako klaseak ez du kapitalaren kudeaketatik haratago existitu daitekeen politika eta botere modalitaterik pentsatzen, eta bere politikaren ulerkera klase estratu honen ordezkari diren alderdi politiko instituzional eta burokratikoen posizio instituzionalak hobetzera murrizten da. Funtsean, erdi mailako klasearen botere soziala handitzeko helburuari erantzuten dion jardun instituzionalera. Horregatik da Iglesiasen adierazpena argigarria, halabeharrez ikuspegi erreformistak mugimendu sozialak modu utilitarista eta partidistan ulertu behar dituela ulertarazten duelako, hots, estatu aparatuetan bere alderdien pisua handitzeko erabiltzen ditu langile mugimendua eta bere aldarrikapenak.

Eztabaida honetan proletalgoaren interesekoa den posizionamendua beste bat da. Estatu aparatuetan pisua irabaztea baino, krisi kapitalistak indartutako langileon beharrak asebetez lurralde eta gizarte antolamenduaren gaineko boterea lortzea da proletalgoaren interesekoa, sozialismoa praktikan jarri ahal izatea hain zuzen ere. Mugimendu sozialen edo langile mugimenduaren zereginaren eztabaidari proletalgoaren interesen optikatik begiratzen badiogu, printzipio estrategikoak borrokak irabazi eta borrokaren dinamikan are indartsuago bihurtzean datza. Horrek soilik ahalbidetu diezaokeelako bere klasearen interesekoak diren geroz eta konkista sozial handiagoak lortzeko ezinbestekoa den botere propioa artikulatzea.

Horrek baina, zer eragin dauka hasieran mahai gaineratu dudan eztabaida orokorrean? Ondorioa nabarmena da: kalea/herri-mugimendua vs instituzioak dikotomia faltsua da, eta eztabaida termino horietan emateak proletalgoa inpotentziara kondenatzen du, erdi mailako klasearen politika erreproduzitu eta politika proletarioa blokeatzera, alegia.

Erdi mailako klaseak langile mugimendua estatuaren kudeaketara subordinatzen duela esan dugu. Noizean behin mozorro erradikalarekin kalera ateratzen bada ere, errealki bere jardun instituzionala indartzeko helburuarekin erabiltzen du kalea eta herri mugimendua. Politika honen aurrean proletalgoaren sektore erradikalenak kalean gehiago egon behar direnaren aldarrikapen abstraktuan blokeatu nahi ditu, eztabaida termino horietan ematea funtzionala zaiolako erdi mailako klaseari eta bere alderdi demokratei. Beraz, eztabaida pertinentea ez da kalea/herri mugimendua ala instituzioak, batean zein bestean sortzen dugun dinamika eta mugimenduak zein botere modalitate elikatzen duen baizik: burgesiarena ala proletalgoarena.

Ondorioz, dikotomia hori gezurtatzeak eta lehenago aipatutako politika proletarioaren oinarrizko printzipioan leial mantentzeak, mugimendu sozialistak estatu aparatuekiko izan beharreko papera oso bestelako modu batean pentsatzera behartzen gaitu. Hala ere, hau ez da eztabaida erreal bat Euskal Herriko Mugimendu Sozialistaren momentu honetan, horregatik, eztabaida horretan kritikatu nahi ditudan erdi mailako klasearen elementu politiko berberak dimentsio txikiagoan nola adierazten  diren identifikatzea interesgarriagoa dela uste dut.

Landu dudan kalea eta instituzioa bezalako dikotomia faltsuen psikologia hezkuntzako langile mugimenduan ere presente dagoela esango nuke. Izan ere, langile mugimenduak inertziaz eta espontaneoki, erdi mailako klaseari funtzionala zaion psikologia eta politika egiteko modua garatzen du, eta horren aurrean, sozialiston zeregina da elementu kontrairaultzaileak proletalgotik baztertzea. Zentzu horretan, ikasle grebaren nolakotasunari buruzko eztabaida ekarri nahi dut testuaren amaiera honetara.

Mugimendu sozialistatik askotan kritikatu dugun bezala, erdi mailako klasearen intereseko ikasle mobilizazioak ‘performanceak’ egitera mugatzen dira. Hau da, ikasle langileentzako hobekuntza errealak lortzeko norabidean mobilizatu ordez, ‘kontzientziazioa’ helburu duten ekimen espektakularrak egiteko mobilizatu nahi dute ikasleri langilea. Alderdi instituzionalek xurgatu ahal dituzten dinamikak sortzearen logika politikoari eta agenda instituzionalari erantzuten dio eragile hauen jardunak.

Horregatik, erdi mailako klasearen intereseko ikasle erakundeek greba ideologiko eta politikoak egitea lehenetsi dutela esan dezakegu. Itxuraz behintzat, esleitu dizkiegun funtzio instituzionalak modu egokienean greba eredu honek elikatzen dituelako. Adibidez, ‘Gora Ikasleon Borrokak’ azaroan egin zuen grebaren izaera ideologikoa.

Bestalde, ikasleria langilearen interesen defentsan dihardugunok, Ikasle Abertzaleok alegia, ikasleon behar materialak lehen lerroan jartzeko apustua egin dugu. Hau da, ikastetxe eta unibertsitateetako baldintzak ikasleen mesedetara aldatzeko apustua egin dugu, eta horrekin koherentzian, greba eredu ekonomikoa lehenetsi dugu.

Egoera konkretuak eta apustu taktikoak ordea, ezin gaitu greba eredu ekonomikoa eta politikoaren arteko dikotomia edo aurkakotasun faltsu bat eraikitzera bultzatu. Forma konkretuak aldakorrak dira eta dinamikaren arabera bere fruituak oso bestelakoak izan daitezke, horregatik, elikatzen duten botere modalitateari erreparatzea da garrantzitsuena.

Posizionamendu taktikoetan oinarrituta printzipio politiko estrategikoak eraikitzea desegokia da, hots, greba ekonomikoa sozialistatzat hartzea eta greba politikoa erdi mailako klaseko greba gisara ezaugarritzea ekidin beharreko akatsa da. Kalea eta instituzioen eztabaidan gertatzen den bezala, erdi mailako klaseak kaleko mobilizazio eredu partidista garatu izanak ez liguke forma orokor batean kaleko borroka instituzioen aurkako gisara idealizatzera bultzatu behar, batak zein besteak botere dinamika berbera elikatu dezaketelako, forma ezberdinetan bada ere. Ildo beretik, egoerak ez liguke greba ekonomikoetara mugatu eta politikoak alboratzera bultza behar.

Akaso, greba ideologiko-politikoen erabilerak izan dezakeen potentzialari uko egin behar diogu? Eta, kalearen edo estatu aparatuen erabilera, burgesia eta erdi mailako klasearen esku utzi beharko genuke? Ez al dira tresna serioegiak etsai politikoei, eta gainera gure aurka, erabiltzen uzteko?