Txinako eta Pakistango gobernuek bost puntuko ekimen bat aurkeztu zuten atzo Pekinen, Ekialde Hurbileko eta Pertsiar Golkoko gerra geldiarazteko. Wang Yi Txinako Atzerri ministroaren eta Mohammad Ishaq Dar Pakistango lehen ministrordearen arteko bileraren ostean, bi potentzia asiarrek liskarrak berehala eteko eta azpiegitura kritiko zibilak babesteko eskatu dute. Dokumentu bateratuak energia-instalazioen, gatzgabetzeko zentroen eta sare elektrikoen aurkako erasoak gelditzeko eskatzen die aldeei, baita "azpiegitura nuklear baketsuaren segurtasuna errespetatzeko" ere, abian den eraso militarraren aurrean.
Diplomaziari dagokionez, Irango Atzerri ministro Abbas Araghchik Al Jazeera-ri egindako adierazpenetan baieztatu du Steve Witkoffekin (Donald Trumpen mandatari berezia) mezuak trukatu dituela. Araghchik zehaztu du harreman horiek ez direla negoziazio formal bat, eta Washingtonekin konfiantza-maila "zero" dela. Onartu du, baina, segurtasunari buruzko eztabaidak egon badaudela Pakistanen bitartez. Pete Hegseth AEBetako Defentsa idazkariaren hitzetan, "bonbekin negoziatzen" ari dira, Teheran bake-akordio bat sinatzera behartzeko, erasoak areagotzeko mehatxuaren pean.
Txinaren eta Pakistanen ekimenak arreta berezia jartzen du merkataritza-bideen segurtasunean, eta Ormuzko itsasartea bide estrategikotzat jotzen du, "ontzi zibilak eta komertzialak normaltasunez igarotzeko lehengoratu behar dena". Puntu horri dagokionez, Araghchik esan du itsasartea "irekita" dagoela Iranekin gerran ez dauden herrialdeentzat, eta trafikoaren paralisia ontzi-enpresen beldurrari eta aseguruen garestitzeari egotzi die. Hala ere, Irango ministroak ohartarazi du ez dietela utziko etsaiei beren lurralde-urak merkataritzarako erabiltzen, eta azpimarratu du euren indar armatuak "erabat prest" daudela AEBetako balizko operazio bati aurre egiteko.
Israelek Libano hegoaldean egindako erasoek egoera larriagotzen jarraitzen dute, eta atzo gutxienez zortzi pertsona erail zituzten Al-Najjariya eta Srifa herrietan, NNA Libanoko estatu-agentziak jakinarazi duenez. Israelgo Armadak Gazakoa bezalako eraispen- eta suntsipen-plan bat iragarri du herrialde arabiarraren hegoalderako; izan ere, Hezbollahk inbaditzaileei aurre egiten segitzen du, koheteak, droneak eta misilak jaurtita posizio militarren eta kokaleku israeldarren aurka. Aldi berean, Kuwaiteko Defentsa Ministerioak iragarri du bost misil balistiko eta zazpi drone geratu dituela azken 24 orduetan, ustez Irandik zetozenak. Egoera horren aurrean, Dan Jørgensen Europar Batasuneko Energia komisarioak Bruselatik adierazi du eskualdean energia-azpiegitura sistematikoki suntsitzeak eta Ormuzko blokeoarekin jarraitzeak eragotzi egingo duela normaltasun operatibora itzultzea, baita berehalako su-etena lortuko balitz ere.