Duela urtebete, gaurko egunez, Bilboko Errekalde auzoko Etxarri II Gaztetxea husteari ekin zioten polizia-indarrek. Desalojoa 2025eko apirilaren 4rako ezarrita baldin bazegoen ere, aurreko egunean sarrera itxi eta ingurua hartu zuen Ertzaintzak, hainbat gazte barruan zeudela. Aurreko asteetan auzo nahiz Euskal Herri mailan Etxarriren defentsan izandako mugimendu zabalak, desalojoari emandako erantzun jendetsuak, Poliziak erabilitako bortizkeriak eta gertakari horiek auzitegietan egindako bideak Gaztetxeen aldeko borroka markatu dute Euskal Herrian. Gertaera nagusiak eta horiek ekarritako hari luzea laburbiltzen ditu artikulu honek, eta desalojoan zauritutako bi lagunek kontatutakoa jasotzen du.
Aurreko asteak: Bilboko 60 kolektiboren eta Gaztetxe andanaren babesa
Etxarriko kideek 2025eko martxoan jakinarazi zuten desalojo-agindua jaso zutela jada, eta apirilaren 4rako zegoela ezarrita hustea. "Hamar urtez baino gehiagoz Errekaldeko hainbat gazte-belaunaldik garatu dugun proiektua suntsitzen ahaleginduko dira", salatu zuten. Gaztetxea kokatutako etorbidean proiektu urbanistiko bat gauzatu ahal izateko hustu nahi zuten espazioa, eremuan luxuzko nahiz babes ofizialeko ehunka etxe eraikitzea aurreikusten baitu Bilboko Udalak zein Amenabar eraikuntza-enpresak bultzatutako proiektu batek. Bilboko 60 kolektibo, artista eta komertziok eta Euskal Herri osoko Gaztetxeek berehala eurenganatu zuten Etxarriren aldeko aldarria, eta martxoaren 28an 1.000 lagunetik gora mobilizatu ziren Errekalden, desalojoari ezetz esateko.
Apirilaren 3a: Etxarriren itxiera eta Ertzaintzaren bortizkeria
Epaitegiek finkatutako desalojo-egunaren atarian, Etxarri husteko operazioa hasi zuen Poliziak. Apirilaren 2an, arratsaldez, Gaztetxera bertaratu ziren Ertzaintza eta udaltzainak, eta alarma piztu bazen ere, alde egin zuten azkenean. Apirilaren 3an, ordea, berriz hurbildu ziren polizia-indarrak arratsaldez, eta geratu egin ziren kasu horretan: Gaztetxearen parean polizia-lerroa osatu zuen dispositibo handi batek, desalojoari ekiteko. Etxarri barruan zeuden hainbat gazte.
Poliziak huste-lanak hasi zituela jakin eta berehala, jende ugari bertaratu zen Gaztetxe ingurura, desalojoaren aurka protesta egiteko. Iluntzeko 20:30ean manifestazio jendetsu bat abiatu zen Errekaldeko anbulatoriotik, eta gogoangarria izan zen Gaztetxe barruan zeuden kideek bertatik suziriak bota zituzten unea, espazioaren defentsak jarraitzen zuela aldarrikatuz. Ehunka manifestariak Etxarrira gerturatu zirenean, ordea, kaleak moztu eta bortizki kargatu zuen Ertzaintzak, protesta desegiteko asmoz. Gomazko pilotak eta foam jaurtigaiak erabili zituzten ertzainek jendearen kontra, dozenaka pertsona zaurituz eta atxilotuz. Atxiloaldian, gutxienez bi gazte jipoitu zituzten poliziek.
Hurrengo egunean bertan jakin zen ertzainek kargetan zauritutako pertsona batek, Iker Aranak, testikulu bat galdu zuela foam jaurtigai baten ondorioz.
Apirilaren 4a: desalojoa eta manifestazioa
Ertzaintzak gau osoan zehar izan zituen gatibu atxilotutako pertsonak, eta gau osoan zehar mantendu zuen dispositibo poliziala. Biharamunean, apirilaren 4an, dispositiboa areagotu eta Gaztetxearen ondoko eraikinera sartuz lortu zuen espazioa hustea, 10:00ak aldera. Jende ugari elkarretaratu zen kanpoaldean, desalojoa gaitzetsiz.
Etxarriren hustea eta aurreko gauean izandako errepresioa salatzeko, manifestazio handi bat izan zen arratsalde horretan. Milaka lagunek hartu zituzten kaleak, Espaziorik gabe, antolatzerik ez. Gaztetxeak aurrera! lelopean. Udaletxean bukatu zen mobilizazioa, eta Etxarriren defentsan egindako borroka erreibindikatu zuten bertako kideek: "Balio dezatela egun hauek Euskal Herrian Gaztetxeen eta bestelako gune okupatuen aldeko borrokak pizteko. Balio dezatela egun hauek zapalduon memorian borroka kolektibo hau gorde eta etorkizuneko borrokak elikatzeko". Gaur egun, hutsik eta zarratuta jarraitzen du Etxarri II Gaztetxea izandako eraikinak.

Inpunitate poliziala: Justizia Aranarentzat eta bi gazte jipoitu zituzten ertzainen aurkako salaketa
Apirilaren 10ean, Etxarriren aurrean egindako agerraldi handi baten bidez jakinarazi zuten legezko ekintzak jarrituko zituztela martxan karga polizialen arduradunen aurka, "bortizkeria poliziala salatzeko" eta Ertzaintzaren inpunitateari aurre egiteko. Poliziak kargetan mutilatutako pertsonak, Iker Aranak, hitza hartu zuen prentsaurrekoan, apirilaren 3an gertatutakoa argitzeko. Presio sozialaren eraginez, Eusko Jaurlaritzak maiatzean aitortu behar izan zuen ertzainek foam jaurtigai batekin jo zutela Arana, eta uztailean jakinarazi zuten tiroa egin zuen agentea identifikatu zutela, epailearen aurrera eramateko (abenduan deklaratu zuen).

Uztailean bertan, Justizia Aranarentzat plataforma aurkeztu zuten Bilbon, eta gaur egun lanean jarraitzen dute justizia egin dadin eta, kasu honetan ere, inpunitate poliziala nagusitu ez dadin. Segurtasun Sailak seinalatutako ertzainak deklaratu zuenean mobilizazio bat egin zuen plataformak, eta Ertzaintza epaitegian ematen ari den bertsioa gezurtatzen duen bideo bat argitaratu zuen joan den otsailean. Iragan den astean, Etxarriren desalojoaren urteurrenaren atarian, beste agerraldi bat egin zuten Justizia Aranarentzat plataformatik, gertakarien erantzule politikoak seinalatuz eta ertzainen arduradun batek deklaratu dezala eskatu dutela azalduz. Ertzaintza "frogak ezkutatzen eta etengabe gezurretan" ari dela azaldu zuten.
Aranaz gain, 2025eko apirilaren 3ko gau hartan ertzainek jipoitu zuten gazteetako batek hitz egin zuen prentsaurreko horretan. "Lehenik hainbat kolpe eman zizkiguten lurrean; ondoren, eskuburdinak jarrita eta furgoneta barruan, kolpe gehiago eman zizkiguten iseka artean", zioen. Oraingoz, ertzain bat dago ikerketapean Aranaren aurka tiro egitea leporatuta, eta beste hiru ari dira ikertzen bi gazte jipoitu izanagatik. Ertzaintzak ez ditu polizien bodycam-etako irudiak erakutsi.
"Frogak guk lortu ditugu tinbreak joz"
Apirilaren 3ko gertakarien lehen urteurrenean, Aranak GEDAR LANGILE KAZETAri nabarmendu dio borrokan jarraitzea ezinbestekoa dela "etorkizunean horrelakoak berriz ez gertatzeko". Justizia Aranarentzat plataformak egindako lana balioan jarri du, seinalatuz epaitegietan dauden froga bisual guztiak eurek aurkeztutakoak direla: "Ertzaintzak ez du ezer egin. Frogak guk lortu ditugu tinbreak joz".
Poliziak bodycam-etan jasotako irudiak epailearen aurrean ez aurkeztu izana kritikatu du: "Ertzaintzak ez du uzten horiek ikusten. Nire abokatuak epaileari baimena eskatu zion, baina ez dio utzi. Eta ez dizute inolako azalpenik ematen". Ertzainek deklarazioetan esandakoak ere gaitzetsi ditu, bestalde: "Gezurra esaten dute eta ez zaie ezer gertatzen". Ertzainen gezurretako batzuk azpimarratu ditu, adibidez, jendea botilak jaurtitzen ari zela adierazi izana edo Aranak polizia-lerroa gurutzatu zuela esan izana. "Bideoan ikusten da gezurretan ari direla". Ohartarazi du, hala ere, batzuetan frogak egon arren ere artxibatzen dituztela auziak epaitegietan, "Amaia Zabarteren kasuan bezala".