Munduko Bankuak, UNESCOk, UNICEFek eta Osasunaren Mundu Erakundeak argitaratutako datuen arabera, Estatu Batuen eta diru-sarrera handiko herrialdeen batez bestekoarekin alderatu daitezkeen edo hortik gorakoak diren adierazle sozialak ditu Kubak, nahiz eta Washingtonek ezarritako sei hamarkadatik gorako blokeo ekonomikoa jasaten segitzen duen. UNESCOren Estatistika Institutuaren arabera, helduen alfabetatze-tasa %99,67koa da Kuban (2021); AEBetan, berriz, oinarrizko alfabetatze ofiziala %99 ingurukoa bada ere, alfabetatze funtzionala (eguneroko testuak ulertzeko gaitasuna) %79koa baino ez da, AEBetako Hezkuntza Estatistiken Zentroaren arabera. AEBetako helduen erdiak baino gehiagok seigarren graduaren azpitik irakurtzen dute, eta datu hori ez dator bat Kubako hezkuntza unibertsalarekin.
Osasunaren arloan, Kubako adierazleek edozein iragarpen ekonomizistari egiten diote aurka. Kubako haurren heriotza-tasa, blokeoak eragindako zailtasun guztiekin, bizirik jaiotako 1.000 umeko 4 eta 4,9 artekoa izan da (UNICEF, Munduko Bankua), AEBetako tasa baino txikiagoa, 5,1 eta 6 artekoa baitzen 2023-2024an. Amen heriotza-tasa, bizi-baldintzekiko sentikortasun handieneko adierazleetako bat, 100.000 jaiotzako 35era iritsi da Kuban, eta 17-22ra AEBetan. Herrialde hori "nazio aberatsen" artean negatiboki nabarmentzen da, azken urteetan adierazle horrek izandako gorakadagatik. Bizi-itxaropena 78 urtekoa da Kuban jaiotzean, 2023ko Munduko Bankuaren esanetan, Estatu Batuekin parekatuta eta diru-sarrera handiko herrialdeen batez bestekotik oso gertu, 80 urte ingurukoa baita. Eta hori guztia, gainera, biztanle kubatar bakoitzeko osasun-gastua AEBetakoaren zati bat soilik izanik, eta sendagaietarako eta ekipo medikoetarako sarbide oso mugatuarekin. Kubako adierazleak, alderdi horietan, herrialde aberastuen batez bestekoaren parekoak edo zertxobait txikiagoak dira, baina apartekoak bertako testuinguru ekonomikoa kontuan hartuta.
Elikadura eta Nekazaritzarako Nazio Batuen Erakundearen (FAO) esanetan, Kubako azpinutrizio kronikoaren prebalentzia %2,5etik beherakoa da, AEBetako mailaren antzekoa. Hala ere, Karibeko uhartean, elikagaien segurtasun faltak zerikusi zuzena du Washingtonek ezarritako merkataritza-murrizketekin, elikagaiak eta botikak eskuratzeko aukera larriagotu baitute.
AEBetako gobernuak milaka milioi gastatzen ditu Iranen aurkako erasoaldian, eta "Kuba hartzeko" mehatxuak ere egiten ditu. Nazioarteko agentziek baieztatu dutenez, uharteak, duela hiru hamarkadatik NBEk urtero ondorio praktikorik gabe gaitzesten duen blokeo baten pean egonda ere, eskubide unibertsalak bermatzen ditu. Bitartean, Estatu Batuetan, pertsona bakoitzak duen diruaren mende daude eskubide horiek.
Kuba "huts egindako estatu" gisa aurkezten duen narratiba ofiziala desegiten dute datuek, eta blokeoaren benetako izaera erakusten dute: herri baten aurkako zigor kolektiboa, baliabide mugatuekin ere nazio "garatu" askoren inbidia pizten duten adierazle sozialak lortu dituena. Gainera, bere baliabide medikoak beretzako gorde beharrean, Kubak munduko txokorik ezkutuenetara eta pobretuenetara zabaldu ditu osasun-misioak, G7aren eta OMEren hedapenak gainditzeraino.
AEBek 1.000 milioi dolar bideratzen dituzte gerra inperialistetara eta beste horrenbeste banku-erreskatetara, baina Kubak hezkuntza eta osasun publikoa lehenesten ditu, herritarren ongizatea lehentasun politikoen kontua dela erakutsiz. Uhartearen erresistentzia ez da subiranotasun auzi bat bakarrik: beste gizarte-eredu bat posible delako froga da, eta inperioak ezin ditu geratu giza-bizitza onura pribatuaren logiken gainetik jartzea erabakitzen duten horiek.