AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
2020/01/29

Versión en castellano

Harridura eta ezusteen garaia da egun bizi duguna. Ongizate Estatuan egon zen hala nolako sintesi sozialak nolabaiteko egonkortasunerako baldintzak jarri zituen gure gurasoen belaunaldietan, klase borrokaren potentzia lausotze bidean. Gaur, berriz, krisi kapitalista gisa definitzen dugun deskonposizio sozialak klase borrokaren sakontze prozesua dakar, eta, era berean, egonkortasunaren apurketak dakarren egoera atipiko –edo a priori atipiko gisa agertzen diren batzuen agerpena ere. Horrela jaso dut nik Kristalina Georgieva Nazioarteko Diru Funtseko (NDF, gaztelaniazko FMI) zuzendariak duela aste batzuk argitaratu zuen artikulua(1): harriduraz eta ezustez.

Mundu mailako oinarrizko erakunde horren ordezkariaren iritziz, «berdintasunik eza mundu mailako ekonomiaren arazo konplexu eta nahasgarrienetariko bat bihurtu da», eta horren aurrean irabazi gehien dutenei zerga igoerak proposatzearen alde azaldu da, berdintasun sozialaren aldeko guardia izango balitz bezala. Orain arte, austeritatean eta gastu sozialaren murrizketa proposamenetan oinarritzen zuen bere estrategia NDFk, hau da, krisi garaitik aurrera Ongizate Estatuaren azken gotorlekuen murrizketetan eta merkatuaren liberalizazio prozesu zabaletan, duela urte batzuetako Greziako kasuan edota ikasturte honetako Hego Amerikako altxamenduen hainbat koiunturatan ikusi dugun bezala. Beraz, irakurketa berri honen bitartez jarrera aldaketa posible batez mintzo dira ezkerreko komunikabide batzuk.

Dakigun bezala, bi klasetan banaturiko gizarte honetan helburu nagusi eta ukaezin batek gobernatzen du; finean, gero eta zabalagoa den kapitalaren metaketa eskalan, burgesiak gero eta diru gehiago pilatzeko aukera du, eta helburu hori gauzatzeko ezinbesteko engranajea da NDF. Gauzak horrela, irakurketa progre eta positibistetatik aldentzea dagokigu guri, burgesiaren proposamen ekonomiko zein politikoak gurekiko antagonismoan inposatzen baitira, langileria osoaren antagonismoan, hain zuzen. Artikuluan bertan azaltzen den bezala, Georgievak aipatutako helburuaren mesedetan kokatzen du planteamendua: aipatzen du ikuspuntu politikotik erreforma hauek gauzatzea zaila dela, baina hazkunde eta produktibitatean duten eraginak merezi duela, eta zuzenean gaineratzen du hori hazkuntza ekonomikoari uko egin gabe lortu daitekeela. Hemen dago zorroztasunez kritikatu eta izan ditzakeen ondorio politikoei buruz hausnartu beharreko auzia: erreforma sozialaren hautu burgesak kalkulu ekonomikoak ditu atzean –hazkunde eta produktibitate handiagoari buruzko kalkuluak, hain zuzen–, gaur egunera arte neoliberalismoak izan dituen zailtasunen aurrean konponbide biribilagoa aurkitu dutelakoan-edo. Ezin dugu jakin kalkuluak zuzenak izango diren benetan erreforma sozialaren proposamena aurrera eraman arte –efektiboki proposatzen bada behintzat–, baina mundu mailako erakunde garrantzitsuenetariko batek ez du pentsatu gabe hitz egiten. Aberastasunaren banaketaren tesira hurbiltzen ari bada ere, bere beharrizanetan soilik pentsatzen du.

Baina ez da soilik produktibitate eta hazkuntza gaitasunen kontua, bertatik eratorritako auzi batek garrantzia hartzen baitu: klase ofentsibak dakarren talka sozialaren areagotzeak gizarte kapitalistaren lehen lerroan kokatzen du ezegonkortasun politikoa. Goian aipaturiko adibideek konfrontazio horren erakusleiho garrantzitsuak diren arren, tokian tokiko defentsa proletariorako formak ere –espontaneo zein kontzienteak– protagonismoa hartzen doazela azpimarratu behar da. Giroa horrela, administrazio burgesa jasaten ari den gidaritza krisia ageriko oztopoa da kapital metaketak beharrezkoa duen egonkortasunerako. Honen aurrean, iraganak erakutsi du erreforma sozialaren aplikazioa proletalgoaren antolakuntza independentea zapuzteko proposamen eraginkorra dela.

Badago irakurketa horren ekuazioan gehitu behar den agente garrantzitsu bat, garaiotan protagonismo ukaezina duena: erdi-mailako klasea. Aurreko mendeko esperientzia sozialistaren figura garrantzitsuenek estratu ezberdinen multzo hori kritika gai izan zuten, bakoitzaren momentu eta prozesu politikoan, eta guk ere halaxe egiten dugu, egungo koiunturan ezin dugulako alde batera utzi klase konposizioaren analisia.

Motzean, erdi-mailako klasearen ezaugarri orokorra gizartean mantentzen duen erdibideko posizio soziala da. Posizio hori forma ezberdinetan agertu da momentu historiko konkretu bakoitzean, eta gaur egun ere funtzio politiko oso definitu bat azaleratzen du. Erdi-mailako klasea klase antagonismoaren neutralizaziorako erreminta politikoa da egungo koiunturan, efektiboki blokeatzen saiatzen baita burgesiaren aurka antolatu daitekeen aurkaria, hots, proletalgoa. Oro har, sozialismoaren eraikuntzarako oinarrizko baldintzak ekoizteko beharrezko kontzeptu politikoen –klase batasuna eta independentzia– aurkaria da.

Erdi-mailako klaseak duen posizio sozioekonomiko eta politikotik ideologia komuna eratortzen da, beraiek gizartearen egituran duten posizioa bezain kontraesankorra dena. Haren tesi ezagunetako bat, proposamen ekonomikoaren zenita, aberastasunaren banaketarena da. Sozialdemokrazia deritzon forma politikoan antolaturiko erdi-mailako klasearen interesak soilik munduan ekoizten den aberastasunaren banaketa “injustua” kritikatzen du. Ekoizpen harremanetik eratorria den baldintza soziala –kapitala edo soldatapeko lana– kritikaren errotik urrundu eta justizia soziala eta kapitalismo ona deritzona ditu helburu estrategiko gisa. Horrela, herria versus oligarkia edota ekoizpen (burges) txikia versus multinazionalak bezalako dikotomiak eraikitzen dituzte. Konkretuan, urtarrilak 30ean deituriko greba orokorraren aldarriak jarri genitzake adibide gisa: aberastasunaren banaketaren tesia da oinarrian dagoena, eta, auzi taktikoa izatetik urrun, behin betiko helburu estrategiko gisa aurkezten da, helburu horren ondoren kapitalismoaren erroko arazoa ebatzita egongo balitz bezala.

Hori guztia horrela, koiuntura honetan zer daukate NDFk eta sozialdemokraziak antzekotasuntzat har dezakeguna? Ildo Sozialistatik kritikagai dugun paktu sozial berriaren piezak elkartzen ari ote dira? Ikusi besterik ez dago Espainiar Estatuan osatu berri den gobernua, kutsu sozialdemokrata duena eta Estatuaren egonkortasun prozesurako fundamentala dena, momentuz. Bakoitzak helburu ezberdinei so egiten dien arren, aberastasunaren banaketaren eta erreforma sozialaren aldeko tesiak partekatzen hasi dira paktu sozialaren aldeko bi sektoreak, hots, burgesia eta erdi-mailako klasea.

Ezin dugu egungo paktu soziala egikaritzeko aukera errealak zehaztu, ekonomikoki ezinezkoa denaren hipotesia baieztatzetik urrun dagoenean. Hala ere, jakin badakigu paktu sozial hau osatzekotan, proletalgoa osatzen dugunon potentzial eraldatzailearen aurkako tresna bilakatuko dela, eta hark hainbat puntutan mugatuko gaituela:

1)      Langileriaren ehuneko handi bat –aurreko Ongizate Estatuan izan zena baino ehuneko handiagoa– paktuaren baldintzetatik kanpo geldituko da.

2)      Estatu kapitalistaren egiturak espazio «neutral» gisa aurkeztuko dira etengabe–edo aurkezten ari dira jada–, eta antolakuntza proletario independenteek jazarpen politikoa jasateko arrisku erreala ekoitziko dute.

3)      Ideologikoki sozialismoaren posibilitatea eta beharrezkotasuna beste hamarkada batzuetarako lurperatzeko baldintzak egongo dira.

Sozialismoaren eraikuntza gaurdanik elikatzen dugunontzako funtsezkoa da paktu sozialaren egikaritze posible baten aurkako kritika politikoa azaleratzea, haren aurrean langileriaren autodefentsarako instituzio independenteak eraikitzen goazen heinean, zeinak indar metaketa kualitatibo eta kuantitatiborako gaitasunak izango dituzten, Estatu burgesari kontrajarria zaion botere erreala ekoiztuko duten, eta proletalgoaren diktadura ezartzeko helbururantz praktikan bideratua egongo den.


(1)   Kristalina Georgieva, Reducir la desigualdad para generar oportunidades: https://blog-dialogoafondo.imf.org/?p=12536