ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
FOTOGRAFÍA / Infobae
2023/11/20 11:15

Erabateko sarraski bat; ezin daiteke bestelako hitzekin izendatu sionistak palestinarren kontra egiten ari direna, urriaren 7an Palestinako erresistentziak abiatutako kontraerasoa aitzakiatzat hartuta. Urriaren hasieratik hona, Gazako Zerrendan soilik, 12.300 palestinar baino gehiago erail dituzte sionistek. Horren larritasuna are nabarmenagoa da urte batzuk atzera eginda erreparatuz gero datu horiei: azken 35 urteetan, gutxienez 12.000 palestinar erail dituzte indar israeldarrek; beraz, azken hiru hamarkada eta erdian egindako erailketak gainditu dituzte jada sionistek azken hilabete eta erdian.

Israelgo Estatu genozidak inolako gupidarik gabe jarraitzen du Gaza bonbardatzen; errefuxiatu-esparruak, ospitaleak eta nolabait babebesteko palestinarrek erabiltzen dituzten gainerako eraikinak, batez ere. Azken orduetan, besteak beste, Nazio Batuen Erakundeak kudeatutako eskola bati eraso egin eta 200 errefuxiatu erail ditu Israelek. Sionistek, gainera, erabateko blokeoa mantentzen dute Gazan: moztuta dituzte argindarra, ura eta erregaien hornidura; elikagai hornidura; botika eta askotariko mediku-ekipamenduen bidalketa; telekomunikazio-bideak, eta abar.

Kaos bete-betean, hondamenezkoak dira blokeo horrek, esaterako, ospitaleetan eragindako ondorioak. Sionisten erasoek zauritutako milaka eta milaka palestinarrak eta orokorrean gaixoak artatu ezinik daude Gazan: erregai eta bestelako baliabide faltagatik, pertsonak artatzeari utzi behar izan diote Gazako Zerrendako erietxe guztietan, eta une honetan ez dago martxan ospitale bat bera ere Gazako iparraldean.

Zisjordanian ere eraso sistematikoekin jarraitzen dute indar israeldarrek; besteak beste, errepideak suntsitzen, sarekadak egiten eta palestinarrak erailtzen segitzen dute militarrek.

Erasoak Gazako hegoaldean

Azken astean, Al-Shifa ospitale handiari eraso egin diote militar sionistek: azken informazioen arabera, indarrez kanporatu dituzte handik zaurituak, haur goiztiarrak, gaixoak eta osasun-langileak. Gupidarik gabeko erasoa salatzeko, Israelgo Defentsa Indarrek esan dute "Hamasek bahitutako israeldar baten gorpua" aurkitu dutela erietxe horretan.

Badirudi, gainera, Gazako hegoaldearen kontrako eraso gehiago prestatzen ari direla sionistak: hegoaldeko lurretan bizi diren palestinarrei esan diete euren etxeak utz ditzatela, mehatxu modura.

Atxiloketa masiboak eta torturak

Azaroaren hasieran jakinarazi zuten Israelek 10.000 preso palestinar zituela bere kontrolpeko espetxeetan. Urriaren 7an palestinar erresistentziak kontraerasora jo zuenean, sionisten kontrolpeko lurretan lan egiten zuten 4.000 palestinar baino gehiago atxilotu zituzten, eta preso izan zituzten hilabete honen hasierara arte. Atxiloaldian jasandako tratu txarrak salatu zituzten gatibuek.

Zisjordanian ere atxiloketa masiboak izan dira palestinarren kontra: azaroa hastean argitaratutako datuen arabera, 2.000 palestinar baino gehiago atxilotu dituzte sionistek lur horietan. Aurreko astean, adibidez, 60 palestinar inguru atxilotu zituzten, tartean, unibertsitateko hamabost ikasle inguru Hebronen.

Palestina Hoy atariaren esanetan, urriaren hasieratik hona, gutxienez sei preso palestinar erail dituzte Israelen menpeko kartzeletan, soldadu sionistek egindako torturen eta tratu txarren eraginez. Izugarriak dira militar horiek berek argitaratzen dituzten irudiak, preso eta atxilotu palestinarrei egindako torturak inpunitate osoz erakusteko: palestinarrak biluzik, lotuta, begiak estalita nahiz lurrean botata grabatzen dituzte; kolpatuak, irainduak eta umiliatuak. Ohikoa da militar sionistek gisa horretako bideoak zabaltzea, harrotasunez.

Yemen, erasora

Azken orduetan, Yemengo indar militarrek jakinarazi dute, antza, erasora joko dutela Israelgo indarren kontra. Esan dute, zehazki, eraso egingo dietela sionisten bandera daramaten itsasontziei, bai eta Israelgo enpresek erabiltzen dituzten edo beren jabetzakoak diren ontziei ere. Badirudi Itsaso Gorrian, esaterako, operazio bat gauzatu dutela jada Yemengo indarrek: sionisten ontzi bat harrapatu dutela eta Yemengo kostara mugitu dutela azaldu dute.

NO HAY COMENTARIOS