Badaude mugimendu sozialistan hainbat printzipio, historikoak izanagatik, ukiezinak diruditenak. Euskal Herrian ere erreproduzitu izan da eta egun erreproduzitzen dira joera hauek, kalkulu politiko guztien gisan, honako hau okerra ala zuzena izanik ere, bere ondorioak dituena. Joera asko daude, baina, zehazki hauetako bati buruz hitz egingo dut: nazioen autodeterminaziorako eskubideak proletalgoaren interesentzat, iraultza komunistarentzat, aurrerapauso bat suposatzen duen printzipioari buruz, hain zuzen ere. Duela urte pare bat Rolando Astaritak gai hau landu eta bere ondorioa atera zuen. Ondoren hitz egingo dugu honetaz.
Uste dut erabakigarria dela printzipio honen inguruan hitz egitea, beronen inguruko posizioa hartzeak taktika sozialista ezaugarritzea inplikatzen baitu eta hau baita estatu espainiarrak pairatzen duen krisi politikoari bai eta sozialdemokraziatik zein nazionalismotik gure aurka gauzatzen diren presioei aurre egiteko behar duguna. Zorroztasun analitiko eta zintzotasun politikoa eskatzen ditu, konplexutasun handiko eztabaida izaki. Esan gabe doa nekatu ere egiten gaituela gai historiko honek, hainbeste aldiz errepikatu eta erresoluzio absolutu batera ez baikara inoiz iritsi. Baina beharrezkoa da eztabaida berraktibatzea eta ekarpena egitea. Bada, asmo horrekin idazten dut artikulu hau.
Ezer baino lehen, azpimarratu nahi dut proletalgoaren interes komunistak – geure bizitzak geure kabuz kudeatuz bizitzeko eta gozatzeko interesek – gauzatzeak, horretarako beharrezkoak diren tresnen erabilera exijitzen duela. Nazioen autodeterminazio eskubidea ez dago salbu izaera horretako tresnetatik, nahiz eta funtsezkoa den bere abstrakzio maila agerian jartzea. Abstraktua diot, orain arte ez delako printzipio hau zerbait konkretu bezala ulertu. Abstrakzioa ez da ezkortasunaren sinonimo, baina konkretuak saihestu ditzakeen arriskuak ditu eta, zentzu horretan, bitartekaritza arriskutsu bat sor dezake printzipio hau abstrakzio gradu altuetan mantentzeak.
Bolívar Echeverríak uste du marxismotik ezaugarrituriko autodeterminazio eskubidearen izaera abstraktuak estalinismotik garatu zen posiziora eramaten gaituela: Rosa Luxemburgok pertsonifikatzen zuen kontzepzioa eklipsatzeko interesa zuen posiziora alegia. Izan ere, batik bat Stalinen garaitik saiatu da lerro hau luxemburgismoa karikatura ideologiko gisa aurkezten: nazioen autodeterminazio eskubidearen printzipioa bere egiten ez duen eta aldebakarreko internazionalismo batean kokatuko litzatekeen posizio batera murriztuz[1]. Noski, hau ez da Rosaren egia. Rosa karikaturizatzearen egiazko helburua bere posizio polemikoa alboratzea zen. Izan ere, poloniar sozialistak galderak baino erantzun gehiago formulatzen zituen eta nazio auziaren gaineko eztabaida mundu mailako merkatuaren eszenatoki konkretuan kokatzen zuen, Estatua baino kapital harremanaren kategoria konkretuago batean hain zuzen.
Luxemburgok aditzera eman zuen nazioen autodeterminazio eskubidea, proletalgoaren interesak gauzatzeko prozesuan berau indartzeko balio zezakeen bide bat izan zitekeela. Baina egoera konkretuaren analisi konkretua lehenesten zuenez, horrek, azterketa kapitalaren eta lanaren arteko indar korrelazio internazionalean kokatzea zekarkion eta ez soilik formazio ekonomiko-sozialean. Gainera, nazioaren autodeterminazioari buruz ziharduenean, sintesi historiko eta geografiko konkretu batez ari zen; langile klaseak eta kapitalak borrokatzen zuten testuinguru batez, non, kasuan kasu, alde biak konplize ere izan zitezkeen. Luxemburgo, lurralde jakin batean kapital metaketa bermatzea bideratutako egitura juridiko-merkantil eta politiko-militarren eraikuntza burutzeko klase kapitalistak gidatutako klase arteko aliantza politikoari buruz ari zen. Aliantza hau prozesu komunistarentzat positiboa izan zitekeen. Edo ez. Baldintza ekonomikoek eta politikoek prozesua errazten zuten heinean positiboa izan zitekeen. Baina, aldi berean, ez zuen zertan hala izan.
Honetaz gain, nazioaren baitan bizitzaren antolaketarako oinarrizko forma edo momentu bezala gorpuzten ziren nazionalitateez ere mintzo zen. Zehatzago esateko, momentu kulturalez – materialak eta espiritualak – edo bat-batean proletalgoaren errealitate sozialean sortzen ziren komunitate formez: aisialdi formak, aberastasunaren banaketa formak, kontsumo formak, elkar laguntza harremanak, eta abar.
Baina batez ere, proletalgoak klase dominatzaile bezala gailentzeko egikaritu behar zuen proletalgoaren autodeterminazioaz edo klase autodeterminazioaz hitz egiten zuen. Hau da, beretzako (para sí) auto-antolaketa kontziente edo politikoaz eta ez soilik antolakuntza kultural eta espontaneoaz. Lehentasuna, beraz, programa historikoa zen eta horren eraikuntzan nazioaren autodeterminazioak aurrerapausoak emateko balio baldin bazuen, aurrera, horrek dakartzan arrisku guztiekin. Beñatek azken artikuluan adierazi bezala, Rosak argi igarri zuen burgesia txikiaren potentzial kontrairaultzailea eta berau zen, kasu gehienetan, nazio eraikuntza prozesuak politikoki gidatzen zituena.
Nazionalitateen autodeterminazio kulturalari dagokionez, hauek progresioan eta eskala handiagoan garatu zitezkeen autodeterminazio proletarioaren bitartez; bestela esanda, komunitate politikoaren eraikuntzarako baldintza positiboak sortuz eta proletalgoaren bat-bateko bizi moldeak langileriaren antolakuntza estrategikora batuz. Hau da, bateragarriak dira eta elkar elikatzen dira. Gauzak horrela, Rosak herrialde ezberdinetako langile instituzioek zituzten indar posizioak, nazioartean zein nazio mailan garatzen zituzten koordinazio estrategikoaren emaitza zirela iradokitzen zuen: antolakunde internazional indartsu baten eta langile klasearen organizazio nazional indartsu baten existentzia batasun dialektiko gisa planteatzen zituen. Finean, eszenatoki geopolitikoari erreparatzen zion: klase borrokaz gain kapital metaketaren borrokan diharduten bloke inperialisten gudu zelaiari alegia.
Behin indar harreman hauen analisia burututa, nazioaren autodeterminazioa klase terminoetan interesgarria suerta daitekeela eta objektiboki bideragarria izan daitekeela ondoriozta daiteke. Esate baterako, Brest-Litvosk-eko ituna adostu zenean, Leninek garbi hitz egin zuen “denbora irabazteko lurraldeak sakrifikatzeaz”, modu horretan proletalgo internazionalak esku hartzeko tartea izan zezan. “Sakrifizio” hitzak, testuinguru internazional horretan, nazio finlandiarraren, ukrainarraren, lituaniarraren eta abarren autodeterminazioak proletalgoarentzako erreakzionarioak zirela adierazten zuen: autodeterminazio hau tresna ezin hobea izan zen lurralde bakoitzeko burgesia txiki nazionalisten interes ekonomikoak gauzatzeko zein Sobieten iraultzarekiko kontrairaultza internazional bat ardazteko. Testuinguru hori Rosak ezbaian jartzen zuenaren adibide on bat da: Autodeterminazioa zein baldintzetan? Nor indartzeko?
Galdera berdina egin genezake orain konkretuki Kataluniako Printzerrian: Zein bloke inperialista dago interesatuta Errepublika Katalanean? Eta Donbassen edo Kurdistanen? Objektiboki bideragarria al da? Guretzako onuragarria izan daiteke? Euskal Herrian ere modu bertsuan planteatzen dira galderok.
Rolando Astaritak uste du nazio katalanaren autodeterminazio eskubidea, Kataluniako kasuan, proletalgoarentzat positiboa suerta daitekeela, nazionalismo espainolista zein katalanista burgesia txikiaren ideologia eta politika gisa ahultzen duelako. Inplikazio politiko esanguratsuak izango ei lituzke langileriarentzat: ahultze horren ostean inolako aitzaikiarik gabeko klase borroka bakarrik existituko litzateke. Astaritaren esanari ahultze hau progresiboa izan daitekeela gehituko nioke. Izan ere, itxura batean estatu proiektu hori ez litzateke oligarkia inperialisten beste tentakulu bat izanen eta interesgarria litzateke guretzat burgesia katalan txiki-ertainak izan dezakeen indarra neurtzea, bloke geopolitiko jakin batek duenarekin alderatuta.
Finean, nazioaren autodeterminazioa eta autodeterminazio proletarioa bateragarriak izan daitezke, aipatu dudan bezala, lehengoak proletalgoak burgesia presiona dezakeen testuinguru bat sortzeko aukera irekitzen badu erreprodukzio sozialaren aspektu guztietan: kulturatik hasita produkzio eta aberastasun materialaren banaketaraino, jabetza territorialaren formetatik jurisdikzio formetara, kontsumo irizpideetara, eta abar. Egoera hau, batetik, burgesiaren indargabetasun graduak eta bestetik, proletalgoaren prestakuntza politikoaren mailak determinatuko luke. Beste era batera esanda, proletargoaren aldekoa den indar-korrelazio batek.
Edozein kasutan ere, nazioen autodeterminazio eskubidearen printzipioarekiko posizio taktikoa eraikitzen den momentuan langile klasearen independentzia politikoa mantentzearen beharrezkotasuna da artikulu honetan azpimarratu nahi izan dudana. Ez gaitzatela engainatu euren “betiko” nazionalismo eta printzipioekin. Ez gaitzatela karikaturizatu leninismo baldarrenak nazio auziaren eztabaida aurrera eramateko, orduko konplexutasun nabarmenak saihesteko eta gaiak eskatzen duen produkzio teorikoaren eta politikoaren arduretatik salbuesteko eraiki zuten ideologia luxemburgistarekin. “Kritikaren arma” erabilita araztu behar da gaia eta indar internazionalen korrelazioan kokatu behar gara. Indar nazionala azken honen momentu organikoa besterik ez baita. Osotasuna dugu helmuga eta osotasun konkretuan kokatu behar dugu.
Autodeterminazio proletarioa da funtsa. Bere garapen progresiboan autodeterminazio kulturala elikatzen du. Nazioaren autodeterminazioak baldintzak sor ditzake autodeterminazio proletarioan aurrera egiteko. Horretarako Rosak, Leninek, Rosdolskyk, Mármorak, Bolívar Echeverríak eta gehiagok balio diezagukete, baina, behintzat onar dezagun auzi nazionalaren gaineko eztabaidak irekita jarraitzen duela eta duen konplexutasun guztiarekin heldu behar diogula.
[1]B. Echeverría. El discurso
crítico de Marx, 229-283 orr.