AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA

Pasaden abenduaren 3an PSOE eta Unidas Podemosen Gobernuaren Estatuko Aurrekontu Orokorren proposamena onartu zen Espainiako Kongresuan 189 diputaturen babesarekin, Pedro Sanchezek inbestidura saioan izan zuena baino babes handiagoarekin. Modu horretara, batetik, Mariano Rajoyren aurka 2018 urtean zentsura mozioak irekitako momentu politikoari amaiera jarri die PSOE eta UPek, eta bestetik, Espainiar Gobernuak datozen bi urteetarako egonkortasuna lortu duela ematen du, garai hauetan egonkortasunaz hitz egitea posible bada behintzat.

Gobernuaren propagandak handikeriaz betetako izenondoz josita zabaldu baditu ere, 2021 urterako kongresuan onartu berri diren aurrekontuak funtsean aurrekoen, Alderdi Popularrarenak, antzekoak dira. Prestazio sozialen gastua handitu dutela esango dute, horien beharra daukan geroz eta jende gehiago dagoela esan gabe, edo Pentsioak igo dituztela, igoerak sinbolikotik gehiago daukala aipatu gabe. Propagandatik haratago baina, egitate bat da Polizia eta Armadara bideratutako diru kantitateak modu adierazgarrian egin duela gora. Ez dira moduren bateko gizarte aldaketa sakonik bilatzea helburu duten Aurrekontuak, ez eta burgesia estutzeko asmoa dutenak, ezta proletariotzaren babeserako diseinaturikoak ere.

Gaian bete-betean sartu aurretik, azpimarratzekoa dela deritzot PSOE alderdiak Espainiar Estatuan betetzen duen paper zentrala eta funtsezkoa. Beste behin argi geratu den bezala, PSOE da Espainiar Estatuko alderdi nagusia. Bera izan da 2015 urteko hauteskunde orokorrekin hasi zen ezegonkortasun egoerari, lau hauteskunde orokor, ez dakit zenbat inbestidura saio eta zentsura mozio baten ondoren, 2020ko gobernu osaketarekin amaiera jartzea lortu duen alderdia. Bera izan da ere, norabide horretan, blokeo exekutiboa gainditu eta ordena eraberritzeko bigarren pausu garrantzitsu modura Aurrekontuak aurrera atera dituena, Gobernura ordena eta estabilitatea ekarriz. Ez da nolanahiko pausua azken hori gainera, besteak-beste, Kataluniar independentismoaren lidergoa eta euskal ezkertiar independentismoa integratzea lortu duen ordena proposamena osatu baitu. PSOE, langile aristokrazia erradikalizatua, abertzalea, independentista eta abar, oligarkiarekin paktuan integratzeko gaitasuna duen alderdia da, alderdi horrek langile klasearen masa izaerako erreakzioei Estatuaren makinaria koipeztatu eta burgesiaren boterea eraberritzeko funtzioa betearazten die.

Euskal ezkertiar independentisten ordezkaritza instituzionalak historian lehenengoz onartu ditu Espainiar Estatuko Aurrekontuak. Egitate horrek, azken urteetan Mugimendu Sozialistatik eta beste hainbat sektoretatik mahai gaineratu den hipotesia indartzen duela uste dut, hala nola, EH Bildu Espainiar Estatuan integratuta dagoen eta horrekiko menpekotasunez jarduten duen alderdi instituzionala da, ez da Estatuarekiko kanpokotasun egoera batean dagoen mehatxu independentista eta iraultzailea.

Integrazio-prozesu horrek baina, bere momentuak dauzka, aurrera eta atzera pausuez betetako indar ezberdinen arteko guda baita hori ere. Aurrekontuen gaineko eztabaida testuinguruan adibidez, PSOE zein UP inguruko hainbat intelektual, zutabegile eta esatarik, beste esparru batzuetako pertsonaia esanguratsuekin batera, «Comisiones Obreraseko» idazkari orokorrak adibidez, publikoki ofentsiba kultural bat abiarazi zuten Espainiar gizartean EH Bildu zilegia den aktore politiko gisara aurkezteko helburuarekin.

Aste gutxitara ordea, Auzitegi Gorenak EH Bildu eta Sortuko hainbat buruzagi berriz ere epaitzeko agindua eman du. Modu horretara, Aurrekontuetako paktuari buruz eta EH Bilduren integrazio-prozesuaren gainean Estatuko botere-gune garrantzitsuenean (botere judiziala) nagusi den korronte eskuindar erradikalizatuak bere iritzia adierazi du. Alabaina, lekuz kanpo dagoen eta salaketa irmoa merezi duen jazarpen politikoaren kasu berri  hori norbaitek paparra atera eta EH Bilduren iraultzailetasuna «frogatzeko» erabiliko du, badakigu baina, errepresioak ez diola inolako  estrategiari arrazoirik ematen, bestela, aspaldian irabazita beharko luke askatasunaren aldeko gudak. Badakigu ere, Estatuan integratzea eta errepresioa sufritzea ez dela halabeharrez kontraesan bat, kasu horretan gainera, integrazio-prozesuaren garapen maila aurreratua adierazten duelakoan nago, horrekiko erreakzio bat izan baita, jo-puntu nagusia PSOE daukana. Aldi berean, Espainiar progreek aukera aprobetxatzen badute, guzti honetatik litekeena da EH Bilduren izena zikinduta baino zilegiztatuta ateratzea Espainiar gizarte zibilaren aurrean.

Gaira itzuliz, EH Bilduren jokaldia begi-bistakoa da, bere estrategia ezkerreko alderdiez osatutako gehiengo parlamentarioak osatzean datza. EAEn aritmetikak ez dio horretarako aukerarik ematen eta gainera, PSOEren lehentasunezko bazkidea EAJ da, egoera horrek epe motzera behintzat ez dauka aldatzeko itxurarik. Nafarroan eta Espainian aldiz horretan dihardu, eta dagoeneko emaitzak baloratzeko moduan gaude. Estrategia horrek, nire ustetan, gizartean aldaketa sakonei ekarpena egiteko baino, PSOEren politika kriminalak zilegiztatzeko balio du.

Zaharrak berri, aspaldiko estrategia baita PSOE ezkerrera mugiarazteko xedea; PCE (IU) horretan oinarritu da beti, eta orain baita UP ere. EH Bildu horretan saiatzea tragedia bat baino fartsa bat da, badakigu  eta amaiera zein den: PSOEren makulua eta txotxongiloa izatea, botereari kalterik egiten ez dion eta Estatuak bere egin dezakeen aniztasun eta perspektiba politiko ezberdinez hornitzea, finean, azken hori indartsuago bilakatzea.

Esandakoaz gain, aurrekontuen paktuarekin Gobernuak lortu duen garaipen handiena ERC-ren baiezkoa izan da. Modu horretara, kataluniar independentismoak fase bati amaiera eman dio eta mugimendu horren gidari nagusia den ERC-k hautabide independentista alde batera utzita politika autonomistari heldu diola ofizializatu du. Otsailean egitea hitzartuta dauden hauteskundeetan ikusiko da independentismoak nagusiki ERCren hautu autonomista ala JUNTSen erretorika konfrontatzailea txalotzen duen, litekeena da ordea, alderdi instituzionalen abentura independentista amaituta egotea, eta modu bateko edo besteko erreformen negoziaketen bitartez aldarri independentista baretzen joatea. Beste behin, PSOE izan da ordenaren zaindari leialena, kataluniarren egonezinak eta askatasun aldarria Espainiar Estatu kapitalista eta autoritarioa indarberritzeko maisuki erabiltzen asmatzen ari baita.

Eskuin hegalean berriz, iskanbila eta zalaparta izan da nagusi. Iskanbila horen forma eta zabalpena gainera, Alderdi Sozialistarentzat mesedegarria dela uste dut, antifaxismoaren pina jartzea lortzen baitu inolako kosturik gabe, bera buru den frente komun bat osatzen duelako ezkerrean. Gainera, gainontzeko alderdiak eta alderdietako iritzi emaileak Gobernua defendatzeko lanetan jartzen ditu, gobernuak lan zikina egin beharra ekidinez. Horren adibide argia da hezkuntza legearen edukia eztabaidatu eta kritikatu ordez, alderdi ezkertiarrak  legea babestera mugatu direla, «VOX-en erasoei aurre egitea» izan baita beraien lehentasuna.

Testuan zehar landu bezala, Aurrekontuen onarpenarekin Alderdi Sozialista izan da irabazle nagusia, dudarik gabe, eta galtzaile nagusia berriz proletariotza; aurrekontuen klase izaeragatik batetik, eta ezkerreko alderdi guztiak kate motzean lotuak dauzkalako PSOEk bestetik, Oligarkiaren interesak zintzoki betearazten dizkielako bakoitzaren lurraldean eta esparru ideologikoan, independentismoaren, abertzaletasunaren, pragmatismoaren edo feminismoaren izenean bada ere. Behin eta berriz ikusten ari garen moduan, proletariotza zaurgarritasun egoera bortitzean dago, inolako babesik gabe. Ez baitago bere interesen norabidean lan egiten duen antolakuntza politiko independente eta integralik. Ez maila internazionalean eta ezta Euskal Herrian ere. Horra-hor komuniston erronka.