G7a Biarritzen, klase analisirako ekarpen laburra

2019ko irailaren 11a

Egilea: Beñat Aldalur


Gaztelaniazko bertsioa

Duela bi asteburu G7a izan zen Biarritzen, Ipar Euskal Herrian. Honekin batera G7aren aurkako zenbait mobilizazio izan ziren, aste erditik aurrera eraman zirenak. Horien artean jendetsuena larunbateko manifestazioa izan zen, 15.000 lagun elkartu zituena mugimendu sozial eta herri mugimenduaren babes zabalarekin. G7aren aurka egin diren mobilizazioek zalaparta nabarmena eragin dute Euskal Herriko zein frantses Estatuko mugimendu sozial ezberdinetan; eta mobilizazio hauetan protagonismo nagusia izan duen Ezker Abertzale Ofizialistaren ekinbidea ezbaian jarri dute herri mugimenduko zein mugimendu sozialetako esparru zabalek. Langileriaren ikuspuntutik zein interesetatik begiratuta, gertaera hauen arrazoia aurkitzeko G7aren aurkako protestetan elementu nagusiak izan diren agente politikoen klase konposizioa teknikoa zein konposizio politikoa[i] atzematea dagokigu.

Azken urteetan frantses Estatuan borroka ziklo berri bat ireki da lan erreformaren zein lehen mailako beharrizanen murrizketak direla eta. Mugimendu hauetan protagonista ezberdinak izan dira: zenbait sindikatu, ezker erradikaleko mugimenduak, norbanako solteak eta banlieue -auzo txiroetako- proletarioak, beste zenbait eragile eta agente politikoren artean. Jaka horien[ii] mugimenduak barnebildu ditu aldarrikapen ezberdinak eta kurtso oso batean zehar kolokan jarri dituzte Frantziako segurtasun sistema eta ekoizpen erritmoak. Ehunka mila lagun mobilizatu dituzte jaka horien protestek logistika eta mugikortasun sektoreetan, murrizketen eta prezioen igoeren aurkako aldarrikapenen akuiluaz. “Proletarizazio” gisara ezaugarritu genezake klase ertainaren deskonposizio progresiboa, murrizketak, prekarietatea[iii] eta babes sistemaren desagerpenaren bidez gauzatzen ari dena. Klase ertainaren deskonposizio hau bi aldetatik ari da gertatzen: zenbait estraturen aberastea eta babeserako programa gorpuzten ari da, beste zati gero eta handiago bat (genero eta arraza bereizketak baliatuz eta adin tarteetan banatuta) ziurgabetasun egoera geroz eta akutuagoan aurkitzen den bitartean. Ezegonkortasun egoera honek antagonismo politikoaren agenteen masa agerraldi berri baterako aukerak zabaltzen ditu: izan burgesiaren larrialdi egoerak kudeatzeko agente modernoaren ber- agerpenaren bidez (XXI. mendeko gobernu faxistak) zein proletarioen interes historikoen programaren- sozialismoaren- eraberritzearen forman[iv]

Subjektu antagonisten azaleratze garaitzat ezaugarritzen dugu egungo testuingurua. Politikaren krisiaren garai batean ematen da azken akumulazio zikloak ezaugarritu duen politikagintza ereduaren agorrera[v]. Gidaritza politikoa duen agente erreal bakarra burgesia da, bere antolakuntza eredua mundu mailan inposatu du eta oligarkia internazionalak aurkitzen du soilik estrategia. Langileria, subjektu bilakatzen duen kontzeptuak praktikan gauzatzetik urrun aurkitzen da: ez du ez alderdi historikorik ez estrategiarik.

Ideologia industrialaren zentraltasun galerarekin batera mugimendu sozialen azaleratzea ezagutu zuen XX. mendeko bigarren erdiko mendebaldeko gizarteak. Neurri handi batean, garaiko hiztegi politikoaren menpe jarraitzen dugu egun, baldintza sozialak bestelakoak badira ere. Klase ertainaren irakidura momentu batean klase aldarrikapenek garrantzia galtzen dute eta mugimendu berrien azaleratzea ezagutzen da. Aldaketa klimatikoaren aurkako mugimenduak, feminismoaren bigarren olatua, existentzialismoaren garrantzia filosofian- beste zenbait arrazoi medio-, hippie mugimenduak eta beste zenbait mugimenduk eszenatoki kritikoan garrantzia hartzen dute. Diferentziaren politikek izaera inkonformista agertzen dute berehalakoan, baina liberalismo ekonomikoaren proiektu bilakatu daitezke denboran[vi]. Problematika ezberdinen erro komuna, subjektuaren gorpuztea, kapitalaren ekoizpen zein erreprodukzioaren batasunean aurkitu genezake, problematika partikularrak kapitalaren dinamika zehatz baten baitan ulertuz eta programa proletario baten bidez erantzunda. Bestela, batasun estrategikoa demokraziaren kontzeptuan aurkitzen dugu, guztiz determinatu gabea dena eta diskurtsoaren bidez soilik egikaritu daitekeena. Azken hau da Laclau eta Mouffek duela berrogei urte mugimendu sozial berrien emergentziari eman zioten erantzuna. Diskurtsoaren bakantzeak ekonomia eta politikaren banaketa teorikotik eratorri behar du ezinbestean, eta horretarako ekonomiaren dimentsio sozialak ukatu eta aldebakarreko definizio “produktibista” erabili behar dugu. Hegemoniaren definizioa diskurtsoaren zentraltasuna baimentzen duten indar harremanak ulertu gabe (edo ulertu nahi gabe) eta indar sozial hauek[vii] nork mugiarazi ditzakeen aipatu gabe. Bestela esanda, nork dauka boterea agenda publikoa definitu eta arazoen ordena inposatzeko? Zeren truke hartu dezake mugimendu batek zentraltasuna iritzia ekoizten duten masa hedabideetan?  

Aldarrikapen bananduak programa bateratu batean hezurmamitu daitezke optika proletario batetik, baina ezaugarripen honek mobilizazio eredu permanente bat exijitzen digu. Norabide estrategikoa beharrezko dute, ez baitira estatuetako instituzio burokratikoek gauzatuko dituzten aldarrikapenak, antolakuntza independente baten emaitza eta baldintza baizik.  Kontrara, demokraziaren aldarrikapena erabat “estatu-zentrikoa”  da ezinbestean eta hala, egun, estatuetatik gidatutako politikak klase interes globalen emaitzak baino ez dira, estatu burgesetatik haratago doan botere independenterik existitzen ez den neurrian. Beraz, estrategia eta mugimendu zein alderdi sozialistarik gabe, nekez gainditu daiteke botere globalek euren irabazi ekonomikoa bermatzeko proletarioentzat duten errezeta.

Hor aurkitzen da nire iritziz G7an EAOri lehertu zaion kontraesan nagusia. Mugimendu sozialek estrategia elektoralista bultzatzeko balioa dute eurentzat, demokraziaren- hots, klase ertainen programaren- espazioa handitzen baitute eremu instituzionalean. Instituzio ofizialetatik (burgesetatik) haratago antolatzen den masa alderdi baten sostengurik izan ezean, etengabe instituzioen dinamikaren menpeko izatea beste aukerarik ez da. Bistan da hautu horrek bere exijentziak dakartzala: Jaten ematen duenari ezin zaio begi- bistako kalterik eragin eta, honela, norbere ardura bilakatzen da masa espontaneoak kontrolpean edukitzea, subjektu bera izango delarik aldarrikapenen eta estatuaren arteko bitartekaritzaz arduratzen dena.

Proletalgoaren programa defendatzen dugunok, azpiratuta dauden masa zabalen defentsa egiteak bat- bateko aldarrikapena gainditzera derrigortzen gaitu, exijentzia konkretuak bideorri independente baten baitan gorpuztuz. Kapitalaren interes eta bitartekariekiko independentea, azken hauekin harreman permanentean, baina bidezidor propio batekin.

Amaitzeko, klase sozialen bi dimentsioak azpimarratuko ditut, aurreikusi daitekeen kritika esentzialista ekidin asmoz. Lehenik definizio estrukturala, teknikoa, langileriak kapitalaren prozesu globalean daukan lekua definitzen duena. Bigarrena politikoa da, erlazionala, klase sozialek subjektu politiko bezala ekiteari dagokiona. Klase programaren araberako eraikuntza politikoak, sozialismoaren emergentziak, arrazionaltasun material bati erantzuten dio, hain zuzen ere definizio estrukturaletik eratorria. Momentu erlazionala ez dago inolaz ere geldirik. Gure ardura da klaseen definizio estrukturaletik abiatuta norabide historikoan lan politikoa burutzea[viii]



[i] Klase konposizio teknikoaren zein konposizio politikoaren erabilerak Toni Negriren 70. hamarkadako lanetatik jaso ditut: adb. Negri, T. 2004, La Fábrica de la estrategia, Madrid, Akal.

[ii] Jaka horien mugimendua klase ikuspegitik ezagutzeko honako testua gomendatzen dizuet: Hayat, Samuel. Los chalecos amarillos, la economía moral y el poder, Marxismo Crítico.

[iii] Prekarietate programa proletarizazio bezala ezaugarritu genezake. Bideorri honen izaera antagonista politikoki ezaugarritzeko: Palmer, Bryan. 2013 Precariousness as proletarianization, Socialist Register.

[iv] Alemaniako nazional- sozialismoaren klase izaera ezagutzeko, bai eta klase ertainaren krisia ezaugarritzeko: Bologna, Sergio. 1999, Nazismo y clase obrera, Madrid, Akal. Idazle berdinarena 2006, Crisis de la clase media y posfordismo, Madrid, Akal.

[v] Eztabaidarako, lantzen den ikuspegia guztiz partekatu gabe, honako testua gomendatzen dut: Mezzandra, Sandro. 2019 Clase y diversidad, Katakrak.

[vi] Kategoria posmodernoek politika kritiko bat ezaugarritzeko duten ezintasunaz mintzatu zen Agustín Cueva soziologo marxista 1980. hamarkadan. Berriki Vivek Chibberrek ere kritika ongi fundamentatua luzatu dio teoria post- kolonialari: Cueva, Agustín 1988, El análisis postmarxista del Estado Latinoamericano eta 2013, La teoría postcolonial en debate. Entrevista a Vivek Chibber, Herramienta.

[vii] Ernesto Laclauri Gramsciren ikuspuntutik kritika baterako, ikusi honako elkarrizketa Fabio Frosini Gramsciren lanaren adituari: “Hay un Gramsci despúes de Laclau” https://www.youtube.com/watch?v=u1PanAjuTag&t=1s

[viii] Klase sozialen definizioan sakontzeko, honako testuak gomendatzen dizkizuet:

Heinrich, M. 2018 Crítica de la economía política, p. 245-254. Madrid, Escolar y Mayo.

Modonesi, M. 2010 Subalternidad, antagonismo, autonomía, Buenos Aires, Prometeo libros.