Maccabi eta Hapoel kanpora! lelotzat hartuta, ehunka pertsona mobilizatu ziren atzo Gasteizen, Hapoel saskibaloi-talde israeldarrak Buesa Arenan jokatzen zuen egunean. Maccabi ere laster izango da bertan, apirilaren 7an, eta Baskoniak erabaki badu ere ikuslerik gabe jokatzea Israelgo bi talde horien aurkako norgehiagokak, Palestinarekin Elkartasuna plataformak berriz eskatu du partidak bertan behera gera daitezela, "kirolaren aitzakiapean Israel erakunde terrorista zuritu" nahi dutela salatuz. "Gaur partida bat jokatzen ari bada ere, Israelen aurkako mobilizazioek eta boikot-kanpainek Baskonia talde sionisten aurkako partidak ate-itxietan jokatzera behartu dute, inoiz baino argiago utziz kirol-ekitaldi gisa saltzen digutena erakunde sionistak bere burua normalizatzeko tresna bat baino ez direla", zioen atzokoan.
"Inplikatutako eragile guztien konplizitateak" salatu ditu Palestinarekin Elkartasunak. Euroliga, "Israelen parte-hartzea baimentzeagatik". Tokiko erakundeak, hainbat eskumen dituztelako: kirol-ekimenak bertan behera uzteko eskumena du Eusko Jaurlaritzak, Baskoniak erabiltzen duen pabiloiaren jabea da Arabako Foru Aldundia, eta hiriko azpiegiturak kudeatzen ditu Gasteizko Udalak. Eta Baskoniako zuzendaritzaren jarrera ere kritikatu du plataformak, uko egin diezaiokelako partidak jokatzeari.
Maccabiren aurkako partidaren atarian, Baskoniako zuzendaritzari eta Jaurlaritzari ekitaldia bertan behera uzteko exijitu die berriz Palestinarekin Elkartasunak, eta halako ekimenak ahalbidetuz Israelekiko harremanak mantentzen dituzten arduradunak seinalatu ditu. "Kirola Israel babesteko erabili nahi dute. Bihurtu dezagun Palestinarekiko elkartasunaren eta erakunde sionistaren aurkako oihu", gaineratu du.
"Palestinan eta eskualdean kolonizazioak eta genozidioak jarraitzen" dutela gogoraraziz, "azken hilabeteetan talde kirolari sionisten aurka egindako ekintzak" aldarrikatu ditu plataformak, "haien presentzia Euskal Herrian desnormalizatzea lortu" dutelako. "Aipagarrienak irailean Espainiako Itzulian parte hartu zuen talde israeldarraren aurkako protesta jendetsuak edo Gernikan kanpaina indartsu baten ondorioz Elitzur Ramla saskibaloi talde sionistak han jokatu ez izana daude", ekarri du gogora: "Estatu sionistaren eta bere konplizeen aurkako borrokak merezi du".