Irango Errepublika Islamikoak argi utzi du: ez du asmorik Amerikako Estatu Batuek eta Israelek duela bi aste piztutako gatazkari irtenbide azkar bat emateko negoziatzeko. Abbas Araghchi Irango Atzerri ministroak larunbatean adierazi zuenez, Teheranek "ez du inoiz su-etena eskatu" eta "gerra luze" baterako prest dago. "Estatubatuarrentzat eta israeldarrentzat aukerazko gerra bat bada, irandarrentzat behar-gerra bat da; gerra existentzial bat", azaldu zuen Mohamed Vallek, Teherango komunikabideko berriemaile bereziak. Adierazpenok Israelgo eta AEBetako hegazkinek Isfahan probintzian hainbat puntu bonbardatzen jarraitzen zuten bitartean izan ziren, oraindik ofizialki zenbatu gabe dauden biktima berriekin.
Erantzuteko gaitasuna eta epe luzerako disuasioa erakustea bilatzen du Iranen estrategiak. Bi edo hiru egunetik behin, indar armatuek gaitasun militar berriak erakusten dituzte, hala nola misil hipersonikoak. Iturri ofizialen arabera, larunbat honetan erabili dituzte lehen aldiz misil horiek Israelgo Estatuak okupatutako Palestinako helburuen aurka, soinuaren abiadura hamabost aldiz lortuz. Erakustaldi horrek mezu argi bat bidali nahi du: Iranek helduleku asko ditu ezkutuan oraindik, eta higadura-gerra bat manten dezake, bere arerioen nagusitasun teknologikoa gorabehera. Bitartean, inperialisten bonbardaketek ez dute etenik Isfahan probintzian. Erasotzaileek uste omen dute instalazio nuklear eta militar garrantzitsuak biltzen direla bertan.
Dena den, Ormuzko itsasartearen kontrolak tirabira geopolitikoaren puntu nagusia izaten jarraitzen du. Trumpen administrazioak azpimarratu duenez, "nazioarteko komunitateak" bat egin behar du "nabigazio-askatasuna defendatzeko", eta Iran "interes globalentzako mehatxu" gisa aurkeztu du. Hala ere, Teheranek bere jarrerari eutsi dio: itsasartea ez dago erabat itxita; ontzi estatubatuarrentzat, israeldarrentzat eta eraso-gerran zeharka parte hartzen duten herrialdeentzat bakarrik dago itxita. Jarrera horrek indartu egiten du gatazka Iranen eta munduaren artekoa ez delako ideia, eta gerra Errepublika Islamikoaren eta Washingtonek eta Tel Avivek gidatutako ardatzaren artekoa delakoa. Irango bozeramaileek Epstein Aliantza izendatu dute bigarren hura.
Ekialde Ertaineko herrietan bonbardaketak areagotzen eta biktimen kopurua hazten ari diren bitartean, nazioarteko ekonomian ondorioek nabarmentzen jarraitzen dute. Petrolioaren prezioak 100 dolarrak gainditzen segitzen du; interes estatubatuarren aurka, Golkoko herrialdeak Iranen errepresaliak jasaten ari dira droneekin eta misilekin, eta Europako potentziak Teheranekin negoziatzen ari dira bakoitza bere aldetik, euren ontziak Ormuztik pasatzen direla bermatzeko. Egoera honetan, Araghchiren adierazpenak baieztatu egiten du analista askok uste zutena: gerra ez da laster amaituko, eta Washingtonek eta Tel Avivek "garaipen militar azkar" baterako hasierako helburuak birplanteatu beharko dituzte.