Salbuespen egoeretan Estatuaren neurriak itsuki babestea eta bere jarduna zilegiztatzea garesti ordaintzen dugu.
Mugimendu Sozialista behin eta berriz ari da seinalatzen osasun ikuspegi soil batetik haratago jarri behar dugula arreta. Gure klaseko hildakoen kontura, klase menperatzailea testuingurua baliatzen ari baita bere boterea sendotzeko. Jakina, hildakoak gure bandoan daude. Berrogeialdia edo konfinamendua delakoa, bere horretan, ez da burgesiari interesatzen zaion neurria: ekoizpenaren zati bat gelditzeak gainbalioaren erauzketa etetea dakarrelako eta ondorioz, balorizazio prozesuarentzat oztopo bat da. Kalte handiago baten aurrean egindako kontzesio koiuntural bat dela esan dezakegu. Ez motibazio etikoz gure osasunari egindako kontzesio bat, bere irabazien eta boterearen perspektibatik kalteak minimizatzeko egindakoa baizik, ahalik eta azkarren gainditzen ahalegintzen ari dena gainera.
Horrek ez du esan nahi ordea, bere boterea kaltetuta aterako denik edo ahulduta dagoenik. Are gutxiago, langileria ekuazio politiko orokorretik kanpo dagoenean: komunismoaren proiektu politikoaren antolakuntza internazionalaren faltan eta horren interesetara mugitzen den bloke geopolitikoaren gabezian, krisi honetatik burgesiaren interesak irabazten aterako dira halabeharrez, langileriak partida jokatu ere ez duelako egiten. Pentsa zenbateraino, gizarte burgesaren oinarrizko elementu eta funtzionamenduarekin ados dauden agenteak elkarren artean gatazkan aritzea baimendu dezaketela: beraien boterearen oinarriari aurre egingo dion etsai komunik ez dagoenez batasunerako beharrik ez daukatelako, hain zuzen. Denbora gehiegi da, burgesiaren zenbait frakzioren arteko interes talkari deitzen diogula politika, baina horrela ulertu behar dugu munduaren domeinurako lasterketa ere, ezin baitugu klase borrokarekin nahastu.
Burgesiaren interesak gainjarriko direla begi bistakoa da, beraz, zehazki, egoera ondoen zein bloke geopolitikok baliatuko duen ezagutzea falta zaigu, eta baita ere pandemiak eta salbuespen egoerek gizarte burgesean zein eragin izango ote duten: aspektu kultural ezberdinak eta forma politikoak nola aldatu ditzaken, esaterako. Azken horri lotuta, «Estatuaren itzulera» posibleaz hitz egiten ari dira hainbat iritzi emaile azken boladan. Globalizazioarekin Estatuaren papera ahul zegoen zenbaiten begi bistan, baina osasun krisiak forma politiko horren gaurkotasuna berretsi omen du. Horrek Estatu burgesaren ereduak forma autoritario edo koertzitiboago baterako joera hartu lezakeenaren hipotesian pentsatzen jarri du baten bat. Termino gramsciarretan hitz eginda, gobernantza hegemonikoa baino, dominazio eskemetan oinarritutako gobernantza eredua indartzeko aukera dago batzuen ustetan.
Hainbeste baieztatzeko intentziorik ez daukat, baina argi dago dominazio, edo nahi bada kontrol, tekniketan aurrera pausuak ematen ari direla agintariak, korporazio pribatuen eta Estatuen arteko kolaborazio estuarekin. Kolaborazio estua esaterako Lombardiakoa: geolokalizazioa erabili du Gobernuak telekomunikazioetako teleoperadore nagusiekin lankidetzan. Ez da lehenengo aldia salbuespen egoerak baliatzen dituztela zentzu horretako neurriak aplikatzeko -edo gutxienez normalizatzeko- eta horren adibide dira terrorismotzat ezagutzen ditugun gertakarien ondorengo testuinguruak.
Ezagunenak I-11 (gaztelaniazko 11-S izenez entzutetsuagoa, agian) gisara ezagutzen den New Yorkeko Dorre Bikien aurkako atentatuaren harira agintari politikoek hartu zituzten neurriak dira. Begi bistakoenak aireko trafikoan egin zituzten moldaketak izan ziren, hala nola, hegaldietarako segurtasun neurriak zorroztu zituzten. Horretaz gain, urteetan blokeatuta zeuden neurri internazionalak egun gutxiren buruan onartu zituzten, eta aste gutxiren buruan ordura artekoak baino zorrotzagoak adostu zituzten, terrorismoaren aurkako borrokaren izenean, noski. Eskubide zibil eta politikoetan murrizketak eta kontrol sozialean sakontzea izan zen neurrien norabidea. Esaterako, Europol eta Eurojust erakunde polizialak indartu zituzten, besteak-beste terrorismoaren aurkako konpetentzietan eskumen gehiago esleitu zizkieten. Terrorismoaren definizio internazionala osatu zuten, erakunde, eragile eta pertsonen mundu mailako zerrendak baimendu zituzten eta base datu bateratuak ofizializatu eta normalizatu ziren. Gainera, estatuen arteko informazio fluxua areagotu zuten. Esaterako, lista eta datu base horiei «esker» ilegalizatu zuten Segi gazte antolakundea, tartean, bertako hainbat militante politikoren tortura eta espetxeratzea ekarri zuena. I-11ren ondoren onartu ziren ere, Euskal Herrian ezagunak zaizkigun euroaginduak: Herrialde batek beste bati egun gutxiaren buruan militante politikoak ‘entregatzea’ baimentzen duen prozedura, alegia.
Dorre Bikien atentatuaren ondoren adostu ziren baina aplikatu ez ziren hainbat neurri indarrean jartzeko baliatu zuten M-11ko atentatuaren ondorengo testuingurua. Komunikazioen kontrola areagotzea, auzitegiko datu-baseak sortzea, informazioa trukatzeko mekanismoetan sakontzea, terrorismo-arloan erabil daitezkeen materiala eta teknologia kontrolatzea, Mugen Europako Agentzia bat ezartzea edo bidaia-dokumentuetan datu biometrikoak sartzea izan ziren aplikatutako neurri batzuk.
Azken asteetan ere, kontrol izaera berdintsua duten neurriak hartu dituzte. Aski ezaguna egin den geolokalizazioaren kontrola da entzutetsuena agian. Batetik, Google eta Apple enpresak elkarlanean aplikazio bat osatu dute: Android zein iOS-en erabilgarri egongo dena eta erabiltzaileen lokalizazio eta ibilbideen arabera,COVID-19 diagnostikatu dioten norbaitekin kontakturik izan ote duen argituko duena. Bestalde, enpresa pribatuen iniziatibaz gain, Espainiako Gobernuak ere hiritarren mugimenduei buruzko informazioa biltzea arautu du eta horretarako baliabideak jarriko ditu.
Horrez gain, aipatzekoa da ere fake news delakoek sortzen duten «bulo» eta desinformazio efektuari aurre egiteko aitzakiarekin hartzen ari diren neurriak. Esaterako, Europako Batzordeak Google, Twitter eta Facebooki neurri zorrotzagoak hartzera dei egin die. Zentsura politika gogortzeko eskaera bat izan da, baina noski, zentsura zein kriterioeren arabera eta nork aplikatuko du? Imajina dezakegu.
Jakina, aipatutako atentatuen ondoren sortu zena eta bizitzen ari garen pandemia eta salbuespen egoerarekin sortu dena ez da egoera berdina. Hala ere, guztietan, baliabide anitzen bitartez segurtasun faltaren subjektibitatea sustatzeaz arduratu da burgesia, gerora egoera politikoki erabili eta segurtasunaren izenean kontrol soziala eta jazarpen politikoa aplikatzeko helburuarekin.
Atentatu suiziden aurkako neurriak beharrezkoak dira, noski, gaixotasunen hedapena mozteko beharrezkoak diren bezala. Ez naiz ari horretaz ordea. Testuinguru horrek baimenduta normalizatzen diren praktikez ari natzaizue, burgesiaren eskuetan praktika kriminalak bihurtzen direnak langileriarentzat. Izan ere, hasiera batean kontrol sozialaren bidez informazio bilketa soila dena, politikarako tresna bihurtzen da. Politikan informazioa oso garrantzitsua baita. Clausewitz generalak esan bezala, etsaiari eta joko zelaiari buruzko informazioa plan eta ekintza guztien fundamentua da, eta hori burgesiak ondo baino hobeto daki, beraien arteko gatazketan ikusi daitekeen bezala. Esaterako, azken asteetan oso famatua egin den Zoom bideo deien aplikazioarekin gertatu dena horren adibide da: milioika erabiltzaile lortu ditu duela hilabete gutxi inork ezagutzen ez zuen aplikazioak, eta Munduko herrialde ezberdinetako agintariek ere publikoki adierazi dute aplikazio hori erabili dutela komunikazioetarako, adibidez Erresuma Batuak. Kontua da, aplikazio horren zerbitzaria Txinan dagoela eta komunikazio guztiak Beijingetik igaro direla.
Anekdotak aparte, klase borrokan estrategikoa da kontrol sozialaren eta bertatik eratorritako jazarpen politikoaren auzia. Hobeto esanda, langileriarentzat bere segurtasunaren eta askatasun politikoen defentsa antolatzea estrategikoa da, bere ekinbide politikoaren bideragarritasuna osotasunean baldintzatu dezakelako. Salbuespen egoeretan Estatuaren neurriak itsuki babestea eta bere jarduna zilegiztatzea garesti ordaintzen dugu. Burgesiak kontrol tekniken bitartez lortutako informazioa, Estatuarekiko eta botere burgesarekiko disidentzia politikoa jazarri, kriminalizatu eta zigortzeko erabiltzen duelako, argi ikusi dugun bezala terrorismoaren kontzeptualizazio interesatuan eta bere erabilera politikoan. Martxa honetan, horrela izango da salbuespen egoeran aplikatutako neurriekin ere. Burgesiak eta Estatuak behin salbuespen egoera probatuta birusa joaten denean ez diote zertan uko egin denboraldi honetan irabazi duten kontrol gaitasunari. Are gehiago, zertarako egingo diote uko ezkertiarren zein eskuindarren adostasuna badaukate?