AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
2019/09/25

Gaztelaniazko bertsioa / Versión en castellano

Inork kurtso politiko honetan proletalgoaren ataza politikoengatik nire iritzia eskatuko balit, honakoa erantzungo nioke: indartzea.

Aurreko ziklo politikoaren azken hatsak eta erdi-mailako klase nazionalaren zati baten deskonposizio sozioekonomikoak bat egiten duten honetan, Euskal Herrian gazteria proletarioaren sektore ezberdinetatik ernaltzen ari den mugimendu sozialista, proletalgoaren prozesu sozialista berregituratzen eta birbideratzeko antolakuntza oinarriak zein oinarri politikoak jartzen ari da; agian, gainera, lan horretan Europar mailan eragiteraino.

Ezaugarri berrien artean ondorengoak nabarmendu daitezke: Lehenik, programa komunista eguneratuaren partetik nazio, genero eta bestelako problematiken barneratze kontzeptual zehatzagoa, praktikara orientatua. Bigarrenik, egiturazko testuinguru sozialak borrokatu eta transformatzeko ikuspegi politiko erradikala -eta ez soilik pertsona eta aktore kontingenteen aurkako borroka, ikuspegi aktibista eta moralista tradizionalak egin izan duen gisan-. Hau da, biolentzia eta zapalkuntza testuinguru sozial guztien artikulazioaren muina Kapitalaren botereak dominatzen duen gizarte burgesaren osotasuna dela ulertzen duen kontsiderazio estrategiko bazter ezina, proletalgoaren boterea territorialki ezartzeko Kapitalaren botere hori alderdi ofentsiban kolpatu behar denaren ulermenaren garapenarekin batera. Hirugarrenik, eskala handiko ofentsiba unitatea den masa alderdi komunista osatzeko joeran aurkitzen diren gazte antolakunde komunisten azaleratzea, elementu erreakzionario, saboteadore, antikomunista eta interklasistez araztuak, epe luzerako ekintza batasuna dutenak eta Kapitalaren instituzioen (Estatutik hasi eta ezkerreko alderdietaraino) kontroletik guztiz at daudenak. Finean, “herri mugimendu” zaharkitutik eta bere errepresio eta jazarpen psikologiko eta sozialaren tentakuluetatik ere ihes egiten duten antolakunde komunista berriak.

Testuinguru honetan, beren programa politikoa artikulatzeko inolako gaitasunik ez duen langile aristokrazia eta funtzionariotza “abertzale” eta “progresista”-k “herri mugimendu” zaharraren sen antikomunista eta antiproletarioa hertsiki jarraitzen du, bai alderdiaren ildo ofizialistak eta baita bere burua iraultzailetzat aurkeztera atrebitzen den lerro “autonomo” estetizista eta postmodernoak ere. Hala, erdi-mailako klasearen programa politikoaren eta bere sen politiko dekadenteak gidaturik, gatazka egoera bakoitzean antolakunde komunista proletarioen azaleratzearen kontra lerratzeko deiari jarraitzen dio. Batzuk, nahiz eta herri mugimendua eta bere sen tradizionala Sortu alderdi burokrata erreformista kontrajarriak daudela sinestarazten saiatu, honek ez du inolako funtsik. Klase ertainaren bloke politikoaren burua alderdia da eta gorputza, herri mugimendua: alderdia joera “herrikoi” eta “anarkoideetatik” araztu da jada, soldataren eta sare instituzional burgesaren bidezko muturreko burokratizazioaren bidez estatu enpresa bilakatu baita. Bitartean, herri mugimenduak oinarri anarkoide eta postmodernoen eta alderdiaren komisario politikoen arteko sinbiosian dirau, ahitzen badirau ere. Izan ere, anarkoideak, kritikoak, eta abarrak, “herri mugimendua”-ren txapelaren pean eta honen antolakuntza-desordenaren baitan soilik aurkitzen dira gustura alderdi errebisionista kulturalki, ekonomikoki eta sozialki elikatuz. Hau normala da, banka babesten duen, traizioak adosten dituen eta bere jendea engainatzen duen alderdi batekin modu zuzenean kolaboratzea gero eta ezatseginagoa baita; hortik “herri mugimendu” otzanduari ematen zaion ospearen eta bigarren mailako kultur kolaboraziorako sareen garrantzia.

Sinbiosi honetan, herri mugimendua komunisten aurka egiteko beharrezkoa denean, erreformistak dira “borra” eta anarkoideak “eskuleku”, edo alderatziz bestela. Hamarkadaz hamarkada eskala handian gertatu diren asimilazioa, heziketa sozial antiproletarioa eta amorru antikomunista, hemen, autoritarismo burokrata gisa (alderditik natorrenez ni naiz buruzagi) edota burokratismo ‘anti-autoritario’ gisa (nik agintzen dut ‘buruzagien’ existentziaren kontra nagoelako) mozorroturik agertzen dira. Hori bai, ‘anti-autoritarioek’ ondo daramate errebisionisten buruzagitza; izutzen dituena buruzagitza komunista bat da. Edozelan ere, denak datoz bat espektro berria baztertu eta zapaltzeko orduan: indar eta iniziatiba politikoa duen gazteria komunista borrokalari eta konprometitua, bere etsai guztiengatik defendatzeko determinazio osoa duena eta, beste batzuek, joeren collage eta parodia deskafeinatuz kopiatzen dutena zapaltzeko orduan. Gazteria komunista honen estetika politikoa, terminologia edo are mitinetako keinuak kopiatzeara iristen dira klase ertaineko behe-kapa galdu hauek. Oraindik deskonposizioan, guztiz noraezean eta burgesia txikiaren eta bere politikarien agindu pean dagoen eta bere harrokeria moralistak eta protagonismo sozialerako duen afanak lurralde nazional osoko eta adin tarte guztietako kideak trufatzen dituen klase ertainaren frakzio baxu honen benetako agresibitatea ez da guztiz azaldu.

Bitartean, nazioarteko oligarkia inperialistarekin itunak egin nahi duten goi funtzionariotzak eta burgesia txiki nazionalistak estatu zapaltzaileen instituzio kapitalisten kudeaketa baketsurako programa gidatzen dute: alderdi bakarreko koalizioaren bidez, proletalgo osoa bizitzako esparru guztietan paktu sozial berritik erabat kanporatuta utziko duen botere banaketa berri bat negoziatuz. Honen kontra, azaleratzen ari diren antolakunde komunistak eta ezker abertzale historiko zaharreko kolektibo gutxi batzuk besterik ez dira agertu. Langile aristokraziak eta funtzionariotzak osatzen duten erdi-behe mailako klase-geruzek, zein proletalgo “abertzalearen” zati batek, gogo onez ez bada ere, oro har, burgesia txikiaren botere taldeek, lobbyek eta alderdiko politikari profesionalek oinarri sozialari egiten dizkioten edonolako traizio eta gezurrak onartu egiten dituzte. Azken finean, erdi-behe mailako geruzek ere, nahiago dute alderdi handi, interklasista eta despolitizatua masa alderdi komunista baino. Arrazoi sinple bat dute horretarako: oraindik gizarte burgesean duten promozio pertsonalerako aukeran sinesten dutelako eta ez berriz honen transformazio sozialistan (trauma postmodernoaren ondorengo konfiantza falta ohikoa dugu hau). Ez dute onartu nahi deskonposizio-egoeran dagoen Europa honetan denbora kontua besterik ez dela erdi-mailako klaseen pribilejioen hiletaren kanpai hotsa entzutea; baita aberastasun kontzentrazio gorena dagoen lurraldeetan ere, Euskal Herrian kasu.

Esan dudan moduan, antolakunde komunisten eta alderdi errebisionistaren arteko gatazkak saihestezinak dira, alderdi horren izatea modu sistematikoan mehatxu komunista erasotzea den heinean. Baina saihestezinak dira baita antolakunde komunisten eta antikomunismoaren ernamuina daraman “herri mugimendu” tradizionalaren artekoak ere, azken hau askotan lokalismo autogestio-zale gisa (osagai komunista argi bat zuen anarkismo tradizionaletik urrun) bere burua mozorrotzen saiatzen den arren. Honek honela jarraituko du antolakunde komunistek, iraultza sozialistaren eta proletalgoaren aldeko sen politiko bat  sortzen duten arte, eta, honekin batera, klase ertainen herri mugimendua langile mugimendu oso bilakatu arte: erreala den klase-autogestioz, ez soilik txosna eta gaztetxeetan (lanera joateko deitzen gaituzten arte denbora pasatzeko erabilia), baizik eta eskala sozialean artikulatuko dena. Hots, ez gaitu harritu behar erdi-mailako klaseen “herri mugimendua” eta mugimendu proletarioa gero eta gehiagotan talka egiteak, ezta euren arteko gatazkak ugaritzeak ere. Jende askok oraindik ez du honek guztiak duen klase antagonismo mailak dakartzan inplikazioen eta, une koiuntural ezberdinetan, zaharraren eta berriaren artean ezinbestean sortuko diren gatazkez jabetu nahi.

Bien bitartean estatuak eta bere instituzioek prozesu osoari euren ikuspuntu polizialetik erreparatzen diote eta interpretazio polizialaren paradigma testuinguru berrirako egokitzen dihardute, etorkizunean gauzak gorpuztuko balira eta klase boterea begiz joa dela nabarmenduko balute ere, interbentziorako hierarkia kontzeptual, mediatiko eta juridikoa ehuntzen duten bitartean. Baina burgesiak ez du zertan hautsak harrotu edo metodo alarmista hauetaz baliatu, polizia, errepresioaren kipularen azken geruza baita: askoz lehenago ekiten baitu errepresio “kulturalak”, salakeria eta sabotajeek auzo eta herrietan, gaur gaurkoz langile aristokrazia erreakzionarioaren eta “herri mugimendu’’ otzanduaren (ildo ofizialarekiko “kritiko” zein lagunkoi izan) espazio sozial horietan, komisario politikoek oinarrien osotasunaren babes antikomunista jasotzen duten gune horietan. Erdi-mailako klasearen botere instituzional burgesaren afirmazioaren tesia bere ukazio “kritikoarekin” elkartzen da proletalgoa botere sozialistaren tesi gisa baieztatzen dutenen aurka egiteko. Euskal Herriko sen politiko tradizional osoa eskala handiko artikulazio proletarioaren edozein mehatxuren aurrean bortxakeriaz erreakzionatzeko formatua dago. Baina botere sozialistaren iniziatiba politikoa aurrerantz doa, prozesu sozialista historikoaren berregituraketaren bidean.

Sozialismoa beti izan da, eta orain ere bada, klasearen autonomia politiko eta soziala, proletalgoaren boterea (hau argi utzi nahi dut estrategiarik gabeko aktibismoa eta aisialdia sustatzen duten talde lokalen ustezko autonomia abstraktuen aurrean). Euskal Herriko gazteria proletarizatua indar metaketarako antolakuntza oinarriak jartzen ari da. Orain metaketa horren sistematizazio taktikorako eta maila guztietan indartzeko tartea da. Ekaineko Topagunearen harira idatzi nuen koiunturako artikuluan, borrokaren metaketaz eta eredu aktibista burokratarekiko aurkakotasuneko eraikuntzaren ereduaz mintzo nintzen. Erdi-mailako klaseak herri mugimendua bere marko politikoa indartzeko eta bere dinamika elektorala elikatzeko badarabil, proletalgoak bere programa antolakuntza eta borroka errealaren bidez garatzen du, fronte guztietan garaipenak erdietsiz. Hemen, langileriaren independentzia politikoa botere artikulazio metaketarako oinarrizko arma gisa agertzen da.

Egia esan, independentzia politikoa gizarte berri baten printzipioa baino ez da. Masa alderdi komunista proletalgoaren batasun politiko soziala bera da, etengabeko eraikuntzan dagoena eta eraikitzen jarraitzeko elementu horiek borrokaren bidez batzen dituena; izan langile kontrol espazio berri bat, lanpostuko baldintzetan hobekuntza bat, “Prosegurrek” fakultate batean eskubide politikoei adierazten dioten errespetua edo ikasleriaren ebaluaketen uztarria lasaitzea. Proletalgoak honela lortzen ditu ofentsiba unitate den alderdiaren aldamioa gorpuzteko adreiluak, burgesiari bizitza sozialaren fronte eta eremu botere kuotak atzitzeko borroka taktikoaren bidez indar korrelazioak aldatuz. Estatu Sozialista bezala eratuko den botere sozialistak, gizartearen gero eta testuinguru eta eremu gehiagoren kontrol proletarioa du aurrebaldintza material gisa. Garaipen bakoitzak eraikuntza elementuak batzen dizkio alderdi komunistaren aldamio sozial eta politikoari, botere sozialistaren osotasunean lekua izan dezaten, burgesiari atzitu zaizkion botere kuoten transformazio politikoaren ondoren beti ere. Hau da: botere sozialistaren eraikuntza etengabea lan ildo estrategiko gisa etengabe indartzen da fronte guztietan ematen diren borroka taktikoen ildo estrategikoari esker, borroka hauetatik elikatzen den heinean.

Eredu estrategiko honek aurrerapenak ekarri ditzake leninismo tradizionalaren eredu politizistarekin alderatuz, nahiz eta antolakuntza teknologiaren ikuspegitik konplexutasun handiagoa galdatzen duen; bada arazo honi inteligentzia kolektiboak erantzun beharko dio. Gizarte burgesak berariazkoa duen eta XX. mendean huts egin zuten prozesu sozialistei hainbeste arazo eragin zizkieten dualismoak, masa eta alderdiaren artekoak edota politika eta gizartearen artekoak kasu, konpondu daitezke alderdia batasun politiko, sozial eta kulturala den osotasun burgesa borrokatzen duen eta honekin etengabeko elkar harreman dialektikoan aurkitzen den osotasun politiko, sozial eta kultural bezala ulertuz gero. Beraz, Estatu Sozialista, injustizia, klasismo, ez-eraginkortasun sozial eta zapalkuntza guztiak errotik mozteko aukerak biderkatzen dituen gizarte-antolaketaren garapena besterik ezin daiteke izan, proletalgoaren burgesiaren gaineko nagusitasun errealaren adierazpena besterik ez baita; eta ez irudimenaren emaitza den utopia ekonomiko soila.  

Esate baterako: Osakidetza lotsagarria da eta konponbide bakarra du; osasun-zerbitzua kolektiboarena den eta proletalgoaren kontrol zuzenaren pe dagoen egitura sozial baten menpe egotea. Baina hau ezinezkoa da estatu burges batean, boterean dagoen alderdia dena delarik ere. Gertakari eta mediazioen kateatzea ezin da aurrez iragarri baina, hemen, osasunaren kontrola hartzeak burgesiaren zuzendaritzaren eskuetan dagoen lan prozesuaren kontrola hartzea galdatzen du, berau gizarte osoaren eskuetan, hau da, klase unibertsal gisa agertzen den proletalgoaren eskuetan, jarri ahal izateko. Berdina gertatzen da metabolismo sozial orokorraren gainontzeko eremu guztietan.

Antolakuntza oinarriak hedatu egingo dira eta puntu bakoitzean lan handia eginez indartu beharko dira. Mehatxu oso handiak ditugu parez pare, gazteria komunistak asimilatua eta despolitizatua dagoen gizarte osoa baitu aurka. Baina aukera zabalak ere agertu zaizkio historiaren atea erdi irekita baitago: guztiz ireki eta sekula berriz itxi ez dadin gogor lan egin beharko dugu.