Pauso bat aurrera, bi atzera

2020ko irailaren 17a

Egilea: Aitor Martinez


Aukera berriak haustura bidez sortu ohi dira; inoiz ez absolutuki eta modu positiboan, baizik eta dagoenaren ukaziotik abiatuta. Hala egiten da komunismorako bidea, borroka errealetan, kapitalismoaren eta bere adierazpen formen aurkako borrokan, ezeztapenez, eta ez ideia baten baieztapen hutsez. Horregatik ere ideologiari kritika, honek boluntarismoa baino adierazten ez duenean, eta borroka errealarekiko atxikimendu kulturala izateari uzten dionean. Kontrara, ideologiak zerbait behar baldin badu, argitasuna da, eta teoria eta mugimendu iraultzailearekiko atxikimendu mekanismo garbia, inoiz ez errealitatea lausotzen duen premisa subjektiboa. Kontzientzia kolektiboa behar du ideologiak, borroka kultura berrian sustraitzen dena.

Bide horretan jardun du azken urteotan Euskal Herriko Mugimendu Sozialistak. Paradigma berri baten beharra aldarrikatu du hasieratik, eta hartarako marko kontzeptual berri bat eskaini eta garatu. Marko kontzeptual horrek bi zutabe nagusi izan ditu: alde batetik, sistema kapitalistari kritika orokorra. Bestetik, langile klasearen antolakuntza forma historikoei kritika, eta bereziki, sozialdemokraziari eta haren klase ertaineko soziologia politikoari kritika. Eginkizun biek proletalgoaren independentzia politikoaren eraikuntzan bidea egitea izan dute helburu, bere independentzia teorikoa eta ideologikoa funts izanda. Eta biak, teoriaren eta antolakuntzaren esparruan gauzatu dira, hala eskatzen baitu kritika iraultzaileak.

Ez da harritzekoa, beraz, kritikak ere -eta proletalgoaren independentziaren aurkako jarduna-, bide beretik etortzea, hau da, teoria eta antolakuntzaren bidetik. Esan behar da, hala ere, kritikak ez direla beti modu zuzenean gauzatzen, eta sarri ez dela inor interpelatzen. Batzuetan programa politikoetara jo behar da aktore politiko desberdinek bere garaiari eta bere garaikideei egiten dieten kritikaz jabetzeko. Nik hala egin dut, eta bereziki bi dira nire atentzioa deitu dutenak: batasunaren defentsa eta klase borrokaren marko autonomo nazionala baldintza ezinbesteko gisa jartzea.

Lehenengoa aski definituta geratzen da bigarrena irakurrita: batasun nazionala -edo klaseen arteko batasuna, programa nazionalaren gainean. De facto: proletalgoaren independentziaren ukazioa eta programa komunistaren abolizioa, nazionalismoaren mesedetan. Horrez gain, kritika faltsua da, eta bere premisa okerra. Izan ere, azken urteetan batasunaren printzipioa modu koherentean eta emaitza positiboekin gauzatu du Mugimendu Sozialistak, hain zuzen ere proletalgoaren independentzia jarri duelako bere programaren erdigunean, hau da, interklasismoak batasunaren haustura gisa eta sektarismo gisa ezaugarritu duen printzipioaren arabera antolatu delako. Kasu: batasuna ez da borondate kontua, estrategia-auzia baizik, eta azkenekoari uko egiten zaionean, batasuna ezinezko egiten da, paper bustia baino ez da. Gainera, halakoetan batasuna potentzialitateen bazterketan oinarritzen da, proletalgo komunista subjektu gisa desegitean, ustez handiagoa den subjektu baten interesen alde. Usteak erdia ustel: praktikan, printzipio horien arabera gauzatutako batasuna zatiketan ebatzi ohi da.

Bigarrena -klase borrokaren marko autonomoa- estrategia interklasista edota nazionalismoaren marra gorria izan da beti, eta Mugimendu Sozialistak agortutzat jo duen Nazio Askapen Mugimenduarena. Mugimendu horren agorpenaren nukleoa osatzen du aipatu teoria politikoak: hau hedatu, hura konprenitu. Teoria horren arabera, muga nazionalak klase borrokaren hedapenaren limite gisa agertzen dira, eta nazioa/nazionalismoa klase borrokaren baldintza gisa. Ondorioz, klase borrokari bere hedapena oztopatzen duen baldintza ezartzen zaio, klase borroka agortzen duen baldintza bera, eta proletalgoari bere unibertsaltasuna ukatzen zaio, naziora zokoratutako ekoizleen klasea izaten jarraitzeko. Hala, marra gorriak bi alde banatzen ditu: nazionalismoa batean, komunismoa bestean.

Ez da hau nazio auzia garatzeko tartea, ezta auzi horren ebazpenak komunitate komunistan hartzen duen forma garatzeko tartea ere. Aski da esatea Euskal Herriak, iraungo badu, proletalgoaren nazioarteko batasunaren ondorioz iraungo duela, eta ez klaseen arteko borroka muga nazionaletara mugatuz. Hau da, euskal herritarren komunitatea, izatekotan, mundu mailako estrategia komunistaren emaitza izango da, eta ez haren baldintza. Komunitate hori nola osatzen den, eta zein ezaugarri dituen, prozesu horren arabera definituko da, hark baldintzatuta, eta ez haren baldintzatzaile gisa.

Gai horiek guztiak, printzipioz, Mugimendu Sozialistaren sorreraren ezaugarri den haustura historikoan ebatzita daude. Kontrajartze bat besterik ez dena hedatzea da eginbeharra, eta teoria iraultzaile komunista bere nukleo arrazionalaren aurkako eraso errebisionista guztietatik babestea. Defentsa horren esku dago proletalgoaren independentzia atzeraezina izatea, eta arma suntsiezina izatea komunismoaren aldeko borrokan. Ez dezagun atzera egiten utzi aurreratu den guztia.