AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA

Gaztelaniazko bertsioa

Langile mugimenduaren antolaketaren etsai nagusia ekonomizismoa zela zioen Gramscik; determinismo historikoa[i]. Era berean, XIX. mende amaieran zein XX. mende hasieran, SPD alemaniarraren osaketa soziologikoan funtzionario eta langile aristokrazia zenbatekoak areagotu izanak, zein paraleloki errebisionismorantz (Bernstein-ekin) eta ortodoxiarantz (Kautsky-rekin) harturiko joera teorikoek, haien praktika teorikoak higuinaren mugak jotzea ekarri zuten, Rosa Luxemburg eta Karl Liebknecht-en erailketen antolaketarekin.

Gurean berriz, esan beharra dago, oro har, eta ezker abertzalearen barruan askotariko antolakunde eta joera politikoak betidanik existitu izan badira ere, elkarri sekula ez diotela etsai politikoaren trataerarik eman. Ez bederen termino teorikoetan. Aitzitik, areriotasun politikoaren kontzeptuaren bidez ezaugarritu dituzte eremu politiko berean jarduten zuten antolakunde eta joerak; guztiek interpelatzen zuten subjektu potentzial bera, modu batera edo bestera hura erakartzen saiatuz, programa edota diskurtso politikoen bidez, eta abar. Beti lehian, baina inoiz ez gudan.

Are gehiago, PNVri buruzko iritzi aniztasuna egon da beti; hain zuzen, aliatu politiko gisa izan zezakeen potentzialari buruz edota etsaitasun mailari buruz.

Etsaitasun politikoaz ari garenean, baina, pertsona multzo baten eta bestearen arteko funtsezko etsaitasunari buruz ari gara; kontra egiten dion multzo batekin (potentzialki) borrokatzeko duen aukera errealaz, alegia. Izan ere, etsaitasuna, izate batek bestearekiko garatzen duen oinarrizko ukazioan eratzen da. Zer esanik ez, beraz, gizarte burgesak proletalgoaren interes historikoen ukazioa ekartzen duela, non burgesia eta proletalgoa abstrakzio maila orokor eta zehatzetan borrokatzen diren[ii].

Hau da, gatazka horrek eguneroko bizitzako esfera guztiak zeharkatzen ditu, modu horretan, eta era oso konplexuan bada ere, klase erlazio bat, klase borroka bata eta bestearen arteko mendekotasuna eratuz. Edo, bestela esanda, gure egunerokotasuna artikulatzen duen faktore bakoitzean agertzen dira burgesiaren agintaritzarako bitartekoak, itxura eta forma ezberdinak garatu dituztenak: agurtzeko moduetatik hasi eta pentsatzeko eskemetaraino, kontsumo ohiturak, militantzia ohiturrak, oinarri teorikoak, antolakuntza ereduak, borroka moldeak, kultura politikoa, eta abar. Guztietan barnebiltzen eta adierazten da interes antagonikoen talka.

Ezker abertzalean ere, forma soziopolitiko historiko modura, klase borroka existitu izan da; bere historia politikoan etengabea izan da frakzio iraultzaile eta erreformisten arteko talka eta bereizte politikorako joera ziklikoa[iii].

Hain zuzen, zentzu hegemonikoan, ezker abertzaleko frakzio sozialdemokrata (sektore postmodernoak eta autonomoak barne) izan d(ir)a ezker abertzalearen formazio historikoa baldintzatu du(t)ena(k). Hain dago errotua joera hori, ezen gaur gaurkoz, Euskal Herrian ez diren ia ezbaian jartzen antolakuntza eredu jakinak, fenomeno sozialak auzitan jartzeko metodo jakinak, teoria pentsatzeko eta baliatzeko modu jakinak, militantzia ereduak, zentzu komun politikoa, militanteon sozializaziorako moduak, eta abar. Hau da, azken finean, kapitalari funtzionalak zaizkion usadio politikoak. Eta hau zergatik?

Ekonomikoa denaren eta politikoa denaren arteko bereizketan oinarritutako antolaketa moduak direlako; alegia, ekoizpenaren eta zirkulazioaren arteko banaketan oinarritutakoak, horixe delarik ekoizpen eredu kapitalistak bereganatzen duen izaera estandarra. Modu horretan, ekonomiaren inguruko ikusmolde teknizista-produktibista eta politikaren inguruko ikusmolde ideologikoa gailentzen dira, eta fetitxismo hori bere eginez, subjektu politiko modura saiatzen dira kapitalari aurre egiten. (Adibidez: alderdi politiko-sindikatuen banaketa organizatiboa)

Izaera kritiko mugatua duten militantzia profilak eraikitzen direlako, zeintzuek burokrazia ahalbidetzen duten legegintza politiko gisara, eta bestalde, legeria-gaitasun eta gaitasun exekutiboen arteko bereizketa bultzatzen dutelako.

Politika proletarioa, botere politikoa hartzeko prozesu modura, ezinezko bihurtzea bultzatzen dutelako, etengabea baita beren barrenean “botere harreman” mota guztiak arazteko saiakera, boterearen kategoria norbanakoaren auzi gisara mugatuz. (Adibidez: Joxemi Zumalabe Fundazioa bezalako iniziatibak)

Pentsamendurako eskema mekanizistak birproduzitzera bultzatzen dutelako, zeintzuek fenomeno sozialak eta beren barne arkitekturak nahastera eramaten gaituzten; abstrakzioei aurre egiten saiatzeko, antolaketa eredu abstraktuak baliatuz; hau da, partzialki arituz. (Adibidez: Genero zapalkuntzaren aurkako borroka)

Zentzu komun burgesarengana, moral burgesarengana eta zentzu burgesarengana joz, dinamika taktikoak sustatzen dituztelako, hainbestetan entonatu duten indar metaketari bolumena igo asmoz. (Adibidez: elementu horien manipulazioa Altsasuko gazteen auzian)

Eztabaida irekia, arrazionaltasun politikoa, ideien guda muturreraino eramatea edota kritika zintzoa ekiditen dituztelako.

Militantzia alferra (egoneko militantzia) bultzatzen dutelako, kontsumo mailara mugatzen dena, denborapasa gisara, modu arduragabean.

Horregatik guztiagatik eta beste hainbat tradizio politikorengatik zaizkio funtzionalak kapital erlazioari politika egiteko forma horiek. Izan ere, nekez eragiten dute bere funtzionamendu errealean.

Eta nora iritsi nahi dudan analisi labur eta osatugabe honekin? Bada, egungo egoerara, non Ildo Sozialistaren adierazpide ezberdinetatik, forma horiei berariazkoak zaizkien tentsioak (klase borroka) sintetizatzeko saiakerak egiten ari diren, berauetan hegemonia proletarioa eraikitzearen bidez. Baina, ohikoa den bezala, eta batez ere, aurreko ikasturte politikoan agerian geratu den bezala, forma horien parte izaten jarraitzeko borondatea duten pertsonek militante sozialistak erasotzeko joera dute; irrigarri utziz, infantilizatuz, karikaturizatuz, pankartak errez, "herri" mailan (langile aristokraziaren eremu soziologikoan) isolatzen saiatuz, manipulatuz, mehatxatuz eta xantaia eginez.

IA, GKS, Erraki, Itaia, gazte asanblada, gaztetxe, autodefentsa sare edota beste eremu batzuetako militante andana bati oztopoak jarri dizkigute lan politikoa egiteari dagokionean, eta ez soilik poliziak.

Bada, aurreko ereduarekin haustura izatea inplikatzen duen antolaketa, propaganda, konpromiso, ardura, ekoizpen teoriko... saiakera oro, indarrez erasotua da aurretik aipatutako forma historikoetara joz. Nire ikuspegitik, Herri Mugimenduaren forma historiko klasikoa, antolakuntza leninista klasikoa, funtzionamendu anarkistarako joerak, zentzu komun interklasista, moral burges bakezalea, erromantizismo abangoardista…izan dira, besteak beste, klase ertainaren bloke politikoaren abangoardiek baliatu dituzten falaziak, Euskal Herrian proletalgoaren independentzia politikoaren adierazpenak ehorzten saiatzeko.

Oinarri politiko proletarioak arriskutsuak dira euren osotasun politikoaren zati batentzat.

Hala, proletalgo komunistaren etsai politikoak ez duela beti forma oldarkor eta erromantikoa eskuratzen. Are gehiago, kasurik txarrenetan, hurbilena izan zaigun jendearen aurrean defendatzeko eta beraiekin edonolako harremanak hausteko beharrarekin topatu gara; lagunak, senideak, eredu politikoak, militante historikoak… Ekinbiderako molde ezberdinen bitartez, gure klasearen esklabotasuna betikotzen ari dira. Gu erasotzen ari dira, muga etiko guztiak gaindituz, eta harrokeriaz, inpotentziaz eta arduragabekeriaz, gainera.

“Independentzia eta Sozialismoa” binomio historikoak barnean zeraman interklasismoak eta bere baitan zetzan klase borrokak lehenago edo beranduago lehertu behar zuten. Orain ari dira beren garapenaren mugak jotzen; hala erakusten du Sortuk Ildo Sozialistaren aurka abiarazitako eta gidatutako ofentsiba orokor interesatuak. Erreala den zerbait osatzen du erasorako bere iniziatibak. Antagonikoak dira bere interes politikoak eta gureak, eta bidezko autodefentsa aldarrikatzen dugunean eta horretarako pausoak ematen ditugunean, emana dago borrokarako aukera. Sortu, erakusten ari da Ildo Sozialistaren berehalako etsai politikoa dela. Orain artean teorian agerikoa zirudiena praktikan islatzen ari da.

Gure aldetik, beraz, gure burua gogatu baino ezin dugu egin, burgesiaren interes historikoek, gure klase etsaiaren interesek eta horiek barruan hartu ditzaketen edukiontzi mota guztiek parez pare izan gaitzaten, azken ondorioetaraino. Prestaketa gogorra baina beharrezkoa, Ildo Sozialistako militantzia komunista modu eredugarrian erakusten ari den modura; zeinak makal baina tinko, bere ibilbideak hasi dituen Euskal Herrian.



[i] Antonio Gramsci interpretatzeko, Jose Aricóren Nueve lecciones de economía y política en el marxismo eta Biaggio de Giovanniren Teoría marxista de la política erabili ditut.

[ii] Marx-ez gain, Carl Schmitten El concepto de lo político idazki klasikoak lagundu dit etsaitasun politikoaren kategoria definitzen.

[iii] Ezker abertzalean emandako klase borrokaz egiten dudan interpretaziorako, Kolitzak Borroka Garaia Da!-n idatzitako De la nación cuestionada a la cuestión nacional testuaz eta bertan Comunista Abertzale eta Petriko Barrenok egindako iruzkinez baliatu naiz.