Urtarrilaren 28ko manifestazioak igaro dira eta, nolabait, iraungo dute. Manifestari kopuruari buruzko eztabaidak, zenbakien desitxuraketak eta argipenak, kolore baldarrez egindako zenbaketa erridikuluak, mobilizazioen mezuari eta eduki politikoari buruzkoak: errelato bat da gutako bakoitzak osatuko duena, han-hemenka jasotako informaziotik, eztabaidetatik eta esperientziatik.
Hain justu, errelatoaz dihardu Pablo Iglesiasek duela egun batzuk CTXTn argitaratutako «Es el relato, idiota» artikuluan. Iglesiasek defendatzen du Espainiako koalizio gobernuko «ezkerreko» politikak Podemosen iniziatibaz atera direla aurrera, are, egindako «aurrerapenek» baldintza oinarrizkotzat daukatela alderdi morea gobernuan sartu izana. Kezkaz ohartarazten du, ordea, ez dutela asmatu errelato hori finkatzen. Azkenaldian PSOErekin izandako talkez ari da, baina gehiagoz ere bai: aipatzen du Yolanda Díazen Sumar plataforma inguruko leialtasun falta, salatzen du El Paísek argitaratutako titular bat, azpimarratzen du eskuinak «gezurretan eta probokazioetan oinarritutako diskurtsoekin» irabazteaz harritzen direnen inozentzia. «Politikan inportanteena», dio, «da nork finkatzen dituen, tematzearen eta definitzearen poderioz, hiritarren memoria politikoan inposatzen diren errelatoak».
Artikulua ia berez esplikatzen da: aurkezten diguna borroka kulturalaren ulerkera sozialdemokrata da, bere adierazpen argienetakoan. Sozialdemokraziarentzat, krisi kapitalista betean, politikaren eginbeharra ez da jada jendearen ongizatea bermatzea, are, ezta horretarako dituzten ezintasun objektiboak aitortzea ere, «jendearen hobebeharrez» ari diren errelatoa zabaltzea baizik. Berdin du gobernutik etxegabetzeak gelditu dituztela esan eta iaz 21.000 etxegabetze baino gehiago egon izanak, berdin du alokairuen prezioen errekorretan % 2ko muga soilik ipintzeak edo oinarrizko produktuen prezioen gaineko kontrolik ez izateak. Haientzat kontua ez da politika okerrak egiten dituztela, jendeak ez dituela ulertzen baizik.
Ulermen arazoa, ordea, nabarmena da beraiek daukatela. Ulertzen ez dutena edo, hobe esateko, inola ere esplikatzeko gai ez direna da nola den posible Mendebaldeko osoko langile-klasearen bizi-baldintzen aurkako ofentsibak, azkar eta bortizki, aurrera egitea, berdin ezkerreko zein eskuineko alderdiak egonda herrialde bakoitzeko gobernuetan. Ez da konspirazio bat, ez da pentsamendu makiavelikoa, Iglesiasek agian hala nahiko lukeen arren; pentsamendu burgesa dago ezintasun horren oinarrian: marko kapitalista bere horretan absolutizatzea, haren barruan pentsatzea eta jardutea beti. Hortik abiatuta, ezker instituzionalarentzat, politika beti da beraiek pribilegiatuki egiten dutena, beti da politika parlamentarista, eta borroka kulturala ere esparru mugatu horretan gertatzen dena da. Errelatoaren auziak, gatazka elektoraletatik eta parlamentarismo mediatizatutik soilik ulertuta, balio die, hain justu, gizarteko botere-dinamika errealei buruz ez hitz egiteko eta, batez ere, sozialdemokraziak berak haien erreprodukzioan betetzen duen funtzioa ez onartzeko. Iglesiasek berak zioen eskuinak «gezurrekin» irabazten duela, baina ezkerrak ere berdin egiten du, gezurraz ez ohartu arren. Horra fartsa.
Hori da sozialdemokraziaren arrisku gehigarria: zintzotasunez mozorrotutako gezurra da, bere pentsamendu-markoaz eta jardunbideaz kontziente ez dena eta, beraz, sekula esplizitatzen ez duena. Fartsa zentzu horretan ere egozten diogu: egiarekiko konpromiso faltaren zentzuan, errealki betetzen duen funtzioaz beraz ere ez jabetzearenean. Pentsamendu-marko inkontziente horixe dago sozialdemokraziaren aparatu osoaren oinarrian, ezker instituzionalaren esperantza faltsuen predikuan, haien eraginpeko sare sozialetako trollen jardunean, baita Berria egunkariko kazetari batek GKSko kide bati gatazka elektoralei buruz edo «alderdia sortzeari» buruz eginiko galderetan ere. «Errealismoa», «profesionaltasuna» edo «neutraltasuna» aldarrikatuko dute, baina ulertuko ez dutena da hitz horiek guztiak marko burgesean erabat hesituta darabiltzatela, eta beren jardunak betetzen duen funtzioa, finean, marko hori betikotzea dela.
Errelatoaren auziak eta borroka kulturalaren erretolikak sozialdemokraziari boterearen auzia desplazatzeko balio dio, betetzen duten funtzio erreala etengabe estaltzeko. Komunistontzat, aldiz, klase-etsaiaren boterearen aurkako borroka integralaren une bat da borroka kulturala, pentsamendu burgesa bere adierazpen guztietan desestaltzeko helburua duena, eta hor kokatzen dugu errelatoaren auzia ere. Jakina inporta digula hedabideek, urtarrilaren 28ko manifestazioen harira, poliziak emandako jende kopuruak ala kopuru errealak ematen dituzten, inporta digu plaza publikoan manifestazioaren edukia bera ala Ezker Abertzalearekiko talka desitxuratuak gailentzen diren, inporta digu hilabetetako lan militantearen irudi positiboa ala mugimenduarenganako difamazioak heltzen zaizkion jendeari. Baina horiek guztiak kritikatzen baditugu, ez dugu puntualizatzearren egiten, are gutxiago interes elektoralengatik, betetzen duten funtzio erreala esplizitatzeko asmotik baizik. Pentsamendu burgesa da, finean, interbentzio bakoitzean borrokatzen duguna.
Urtarrilaren 28ko manifestazioen bukaerako irakurketan, esaldi ezin hobeto formulatuagoa irakurri zen, indartsu: gure mezua ez dagoela politikari profesionalei zuzendua, langileriari berari baizik. Diferentzia ez da nabarmena soilik, erradikalki kontrakoa ere bada. Krisi kapitalista betean gero eta jende gehiago da sozialdemokraziaren fartsaz ohartzen dena; mugimendu sozialistaren eginbeharra da fartsaren errelatoa, inpotentziarena beharrean, politika iraultzailearen potentziaren errelato bihurtzea.