AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA

Ez du harritzen, nahiz eta ezin uka adierazgarria denik, abstentzioa edota instituzio kapitalisten desprestigioaren aurka modu oldarkorrenean altxatzen dena klase ertain sozialdemokrata izatea, eta, zehazki, bere frakzio ezkertiarrena edota erradikalena omen dena: Euskal Herrian, Sortu alderdiko militanteak. Ez du harritzen, hain zuzen ere, sozialdemokrazia estatu-alderdia delako, eta bere programa osoa jada existitzen den estatu-egituraren erreforman oinarritzen delako.

Estatua erasotzea, sozialdemokrazia erasotzea da. Eta hori inor baino argiago dute sozialdemokratek, instituzio kapitalistekiko abstentzioa haien aurka baliatzen saiatu dela baieztatzen dutenean (!), edo haien indarra abstentzioarekin eta abstentzioarekiko neurtzen dutenean. Hala ebatzi dute: EHBildu izan da abstentzioaren goranzko joerari eutsi dion alderdi bakarra. Esaten dutenez, ongi eginaren emaitza da hori, baina zer da, hauteskundeei dagokionez, eta testuinguru historiko honetan, ondo egitea?

Abstentzioak sistema kapitalistaren administrazio-instituzioekiko –alderdi politikoak barne- indiferentzia edota gorrotoa adierazten du. Ez da kasualitatea, abstentzio horren gorakada krisi kapitalistarekin garaikidea izatea. Izan ere, proletarizazio prozesuak, prozesu sozio-ekonomiko gisa, langile masa handien pobrezia ekonomikoaz gain, krisi soziala sortzen du giza-komunitatean, eta zehatzago langile klasearen komunitatean. Proletarizazioa komunitate sareen disoluzioa ere bada, hautsi egiten baita giza komunitate gorena den diruaren zirkulazioa. Konexioen haustura horrek, komunitatearekiko haustura denak, komunitatearen ordezkari den subjektuaren desintegrazioa ere badakar. Parte hartze politikoa disolbatzen da, estatu-administrazio teknokratarekiko dependentzia biologikoa handitu ahala, indiferentzia nagusitzen da eta proletalgoen masa handi batek ez du ikusten, jada, politika burgesean inongo ordezkaritza kolektiborik, traba bat baizik.

Ez da, ordea, proletalgoa krisi garaietan politikarekiko mespretxua agertzen duen bakarra. Goi burgesiak ere nahiko luke bere dominaziorako astun bilakatzen ari den ordezkaritza politiko horren disoluzioa. Izan ere, garestia da berarentzat, bere boterearen fundamentuak kolokan jartzen ditu gainbalioaren zati txikiena ere urre bilakatzen den garaietan, eta ez du behar, proletalgoaren gaineko dominazioak gero eta gehiago diktadura irekia eskatzen duelako,  azkeneko horrek demokrazia kapitalista eta parlamentarismoarekiko atxikimendua galdu ahala, edo proletalgoaren hazkuntza masiboarekin proletalgoari berezkoa zaion jarrera hori hedatu ahala.

Testuinguru horretan agertzen da klase ertaina bere funtzio historikoa aldarrikatzera. Batzuetan sozialdemokraziaz jantzita, besteetan faxismoz. Bata edo bestea, sistema kapitalista eraberritzeko jartzen dituen jantziak baino ez dira, alabaina, eta programa ekonomikoan ez da aldaketa sakonik –estatu-interbentzio bidezko “aberastasunaren banaketa”-, programa hori janzten duten forma ideologikoak edota hasierako bideak desberdinak izan arren. Izan ere, faxismoaren atzetik etorri ohi da sozialdemokraziaren garaia,  trantsizio demokratikoaren garaia, batak bestea eskutik ekarriko balu bezala, edo prozesu beraren bi osagai izango bailiran.

Krisi egoerak gero eta gehiago argitzen du klase borrokaren espazioa, eta gero eta muturrekoago egiten ditu bi klase antagonikoen arteko kontraesanak, noraino eta batak zein besteak, jada etsipenez eta gorrotoz, kontsentsu gune diren instituzio politiko kapitalisten eremuari uko egiteraino.  Goi burgesiak ez du hauteskunderik behar bere erreformak inposatzeko, eta edozein delarik ere gobernuan dagoena, bere esanetara egongo da, txotxongilo bat bezala. Proletalgoak, berriz, bere sineskeria guztiak hondoratuta ikusi ditu, eta ordezkaritza politiko oro bere interesetarako kaltegarri ikusten du, interes horiek biziraupen biologikoaren minimoetara mugatzen badira ere.

Alta, honek ez du esan nahi, eta ez du inoiz esan, proletalgo hori komunismoaren bidean dagoenik. Abstentzioak joera historiko bat azaleratzen du, joera historiko guztiak bezala, espontaneoa edota sistema kapitalistari berezkoa zaiona. Hau da, proletalgoan, eta proletarizazio prozesuan, sistema kapitalistaren joera historiko objektiboa irakur daitezke. Ez da, beraz, posizio subjektibo bat, edo programa politiko bat hemen azaleratu dena. Hori baino askoz ere indartsuagoa da. Izan ere, programa politiko bat, abstentzioaren aldekoa, adibidez, zuzena izan daiteke, edo okerra; gainditu daiteke edota guztiz suntsitu, argudioekin, edo armak baliatuta, programa horren eramaileak fisikoki desagerrarazten badira. Joera historiko bat, ordea, ezin da borondate hutsalez ezta fundamenturik gabeko biolentzia bidez suntsitu. Garaiezina da demokratentzat, korronte berdinean mugitzen diren horientzat, nahiz eta, ikusi den bezala, aukera egon, nola edo hala, bere eraginen hedatzea mantsoarazteko.

Horretan dihardu sozialdemokraziak, hori baitu bere existentzia-modua. Instituzio kapitalistek krisi historikoa azaleratu duten honetan, hauxe da sozialdemokraten, eta bereziki EHBilduren, errezeta: indar militante osoa hauteskundeetara, hau da, sistema kapitalistaren instituzioak legitimatzera bideratzea, abstentzioa eta abstentzioaren inguruko irakurketak erasotzea, instituzio kapitalistak prestigiotzea, poliziaren iragarkiak babestea, inongo fundamentu ekonomikorik ez duen estatu-egitura publikoaren defentsa itsua… eta beti egin ohi duten formetan egitea: irrazionaltasuna, lotsagabekeria eta umekeria. Hori bai, bere limitazioak besteen kontra erabiltzea da gogokoen dutena. Horren adibide dugu «abstentzioaren alderdi proletarioaren» inguruan jazotako zalaparta oportunista -estatua legitimatzen duten bitartean, bere aurka daudela antzezteko baliatu dutena, nola eta komunistoi gurea ez, eta beraiena den posizio bat esleituz.

Izan ere, demokratentzat, ofizialki jaso ez dena, ez da existitzen. Hau da, instituzio kapitalistek legeztatu eta legitimatzen ez dutena, hutsaren hurrengoa da, eta ezin da alderdi bat izan. Horregatik, haiena, burokratez jositako egitura bat, oinarri sozial indeterminatu bat duena, botoa ematen diena haien programaren inguruan puntu bakarra ere jakin gabe, bada alderdi bat, aldiz, ez da alderdi bat proletarioen mugimendu espontaneo baina objektiboa, programaren puntu nagusia den instituzio kapitalistekiko mespretxua konpartitzen duena –haien programaren edozein puntu baino argiagoa dena, bide badez-, hain zuzen ere ez duelako burokratarik atzetik, eta ez delako estatu kapitalistak onartua. Efimeroa dela? Bai, zuen botoak bezala. Espontaneoa? Bai zuen programa osoa bezala, eta programa hori babesten duen gizartea bezala. Ez duzuela haren programa minimoa konpartitzen? Jakina, bistan da, proletalgoaren abstentzio masiboak deslegitimatzen duelako zuek jomuga duzuen eta zuen eraldaketaren funtsa den estatua, eta harekin batera zuen existentzia bera ere, estatu-egitura gisa, eta estatu-egitura eraberritu nahi duen frakzio gisa.

Baina, egiari zor, objektiboagoa da, eta errealitate printzipio handiagoa du abstentzio masibo horrek, sozialdemokraziaren programa faltsuak baino. Faltsua, baina adierazgarria. Izan ere, ez da iraultzaileen eginbeharra krisian dagoen sistema eraberritzea, baizik eta krisi hori baliatzea sistema bera suntsitzeko.

Edonola ere, instituzio kapitalistetan parte hartzeari dagokionez, sozialdemokrazia da bere programa justifikatu behar duena: zein betekizun dago instituzioetan, proletalgoari bizkarra ematea justifikatzen duena?