Mundu mailako burgesia handitik hasita langile aristokraziaren interesetara arte gizarte eredu burgesaren bloke historikoa artikulatzen da, langileriak egitura propioa ez duen bitartean, behintzat.
Aste hauetan ez dago beste koiuntura gairik. COVID-19a dute munduko biztanle guztiek mintzagai. Hala ere, asko aldatzen da auziaren prisma interes bloke bakoitzaren arabera. Gure kasuan, behin eta berriz egin ohi dugun antzera, koiuntura politikoan azaltzen diren auziak klase borrokaren dimentsio teoriko eta praktikoan kokatzen jarraituko dugu, interes proletarioak bere lekua izan dezan.
COVID-19aren hedapen masiboaren elementuak erreparatuz, ezin gara soilik osasun emergentzian gelditu. Munduko ekonomia ezegonkorra are egoera ezegonkorragoan utzi du birusak, potentzia handien arteko gerra komertzialen eraginen jarraipena izanik. Beraz, elementuak ez dira soilik osasun arlokoak, gelditzeko datorren egoera ezegonkor hau gestionatu eta atzeratzeko erabaki politikoek pisu handiagoa hartzen baitute. Gaurko egunean, Pedro Sanchez Estatu Espainiarreko goi-burgesiarekin batera (batera baino, lehena bigarrenari subordinatua) krisi berri honen dimentsioa neurtzen egongo da, sistemaren biziraupenerako derrigorrezkoa duen kapital metaketa eta egonkortasun sozialerako planak diseinatzen. Burgesiaren ofentsiba berritik erasotuak izango garenok, bitartean, etxetik atera ezinean gaude.
Espainiar goi-burgesiaren izenean, beraz, Pedro Sanchezek hiritar guztiei bidalitako mezu nagusiaren laburpena honako hau da: diziplina soziala eta erantzukizuna. Gizartearen gehiengoa alarma-egoerara moldatu da behar zen forman (burgesiak eta bere ordezkari politikoek behar zuten forman, hain zuzen), parlamentuan jarduten duten bloke politiko guztien bultzadarekin, eskuinetik ezkerreraino. Horrela, askatasun politikoen ukazioaren aurrean ez da erreakzio zuzenik egon. Beti bezala bloke politiko ezberdinen arteko lehia mediatikoak jarraitzen duen arren, denok egin diote kasu Pedro Sanchezen mezuari. Sektore guztiak diziplina sozialez eta erantzukizunez ari dira. Eta hemen dago gakoa: gizarte eredu burgesaren erreprodukzioan leku bat daukaten bloke guztiek diziplina sozialez eta erantzukizunez jokatzen ari dira, bai, baina zeinekiko? Guztiak kapitala eta bere gizarte ereduaren mantenuarekiko diziplinatuak. Horrela ikus ditzakegu alderdi guztien puntu komunak: askatasun politikoen ukazioaren onarpena eta Estatua iristen ez den espazioen betetze lanak egitea. Gizartea armonian batu behar da eta Estatua izan behar da gizarte osoaren eskubide eta ongizatearen berme-emailea. Politikaren kontzeptua parlamentarismora mugatzen dutenek nola pentsatuko dute, bada, beste era batean?
Azken finean, kapitalaz hitz egiten badugu klase borrokaz jardun behar dugu, gizarte barneko oinarrizko talka honen posizioek determinatzen baitute gizartearen barneko indarren norantza. Baina talka hori egoteko bi posizio antagonikoek programa politiko ezberdinduak izan behar dituzte, beraien arteko interes politiko ezberdinduetatik eratorriak. Horrela ez bada, alde batetik tiraka dabilenak beti irabaziko du, ez baitu aurkaririk aurkituko sokaren beste aldean. Mundu mailako koiuntura bortitzenetan ikus dezakegu era garbienean klase antagoniko bakoitzaren posizioek nolako indarra daukaten eta COVID-19 gaitza eta honekin eskutik datorkigun krisi ekonomikoa ispilu ederra dira analisi hau egiteko.
Gizarte burgesaren krisi garaiotan, burgesia botere politikoaren jaun eta jabe da, hau da, gizartearen antolaketarekiko gidaritza gaitasuna du. Irabazien ekoizpenean zailtasun nabarmenak dituen arren, ofentsibak aurrera eramateko botere politiko osoa du, langileria desantolatua dagoen heinean. Gainera, deskonposaketa fase batean aurkitzen den erdi-mailako klasearen bloke politiko egituratu ezberdinek (neofaxismoa edota sozialdemokrazia, adibidez) ez dute arrisku nabarmenik suposatzen botere burgesarentzat, bere instituzio politiko nagusiaren (Estatu burgesa) indartze bloke gisa azaltzen baitira (modu inkontzientean izanik ere). Ikusi dezakegunez, beraz, sistema kapitalista konplexutasun handiko egitura da: klase konposizio teknikoa ez da klase konposizio politikoan mekanikoki adierazten. Hori, esaterako, erdi-mailako klasearen posizio kontraesankorrean adierazten da, non proletalgoarekiko dituen pribilegioen mantentze nahiak (bizi baldintzek sorturiko pentsamendu formei dagokienez) kapitalaren defentsa bloke bihurtzeko gaitasuna duen, interes bloke gisa. Horrekin definizio garrantzitsu bat mahaigaineratu behar dugu: mundu mailako burgesia handitik hasita langile aristokraziaren interesetara arte gizarte eredu burgesaren bloke historikoa artikulatzen da, langileriak egitura propioa ez duen bitartean, behintzat.
Bloke historiko horrek, beraz, oinarrizko tesi batetik abiatutako pentsamendu ezberdinak barne biltzen ditu. Gaur egun, pentsamenduen abaniko honetan kokatu daitezke antikapitalismo kontzeptua darabilten sektore batzuk ere. Pentsamolde horietatik eratortzen diren proposamen ekonomikoak ere a priori talkan agertzen diren arren, sistema kapitalistaren erreprodukzioan bere lekua daukate. Ekonomia finantzariotik hasita (fase neoliberalarekin eta goi-burgesiarekin lotua) ekonomia errealaren edo New Deal berriaren proposamenetara arte (Ongizate Estatuaren eredua) irabazien ekoizpen burgesa bere horretan mantentzen da. Horrela, nahiz eta proposamen ezberdinen artean gatazkak existitu, ekoizpen- eta gizarte-eredu berdinaren parte dira, eta sistemaren krisi garaietan kapitalismoaren aurkako alternatiba posibleen ukapen bloke bezala agertzen zaizkigu.
Birusetik eratorritako krisiaren konkrezioan, bloke historiko hori, oinarrian duen gizarte ereduaren eszenifikazio gisa agertu zaigu eta honako hau irudikatzen du: kapitalaren oinarrizko formatik (lan-indarraren esplotazioaren artikulazioa) haratago joateko ezintasuna eta beste gizarte-eredu erreal bat eraikitzearen ukazioa. Gorago esan bezala, kapitala eta bere ereduaren mantenuarekiko diziplinatuak eta erantzuleak izateko eskatzen digute.
Bitartean, klase borrokaren beste aldean, oraindik ez da programa politiko egituraturik existitzen masa terminoetan. Aurreko mende amaierako gainbeherari buelta emanez, hala ere, azken hamarkadan bizitako proletarizazio prozesuak aukera berriak sortu ditu zentro inperialistan, eta zabaldu zaigun testuinguru berriak are gehiago sor ditzake. Gainera, proletalgoaren interes ekonomiko eta politikoetatik gero eta gehiago ari dira aldetzen tradizionalki interes honen defendatzailea zen ezker erreformista,. Beraz, ofentsiba burgesak sortzen dituen erasoen aurrean proletalgoaren antolakuntza eraiki beharrean gaude, hau da, langileriaren bloke historiko berria eraikitzeko lana dugu gaurdanik, gizarte eredu burgesaren blokeari kontrajarriko zaiona.
Eraikuntza prozesu hau geldoa izan daitekeen arren, jada baditugu hausnar ditzakegun oinarri orokor batzuk, eta COVID-19arekin loturiko ordenamendu politikoaren aurrean kritika gaitasuna daukagu. Proiektu sozialistan diziplina soziala eta erantzukizuna klase gabeko gizartearekikoa da, ez Estatu Burgesarekikoa. Beraz, komunismoa ahalbidetu dezakeen proiektua elikatu behar dugu. Eredu burgesak sorturiko krisi egoerak burgesia bera seinalatzeko abagunea izan behar du, langileriaren interesen antolakuntza hedatuz.
Umiltasunetik eta txikitasunetik gizarte-eredu sozialista eraikitzeko premisak sortu behar ditugu, geure interesen alde egongo den bloke historikoa egituratuz. Termino orokorretan azaltzen bada ere, GEDAR LANGILE KAZETAren editorial batean agerturiko oinarriak gogorarazi nahiko nituzke, krisi-egoera berri honetan eraiki beharrekoa norabidetzen lagundu dezaketelako: a) Langileriaren autonomia politikoa; b) Alderdi Komunista klase batasun legez eta c) lurraldearen gaineko aginte-gaitasuna edo proletariotzaren diktadura, hau da, Euskal Estatu Sozialista[1].