AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA

Kapitalaren putre sarraskijale aseezinak ez daude gula eta abarizia faltan. Ez dira gure haragiarekin ase eta hezur muina ere xurgatuta duten eskeletoen arrastoak ez die errukirik ematen.  

Nortzuk dira, ordea, hortzak sartzen dituztenak, eta nortzuk azken arrastoraino irentsiak direnak?

Miseria garaian bizi gara eta geratzeko etorri da. «Krisia» dugu egungo protagonista guztien izen eta abizen. Krisia dugu egungo bortizkeria guztiaren kausa eta justifikazio. Krisian gaude eta hortzak estutu behar ditugu. Baina zer da krisi kapitalistaren atzean ezkutatzen dena?

Aseezina den hori ez da krisia, guztion hezur muinaren azken zatitxoa ere miazkatzen duen hori. Krisia ez da kausa, kontrara, krisia ondorioa da. Diru-gosez dauden enpresari handien irabaziak behera egin ez dezan langileriarengan aplikatzen den ofentsiba ekonomiko eta politikoa da.  Krisi garaiotan irabazle eta galtzaileak daude, eta gu, gazte langileok, gainontzeko proletargoarekin batera, bigarren taldean gaude.

Gazte langilea da «miseria beste alternatibarik ez dagoen» honetan egokitu eta moldatu behar dena. Gazte langilea da bi puxtarriren truke 8 eskatzen dizkion bizitzari aurre egin behar diona, are gehiago, etorkizunean puxtarri bakarra izatearen truke gaur dituen 2ak jokatu behar dituena. Gazte langilea da eliteko ez izateagatik ikasketak burutu ezin izan dituena, bortxaz, hezkuntzatik kanporatua izan dena. Gazte langilea da gurasoen aurrezkien bitartez (aukera dugunon kasuan) tripa-zorriak isildu dituena; amaren menpekoa, aitaren etxeko paretetatik askatu ezin dena. Eta oraindik ere, batzuetan, gazte langilea da bere miseriaren erantzule bakarra. Etorkizuna den subjektuarekin konprometituta azaltzen diren politikarien laguntza eta emantzipazio aukerak aprobetxatzen ez dakiena.

Horregatik, gazte langilea izan behar da «laguntza» horren letra txikia irakurri behar duena. Hozkadaka irensten gaituzten bitartean min gutxiago sentitzeko eskaintzen dizkiguten antsiolitikoak onartuko ez dituena. Opari formatuan datorren lasaigarria ukatuko duena.  

Gazte langilea pobrea da gizarte honetan, eta ezin du agintarien borondateaz esperantza izpirik izan.

Kontrara, enpresarien eta agintarien erasoaldiari horri aurre egiteko gai izango den indar antolatua izan behar da gazte langilea, haien fartsatik kanpo modu independentean antolatuko dena.

Bide horretan, urtarrilaren 28an, gazte langileok, Bilbora eta Iruñera!