Zentzu horretan, beraz, Botere Burgesa bada langileriaren sumisiorako erlazio historikoa, langile politikak Langile Boterearen artikulazio progresiboa izan behar du bere ekinbidearen zentroan
“La sociedad capitalista escinde el campo de lo económico y lo político como elementos absolutamente diferenciados, y los escinde no solo en el plano de la teoría sino fundamentalmente en el plano de la realidad. En el plano de la realidad, los escinde de tal modo que la propia fuerza que se supone transformadora de esta sociedad y reconquistadora de la unidad entre economía-política sufre las contingencias de esta división entre economía y política; de tal modo que el movimiento de transformación también está escindido entre la economía (función específica de las organizaciones sindicales) y la política (función específica de los partidos políticos), con las tensiones consiguientes que se crean en las relaciones de acción sindical y acción política, entre propuesta de cambio en el plano económico y propuesta de cambio en el plano político.”
José Aricó
Politikaren kritika eta abolizioaz mintzo da Petriko Barreno, azken bizpahiru urteetan gazteongan intzidentzia gaitasun handia demostratu duen esatari esanguratsua. BGD!-n publiko egin dituen aipuek zer pentsa handiak ekoitzi dituzte gure belaunaldian eta gaur-gaurkoz, ez luke ausardia zantzurik ezaugarritu beharko gutariko hainbat teoria marxistaren ateetara anonimo honek gerturatu gaituenaren baieztapenak.
Badira, era berean, Maximillien Rubel marxólogo frantziarra bezalakoak, zeinak “botere politikoaren konkista” beharginoi historikoki sartu zaigun ziririk handiena dela dioen 1962ko “De Marx al bolchevismo: partidos y consejos” testuan: “(…) es la trampa absoluta, el suicidio del movimiento obrero (…)”.
Marxismoan adituak biak, zerbait berritzailea interpreta daiteke haien hitzetan; eta oraindik eta gehiago urrearen tamainako aurkikuntzak egiteko joera nabarmentzen den autodidaktismoaren erreinu honetan, David Riazanov editore sobietarrak azpimarratu bezala.
Politikak, baina, indar-harremanen konstituzioa inplikatzen duen momentutik, klase borrokaren egituraketa errealaz mintzatzen da. Indarraren antolaketak baldintzatzen du zelai politikoa. Antolakuntza printzipioan eraikitzen da eta instituzio politikoetan gorpuztu.
Politikaz ari garenean, beraz, dominazioak zeharkaturiko erlazio sozialez gabiltza hizketan. Dominazio harremanez. Boterearen egituraketaz.
Giza harremanek antolaketa galdegiten badute, antolaketa soziala antolaketa politiko bilakatzen da harreman sozialak dominazio harremanek zeharkatzen dituzten momentutik.
Horrela, erlazio sozial kapitalistak, kapitalak inplikatzen duen dominazio burgesean eraikiak diren heinean, botere burgesaren garapen kategorialak dira. Kapitala, giza harremana izanik ere, gizarte modernoan aurkitzen den erlazio politiko esentzialena da, dominazio harremana, burgesiaren aginte iturri eta botere burgesaren momenturik oinarrizkoena.
Zelai politikoan esentzialki burgesiak agintzen du kapitalaren akumulazio dinamikaren bidez eta hargatik, baiezta daiteke ekonomia politikoaren kritikak zuzenean kolpatzen dituela botere politiko burgesaren kategoria abstraktuenak. Honekin, bada, ekonomiaren eta politikaren arteko tentsioa baretzen dela esan daiteke.
Izan ere, burgesiak lanaren gaineko agintea diru bitartez burutzen duenean, alegia, dominazio burgesaren ariketa soziala egikaritzerakoan, beronen operazio politiko esentzialena burutzen da. Momentu horretan, politikaren esparrua, indar harremanak, jada egituratuta daude kapitala-lana korrelazioaren baitan.
Guzti honengatik politikaren kritikak ekonomia politikoaren kritikarekin zerikusi handia dauka eta ildo horretan, zeharo justua da Petrikoren baieztapena.
Rubel-i dagokionez, “botere politikoaren konkista” kategorizatzearen ardura dagokigu, aintzat hartuz esaldi honek XX. mendean zehar jasan dituen manipulazio eta interpretazio interesatuek, orobat aldaera leninista ezberdinetatik, Rubel-ena bezalako baieztapenak egitera eraman gaitzaketela.
Hain zuzen ere politikaren gaindipenak galdegiten duen momentu politiko proletarioaren ezaugarriak definitzea da epe ertainean emateke dugun pausoa; politikaren kritika eta abolizio prozesuak ez duelako iradoki behar indiferentzia garatu behar dugunik politikoa den ororekiko, Marxek 1873an Bakunini zuzenduriko kritikan argi ulertarazi zuen moduan. Politikaren aurkako politika da planteatzen hasi garena, honek prozesu iraultzailearen aktibazioa exijitzen duelarik fronte guztietan, eskala gero eta handiagoetan, magnitude mundialetara iritsiz. Ezaugarritzeak, bada, totala behar du izan, ez soilik teoriko edo soilik praktikoa, prozesu osoa baizik. Amadeo Bordiga ezkerreko komunista italiarraren hitzak oroituz, iraultza delako proletalgoarentzat izatez teorikoa den ekimen bakarra.
Zentzu horretan, beraz, Botere Burgesa bada langileriaren sumisiorako erlazio historikoa, langile politikak Langile Boterearen artikulazio progresiboa izan behar du bere ekinbidearen zentroan; proletariook indar harremanen sarean garatu beharreko esku-hartzeak dominazioari buelta emateko mekanismoak argiztatu behar ditu, horretarako gizartearen antolaketa eredu berria izanik ardatz nagusia: antolaketa sozial komunista.
Dominazioaren atzaparretatik askatzeko baldintzen sorreraz ari gara hizketan azken finean; Alderdi Komunistaren eraikuntza eta ezaugarritzeaz.
Eta oraindik iraultza proletarioaren gako pisutsuenak ebazteke dauden honetan,Euskal Herrian hartu du martxa jada eginbehar historikoak; hasia da espresatzen proletalgoa bere izate historikoari jarraiki, izanbehar sozialistan; jaiki dira behartsuak euren kateak desegiteko determinazioarekin; sortu da Gedar ere, sozialismoaren hauspoa eta ari gara pauso sendo eta zuhurrak ematen. Lan handia dugu aurretik, dena dago egiteko eta irmotasunez jarraituko dugu aurrera, oztopoak oztopo, aseezintasunez amorraturik, kuraiaren formarik errealenean, umiltasuna ereiten.
Izan zirenengatik, garenongatik, izango direnengatik.