Demagun zure lagunekin zaudela, ostiral arratsaldez, trago bat hartzen. Edo zure lankideekin, bazkalosteko kafean. Edo familiakideekin, astebururoko bazkarian elkartuta. Elkarrizketaren bat izango da, eta errealitate zatiak hitzetan: lanik aurkitu ezinik dabilen laguna kexu, enegarren praktika kontratua egin diotena, enegarren kanpaina politikoan egin behar omen dituztela esan dituztenak, Greziako lanordu luzeak, gerrak batean, gerrak bestean, hiltzen duen ur eza eta egarria asetzen duen mahai gaineko pitxerra, gozo dagoela bazkaria gaur. Errealitate zatiak; bata bestearen ondoan jarrita mundua denaren mosaiko bat osatzen dute.
Errealitate zatiok batera jarri eta ageri zaigun mundua ulertzea beste kontu bat da. Lehen kolpean azaleko irakurketa egitea da errazena, gertatzen denaren azalpen berehalakoa: hemengo tweeta eta hango memea, bateko notizia eta besteko kalean esan didatena. Solaskideek eztabaidarako gogoa badute, agian argumentu garatuagoak aterako dituzue mahai gainera, zentzu komunak belarrira xuxurlatuak. Gehienetan, tragoa, kafea edo bazkaria amaitzerako aho bateko ondorioa izango da mundua gaizki dagoela, “baina pertsona egokiak baleude botere postuetan, ai!, beste gauza bat litzateke.”
Egunak aldatu arren errepikatu egiten dira eztabaidak. Antzekoak dira argumentuak eta berberak argumentuen mugak. Oso gutxi kabitzen baita zentzu komunaren mugetan: horma ikusezindun etxe bat da. Haren araberakoak dira pentsamenduak, arrazoiketak, eztabaidak, mundu ikuskerak, jardute moduak. Asko jota etxearen alde batetik bestera mugi zaitezke, baina hormen kontra egingo dute halabeharrez talka irudika ditzakezun mundu posibleek. Hala ere, lasai asko eman dezakezu bizitza osoa haren barruan, hor dagoenik konturatu ere egin gabe. Eta etxearen hormak ikusezinak badira, are ikusezinegoak dira etxearen oinarriak. Lurpean ditu zimenduak, gizarte burgesa, etxea gainean eraikitzeko aurre-baldintza. Eurek definitzen dute hormen nolakotasuna: zabalera eta altuera, noiz komeni den estuagoak izatea eta noiz nasaiagoak, noiz zorrotzak, noiz lausoak. Baina etxearen hormak nolabait sumatzen dituenak ere, nekez ikusten dizkio azpiko zimenduak eta bien arteko lotura halabeharrezkoa. Izan ere, paradoxikoki, horma ikusezinek ez dute begien bistan dagoena ikusten uzten. Ez dute ikusten uzten errealitatearen gordina, injustiziaren larritasuna, aldaketaren urgentzia eta posibilitatea.
Metaforarekin aurrera eginez, horma ikusezin horiek aktiboki eraiki, sendotu eta moldatzen dira etengabe. Mila osagai dituzte begien bistakoa ikustea eta ikustaraztea galarazten dutenak, besteak beste, gezurra, desitxuraketa eta intoxikazioa. Hortaz zerbait jakin dugu azken asteotan Topagunea dela eta ez dela. Lau aitzakia merke hartu eta Topagunea debekatzen ahalegindu ondoren, zabarki, lotsa gutxi behar da gertatutakoaren errelato faltsu eta hipokrita bat zabaltzeko. Are, fokua hor jarri eta gezurra, argumentuen zentzurik eza, hala egiteko benetako arrazoiak, eta, beraz, bakoitzaren erantzukizunak mahai gainera atera direnean, ez dira ba gora-goraka hasi. Ordea, ez da lasaigarria. Gezurrak hanka motza duela dio esaera zaharrak, baina hori sinestea inuzentekeria galanta litzateke. Arrazoia izatea ez da nahikoa. Argumentuak guztiz pozoituta eta desitxuratuta daudenean, irrazionalitatea eta inkoherentzia zilegiztatu direnean, hitzek jada esanahirik eta zorroztasunik ez dutenean, zaila da eztabaidatik ezer argirik ondorioztatzea. Are zailagoa eztabaidak irabaztea.
Hormek ezinbesteko dute ikusezin izatea eraginkorrak izango badira. Hor daudela konturatzen
zaren unean, arrakalak ikusten dizkiezu: segi itzazu begiradaz sabaitik hasi eta zimenduetaraino.
Ikusi zer duten oinarri, zergatik diren egonkorrak. Horretarako ere balio izan du Topaguneak: arrazoiak
entzun ez eta nahikoa ez zirenean, arrazoiekin arduraz eta koherentziaz jokatuz, horma ikusezin
horiek enfokatu, jo, eta haietan arrakalak zabaltzeko. Itxi begi bat eta begiratu kanpora: airea garbitzen duen
euria ari du.