AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
2020/01/19

Versión en castellano  

Azken hilabeteetan zehar zenbait sektorek Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak urtarrilaren 30erako deituriko Greba Orokorraren harira zenbait kritika eta ezinegon plazaratu dituzte. Planteamenduaren forma burokratikoari dagozkionak, greba honen egokitasun eta momentuari dagozkionak, inposatutako denbora eta antolakuntzari, ageriko partidismoari, aldarrikapen zehatzei dagozkienak… Ez diet aipaturiko puntu hauei helduko, esparru militantean eztabaidagai baitaude; aldi berean, grebara deiturikoen artean ezjakintasuna eta axolagabetasuna dira nagusi. Horregatik guztiagatik, mobilizazio honen gaineko eduki politikoa aztertzera nator, grebaren deialdi hutsetik haratago. Eta bi gako dira giltzarri auzia argi ulertzeko: duintasuna kapitalismoaren baitako termino ekonomikoetan aldarrikatzea -hau da, birbanatze terminoetan-, eta aipaturiko eraldaketa soziala gauzatzeko subiranotasuna onartzea aurre-baldintza modura. Horrenbestez, greba hau klase ertainaren programa politikoan txertatutako beste ekimen baten modura planteatzen dut, edo behintzat fakzio batena, egun Euskal Herrian programa horren defentsa dinamismo handienaz gidatzen duenarena, hain zuzen.

Horretarako azalpen laburren bat edo beste emango dut. Hasteko, klase ertainaz dihardugunean, ez gabiltza bere horretan klase sozial bati buruz hizketan. Klase estratu ezberdinek osaturiko konglomeratu batez baizik –langile klasearen goi geruza aristokratikoa eta burgesia txikia- erdibideko posizio sozial batean oinarrituz, eta batez ere, funtzio politiko konkretu batean oinarrituz -klase antagonismoa neutralizatu eta harmonia bihurtzea (1)- burgesiaren sostengu-bloke modura. Bigarrenik, krisiaz eta klase ertainaren deskonposaketaz hitz egiterako orduan, ez dugu honen desagerpen hipotetikoaren inguruko baieztapen definitiborik egin behar, eta prozesua joera terminoetan ulertu behar genuke. Eta horretarako onartu behar dugu klase ertainak bizirauteko duen aukera geruza hori gero eta minoritarioagoa izatean datzala: jendez hustu behar da ontzia, urak gain hartu baino lehen. Izan ere, ez diogu halako garrantzia eman behar aurreikusteari ea Ongizate estatuaren paktu sozialaren birredizio bat egingarria den gaur egun edo zeintzuk diren erreformarako egiazko marjinak; kontrara, garrantzitsuena proiektu politiko horren erreibindikazioa –gaur inoiz baino gehiago- proletariotzaren aurkako tresna dela ulertzea da.

Europako sozialdemokraziako alderdi historikoek sozioliberalismorantz emandako biraren ondoren, ezkerrera zeuden haiek –hainbat tradiziotatik zetozenak- hutsik geratutako tokia betetzen saiatu dira, sozialdemokraziaren diskurtsoaren aribidean bada ere, haiek ordeztuz. Aldi berean, nahiz nazionalismoa eta sozialdemokraziaren estatuari gorazarrea ez diren inolako berritasun historikoa, egungo neosozialdemokraziak gogotsu beretu ditu, nazioarteko finantzen boterearen aurrean izuak hartuta dauden klase ertain gero eta urriagoak ezkutatzen dituen atzera-egite nazionalaren eskutik (2). Etorkizun beltz honen aurrean, klase ertainak salbazioa Leviatán zuhurraren esku uzten du, babes dezan. Ordea, klase ertainarentzat Estatua ez da herria mendean izango duen kanpoko instantzia hutsa. Neurri batean, klase ertaina jada bada Estatua: alderdiko aparatua, burokrazia sindikala, akademia postmodernoa, funtzionario-masa bera… neurrira egindako kapitalismo nazionalaren eta diruz lagundutako bake sozialaren urte loriatsuen nostalgiazko testuinguru honetan, egungo ezkerra subiranista sutsua da. Eta suberanismo hau ez da klase ertain horrek Estatuan (burgesa) duen egitekoaren eta elkar-partaidetzaren –mendekoa beti- aldarria baizik. Eta hementxe uztartzen ditugu hasieran aipatu elementuak: eskuratu beharreko duintasuna termino ekonomikoetan integrazio politikoarekin batera egingo da eta bijilatua izango da, klaseen arteko borrokan bitartekari izaten utziko dioten botere partekatuko kuota ezinbestekoen bidez, eta gainera, onura atera hortik. Hortaz ari da klase ertaina demokratizazioaz ari denean, kontuan hartua izan behar duela.

Nola mamitzen da hau guztia gure ekosistema politiko berezian? Klase ertainaren bloke politikoa ez da guztiz monolitikoa eta hainbat joera erakusten ditu bere baitan. Guri dagokigunez, nagusiki bi bereiziko nituzke:  ezker soberanista euskalduna eta ezker soberanista espainiarra. Lehenengoa egungo post-ezker abertzaleak osatzen du­, Ezker Abertzale Ofizialistaren inguruan antolatua dagoena. Eta bigarrena, belaunaldi eurokomunista eta populisten arteko Unidas Podemosen hitzarmenezko ezkontzaren bueltan antolatua. Izenak adierazten duen modura, bi multzoak klase ertainaren programa politikoaren funtsean bat datoz, aipatutako subiranismoaren gidaritzapean eta bere oportunismoan eta posibilismoan gauzatua ez ezik, egungo moda diskurtsibo hegemonistan edertua. Gainera, egun Europako Ezkerraren Alderdian batzen da inolako eragozpenik gabe. Bereizten dituena da haien programa ideala gauzatzeko marko territoriala, eta hau ez da huskeria: euskal estatua hipotesi ez oso gertagarri bat da oraindik, eta estatu espainola da lan errealerako markoa bientzat. Greba kontestuan bi fakzioen tirabiren eszenifikazioa ikusi dugu, CCOOra binkulatutako edo Podemos Euskadiko pentsiodunen itsusikeriak medio. Baina gobernuko arduretara berriki batu den ezker espainolaren analisia beste baterako utziko dugu.

Esan dut euskal ezker subiranistak bere proiektu ideala planteatu zuela–Estatu duina, Berdinen arteko errepublika-  Euskal Estatu independente baten aurretiazko lorpen modura, zeina, beste alde batetik, nabarmen kontraesankorra baita praktikoki Espainiako sistema politikoan asimilatzearekin. Alabaina, erdi-mailako klasearen programa politikoaren euskal konkrezioa ez da apeta hutsezko kontua, ezta kasualitatea ere; kontrara, oinarri material esanguratsua du. Aldi berean, Europako bloke inperialistaren muinean gero eta agerikoagoa da bi azpiblokeren banaketa: Europaren Iparraldea eta Hegoaldea. Hala, Ipar-Hego marko horretan, industria jakinen biziraupena edo Iparraldeko ongizate Estatuen tamaina bera Hegoaldeko herrialdeak eraistearen ondorio da. Eta Euskal Herriak hartzen duen tokia kontraesankorra da; bi azpiblokeen artean dago. Erdi-mailako klasea txikitzen ari den aldetik (nahiz eta termino konparatiboetan kuantitatiboki erabat esanguratsua izan duen biztanle aldetik), klase horrek kolokan ikusten du bere posizioa, lanaren egungo banaketa internazionalak Europaren Hegoaldean esleitu dion tokia dela medio. Testuinguru hori da, hain zuzen, Espainiatik “alde egitea” behartzat hartzen duena, alde egitea berme modura ikusten duena klase ertaina “oasi” partikularra iraunarazteko edota hedatzeko (3). Hori dela eta, gordina izanagatik ere, egia da Euskal Herrian klase ertainaren programa egingarriagoa dela: erdi-mailako klase nazionalaren hipertrofiak indar-korrelazioan abantailazko posizioa ematen dio. Orduan, lehiaren logikari jarraikiz, pobretutako Hegoaldearen lasta botatzea eta Iparraldeko garaileengana jotzea erabakitzen du. Konparazioa Alemaniarekin egitea, eta ez Espainiarekin, beste behin, ez da kasualitate hutsa (4).

Horren ondorio da sozial-chauvinismo eta esklusibismo lotsagabeenak ere konplexurik gabe defendatzea (5). Klase-estratu nazional baten berekoikeria muturrekoena erakusten du, eta, bere posizioak duen arriskuaren jakitun, bere posizioa salbatu nahi du gero eta proletarizatuago dauden sektoreen bizkarretik, zeinak horren ondorioz, kanporatuak izango baitira barne-mailan (marko nazionalean), zein kanpo-mailan (marko internazionalean).

Behin eta berriz oroitarazi behar da paktu sozialak ―iraultza sozialistaren betiko etsai deklaratu modura- ekarri dituen irakaspen historikoak, eta bake soziala odolez eraiki dela: erreformismoak eskuak odoleztatuak dituela haren ondorioz. Azpimarratu beharrekoa da paktu sozialak egun duen konkrezioa inoiz baino antiproletarioagoa dela, hori posible baldin bada. Horregatik, argi utzi behar da erdi-mailako klaseak defendatzen duen programa politikoak balio duela erasotzeko, bai, baina ez burgesia, proletalgoa bera baino. Eta hori halaxe ulertu behar dugu.


 

1. “El carácter peculiar de la socialdemocracia consiste en exigir instituciones democrático-republicanas, no para abolir a la par los dos extremos, capital y trabajo asalariado, sino para atenuar su antítesis y convertirla en armonía. Por mucho que difieran las medidas propuestas para alcanzar este fin, por mucho que se adorne con concepciones más o menos revolucionarias, el contenido es siempre el mismo. Este contenido es la transformación de la sociedad por la vía democrática, pero una transformación dentro del marco de la pequeña burguesía. No vaya nadie a formarse la idea limitada de que la pequeña burguesía quiere imponer, por principio, un interés egoísta de clase. Ella cree, por el contrario, que las condiciones especiales de su emancipación son las condiciones generales fuera de las cuales no puede ser salvada la sociedad moderna y evitarse la lucha de clases. Tampoco debe creerse que los representantes democráticos son todos shopkeepers o gentes que se entusiasman con ellos. Pueden estar a un mundo de distancia de ellos, por su cultura y su situación individual. Lo que les hace representantes de la pequeña burguesía es que no van más allá, en cuanto a mentalidad, de donde van los pequeños burgueses en modo de vida; que, por tanto, se ven teóricamente impulsados a los mismos problemas y a las mismas soluciones a que impulsan a aquéllos prácticamente, el interés material y la situación social. Tal es, en general, la relación que existe entre los representantes políticos y literarios de una clase y la clase por ellos representada. “ Karl Marx (1851), El 18 Brumario de Luis Bonaparte

 

2. Miquel Amorós (1998), El Partido del Estado

 

3.“Laburtzeko, ezkerrak bere lorpenak kapitalizatu behar dit eta gurean asko dira. Zentzu batean, “euskal oasi” hori existitzen dela uste dut, baina ez beraiek esaten duten zentzuan. Uste dut gure borroka historikoen emaitzak konbinazio oso interesgarri bat sortzen duela borroka emantzipatzaile horren barruan. Hemen gauzak beste era batera egiteko baldintzak daude, Espainiarekin etengabe konparatu gabe. Zenbait adierazle kontuan hartuz gero, europar testuinguruan ere maila ona ematen dugu. Horrek ez gaitu harrokeriara eraman behar, ze kaskarkeria eta anbizio falta ere hor daude. Baina herri bezala gaitasun politiko hori aktibatu, artikulatu eta garatzeko dauzkagun aukerak, nire ustez, termino konparatiboetan, nahiko txukunak eta bideragarriak dira. Gurean proiektu alternatibo hori bideragarria da, beste toki gehienetan ez den maila batean. Eta hori hemen ezkerrak egin duenari esker da, bere akats eta berandutze guztiak onartuta.”

Iñaki Soto (2019), ERRIA 3. https://erria.eus/elkarrizketak/gurean-ezkerraren-proiektu-alternatiboa-bideragarria-da-beste-toki-gehienetan-ez-den-maila-batean


4.Sortu (2016), Independentzia vs. Langabezia eta prekarietatea

https://issuu.com/gomazin/docs/soaldizkaria3eusk

https://issuu.com/gomazin/docs/soaldizkaria3cast


5.“La base económica del oportunismo y del socialchovinismo es la misma: los intereses de una capa ínfima de obreros privilegiados y de la pequeña burguesía, que defienden su situación excepcional y su "derecho" a recibir unas migajas de los beneficios que obtiene "su" burguesía nacional del saqueo de otras naciones, de las ventajas que le da su situación de gran potencia” Lenin (1915), El socialismo y la guerra