Alde hitzez, aurka zinez

2020ko ekainaren 10a

Egilea: Aitor Martinez


Zerbaiten alde edo kontra egotea ez da borondatea edo nahiaren auzia, boterearena baizik. Eta boterea (edo botere eza) objektiboa da: kolektibo baten nolakotasunean gorpuzten da, ez norbanakoaren nahi abstraktuan. Aldarrikapen batek ez badu estrategia zehatz batetan lekurik, are, estrategia hori arriskuan jarri eta ahultzen badu, argi ondorioztatu behar da: aipatu estrategia babesten duena aldarri horren aurka dago. Sentimentalismoak eta adierazpen orokorrek ez dute egitate hau lausotzerik. Izan ere, borondatea errealitate objektibo baten potentzia subjektiboa baino ez baita, eta subjektibitateak antolakuntza forma zehatzean aurkitzen du bere objektibitatea, azken hau delarik posibilitatearen edota ahalmenaren mugak determinatzen dituena.

Garaiok adierazpen eta elkartasun hutsalez gainezka egiten dutenean, ezinbestekoa da ikuspegi honen defentsa: hitzak ez dira nahikoa, babesak eta elkartasunak antolakuntza forma efektiboa galdegiten dute, eta bere forma gorena bereganatzen dute antolakuntza komunistan. Bada, estrategia baten egia bere gorputz objektiboak determinatzen du, hau antolakuntza forman aurkitzen delarik, hots, gizabanako guztiak lotzen dituen printzipioan.

Ez dago oinarri objektiborik Sortu alderdi sozialdemokrata amnistiaren alde dagoela onartzeko. Are, onbera izan behar da halakorik egiteko. Haiek ere onartu dute, behin baino gehiagotan, amnistiak ez duela haien estrategiarekin bat egiten, unea ez dela edota beste bide batzuk hartu behar direla babestu dutenean.  

Gogoratzekoak dira, esate baterako, ideologo eta teorizisten mozorroan sarturik, amnistiari «trantsizio justizia» kontrajartzen saiatu direnekoak. Teoria horren arabera, amnistiak ahanztura inplikatzen du, ezer gertatu ez balitz bezala aurrera egitea. Horregatik, beharrezkoa da instituzio-alderdi burges denen artean adostutako trantsizio prozesu bat martxan jartzea. Prozesu horren bermea estatua da eta bere forma klase menderakuntza kapitalista. Horrela, garaipenari edota menderakuntzaren deuseztapenari eta errealitate bat historiaren zabortegira botatzeari, hots, amnistia jasotzen duen askapen prozesuari, ahanztura deritzote sozialdemokratek. Trantsizio justizia, ordea, ahanztura horri aurre egiteko bermea litzateke, estatu kapitalistaren barne akordio handiaren forma juridikoan biziraungo lukeen bermea.

Izan ere, jakina da errealitatea iraultzeak kultura eta pentsamendua iraultzea dakarrela eta,  zentzu horretan ere, pentsamendu batek operatibo izateari uzten diola, «ahanztura» ematen dela, pentsatzailea bera -instituzio-alderdi burgesak- ez beharrezko bilakatuz. Trantsizio justiziak, amnistiak ez bezala, uneko subjektuen biziraupena bilatzen du, oroimenaren eramaile gisa, hartarako subjektu horien errealitate objektiboaren biziraupena, hots, klase menderakuntza kapitalistaren biziraupena, ezinbestekoa delarik.

Halakorik teorizatzen saiatu direnek, hau da, preso politikoei estatu kapitalistaren justizia aplikatu nahi dietenek, eta jarrera hori politikoki justifikatzen saiatzen direnek, haien mentalitate ustela leporatu nahi diote amnistiaren aldeko mugimenduari, honen aldarriak ezinezkotzat hartuz estatuaren interbentzioa tartean ez bada, hots, haien alderdi instituzional burgesaren bitartekaritzarik ez bada. Zer edo zer ez dute ulertu amore eman dutenek; horrexegatik ez dute ulertu, hain zuzen ere.

Ez da behar, ordea, saiakera teoriko lotsagarri horietan luzatzea, luzez utzi baitiote seriotasun intelektualaren eta konpromiso teoriko militantearen esparruan kokatzeari, burokrazia ezkertiarraren justifikazio autotelikoan bilakatzeko. Nahikoa da ulertzearekin alderdi instituzionalen arteko paktuan oinarritutako sozialdemokraziaren estrategia interklasistak eta «herritarrak» kolpez baztertzen duela amnistiaren alde borrokatzeko aukera, horrek aliantza guztiak arriskuan jarriko lituzkeelako. Hala diote: gehiengoak babestu eta ulertzen ez duen hori baztertu behar da. Izan ere, estatu-estrategia burgesean nagusitzen dena boterea helburu duen joko elektorala da; edo boterea, haientzat, hauteskundeetan jokatzen dena baino ez denez, marko hertsi horretara subordinatu ezin den planteamendu estrategiko oro ezinezkoa eta gehiengoarentzat ulergaitza dela deritzote.

Horregatik daude amnistiaren aurka: 1) haien existentzia moduaren oinarriak suntsitzen dituelako, hau da, «herri frontearen» alderdi instituzionalaren existentzia kolpatzen duelako; eta 2) «herri fronte» hori soilik kuantitatiboki existitzen delako, haiei botoa ematen dien masa amorfoan, eta boto horiek eskuratzeko traba delako amnistia.

Beraz, ez da printzipio abstraktuen kontua, ezta amnistiaren aurrean, hau zerutik eroriko balitz, hartuko litzatekeen balizko jarreraren kontua ere. Kontua da egiten den hori dela agintzen duen printzipio bakarra, eta, beraz, sozialdemokraziaren printzipioa estatu-paktismoa eta amnistiaren aurkako borroka dela, amnistiaren alde dagoela esan arren.

Amnistia ez da kartzelak hustea, horretarako nahikoa baitzen ez betetzea. Amnistia etsaiaren aurkako garaipena da, borrokaren garapenean kartzela horiek betetzeko zalantzarik izango ez duen etsaia garaitzea. Kontrakoa esatea, hau da, kartzelak hustea zapalduaren zeregina dela defendatzea, preso erortzen den gizabanakoaren errua onartzea eta bere borroka despolitizatzea da. Borrokari uko egitea da, damutzea eta ostrazismora kondenatzea, kondena bera ere lotsaz betetako hitz makurrez estali duten honetan.