Arrazismoaren klase determinazioaz

2020ko ekainaren 23a

Egilea: Nadia Perez


Azken asteetan albistegiak betetzen dabilen gaietako bat da Estatu Batuetan poliziak gizon beltz bat erail izana. Mundu osoko txoko ezberdinetan erantzun mobilizazio pluralak ikusteko aukera izan dugu jarraian. Kazeta honetan bertan ere, aurreko astean irakurgai izan genuen Manex Gurrutxagak idatziriko koiuntura[1]. Bertan arrazismoaren kontra agertu den mugimenduaren nondik norakoak eta izan ditzakeen mugak irakur genitzakeen ,eta hipotesi horri ekarpena egiteko asmoa du hurrengo testuak.

Honen aurrean, mundu osoko mugimendu «ezkertiar» gehienek jarri dute bista Estatu Batuetako noranzkoan. Nabarmenak izan dira alde batetik, mugimendu espontaneoaren erromantizismo insurrekzionalista idolatratzen dutenak, mugimenduaren formen erradikaltasunak hipnotizaturik, haratagoko analisirik egiteko zailtasunak izan dituztenak. Bestetik, urrutian kokatzen den eta klase eduki garbirik ez duen mugimendua izanik, sare sozialetan analisi kritikotik gabe goratu diren #BlackLivesMatter edo #ICantBreathe bezalako aldarrietara batu diren sozialdemokratak. Garbi dago eskuin erreakzionarioenaren posizioek ez dutela aipamenik merezi.

Klase ikuspegi batetik aldiz, argi geratu da klase zapalkuntzak itxuran hartu ditzakeen forma guztien atzean ezkutatzen den funtzio estrukturala dela aztertu beharrekoa, egoera aldatzea helburutzat badugu behintzat. Alde horretatik, ez dira gutxi izan historian zehar langile mugimenduak auziok lantzeko egindako saiakerak. Hala ere, azken hamarkadetan akademian garaturiko teoria (post)estrukturalistek hartutako garrantziak, beste faktore batzuen artean, marxismoa zientzia gisara alboratzeko intentzio garbia izan dute, eragin nabarmena izan duelarik testuinguru politikoan. Batzuen nahien kontrara baina, azken hamarkadetako kapitalaren zirkulazio forma berrien ondorio, Euskal Herrian (ere) ildo komunista berreskuratzen ari gara, horrek exijitzen dituen ikasketa prozesu eta analisiekin. Zentzu horretan, zapalkuntzek klase menderakuntzaren manifestazio zehatzei erreferentzia egiten dietela esan genezake. Hau da, botere burgesa artikulatu eta bermatzen duen kapital harremanari azpiraturik ageri da dominazio forma hau, kapital metaketa mugagaberako beharrezko direlarik lan indarraren debaluazioaren forma zehatzean. Eskutik dakartzan ideologia eta forma kulturalek aldiz, zapalkuntza oro fenomeno anitzetan hezurmamitzen dute.

Kasu honetan kapitalismoa bere aurpegi arrazistan adierazi da, baina proletalgoa apaintzen duen mozorroetako bat soilik da hori. Izan ere, historiara salto egiten badugu, argi ikus genezake arrazaren auzia behar ekonomiko bati loturik ageri dela etengabe. Hots, gizarte kapitalistaren eta burgesiaren sorrera eta garapena ezin uler genitzake, hau sortzeko baliatu zen biolentzia, kolonizazioa eta esklabutza ulertu gabe. Kapitalaren jatorrizko metaketarako beharrezko baliabidea izan zen Afrika eta Ameriketako esku lana. Lan banaketa sozialaren ondorioz eman zen ekoizpenaren garapenak exijituriko lan andanak, kasu honetan, beltzen figuran aurkitu zuen beharrezko lan indarra, hauen esklabutzan hain zuzen ere. Beraz, biolentzia esklabista esplotaziorako behar ekonomikoak sortu zuen. Kasu honetan ere, esklabutza justifikatzen saiatzen zen ideologia dominatzaileari loturik.

Ameriketako Estatu Batuetan egoera bereziki bitxia izan zen: beltzen esklabutza herrialdearen hegoaldean eman zen bitartean, iparraldean industria garatzen hasteak, bi forma ekonomiko kontraesankor egotea ekarri zuen. Euren arteko gerra aurreikusi zitekeen, esklabutzak kapitalismoaren garapena oztopatzen baitzuen. 1861an Lincoln-ek kapitalismoaren garapenak esklabutzaren aurrean irabazteko beharrezkotasunetik, esklabutzaren abolizioa bere programan txertatu zuen, beltz esklaboak iparraldeko ejertzitoetara batzea lortuaz. Behin erritmo iraultzailea bizkortuta, iparraldeko burgesiak, masa zabalek bultzaturik, hegoaldea okupatu zuten. Esklabo beltzei zenbait eskubide eman zitzaizkien eta harreman kapitalistek lekua hartu zuten. Behin hori lortuta aldiz, euren pribilegioak arriskuan ikusi zituzten: 1873ko krisiak, iparraldeko langile matxinadak eta zuri eta beltz pobreen aliantzen aukerak sorturiko beldurrak, kontrairaultzaren hasiera prestatu zuten. Guzti hori proletalgoaren masak bananduta mantenduko zituen eta errepresioa justifikatzen zuen kanpaina arrazista bati loturik garatu zen, langile klasearen barruan ideologia arrazista txertatuz, pribilegio etnikoa klase izaerari gailenduz.

Argi geratzen da horrekin, arrazismoaren atzean dagoen klase determinazioa edo konkretuki zapalkuntza honek sistema kapitalistarekin duen harreman bereizezina. Marx-en esaldi deigarri batek[2] argi adierazi zigun aspaldian esklabutza bera baldintza konkretu batek soilik sorrarazi zuela, esplotazio beharrak, hain zuzen. Kapitalismoaren garapenak ez du zapalkuntza gainditu eta kontrara, momentu bakoitzean izan dituen metaketa beharren arabera birformulatu du.

Aldiz, gertakari historiko horien ondorio, egunera arte iraun duen beltz mugimenduaren historia luzea ez du momentu oro klase ikuspegi batek oinarritu. Mugimendua testuinguruak, baldintza historikoek eta klase interes desberdinek egituratu dute, auziarekiko ikuspegi politikoen aukera zabala osatuz: nazionalismo beltzak, CPUSA[3]k Komitern-aren gomendioz harturiko posizioak, 60. hamarkadan ikasle mugimendutik jaiotako masa mugimendua, Pantera Beltzen sorrera edota afroamerikarren eskubide zibilen aldeko mugimenduak, besteak beste.

Horien balorazio sakon bat egiteak eskatuko lukeen ikasketa prozesuaren faltan, 60. hamarkadatik langile mugimenduan ideologia proletarioaren deskonposizioak ekarritako muga agerikoa dela soilik azpimarratu nahiko nuke: proletalgo iraultzailearen klase aztarnarik gabeko mugimenduak ez du egun bizi dugun marko soziala gainditzeko gaitasunik izan. Hausnarketa oso antzekoa atera dezakegu azken urteetako mugimendu espontaneo edo leherketa sozial ezberdinen esperientzietatik: masek inoren laguntza gabe indarkeriaz lehertzeko gaitasuna dutela adierazi badute ere, leherketa sozial biolentoenak ere ordena sozial kapitalista kolokan jartzeko ezintasuna behin eta berriz frogatu dute, beti aurkitzen dutelarik behin-behinekoa den egonkortasun berri bat.

Estatu Batuetan gertatuko denaren aurrekari dira esperientzia guzti horiek. Are gehiago, argi ikusi dezakegu, ildo ideologiko zehatzik ez duen mugimendua izanik, egoeraren analisi aproposa egin eta horren aurreko programa eta posizio politiko iraultzaile bat garatzeko ezintasuna duela. Horren adibide garbia izan da esaterako, poliziak manifestariekin «elkartasun» keinuak edukitzeko izan duten aukera, poliziaren funtzio estrukturalaren aurreko irakurketaren faltan, ikuspegi moral batetik egindako analisiak gailendu direlako, manifestarien eta poliziaren aliantzak baimenduz eta polizia batzuen jarrera eredugarritzat joz. Are gehiago, nabariak dira mugimendua bera kapitalizatzeko saiakerak, horien artean, hainbat multinazionalek aldarriekin bat egin izana.[4]

Bistakoa da klase dominatzaileak masa mugimendu bilakatzen den edozein aldarri bereganatzeko beharrezkotasuna daukala, baita gaitasuna ere. Horrek ez dio zilegitasuna kentzen mugimendu espontaneoari, baina burgesia kapitala osotasunean zalantzan jartzen ez duen guztia asimilatzeko gai dela adierazten digu. Arrazismoaren kasuan ere botere burgesaren artikulazioan betetzen duen funtzioak mantentzen du denboran. Beraz, arrazakeriaren auzia ezin du beltzen boterean oinarrituriko kapitalismoak gainditu. Kontrara, zapalkuntzak funtziorik beteko ez duen gizarte antolakuntzak soilik bermatu dezake desberdinen arteko aukera berdintasuna. Baina Alderdi Komunistaren faltan, proletalgoak ezin du klase independentziaz jokatu eta ondorioz, klase dominatzailearen frakzioetako batek edozein momentutan bereganatu dezakeen mugimendua da momentuz begi aurrean duguna.