Proletalgoak, bizitzako esparru guztietan bere interesen arabera eta modu diziplinatuan antolatu behar du; zoriontasuna, askatasuna eta komunitate soziala eskala handian gauzatzeko asmoetan hezi behar du
‘’Lan umil, isil, eta eraginkorraren militantzia kulturan egonkortzen ari gara. Izan ere, ikasleriaren eta proletalgoaren bizitzetan ekarpen garrantzitsuak egiteko gaitasuna duen ikasle antolakunde sozialista izatea da helburua. Hauek dira emaitza onak eta hau da bidea’’.
(Manex Gurrutxaga, Ikasle Abertzaleakeko kidea. Antolakundearen VII. Kongresuan eginiko hitzartzea)
Aurreko astean proletalgoaren interesetarako bi albiste on jaso ditugu hezkuntza esparruan.
Alde batetik, Unibertsitateko Indar Batasunak, ebaluazio irizpideen ereduan ikasleen interesen aurkakoa den 12.2 artikuluaren aurka gauzaturiko borroka arduratsu eta tinkoa bere emaitzak ematen hasi da, EHUko gradu batzordeak UIB-k artikulua aldatzeko eginiko proposamena onartu baitu. Ikasleen eskubideentzat aurrerapauso txikia da, baina Euskal Herriko Sozialismoaren aldeko borrokarentzat urrats erraldoia.
Aspaldiko partez, ikasle antolakuntza unibertsitateko borrokaren bitartez bere asmoak modu eraginkorrean aurrera eramateko baliagarria da, proletalgoaren antolakunde independente moduan gainera. Hau da, aktibismo militante guztiz propagandistiko baten zama behin betiko albo batera utziz eta ikasle mugimendua erabat manipulatzen zuen marko politiko interklasistarekin amaituz. Klase interes errealen blokeorako agenda politikoa inposatzen eta hezkuntza esparruan proletalgoaren interesetarako eraginkorra izatea oztopatzen zion markoa behin baztertuta. Finean, ikasle antolakuntzak, nahiz eta unibertsitateko indar politiko guztiak aurka izan, oraindaino sekula izan ez duen eraginkortasun bat erakusten du bere borroketan. Hau guztia sozialismoaren bandera azpian, militante sozialisten iniziatiba pean.
Estrategia sozialistak burgesiaren botere eta menderatze markoaren gutxiegitasuna seinalatu behar du; instituzio burgesena, enpresa buruen unibertsitatearena, intelektual akademikoena zein euren lobbyena, banku eta multinazionalena eta barne adostasunen sare osoarena, horrek barnebiltzen duen botere egiturarena: baina une berean hezkuntza esparruko sektore proletarioen berehalako interesei erantzuteko gai izan behar du eta proletalgoaren antolakuntza independentearen bidez eraginkorra dela erakutsi, unibertsitateko egunerokoan eragiten duten eremu guztietan botere eta indar kuotak borrokatuz eta tarteko sektoreak zein funtzionario progresistak langile klasearen interesen alde eta burgesiaren interesen aurka lerrokatzea lortuz. Ideia ‘zahar’ hauek indarrez dei egiten digute Euskal Herrian zein Europan bizi dugun aro arteko atalasean, burgesiaren koadro alderdi instituzionalek begiratu ere egin nahi ez dieten arazo errealei erantzuteko eraginkortasun zanpatzailea erakusten dutelarik. Hobe esanda, alderdi horien kezka partekatua gazte belaunaldietan ernaltzen doan sozialismoaren mehatxua gelditzea da. Ez da hau pertsona hark edo honek suposatzen duen mehatxua, proletarizazio prozesu geldiezinak bizitzako eremu guztietan eragiten dituen baldintza objektibo zehatzetatik ezinbestean azaleratzen ari den subjektibitate iraultzaile baten mehatxua baizik.
Bestalde, aurreko astean Eunateko bigarren hezkuntzako institutuko ikasleen borroka luzeak, landutako garaipen bat lortu duela ere jakin genuen. Eunateko ikasleek, euren zentroan instalatutako bideo-bigilantziako kameren aurkako borroka prozesu bat garatu dute. Hezkuntza Sailak inorekin adostu gabe instalatu zituen kamerak ikastetxean eta Eunateko ikasleak, orientazio politikorako zentzu handiz, berehala jarri zuten martxan euren irudi eta intimitate eskubideak baina bereziki, askatasun politikoak larriki urratzen dituen bortxakeria honen aurkako borroka zorrotza. Ikasturte honetan zehar edonolako txantaje eta presioak jasan behar izan dituzte, Iruñerria osoko ikasle grebaren debeku politikoa, “lanerako eskubidea” (sic!) defendatzeagatik sasi sindikatu bat edo besteren negar zotinak eta funtzionarioenak barne eta, oztopo guztien gainetik, determinazio irakaspen berri bat eman digute. Elkartu eta euren interesak babesteko Iruñerriako Autodefentsa Sarea osatu dute. Euren borroka gauzatzen jakin dute, euren planteamenduak garatzeko auzoan zilegitasuna irabaziz. Kalera atera era klase elkartasunez ekiten jakin dute, ekintza batasun sozialistarekin, Iruñeako kaleak zeharkatu zituen manifestazio jendetsu baten bitartez. Orain beste batzuek nahi dute borroka horren protagonismoa. Baina protagonismoa iniziatiba politikoa duenak dauka, zer egiten duen dakien horrek, gertakarien logika menderatzen duenak. Ez da Eunateko segurtasun kameren aurkako borroka soil bat, ikastetxe guztietako segurtasun kameren aurkako borroka bat da, langile klasearen kontrol politikorako metodo hauekiko baztertze orokor bat finkatzea xede duen borroka kulturala. Proletalgoaren ikasle antolakuntza sozialista independentea zilegitzeko borroka bat da. Zentzu honetan, orientazio sozialistako ikasleen borroka iniziatibak hausnarketak eragin ditu jende askoren baitan. Hori da hegemonia. Adin txikikoen bideo-bigilantzia erantzule instituzional eta `kulturalak´ dituen aberrazio bat baino ez da.
Hezkuntza esparrutik haratago, instituzio burgesak duela hamarkada bat baino gehiagotik lurralde osoan zehar, espazio publiko zein pribatuetan, kale eta azpiegituretan, edota etxebizitza pribatuetan modu ilegalean ezartzen ari diren bideo-bigilantzia panoptikoaren aurrean jarraitu beharreko bidea erakutsi digute Eunateko ikasleek. Proletalgoaren erantzunak sendoa izan behar du, gure askatasun politikoak, gaurko eta etorkizuneko belaunaldien borroka baldintzak eta etxaldeetako abereen moduan grabatu eta bigilatuak izatearen aurrean gure duintasuna ere jokoan ditugu. Klase menderatzailea da grabatua eta kontrolatua izan behar duena, bere ustelkerian, erabaki ezkutuetan, bilera sekretuetan, azpijokoetan, kutxan eskua sartzean, sare klientelarretan, klase estatuaren instituzioetan, alderdi eta sindikatuetako gabinete burokratikoetan, bere inpunitatean.
Bi aurrerapauso hauek, Ikasle Abertzaleakek eta Ikasle Autodefentsa Sareek gauzatutako borroken bitartez ikasturtean eskuratutako lorpenei batzen zaizkie: ikasle gelak, ebaluaketa irizpideen aldaketak, greba eskubideak, segurtasun guardien gaiaren baitan polizia-campusaren aurka eginiko pausoak etab.
Hori dela eta, Eunateko ikasle taldea, bereziki Iruñerriako ikasle mugimendua eta orokorrean Euskal Herriko ikasle mugimendu guztia zoriontzeko aprobetxatu nahi dut: aurten pauso handiak eman dituzue militantzia ereduan, borroka moldearen eraginkortasunean, zuen planteamenduaren seriotasunean. Ez jarri arretarik jasotzen ari zareten gezur eta eraso sortari, hauek zuen borrokaren zilegitasunaren eta zuen determinazio zein eraginkortasunaren sintoma baitira. Langile klase osoarentzat eredu komunista zarete.
Era berean, Ikasle Abertzaleaken militantzia osoari nire errespetua adierazi nahi diot, euren antolakundea soldatapeko arduragabe eta manipulatzaileen partetik jasotako gezur eta kalumnien foku mediatikoa zen bitartean, disziplina eredugarriz, modu isil eta arduratsuz, maila politiko handiko kongresu bat garatzeagatik. Beste behin, ez dute onartuko inongo errespeturik gabe, kanpotik esku hartzen saiatuz kongresu bat eskatzen irrigarri geratu izana, etxe barruan maila handiko eztabaida gauzatzen ari zen bitartean, militantzia osoak modu partehartzailean eta erabateko adostasunez berretsi duen behin betiko ponentzia irakurtzean ikusten den bezala.
Orokorrean, beharrezkoa da ikasle borrokaren aurrerakaden hausnarketa orokor batzuk egitea.
Proletalgoaren interesen defentsarako antolaketak garrantzi handiko orientazio estrategikoa du. Sektore eta destakamentu komunista guztiek horren kontziente izan beharko lukete, berau indartu eta elikatuz, proletalgoaren antolaketa politikorako eskola baita borroka defentsiboa. Ez dago Iraultza Sozialistarik proletalgoaren masa antolakunderik gabe, bilakaeran den prozesu sozialistarik gabe, indar proletarioen metaketarik gabe eta ez dago antolakunderik eta indar proletarioen metaketarik borrokaren eraginkortasunik, indar korrelaziorik, porrot baino garaipen gehiagorik eta aldeko balantza duen klase borrokaren dinamismorik gabe. Borroka hauek ekonomizismo apolitiko huts batera ez murrizteak, ez du inondik ere inplikatzen proletalgoaren maila guztietako borroka defentsiboak serio hartu behar ez direnik. Eskala sozialean posizioak mantendu eta irabaztea hil ala bizikoa da eta, hau ez egiteak, proletalgoa borroka handiagoei ekiteko ezgaituko luke. Are gehiago, hau ez egiteak disolbatu du proletalgoaren nortasun politikoa, berau atomizatuz eta klase etsaien antolakundeen bandera faltsuen pean lerrokatuz, edo estetizismo militante herrikoi batera, militantzia kultural boluntarista eta auto-txikitzaile axolagabe batera mugituz. Borroka defentsibo horiexek dira, klase batasun, diziplina eta eskala sozial izaera dutenean, une berean, antolakuntza proletarioaren eraginkortasuna eta burgesiaren alderdi eta instituzio antolakuntzaren mugak erakusten dituztenak. Hau da, borroka defentsiboak dira antolakuntza proletarioa garatzeko beharra erakusten dutenak, antolakuntza honetan eraldaketa prozesu ebolutibo eta hazkorrak elikatuz, ofentsiba batasun perfekzionatu baten norabidean jarri eta botere hartzea eta ekoizpena sozializatzeko antolakuntza posizioak aurreratzen joateko beharra azaleratzen dutenak.
Ekoizpenaren sozializazioa ez da mundu ero, idealista eta gauzaezin bat. Ezin zaio moralki lur jota dagoen proletalgo bati modu teorikoan azaldu: mundu honen garapen logiko eta arrazionala den neurrian, emankortasuna, askatasuna, zoriontasuna, denboraren erabilgarritasuna eta adiskidetasun komunitatearen gorpuztea da, indar teknikoaren arazketaz antolakuntza modu hobeago baten gauzapena dakarrena, gaurko borroka errealetan, klase egitasmo horien dimentsio etiko erreal eta eraginkor moduan azaldu behar da. Honela, estrategia sozialistak, zigortuen dauden sektoreen berehalako interesen aldeko egungo borroka errealetan, osagai nagusiki aurre-figuratibo eta hezitzailea izan behar du. Antolakuntza proletario bidez prozesu sozialen gaineko kontrola egikaritzea ezinbestekoa da boterea hartzeko: kontrol gehiagorekin, boterea hartzeko aukera gehiago. Kontrol gutxiagorekin, ahultasun handiagoa.
Indar korrelaziorik gabeko kontzesio instituzionalak propaganda burges hutsa dira. Alabaina, klase borrokaren ondoriozko indar korrelazioen araberako kontzesio instituzionalak indar hauspoak dira, sozialismoarentzat antolakuntza potentzia dutenak. Langile antolakuntzak burgesiari men egitera behartzea lortzen duen bakoitzean indartu egiten gara. Autodefentsa eta ofentsiba ez dira banatuta dauden kategoriak. Prozesu dialektiko baten zatiak dira, eta ziklo iraultzaileen historiak erakusten digu hau.
Ez dago sozialismorik proletalgorik gabe. Sozialismoa, proletalgoak lurraldearen gainean gauzatzen duen boterea da. Estrategia sozialista, proletalgoak boterea hartzeko duen estrategia da, ekoizpena eta ekoizpen bitartekoak sozializatzea eta botere burgesa erauztea xede duena. Belaunaldi arteko deskonposizioan aurkitzen den klase ertainak ezin du subjektu sozialista izan; batzuek dioten moduan eta izen faltsu asko jartzen dizkioten arren, bere estrategiak ez baitu sozialismoarekin zerikusirik, mundu honetan egonkortzearekin eta honekiko arduragabekeriarekin baizik. Destakamentu teoriko iraultzaile batek ere ezin du subjektu sozialista izan proletalgoaren berehalako interesekin bat egiten ez duen heinean, baizik eta soilik interes hauek bere bereiztasun eta zehaztasunean defendatzeko gai denean eta aldi berean berauek gauzatzeko marko ekonomiko, sozial, kultural eta politiko burgesa gainditzeko beharra erakusten duenean.
Proletalgoak, bizitzako esparru guztietan bere interesen arabera eta modu diziplinatuan antolatu behar du; zoriontasuna, askatasuna eta komunitate soziala eskala handian gauzatzeko asmoetan hezi behar du. Gezurti guztiei zein barne ezegonkortasunaren protagonista eta elementu direnei, zein kanpotik erakusten zaizkion bandera faltsuei mozorroa kendu behar die. Borroka politikorako indarrak lortzeko, bere klasearen jomuga historikoen baitan hezi behar du. Behar hau bere helburuekiko homogeneoa da: lortu nahi baditu ez du beste biderik eta, horretarako, bere interesen autodefentsa diziplinatuaren, gatazken planteamenduaren eta hauek irabazteko sistematizazio taktikoaren atazak ezinbestekoak dira.
Hau ‘ziklo’ izaera duen heziketa militanteko eta indar metaketarako prozesu sozialista bat da, hau da, hamarkadak iraungo dituena. Askok hasieran ematen dutenaren aurkakoa izaten amaituko dute eta beste askok alderantziko bidea egingo dute.
Orainaren eta etorkizunaren fusioa, iraganeko irakaspenetatik bildu dezakegun antolakuntza eta inteligentzia estrategiko guztia aplikatzea eskatzen digun hari meharra da. Zentzu honetan, azken urteetan Euskal Herriko ikasle borroka eta bere antolakuntza forma eredugarria, jarraitu beharreko bidea marrazten ari dela esan dezakegu.