Intelektualak eta politika. Arazoaren berragerpena eta berrikusketa.

2019ko uztailaren 3a

Egilea: Beñat Aldalur


“No una cultura obrera, no una figura obrera del intelectual, sino ninguna cultura y ningún intelectual al margen de las necesidades del capital. Es la solución justamente opuesta a la del otro problema: no reproducción obrera de la revolución burguesa, sino ninguna revolución jamás al margen de la existencia de la clase obrera, de lo que ella misma es, de lo que, por lo tanto, está obligada a hacer. Crítica de la cultura quiere decir rechazo a hacerse intelectuales.”

Mario Tronti. Operai e capitale. 1966

“Me gustaría señalar un tema que tengo realmente en el corazón: Yo no soy un pensador político, sino que intento ser un político que piensa; es decir, desde la primacía de la política, también en mi actividad intelectual.

Estoy convencido de que la política necesita de pensamiento, sobre todo si quiere ser una política de transformación de las cosas -antagonista. Por que quien quiere mantener las cosas tal y como están en el fondo no necesita mucho pensamiento.”

Mario Tronti. 2017

Gaztelaniazko bertsioa

Nik salatzen dut! ezagunarekin Emile Zola idazleak intelektualaren figura abiarazten zuen. Dreyfus kasuaren baitan posizioa hartzen zuen idazleak, salagarria zeritzon juduen aurkako jazarpen kasuan jardun publikoa burutuz. Posizio pribilegiatutik, kanpo epaiketa moduan eta bideorri zehatzak gauzatzearen beharrak adierazten dituen zailtasunetatik ihesi. Hain ezaguna dugun intelektualitate frantsesaren abiapuntutzat hartzen da honako ekinbidea, egun krisian aurkitzen den intelektualen posizioarena, hain zuzen ere. Pentsamenduaren historia eta posizioaren eztabaidan ez dut luzatzeko asmorik, antzinako Greziara eta pentsamendu ilustratura jo beharko baikenuke horretarako. Intelektual frantsesaren posizio tipikoa honakoa da: arazo politikoak epaitzen ditu distantzia batetik eta gertaera hauen gaineko epai moralak gidatzen ditu arazoaren kanpotik kokatuta. Posizio etiko hau kritikatzen du Mario Trontik, klase arteko gatazkak zeharkatzen duen gizarte batean pentsamendu zintzo eta konprometituak hartu beharreko posizioa politika antagonista dela uste baitu.

Politikaren barnean pentsatzen dugu ezinbestean eta gure ikuspegiak nahitaez paper bat betetzen du bertan: ez da neutraltasun politikorako lekurik.  Hau ez dugu nahasi behar teoria halako edo bestelako taktikak justifikatzeko erabiltzearekin, neurri handi batean Sobietar eskoletan gertatzen zen moduan.  Teoriak garrantzia estrategiko zentrala du edozein posizio politikoetatik begiratzen badugu, baina ezinezkoa da berau gizartearen mugimendu errealetik kanpo epaitu eta begiratzea. Posizio hartze bat dago teorian ere, Rosa Luxemburgek azpimarratzen zuen moduan. Berdina dio Emmanuel Renaultek Marxen posizio hartze filosofikoari erreferentzia eginez. Hain zuzen, Feuerbachen gaineko tesi ezagunek ez dute filosofiaren desagerpen bat aditzera ematen, pentsamenduaren posizio hartze bat adierazten dute: gizartearen gatazka errealetan leku bat hartzen du teoriak, iraultza komunista teorian burutuz, mugimendu errealaren parte izanda eta bere zehar lerroak aditzera emanez.

Intelektualen problematika gurera ekartzen badugu, azken asteetan polemika politiko bat lehen lerroan izan dugu, intelektualen estatus soziala auzitan jarri duena. Duela hilabete batzuk Onintza Enbeita telebistako aurkezle, iritzi emaile eta bertsolariak artikulu polemiko bat idatzi zuen Berria egunkarian Che Guevara iraultzaile argentinarraren heriotzaren urteurrenaren bueltan. Artikulu honetan komunista argentinarraren bizitza pribatua arakatu nahi zen, esfera pribatuan ematen diren ezkutuko zapalkuntzei garrantzia emateko asmotan. Dirudienez, idatzia idazterako orduan ez zituen iturri biografiko zein erreferentzia gehiegi erabili. Honenbestez bere hipotesiek esfera pribatuan ematen diren zapalkuntzak argitara eraman baino Guevararen irudia zikintzen zuten, aurretiazko kontraste lanik gabe. Azken astean bada Onintza justifikatu asmoz Guevararen matxismoa iturriekin kontrastatu duenik, Iñigo Aranbarri idazlea kasu. Dena dela, berriki Berria egunkarian publikatu den azkoitiarraren artikuluak gehiago dirudi justifikazio estrategia bat egia historikoaren bilaketa baino, azken artikulua idazteko erabili dituen idatzien partzialtasunak aditzera ematen digun moduan.

Bere aldetik, Algortako Askatasun Deiadarra taldeak, Onintzaren artikuluarekin haserre eta Muxikarra bertso saio baten harira Algortara bertaratzekoa zela probestuz, ekainak 19an sare sozialetan mezu bat zabaldu zuen. Bertan honakoa zioten besteak beste: ezin ahantzi dezakegu nazio zein klase kontzientzia duen edozei euskal herritarri Ernesto Guevara  "CHE" komandantea iraindu eta difamatu duen Onintza Enbeitak (kalifikaziorik oraingo honetan ez diogu jarriko) inolako begirunerik merezi behar ez liokela, are gehiago Onintza Enbeita desenkusatzen ez den arte. Mezu honen ostean, protesta ekintza ezberdinak burutu zituen pasa den astean Algortan. Azken ekintza hauek irakurketa bat egitera eta pankarta batzuek eskegitzera mugatu dira, baina euskalduna eta aurrerakoia den intelektualen zati handi bat erasotua sentitu da sekuentzia honekin.

Erreakzio honetan, adierazpen askatasuna aldarrikatu da sare sozialetan, pribilegio hau Onintzak bakarrik balu bezala eta, ondorioz, Onintzaren posizio politikoarekin eta garaian plazaratutako edukiekin haserre protesta burutu dutenek ez balute bezala. Onintzari babes mezuak biderkatu dira sare sozialetan eta, Algortako Deiadarraren aurkako iritziak indartu asmoz, protesta ekinbide honen atzetik matxismo jarrerak daudela ere eman da aditzera. Euskal Irrati Telebistako aurkezleak, zenbait idazle, bertso munduko hainbat kide, ezkerreko politikariak eta abar luze bat batu dira “erasotuarekin” elkartasuna adieraztera.

Dirudienez, intelektualen estatus pribilegiatua da ezinbestean babestu behar dena. Pribilegiatua diot, politikaz epaiak burutu baititzakete honek ekar ditzakeen ondorioei erreparatu gabe. Izan ere, kasu honetan garrantzitsua ez da bizitza justizia historikoaren alde eman zuen Guevararen irudia kontraste lanik gabe justifikatzeko erabili izana, iritzi emaile intelektualen ukiezin izaera mantentzea baizik.

Emaitza sozial eta politikoetatik kanpo pentsatzeak (edo pentsatzen dela uste izateak) klase posizio zehatz bati erreferentzia egiten diolakoan nago, ezkerreko politika ulertzeko modu alternatibista bati hain zuzen ere. Alternatibista diot, funtzio periferiko eta integratu bat betetzen baitute gizarte burgesean eta bere botere dinamikan: bere adierazpideak, telebista saio kaskarrak, ezer berritzailea eskaintzen ez duten dinamika artistikoak, politikoki zuzena den hori etengabe erreproduzitzea, genero zapalkuntzan sakonduz etekinak handitzen dituztenek bere egiten duten feminismoa eta erdipurdikokeria intelektuala lirateke, beste hainbat konturen artean. Trontik defendatutako antagonismo politikoak, aldiz, dinamika sozial orotan, eguneroko gertakarietan, politikak duen zentralitatea eta beraz esfera sozialean agertzen diren kontraesanak muturreraino eramateko borondate politiko autonomoa aditzera ematen ditu.

Algortako Askatasun Deiadarraren  ekintzaren balorazio politikoa burutzeko asmorik gabe, uste dut ekintza honek intelektualen estatusa zalantzan jarri duela eta bere funtzio politiko inplizitua aditzera eman eta, horregatik, klase arteko aliantzak marrazten duen kulturaren erreakzio mediatikoa honen emaitza dela.

2018ko abenduan Bizkaiako bertsolari txapelketaren finalean egon nintzen eta bertsoaren legediaz asko ulertzen ez dudala onartzeko arazorik ez badut ere, esan dezaket bertan ikusi nuen espektakuluak desengainatu ninduela. Salbuespen garrantzitsuekin, entzundako bertsoek ezkerreko politikagintzaren eremu batean barne-bilduta dauden posizioak erreproduzitzen zituzten sarri, ezer apurtzailerik eskaini gabe. Artearen funtzioa historian forma estetikoen bitartez ikusleari zerbait berritzailea eskaintzea izan da, pentsatu ez den horretan sakontzea eta honetarako elementuak eskaintzea.

Gure zeregina da pentsamendua martxan den eraldaketa prozesuaren zerbitzari bilakatzea, eta gure ekinbideen ardura historikoa gureganatzea. Gauzak bere izenez izendatzeko gaitasuna izatea da iraultzailearen ekinbidearen eraginkortasuna bermatzeko premisa. Dekadentzian dagoen gizarte honetan puntuak eta komak jarri behar diren lekuan jartzekotan, intelektualaren izaeraren errebisio kritikoa betebehar bezala ageri zaigu.