Unibertsitateko Indar Batasunak (UIB) beka eta tasen inguruko borrokaldia abiarazi duela iragartzen duen albisteari erantzunez “Bazen garaia norbaitek fokua hor jartzekoa” irakurri nion bati Twitterren, eta arrazoirik ez zitzaiola falta pentsatu nuen. Txiolari honi berandu iruditu bazaio ere, garai hori iritsi da eta badirudi urte batzuetarako, behintzat, gelditzeko etorri dela. Ikasle langileon lehen mailako beharrak lehen lerroan kokatzeko garaiaz ari naiz, baita ere hauek gauzatzeko gaitasuna izango duen mugimenduaren agerpenaz ere. Honezkero, baten batek bere baitan harrokeria edo idealismoz aritzeaz akusatu izango nau, eta baliteke honek ere aurreko txiolariak bezala arrazoia izatea, mugimendu gazteak ez dituelako nahikoa froga eskaini oraindik egin ditudan baieztapenak egin ahal izateko. Esperientzia laburrak ez dio maila horretako frogarik mahai gaineratzeko aukerarik eman, denbora eman dio ordea, norabide horretan pentsatzen jartzea posible bihurtu duten baldintzak sortzeko. Besteak beste, unibertsitatean epe luze eta ertainerako proposamen politikoak dituelako esku artean UIBk eta ikasleriaren sektore zabal batengana iristeko gaitasuna erakutsi duelako. Agian beste neurri batean, baina soldatapeko langile askorengan sinpatia sortzeko gaitasuna ere erakutsi du.
Garaiez hitz egiten hasi garela, uste dut Bologna prozesuaren onarpenaren ondotik etorri den garaiaren amaiera ezagutzea tokatu zaion generazioa dela gurea. Bolognaren aurkakotasunak sortu zuen neurriko masa mugimendurik ez dugu ezagutu, ez dugu ezagutu ere erreforma honen aplikazioak eta mugimenduaren desartikulazioak Campusetan utzi zuen ajearen zailtasuna, ondorengo generazioa gara gu: ajeari buelta ematea lortu zuen ikasle mugimenduaren mugak ezagutu dituen generazioa, eta masa mugimendu berri baterako baldintzak sortzen ibili dena.
Begi bistakoa da Bolognaren garaiko tamainako masa mugimendurik ez dela egon ordutik: besteak beste mobilizazioetan parte hartzen zutenen kopuruagatik, borrokak denboran izan zuen hedapenagatik eta izandako dimentsio territorialagatik (Europa mailakoa). Agian, Frantzia bezalako Europako herrialderen bat salbuespena izan daiteke, baina ez orokorrean ezta Euskal Herrian ere ez da egon horrelako ikasle mobilizaziorik. Gurean, dimentsio honetako borrokaren agorpenak ondorio larriak utzi zituen ikasle mugimenduan, eta zenbaitek ia hutsetik altxatu behar izan zituen hainbat kolektibo eta dinamika, tartean Ikasle Abertzaleak (IA). Inertzia berri horren ondorio dira fakultatetako hainbat eta hainbat ikasle asanblada eta baita Herri Unibertsitatea bera ere. Egia da ere, ordutik izan direla ikasle mobilizazio handiak, batik bat IAk antolatutakoak, baina hein batean oso modu esporadikoan eta fokalizatuan erakutsi dute indarra, eta ez dugu tamainako eragin eta indar sozial eta politikoa antolatzeko gaitasunik izan.
Ildo honetan, Ikasle Abertzaleaketik antolatu izan ditugun ikasle greba politiko/ideologikoen bilakaerak ere, Bologna prozesuaren ondoren irekitako susperraldi garaiaren amaiera iragarri zigutela uste dut. Greba eredu horrek eman zezakeen onena eman zuelako alegia, nolabait esatearren, bere muga kuantitatibo eta kualitatiboak topatu baitzituen: Batez ere, ikasleak mobilizatzeko eta kontzientziatzeko gaitasunei dagokionean. Ez gaitezen okertu ordea, ekarpen hauek ezinbestekoak izan dira bizi dugun momentura iristeko eta akatsa litzake moduren batean gutxietsiko bagenitu.
Izan ere, ziklo edo garai politiko berri baten irekierak bere prozesua eta gora-beherak exijitzen ditu halabeharrez, eta ikasle langileon lehen mailako beharrak lehen planora ekartzeko garaia aspalditik izan bazitekeen ere, zuhurtziaz eta zehaztasunez aritzea ezinbestekoa da eta horrek bere denbora eskatzen du. Horri esker, nahiz eta orain arte ere “bazen garaia”, orain da aukera errealak ditugun garaia.
Izan ere, UIBk unibertsitateko langile sektore anitzen interes komunak jarri ditu mahai gainean, epe luzerako perspektiba daukan eta aldarrikapen orokorrez osatuta dagoen programa politikoarekin. Gainera, urteetako dinamika izateko aurreikuspena daukan tasa eta bekak langileon beharretara gerturatzeko borrokaldia hasi du. Eta azkenik, unibertsitatean antolatuta dauden indar ezberdinen ekintza batasunerako gutxieneko akordioa gauzatzea lortu du, ikasle mugimenduaren esperientzia historiko anitzez elikatuz etorkizuneko erronkak. Momentu politikoaren elementu hauek eta beste zenbaitek, ikasle mobilizazio aro berri baten atarian ote gauden pentsatzera naramate.
Ziklo berriak ordea ez dira bere kasa irekitzen, lehen esandako elementuen eta beste hainbaten uztartze egokia da beharrezkoa. Arlo horretan, datozen generazioen erronka nagusienetakoa izango da agian, masa mobilizazio ziklo berri bati ekin eta merezi duen tamainako buruzagitza politikoa eraikitzea. Ez ordea epe luzera motibazioa galtzea, atxikimendu eza, inpotentzia eta finean desmobilizazioa sortu duen mobilizazio ereduaren erreprodukzio gisara, indar gehiago metatu dezakeen mobilizazio eredu gisara baizik. Funtsean, masa mobilizazio ziklo berri bat irekitzearen erronka handienetako bat, masa mobilizatzeko gaitasuna proletalgoaren ekintza eta eraikuntza indar bezala gorpuztea izango da. Eta honen abiapuntua izan daiteke UIB, bere programa eta tasa eta beken inguruko borroka prozesuak irekiko duen abagunea.