AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / Noreste.net
2023/11/07 10:24

Hilabete igaro da, zehazki, Palestinako erresistentziak kontraerasora jo zuenetik eta Israelgo Estatu genozidak gerra-egoera ezarri zuenetik. Sionisten kontrolpeko eremuetan lan egiteko baimena zeukaten 4.000 gazatar inguru atxilotu zituzten orduan militar israeldarrek, erabat modu arbitrarioan, eta aurreko ostiralera arte izan dituzte preso asko eta asko. Batzuk 25 egunez egon dira gatibu.

Ostiralean, soldadu sionistek Kerem Shalom bidera eraman eta kanporatu egin zituzten preso palestinarrak: begiak estali, oinak eta eskuak lotu, kamioi batzuetara sartu, eta Gazako Zerrendara itzuli zituzten, erabat suntsitua eta sarraskitua izaten ari denean. Oraindik orkatiletan zituzten militar israeldarrek jarritako identifikazio-zinta urdinak, zenbaki banarekin.

20 egun baino gehiagoko atxiloaldia eta torturak, Gazako berririk gabe

Atxiloaldian indar sionisten partetik jasandako torturak azaldu dituzte preso izan diren palestinarrek. Askok 20 egun baino gehiago igaro dituzte gatibu, eta ez dute inolako berririk izan Gazan urriaren 7tik hona gertatu denaz eta sionistek egindako sarraskiez eta erasoez.

Militar sionistek egindako torturen artean, elektrokutatzeak, kolpeak eta ostikadak jasan behar izan dituzte langile presoek. Jakinarazi dutenez, soldaduek pixa egin diete gainera, eskuak estalita eta oinetatik nahiz eskuetatik lotuta izan dituzte, eta urik eta janaririk gabe eduki dituzte. Sionistek txakurrak ere erabili dituzte gatibu palestinarrak beldurtzeko, eta galdeketa luzeak egiten dizkiete gauez, tratu txarren bidez: iraindu egin dituzte, Hamaseko kide izatea leporatu diete, euren gertukoez eta bizilagunez galdetu diete, eta abar. Atxilotzean, gainera, dirua eta sakelako telefonoak kendu zizkieten gazatarrei militar israeldarrek.

Galdera-ikurrak

Israelgo autoritateek ez dute inolako informaziorik eman atxiloketa masiboen eta horren osteko kanporatzeen inguruan, eta, orain arte ere, ez dute argitu zenbat gazatar izan dituzten preso, eta zehazki non eduki dituzten atxilo. Segurtasun Kabineteak adierazi duen bakarra izan da, hain zuzen ere, "Gazarekin kontaktu oro eteten" ari direla sionistak, eta euren kontrolpeko eremuetan ez direla "Gazako langile palestinar gehiago izango". "Gerra piztu zen egunean Israelen zeuden Gazako langileak itzuliak izango dira", gaineratu du kabineteak.

Urriaren 7a baino lehen, Gazako ia 19.000 palestinarrek zeukaten sionisten menpeko eremuetan lan egiteko baimena. Baimen hori, ordea, kendu egin diete urriaren 7az geroztik.

10.000 eraildako baino gehiago, eta atxiloketa masiboak Zisjordanian ere

Urriaren 7tik hona, etengabeak izan dira sionistek Gazako Zerrendan egindako bonbardaketak, eta lurretik ere eraso diete palestinarrei. Azken datuek erakusten dute Gazan egiten ari diren sarraski ikaragarria: hilabete batean, sionistek 10.000 palestinar baino gehiago erail dituzte Gazan. Zaurituak eta desagertuak ere milaka eta milaka dira, kontaezinak jada.

Erasoak, baina, ez dira Gazako Zerrendara inola ere mugatzen. Zisjordanian, sionistek ia 2.000 palestinar atxilotu dituzte urrian, eta argitara atera dira haiei ere indar israeldarrek egindako torturak.

EZ DAGO IRUZKINIK