Martxoaren 19an Atharratzen hasi eta 29an Bilbon amaitu zen Korrikaren aurtengo edizioa. Hamar egunez zeharkatu du Euskal Herria euskararen aldeko ekimen masiboak, eta, ohi bezala, hamaika aldarri egin dituzte bertan parte hartu duten milaka herritarrek eta kolektiboek. Korrika ez da, dena den, eskuin muturreko hedabideen, alderdi politikoen eta erakundeen seinalamendutik salbu egon: ekimenaren aurka esku hartu dute bai mediatikoki bai judizialki. Egin dezagun 24. Korrikak utzitakoaren errepaso labur bat.
Presoen argazkiak: polemika mediatikoa eta adierazpen instituzionalak
Euskal preso politikoen argazkiak eta haien askatasunaren aldeko aldarriak zirela-eta eskuin muturrak sortutako polemika etengabea izan da Korrikak iraun duen hamar egunetan. Vocento taldeak eta bestelako komunikabideek ahotsa emanda, Korrika seinalatu dute Covite eta Fundación Fernando Buesa bezalako erakundeek, eta dirulaguntza publikoak kentzeko eskatu dute eskuin muturreko alderdi politikoek. Iruñeko Udalak, adibidez, Korrikari "udal-finantzaketarik ez ematearen" aldeko adierazpen bat onartu zuen, antolatzaileei eskatuz presoei lotutako aldarrikapenak kondenatu ditzatela. PPren ekimenez onartu zuten testua, UPNren eta PSNren babesarekin.
Eusko Jaurlaritza ere batu da kriminalizazio-saiakerara. Maria Ubarretxenak (EAJ) gogor kritikatu du Korrikan presoen irudiak ikustea, aldarrikapenak "biktimei min ematen" diela esanez: "Horrek ez dio mesederik egiten ez euskarari ez Korrikak ordezkatzen duenari, elkartzeko eta inklusiorako gune bezala". Ibone Bengoetxea, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu jeltzalea, ildo beretik mintzatu da: Korrikan zehar irudi "mingarriak" erakutsi direla dio. Bera izango da aurki Korrikako antolatzaileekin bilduko den gobernu-ordezkaria, aurtengo edizioaren balorazioa egiteko.
Imanol Pradales lehendakariak Bilbon lekukoa eraman zuenean, bere atzean zihoazen hainbat kidek ikurrinak erabiliz presoen aldeko mezuak ezkutatu zituztela jakinarazi dute hainbat erabiltzailek X sare sozialean, baita elDiario.es-ek ere.

EH Bilduko ordezkariek ere elikatu dute nolabait seinalamendu hori. Pello Otxandianok eskatu du ez jartzeko AEK-ren gain presoen aldeko mezuak egotearen erantzukizuna, baina aldarrikapenak egiteko moduaren inguruan hausnartzera deitu du, "beste pertsona batzuen sentsibilitatea kaltetu gabe".
Voxek eta UPNk jarritako salaketa judizialak
Hori gutxi balitz, badirudi auzitegietara jo dutela Vox eta UPN alderdiek. Voxek AEK-ren aurkako salaketa bat jarri du Espainiako Auzitegi Nazionalean, Korrikan zehar izandako hainbat gertakariren erantzuletzat joz; batik bat, preso politikoen aldeko mezuak ikusi izanarena. "Terrorismoari gorazarre egin" zaiola eta "biktimak umiliatu" direla salatu du alderdi faxistak, hain zuzen ere. Donostian hainbat preso ohik lekukoa eraman zutela, Iruñerrian Patxi Ruiz preso politikoaren irudia azaldu zela, eta Getxon, Berangon nahiz Lasarten aldarriak agertu zirela aipatu du, Noticias de Navarra-ren arabera. Horiek horrela, Korrikaren antolatzaileen nahiz parte-hartzaileen kontrako ikerketa abiatu dezala eskatu dio Auzitegi Nazionalari.
UPNk ere aurkeztu du euskararen aldeko ekimenaren kontrako salaketa bat Auzitegi Nazionalean, arrazoi berdinarengatik. Diario de Navarra-ren esanetan, "terrorismoaren biktimak umiliatzeari" lotutako ustezko delitu bat seinalatu du alderdiak.
Amaierako mezuaren eroaleen seinalamendua
Korrikaren amaiera-ekitaldian, ohi bezala, ekimena biribiltzeko azken mezu bat irakurri zuten jendaurrean. Aurten, Euskal Herriko zazpi lurraldeetako gazte bana arduratu ziren euskararen aldeko adierazpena irakurtzeaz, eta hori ere baliatu dute hainbat sektore politikok kriminalizazioarekin jarraitzeko, gazte horiek Ezker Abertzalearen bueltakoak direla argudiatuz. EAJko buru Aitor Estebanek, adibidez, Korrikaren "aniztasun" falta salatu du horren harira.
Gatazka CCOOrekin eta PSErekin
Aurtengo Korrika, bestalde, CCOO sindikatuarekin izandako gatazkak markatu zuen aldez aurretik. Argia-k martxoaren hasieran atera zuen argitara CCOOk eta Euskara Denontzat plataformak euskararen aurkako hainbat sabotajerekin izandako lotura, eta horren ostean ohartarazi zuen AEK-k "bateraezina" iruditzen zitzaiola sindikatu horren jardun hori Korrikan parte hartzearekin. CCOOk hori eta gero erabaki zuen ekimenera ez batzea eta lekukorik ez eramatea, aurreko edizioetan parte hartu ondoren. Horren berri izatean, PSEk esan zuen ez zuela Korrika babestuko, CCOOren "bazterketa" gaitzetsiz.