Zuhaitzak ez du aitzakiarik jartzen erortzeko. Sumendiak ez du bere suntsiketa disimulatu behar. Kaiolatik ihes egiten duen txoria ez da desenkusatzen, eta lehoiak ez du zebren aurrean bere asmoa ezkutatzen. Bestelakoa da gizakia. Gezurrak esaten ditu: hurkoari eta bere buruari, gizadi osoari, giza talde bati edota bere giza taldeari.
Jolas horretan, arrazoiak eta aitzakiak bereizten ditu. Arrazoiak jakiz beteriko platerak dira: mahai gainean jartzen dira, «zergatik?» galderak sortzen duen jakin-gosea asetzeko. Aitzakiak, aldiz, erratza dira, zergatiak alfonbra azpian ezkutatzeko edota, zoruan zehar sakabanatuta, ikusezin egiteko. Bistan da ez dela erraza izan behar mahaia jartzea norbait mahai gainean erratza pasatzen ari bada.
Injustizia salatzen duenak harreman zuzen eta zintzoa du bere jardunaren arrazoiekin. Ez ditu bere asmoak ezkutatzen: are, mahaia prestatzen du eta herri osoa gonbidatzen zergatien oturuntzara. Batzuetan injustizia egin duena ere izaten da gonbidatua. Negoziaketa deritzon oturuntza horretan norberak bere jakiak, arrazoiak, ekartzea espero da: horien egokitasunaren arabera bila daiteke delako arazoaren irtenbidea.
Baina injustuak gutxitan onartzen du gonbidapena: badaki zeintzuk diren bere arrazoiak, baina ez du besteek ezagutzerik nahi. Nahiago izaten du etxean geratu, leihoak eta ateak ondo itxita, oturuntzako usainik heldu ez dadin; erratza pasatzen, etxekoek ez dezaten injustiziaren arrastorik sumatu. Gainera, disimulurako hobeto doakiola pentsatu eta gonbidapena onartzen badu, ezertarako ez diren plater deformeak eta zulodun edalontziak eramaten ditu; puntarik gabeko sardeskak eta koilara lauak banatu nahi izaten ditu mahaikideen artean.
Injustua, erratzaren erabiliaren erabiliaz, sorgin-gurpilean sartzen da: hainbeste aitzakia ditu emanak, sentitzen baitu ezin duela jada bere jarduna zuzendu. Luzaroan aitzakiak esan izana arrazoi gehigarri bilakatzen da, injustizia-salaketaren aurrean aitzakiak ematea injustizia gehigarria den bezalaxe. Baina hasieratik arrazoiak eman dituenari ez zaio injustuaren buruhaustea axola: auzia ebatzi besterik ez du nahi.
Txosnetan beto politikorik ez, irtenbidea orain!